2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO ERRIBERAREN GARAPEN ESTRATEGIETARAKO PARTZUERGOA
Laguntzen 2025erako deialdia, sustatzaile publiko eta pribatuentzat, betearaz daitezen partaidetzazko toki garapenaren estrategiak. LEADER-Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoa, Nafarroan, 2023-2027
Oinarri arautzaileak.
Interesdunen eskura daude Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka honetan: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2025/183/8.
Eskaerak aurkezteko tokia eta modua.
Mugaturik dago entitate edo pertsona eskatzaile bakoitzak aurkez dezakeen espediente kopurua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako oinarri arautzaileen 9.1 oinarriaren arabera. Entitate, enpresa edo pertsona eskatzaile bakoitzak proiektu bat, gehienez, aurkezten ahalko du, salbu eta proiektuak aurkezten badira lankidetza araubidean. Izan ere, kasu horretan, bi proiektu, gehienez, aurkezten ahalko dira (bata norberarena eta bestea beste norbaitekin lankidetzan). Entitate, enpresa edo pertsona berak zenbait eskaera aurkeztuz gero, aurkeztu dituen lehenbiziko bi eskaerak baizik ez dira erregistratutzat eta ebaluatutzat joko (norberaren proiektua eta beste norbaitekin lankidetzan aurkeztutakoa). Gainerako eskaerak automatikoki ezetsiko dira.
Pertsona, enpresa edo entitate interesdunak harremanetan jar daitezke EDER Partzuergoarekin, eta hari zuzendu eskaera. Partzuergoak izanen du eskaera tramitatzeko eta erregistratzeko erantzukizuna, SGA-NA aplikazio informatikoaren bidez (laguntza hauek kudeatzeko prestatu da).
Eskaerak eta harekin batera doazen agiriak horretarako ezarritako programaren bidez (SGA-NA) aurkeztu behar dira nahitaez. Tokiko ekintza taldeko teknikarien bidez sartzen da bertara. Behin programaren bitartez izapidetu ondoren, eskaerak Administrazioan aurkeztutzat joko dira, sarrera-idazpenetan datu hauek jasota daudenean: sarrera-erregistroko zenbakia eta aurkezpenaren data eta ordua. SGA-NA aplikazio informatikoak zenbaki korrelatibo bat emanen dio laguntzen espedienteari, eta sortuko du laguntza eskatzeko inprimaki ofiziala. Eskatzaileak sinatu beharko du, edo, behar denean, legezko ordezkariak.
Ez dira aurkeztutzat joko aplikazioko eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta telematikoki eta aplikazio hori erabiliz aurkezten ez direnak ere. Hori hala xedatzen du urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 16.8 eta 66.6 artikuluetan (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Aurkeztu beharreko gutxieneko dokumentazioa 2. eranskinean kontsultatzen ahal da.
Beharrezko dokumentazioa zein den jakiteko, eta jakiteko zein diren eskaerak aurkezteko prozeduraren eskuliburuko formularioak, jo daiteke tokiko ekintza taldeko web-orrira, edo bulego hauetara:
Yehuda Ha-Levi plaza, z.g.
31500 Tutera
Telefonoa: 948 84 73 56
Helbide elektronikoa: leader@consorcioeder.es
Web-orria: https://www.consorcioeder.es/planes/edlp/
Eskabideak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hasiko da iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2025eko azaroaren 5ean.
Gehienez ere, egun horretako 10:00ak arte jaso eta zigilatuko dira laguntzaren eskaera formalizatzeko agiriak.
Finantza-zuzkidura.
EDER Partzuergoko aurrekontuetan gaitzen diren partiden kargura izanen da kreditu erabilgarria; zenbateko hauek izanen dira:
EKITALDIA | LERROAREN KODEA | AZPINEURRIAREN IZENA / PROIEKTUAREN IZENA | GUZTIRA (euroak) | LANDA GARAPENERAKO EUROPAKO NEKAZARITZA FUNTSAREN (FEADER) EKARPENA: %45 (euroak) | NAFARROAKO GOBERNUAREN EKARPENA: %55 (euroak) |
2027 | 7119.02.01 | Partaidetzazko toki garapenaren estrategia gauzatzea - proiektu produktiboak | 499.286,69 | 224.679,01 | 274.607,68 |
2027 | 7119.02.01 | Partaidetzazko toki garapenaren estrategia gauzatzea - proiektu ez-produktiboak | 499.286,68 | 224.679,01 | 274.607,67 |
2027 | 7119.02.02 | Partaidetzazko toki garapenaren estrategia gauzatzea - berezko proiektuak | - | - | - |
2027 | 7119,02 | GUZTIRA | 998.573,37 | 449.358,02 | 549.215,35 |
Proiektu produktiboen lerrorako ezarritako hasierako zuzkidura da, gutxienez, 7119.02.01 lerrorako esleitutako guztizko zuzkiduraren %50. Baldin ez bada ematen lerro horretarako esleitutako zuzkidura guztia, eman gabekoa erabil daiteke proiektu ez-produktiboen lerroan zuzkidurarik gabe gelditu diren proiektu onartuetarako, eta alderantziz.
Onartutako laguntzen zenbatekoaren finantzaketa hau izanen da: %45, FEADERen ekarpena, eta %55, Nafarroako Gobernuaren ekarpena.
Jardun eremua.
EDER Partzuergoari esleitutako udalerrietako pertsona fisikoak, enpresak nahiz entitateak. Hain zuzen ere, udalerri horiek partzuergoari atxiki zitzaizkion abuztuaren 26ko 201E/2022 eta martxoaren 29ko 59E/2023 ebazpenetan. Ebazpen horien bidez onetsi ziren partaidetzazko toki garapenaren estrategiak, eta eman zen Nafarroako tokiko ekintza taldearen izaera.
1. eranskinean kontsulta daiteke zer udalerri dauden erakundearen eremu geografikoan.
Ekintza-plana eta lehentasunezko lerroak.
Ekintza-plana eta lehentasunezko lerroak, bai eta haien laguntza mugak, inbertsio mugak eta diruz lagungarriak diren proiektuen baldintzak ere, EDER Partzuergorako onetsitako tokiko garapen estrategiaren araberakoak, hemen klik eginez kontsultatzen ahal dira:
2. eranskinean kontsultatzen ahal da erakundearen ekintza-plana.
Proiektuak gauzatzeko epea.
Aldeko ebazpena jasotzen duten eskaeretako proiektuak egin beharko dira, gehienez ere, 2027ko martxoaren 10erako.
Proiektuak gauzatzeko eta horiek ordaintzeko eskabidea aurkezteko epea zehaztuko da dirulaguntza emateko ebazpenean, aurkeztutako eta onetsitako proiektuaren arabera. Epe hori 2027ko martxora arte luzatzen ahalko da. Dena den, beste luzapen batzuk ere ezartzen ahalko dira, arrazoi justifikatuak direla eta, baina ezin izanen dira gainditu oinarri arautzaileetan ezarritako mugak.
Eragiketak hautatzeko irizpideak.
Laguntzak norgehiagoka bidez emanen dira. Honela eginen da: aurkeztutako proiektuak teknikoki alderatuko dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko, aintzat hartuz deialdi honetan ezarri diren baloratzeko eta lehenesteko irizpideak.
Lankidetza kasuetan, hau da, baldin eta proiektuan bi entitatek edo gehiagok parte hartzen badute, espediente bana izapidetuko da entitate bakoitzeko. Orobat, hautatzeko irizpide hauek aplikatuko dira: A eta B gaietako irizpideetan, parte hartzen duen udalerri bakoitzeko biztanleriaren batezbesteko haztatua, eta, C eta D gaietako irizpideetan, berriz, proiektuaren ezaugarri bereizgarriak.
Kontsultatu 3. eranskinean erakundeak zer irizpide erabiliko dituen eragiketak hautatzeko.
Eranskinak hemen kontsultzen ahal dira:
https://www.consorcioeder.es/wp-content/uploads/2025/09/Convocatoria2025_Particularidades_EDE_SDR.pdf
Tuteran, 2025eko irailaren 15ean.–EDER Partzuergoa tokiko ekintza taldearen Batzorde Betearazleko burua, Eusebio Saez García.
Iragarkiaren kodea: L2512160