1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
194/2025 EBAZPENA, irailaren 17koa, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez funts publikoekin sostengatzen diren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko deialdiaren oinarriak onesten baitira.
Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 6ko 9/2024 Foru Aginduaren bidez, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea onetsi zen, funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.
Xedapen zatiaren 3. puntuak ezartzen duenez, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du nola sartuko diren sarean funts publikoekin sostengatutako ikastetxeak.
Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, zeinean proposatzen baitu onestea deialdi honen oinarriak: funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko deialdia.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko deialdiaren oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jasota daude.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko irailaren 17an.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEAK STREAM-AI PENTSAMENDU KONPUTAZIONALEKO SAREAN SARTZEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea.
Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko funts publikoekin sostengatzen diren unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiei dei egitea beren proposamena aurkez dezaten Nafarroako STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko.
Bigarrena.–Helburuak.
STREAM-AI Nafarroako pentsamendu konputazionaleko sareak honako helburu hauek ditu, zeinak ezarri baitziren Hezkuntzako kontseilariak emandako otsailaren 6ko 9/2024 Foru Aginduaren eranskinean (foru agindu haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeei zuzendutako STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea):
1. Irakasleek pentsamendu konputazionalaren arloan prestakuntza eta garapen profesionala izan dezaten sustatzea, adimen artifizialaren (AA) aurrerapenetan eguneratzea eta robotika integratzea barne. Aldi berean, prestakuntza integrala bultzatu nahi da STEAM arloan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika), bereziki pentsamendu konputazionaleko trebetasunen garapenari begira, eta arlo horien diziplina anitzeko ulermena eta aplikazioa ziurtatzea.
2. Konpetentzia digitala eta pentsamendu konputazionala garatzea ikasleengan: ikasleen konpetentzia digitala garatzea, ikasgelan adimen artifizialeko (AA) eta robotikako jarduerak txertatuz, STEAM ekimenekin osatuta. Jarduera horiek pentsamendu konputazionala sustatzeko diseinatuko dira; ikasleen trebetasunetara eta ikaskuntza-mailetara egokituko dira, eta hezkuntza-ikuspegi integrala eta diziplina anitzekoa sustatuko da.
3. Pentsamendu konputazionalaren bidez konpetentzia pertsonalak eta sozialak garatzea: ikerketa-prozesuak, elkarlana, informazioaren erabilera kritikoa eta sormena sustatzea. Horretarako, teknologiaren erabilera positibo, seguru eta arduratsuaren bidez konpetentzia horiek garatzeko esparru gisa erabiliko da pentsamendu konputazionala.
4. Inklusioa eta aniztasuna pentsamendu konputazionalaren bidez: ikasle guztien inklusioa sustatzea, aniztasunetik abiatuta genero-ikuspegiarekin lan eginez eta pentsamendu konputazionala aniztasun horri heltzeko eta errespetatzeko tresna gisa erabiliz.
5. Pentsamendu konputazionalaren inguruko irakasle-komunitate bat sortzea: lankidetza-espazioak eskaintzea pentsamendu konputazionalean, adimen artifizialean eta STEAMen oinarritutako esperientziak eta baliabideak partekatzeko.
6. Pentsamendu konputazionalaren bidez erabaki estrategikoak erraztea: sareko proiektuak erabiltzea pentsamendu konputazionalarekin lotutako prozesuak eta tresnak probatzeko, horrek erraztu eginen baitu etorkizunean erabaki estrategikoak hartzea.
7. Aurreko helburuekin edo haien etorkizuneko bilakaerarekin lotuta zehazten den beste edozein.
Hirugarrena.–Hartzaileak.
Nafarroako Foru Komunitateko STREAM-AI Pentsamendu Konputazionalaren Sareko kide izanen dira Irakasleen Prestakuntza Plataforman izena ematen duten ikastetxe guztiak, ikasturte bakoitzari dagokion deialdian ezarritako aldiaren barruan.
Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.
Ikastetxeak Hezkuntza Departamentuko Irakasleen Prestakuntzako Plataforman eman beharko du izena.
2025-2026 ikasturtean, eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2026-2027 ikasturtetik aurrera, eskaerak aurkezteko epea irailean irekiko da, eta hileko lehen 15 egun baliodunetan egonen da irekita.
Bosgarrena.–STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzea.
Ikastetxeei onartuta dauden edo ez jakinaraziko zaie izena emateko epea amaitu ondoren.
Seigarrena.–STREAM-AI pentsamendu konputazionalaren sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.
Sarea osatzen duten ikastetxeek konpromiso hauek hartzen dituzte:
a) Lantalde bat sortzea, gutxienez 3 pertsonak eta gehienez 7 pertsonak osatua.
b) Lantaldearen koordinatzailea izendatzea.
c) Gutxienez, ikasgelako esperientzia bat garatzea STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sareak proposatutako prestakuntzan ikasitakoarekin lotuta, eta elkartzeko jardunaldian ezagutaraztea.
d) Parte hartzea urtero ezarriko den prestakuntzan eta ikasturte bukaeran, elkartzeko eta esperientziak trukatzeko, eginen diren jardunaldietan.
Baldintza horiek bete ezean, STREAM-AI Nafarroa pentsamendu konputazionaleko saretik at geldituko da ikastetxea.
Zazpigarrena.–Sarearen laguntza eta jarraipena.
Sareko ikastetxeek honako laguntza hauek izanen dituzte:
–IkasNOVAko irakaskuntza-aholkularitza teknikoen aholkularitza eta jarraipena.
–Online prestakuntza eta aurrez aurreko tailerrak ikastetxeetan, pentsamendu konputazionala lantzeko.
–Lehentasunezko sarbidea irakasleentzako prestakuntza-jardueretara (adimen artifizialak ikasgelan izan dezakeen erabuilerarekin lotutakoak) eta ikasNOVAk planteatutako beste jarduera batzuetara.
–Pentsamendu konputazionaleko eta robotikako proiektuak garatzeko baliabideak eta ekipamendua eskuratzea, Hezkuntza Departamentuak dituen aukeren arabera.
–IkasNOVAren webgunean eskura izanen diren baliabide eta material didaktikoak.
–Ikasleekin egindako ekintzen ebaluazioa; ikerketa kualitatiborako aukera.
–Prestakuntza ziurtagiria: 20 orduko ziurtagiria ikastetxe bakoitzean lantaldea koordinatzen dutenentzat, eta 15 ordukoa lantaldeko gainerako kideentzat.
Zortzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.
Hezkuntza Departamentuak ikasgelako esperientziak argitaratzen ahalko ditu. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko du egileak nor diren. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.
Iragarkiaren kodea: F2512368