194. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udaleko LGTBI+ Udal Kontseiluaren Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak, 2025eko maiatzaren 8an, hasiera batez onetsi zuen LGTBI+ Udal Kontseiluaren Erregelamendu Organikoa.

Espedientea jendaurrean paratu zen, –aldez aurretik Nafarroako 125. Aldizkari Ofizialean, 2025eko ekainaren 24koan, eta Iruñeko Udaletxeko iragarki-taulan argitaratu zen–, hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarkia aldizkarian noiz argitaratu eta hortik aitzina.

Jendaurreko epea 2025eko abuztuaren 5ean amaitu zen eta ez da alegaziorik aurkeztu. Horrenbestez, testua behin betiko onetsi da.

Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, LGTBI+ Udal Kontseiluaren Erregelamendu Organikoaren testu osoa argitaratzen da.

Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

LGTBI+ UDAL KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

I

Jaiotze, sexu, erlijio, iritzi edo beste baldintza edo egoera pertsonal edo sozialagatik diskriminaziorik ez onartzea oinarrizko eskubide bat da, halaxe jasota baitago Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan, eta 9.2 artikuluan ezartzen da ezen botere publikoek bideak eman behar dituztela norbanakoen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen. Botere publikoek halaber, kendu egin behar dituzte askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak, eta herritar guztiei aukera eman behar diete bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko. Konstituzioan agindutako horiek betetze aldera, sustatu beharra dago gizartean baztertuak izateko edo zaurgarri izateko arriskurik handiena duten taldeetako pertsona horiek gai publikoetan parte har dezatela eta horretarako bidea eman. Hargatik, erabat funtsezkoa da herritar horiei galdetzea beren gain zuzenean eragina izan dezaketen ekimenei buruz.

Premisa horretatik abiatuta, gobernuak LGTBI+ politika publikoak garatzeko asmoz gauzatzen duen edozein ekintzatan kontuan izan beharko da interesa duten LGTBI+ herritar edo taldeek parte hartzeko aukera. Izan ere, parte-hartze hori joko da sexu- eta genero-aniztasuna sustatzeko eta LGTBI+ pertsonen berdintasuna eta eskubideak bultzatzeko ekintza zeharkako eta sistematikotzat, zeinaren bidez gizartea sentsibilizatzea landuko baita, eta ezabatuko baita inguruan izan daitezkeen diskriminazio, desberdintasun eta indarkeria LGTBIfobiko oro.

Horrela, bada, sexu-orientazio edo genero-identitateagatiko diskriminazioaren eta indarkeriaren kontrako babesari buruzko gaietarako Nazio Batuen aditu independenteak txosten bat eman zuen 2024ko apirilaren 18an, azkena. Txosten horretan adierazten du mekanismo batzuk sortu behar direla LGTBI+ pertsonek gizartean bete-betean parte har dezaten, horrek bidea emanen baitu hizpide ditugun taldeak ikusgai bihurtzeko eta haien kontrako diskriminazioa murrizteko. Helburua da zenbait eremu sortzea LGTBI+ taldeko pertsonek, praktikan, beren kausa defendatzeko aukera izan dezaten politika publikoak eraikitzen diren inguruetan.

Horiek horrela, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Sexu eta Genero Aniztasunaren eta LGTBI+ Berdintasunaren I. Udal Plana onetsi zuen 2024ko apirilaren 8an, eta Udalaren Osoko Bilkurak 2024ko apirilaren 11n berretsi. Iruñeko Udalak, plan horren bitartez, pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen eskubideak garatzeko eta bermatzeko bere konpromisoa ezarri zuen, bai eta diskriminazio eta indarkeria egoerak saihestu eta sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegiaren zeharkakotasuna kontuan duten politika publikoak sustatzekoa ere. Horrela, plan honek LGTBI+ Udal Kontseiluaren sorrera esplizitatzen du, kontseilu hori izanen baita LGTBI pertsonek eta erakundeek parte hartzeko organoa, halaxe sustatuko baitu pertsona eta talde horiek parte har dezaten LGTBI arloko politika publikoak antolatzeko orduan.

Erregelamendu honen xedea da LGTBI+ Udal Kontseilua sortzea eta haren funtzionamendua arautzea. Parte-hartze esparru bat izanen da, Iruñeko Udalaren eta zenbait gizarte-solaskideren eta gizarte zibileko erakunde batzuen arteko topagunea. Helburua izanen da are gardentasun eta eraginkortasun handiagoz janztea hiriko LGTBI+ pertsonen tratu berdintasuna, diskriminaziorik eza eta gizarte inklusioa bermatzera bideratutako politika publikoak, eta, zeharkakotasun-printzipioa oinarri harturik, hizpide dugun herritarren gain eragina duten beste politika batzuk. Horrela, berdintasuna bermatzeko erabiliko den esparru bat sortuko eta garatuko da.

II

Erregelamendu hau Iruñeko Udalari dagokion erregelamendu-ahalmena erabiliz ematen da, zeina aitortzen baitzaio tokiko araubidearen oinarriak ezartzen dituen legearen 4. artikuluan eta Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4., 7. eta 324. artikuluetan. Halaber, toki-erakundeek herritarren partaidetzaren arloan dituzten eskumenak oinarri hartuta ematen da erregelamendua, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio publikoa baita Udala, eta herritarrekin harreman handiena duena ere bai.

Iruñeko Udalaren parte-hartze erregelamendu organikoak 5.2 artikuluan xedatzen duenez, Udalaren Osoko Bilkurari dagokio Iruñeko Udalean sortutako partaidetza-organoen funtzionamendu-erregelamendu espezifikoak onestea. Erregelamendu hau prestatzean, arautze onari buruzko printzipioak hartu dira kontuan, bereziki, eta kontuan izan da bermatu beharra dagoela LGTBI+ pertsonek izan dezatela bete-betean eta benetan parte hartzeko esparru bat, hala gizartean nola udalaren politika publikoak garatzean. Horrez gain, argitasun printzipioa zaindu da, artikuluetan ezarritakoaren helburua baita erregelamenduaren xedea betetzea. Proportzionaltasun printzipioa ere zaindu da, eta, horretarako, behar-beharrezkoak diren arauak sartu dira, argi uzteko dokumentuaren helburua dela esparru bat sortzea, herritarrek udalaren LGTBI+ arloko politika publikoetan eragin dezaten. Eraginkortasuna eta efizientzia printzipioak ere bermatu direnez, eratu den parte-hartze kontseiluak, erregelamendua aplikatzean, LGTBI+ politika publikoen inplementazioa hobetuko du, eta erabiltzeko moduan diren baliabideak bideratuko ditu ahalik eta egokien. Erregelamendua prestatu da haren hartzaile eta interesdun nagusi direnekin elkarlanean, ezarritako bideen bitartez.

III

Erregelamenduak lau titulu ditu: I. tituluan kontseiluaren xedea, izaera, atxikitzea, eginkizunak, jarduketa-eremua eta iraupena zehazten dira; II.a kontseiluaren osaerari buruzkoa da; III.a, haren funtzionamenduaren ingurukoa da; IV.ean organoaren araudia, hartan aldaketak egitea eta hura desegitea aipatzen dira, eta, azkenik, badira xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

LGTBI+ Udal Kontseiluaren xedea da Iruñeko LGTBI+ mugimenduak udal politika publikoen funtzionamenduan parte har dezala ahalbidetzea. Horrela, elkarlanean arituta, LGTBI+ pertsonen politika publikoei buruzko informazioa emanen dute, aztertuko dituzte, proposamenak egin, eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiten dute.

2. artikulua. Izaera eta atxikitzea.

LGTBI+ Udal Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emailea da, sektore-partaidetzakoa, eta atxiki zaio LGTBI+ politika publikoak garatzeko eskumena duen alorrari.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. LGTBI+ Udal Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Informazioa ematea sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren arloko udal-politiken jarraipenari buruz.

b) Informazioa ematea Sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren I. Udal Planaren jarraipenari buruz.

c) Hirian sexu- eta genero-aniztasuna eta LGTBI+ berdintasuna lantzeko jarduketa-proposamen batzuk prestatzea.

d) LGTBI+ arloko udal-jarduketei buruz informazioa lortzea, aldian behin.

e) LGTBI+ politika publikoetara bideratutako aurrekontuari buruz informazioa lortzea; betearazteari buruzko urteko memoriak.

f) Bide ematea eztabaidak, jardunaldiak, ikerketa-lanak eta aldaketa sozial bat sustatzen laguntzen duten jarduketa guztiak gauza daitezen, herritarrek berezko baliotzat har dezaten sexu- eta genero-aniztasuna, bai eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideak errespetatzea eta sustatzea ere.

g) Zaintzea ezen LGTBI+ politika publikoak garatzen direla intersekzionalitatearen printzipio gidaria oinarri hartuta, eta desgaitasuna, adina, kultur aniztasuna eta beste kontu batzuk kontuan izanik.

h) Irizpenak ematea edo txostenak egitea sexu- eta genero-aniztasunarekin eta LGTBI+ berdintasunarekin zuzenean lotuta dauden arau-proposamenei buruz.

i) Baldin badaki sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu-edo genero-identitate arrazoiengatik udalean diskriminazio egoerarik izan dela edo tratu- nahiz aukera-berdintasun printzipioa urratu egin dela, horren berri emanen die organo eskudunei.

j) Egoki irizten dizkion udal-mailako neurri guztiak proposatzea, LGTBI+ pertsonek bizitza politikoan, kulturalean, ekonomikoan, akademikoan, sozialean eta beste batzuetan parte har dezatela sustatzeko eta bultzatzeko.

k) Txostenak eta irizpenak ematea, bere ekimenez edo Udalak eskatuta eta arau sektorialek hala xedatzen badute.

l) Gai zehatzetarako egokitzat jotzen diren lan-batzordeak eratzea, eta batzorde horietako kideak izendatzea.

m) Jarduketa-proiektuei edo jada gauzatutako jarduketei buruzko txostenak egin edo irizpenak ematea, hala bere ekimenez nola Udalak berak eskatuta.

n) Komunikazioa sustatzea, eta harremanak eta trukeak ezartzea antzeko helburuak dituzten beste administrazio publiko batzuetako erakunde eta organoekin.

ñ) Aztertzea kontseiluan ordezkatuta ez dauden baina haren eskumen-esparruarekin zerikusia duten pertsonek eta erakundeek aurkezten dizkioten ekimenak eta, hala badagokio, egoki diren neurriak sustatzea.

o) Bere sektore-eremua ordezkatzea Hirigunea-Hiriko Gizarte Kontseiluan, Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduaren 15. artikuluan zehaztutako moduan.

p) Arauetan ezarritako edo Iruñeko Udalak agindutako beste eginkizun batzuk, sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ kolektiboaren arloko gaietan.

2. Iruñeko Udalak behar den informazioa emanen dio LGTBI+ Udal Kontseiluari egotzitako eginkizunak beteko dituela bermatzeko.

4. artikulua. Jarduketa-eremua.

Jarduketa-eremua Iruñeko udal-mugartea izanen da, ezertan galarazi gabe bere funtzioak betetzean beste eremu batean ezartzen ahal dituen harremanak.

5. artikulua. Organoaren iraupena.

LGTBI+ Udal Kontseiluak iraupen mugagabea du, erregelamendu honen 28. artikuluan azaldutako hartan izan ezik.

II. TITULUA.–OSAERA

6. artikulua. LGTBI+ Udal Kontseiluaren osaera.

1. LGTBI+ Udal Kontseiluko kideak izendatzeko, aniztasun- eta dibertsitate-printzipioak hartuko dira kontuan; zainduko da ahalik eta aniztasunik handiena izan dadin, baita sexu-parekotasuna ere (%40-60 bitarteko ordezkaritzaz, horrek esan nahi du sexu bereko ordezkarien kopuruak %40 eta %60 artekoa izan behar duela), baldin eta bat badator organoaren berezko ezaugarriekin.

2. LGTBI+ Udal Kontseiluak kontseiluburua eta Kontseiluaren Osoko Bilkura ditu. Honako hauek izanen ditu:

–Kontseiluburua.

–Kontseiluaren buruordea.

–Idazkaria.

–Kontseilukideak.

Horrez gain, lan-batzordeak eratzeko aukera izanen da, kontseiluaren baitan.

3. Organo horietako buruak eta buruordeak parekideak izanen dira, hau da, kontseiluburua gizonezkoa baldin bada, kontseiluaren buruordea emakumezkoa izanen da, eta alderantziz. Horrela, hurrengo izendapenetan eta ordezkapenetan sexuen arteko oreka eta txandakatzea bermatuko da.

4. LGTBI+ Udal Kontseiluan ezinbestean parte hartu beharko dute Udalarekin zerikusirik ez dutenek, hau da, zinegotzi, zuzendari edo udal-teknikari ez direnek. Kasu guztietan, zinegotzien eta udal-teknikarien ordezkaritza txikiagoa izanen da kopuruz herritarrena baino.

7. artikulua. Burutza eta eginkizunak.

LGTBI+ Udal Kontseiluko burua alkatea izanen da, edo hark eskuordetutako zinegotzia (halakoetan, behar bezala izendatu beharko du eskuorde). Kontseiluburuak hitz egin ahal izanen du, eta botoa eman.

Lehendakariari dagokio:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea eta hari dagozkion ekintzak betetzea.

b) Ohiko eta ezohiko batzarretarako deia egitea, eta gai-zerrenda zehaztea.

c) Batzarretako buru izatea, eztabaidak moderatzea, arrazoi justifikatuengatik batzarrak bertan behera uztea eta batzarrak amaitzea.

d) Berdinketak bere botoarekin ebaztea, erabakiak hartzeko.

e) Gonbidapen zehatz batzuk egitea.

f) Aktak sinatzea, idazkaritzako eginkizunak betetzen dituen pertsonarekin batera.

g) Organoko lehendakari izateak berez dakartzan beste funtzio batzuk betetzea.

8. artikulua. Kontseiluaren buruordea.

Lehendakariordetza partaidetzarako organoaren eratze-bilkuran hautatuko da organoa osatzen duten pertsonen artean.

a) Lehendakaria ordeztea, kargua hutsik dagoenean, hura ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

b) Lehendakariak eskuordetzen dizkion beste eginkizun batzuk.

9. artikulua. Idazkaria.

1. Teknikari batek eginen ditu idazkari lanak, zehazki, sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren arloko eskumenak esleituta dituen arloan aritzen den teknikari batek. Bileretan parte hartuko du, hitz egin ahal izanen du, baina botorik eman ez.

2. Idazkariari dagokio:

a) Lehendakariari laguntzea Kontseiluaren batzarretarako deia egiten eta gai-zerrenda osatzen.

b) Batzarretako aktak egitea, zeinek lehendakariaren oniritzia izanen baitute.

c) Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

d) Kontseiluaren Idazkaritzari berez dagozkionak.

10. artikulua. Kontseilukideak.

1. LGTBI+ Udal Kontseiluko kideak honako hauek izanen dira:

a) Udalbatzan ordezkaritza duten talde politikoen zinegotzi bana, horietako bakoitzak proposaturik. Ondorio horietarako, Lehendakaria ez da bere taldeko ordezkaritzat hartuko.

b) Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko azken hauteskundeetan bozka kopuru gehien eskuratu dituzten bi erakunde sindikaletako ordezkari bana.

c) Zortzi ordezkari, gehienez ere, Iruñean egoitza soziala duten eta legez eraturik dauden LGTBI+ elkarte edo taldeetakoak. Zeinek bere ordezkaria hautatuko du. Ahal dela, LGTBI+ siglan bildutako talde guztietako ordezkariak izanen dira.

d) Gazteen elkarteen sektore ordezkari 1.

e) Adinekoen elkarteen sektore ordezkari 1.

f) Desgaitasuna duten pertsonen elkarteen sektore ordezkari 1.

g) Kultur aniztasuneko elkarteen sektore ordezkari 1.

h) Osasun arloko elkarteen 2 sektore ordezkari; lehentasuna emanen zaie GIBarekin bizi diren pertsonekin eta haien ingurukoekin lan egiten duten erakundeei.

i) Herritarren Partaidetzako udal-teknikari batzuk, eta LGTBI+ Udal Kontseiluaren esparruko eta jarduketa-xedeko udal-mailako nahiz udalaz gaindiko teknikari batzuk.

2. Halaber, Kontseilua eratzean bi "aulki huts" gordeko dira, lekua izan dezaten une jakin batean edo aldi baterako Kontseiluan parte hartuko duten LGTBI+ plataforma eta mugimenduek, formalki Kontseiluko parte izan gabe ere hirian garrantzitsuak direnek alegia. Kontseiluaren Osoko Bilkurak onetsiko du plataforma edo mugimendu horiek Kontseiluan sartzea, eta aulki huts horiek zenbat denboraz beteko dituzten ere erabakiko du: ezin izanen du bi urte baino gehiago izan, eta gehienez ere beste bi urtez luzatu ahal izanen da parte hartzea. Aulki hutsak hartzen dituzten erakunde horiek ez dira Kontseilua eratzeko orduan ezarritako kide kopuruaren barruan sartuko.

3. Mekanismo batzuk sortuko dira Kontseiluaren behin betiko osaeran gizon eta emakumeen kopurua orekatua dela bermatzeko, 4. artikuluan zehazten den moduan.

4. Kontseilukideek egiteko hauek izanen dituzte:

a) Bileren deialdia eta gai-zerrenda garaiz jasotzea.

b) Bileretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Botoa emateko beren eskubidea baliatzea, boto partikularra ematea, eta botoa azaltzea, arrazoiak emanda.

d) Galde-erreguak egitea.

e) Garaiz lortzea esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar duten informazioa, gai-zerrendako gaiei buruzkoa barne.

f) Kontseilukide izateari dagozkien gainerako eginkizunak.

11. artikulua. Kontseilukide ordezkariak.

1. Ordezkaritzari izateko, elkarteek edo taldeek honako betekizun hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute:

a) Legez eratutako elkarteak izatea.

b) Egoitza soziala Iruñean edukitzea.

c) Irabazi-asmorik gabekoak izatea.

d) Dagokion erregistroan inskribatuta egotea, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

2. Elkarte bakoitzak kontseilukide postu baterako bakarrik aurkezten ahalko du bere hautagaitza. Elkarte bakoitzak aurkezten duen eskaeran adierazi beharko da zer kontseilukide postutarako aurkezten den, eta ordezkari gisa izendatutako titularraren eta haren ordezkoaren identifikazio-datuak emanen ditu.

3. Gerta daiteke kontseilukide guztien postuak ez betetzea, edo kontseilukide posturen baterako hautagairik ez egotea. Horrelakoetan, bete gabe geratu ahal izanen dira.

4. Ezin izanen dira LGTBI+ Udal Kontseiluko kide izan, inola ere ez, diskriminaziozko arau hauste edo delituren bat egin izanagatik ebazpen irmo bidez zehapenik edo zigorrik jaso duten pertsona fisikoek edo juridikoek.

12. artikulua. Elkarteen edo taldeen ordezkariak hautatzea kontseiluko kide izateko.

1. Baldin elkarteen edo taldeen aldetik kontseiluko kide izateko hautagaien kopurua handiagoa bada aukeran diren kontseilukide postuak baino, bilera bat eginen da ordezkariak hautatzeko. Bilera horretan parte hartuko dute kontseilukide postu bererako hautagaitzak aurkeztu dituzten entitateek. Bilera horretan, halaber, kontuan hartuko da emakumezko bat eta gizonezko bat proposatu behar direla hautagai gisa, non eta, jarduera-eremua espezifikoa izateagatik, ez dagoen horretarako aukerarik. LGTBI+ gaietako eskumenak atxikirik dituen arloko pertsona batek idatziko du bilera horren akta. Gehiengoa ados dagoelarik aukeratuko dira hautagaiak.

2. LGTBI+ Udal Kontseiluko kide izan nahi duten entitateek bi pertsona izendatu behar dituzte: bata titularra izanen da, eta bestea ordezkoa. Bietako batek, gutxienez ere, emakumezkoa izan behar du, non eta horretarako aukerarik ez den entitatearen jarduketa-eremua espezifikoa izateagatik. Ordezkariak hautatzean Berdintasuneko Ordenantzak exijitzen duen parekotasuna beteko da.

3. Sektore-eremu baten ordezkari gisa kontseilukide postua duen horrek konpromisoa hartzen du sektoreko gainerako erakundeekin harremana izateko sektoreko ordezkari den bitartean. Hala, besteen ekarpenak eta proposamenak bildu beharko ditu Kontseiluaren bilerak egin baino lehen, eta bileren ondoren, haietan hitz egindako gaien eta akordioen berri eman behar die.

13. artikulua. Kontseilukideak izendatzea.

1. Kontseiluburuari dagokio LGTBI+ Udal Kontseilua hasiera batez eratzea, kontseiluko kideen izendapenak onestea, bai eta aurrerantzean sartzen diren kontseilukideak eta ordezkapenak.

14. artikulua. LGTBI+ Udal Kontseiluko kide izateari uzteko arrazoiak.

1. Arrazoi hauek tarteko utziko diote kontseilukideek LGTBI+ Udal Kontseiluko kide izateari:

a) Karguari uko egitea.

b) Heriotza.

c) Hautatuak izan ziren unean kide zireneko elkarte, entitate edo erakundeko kide izateari uztea.

d) Agintaldia amaitzea.

e) Ordezkatzen duten erakundeak edo entitateak proposatzea.

f) Hautatuak izan ziren unean kide zireneko elkartea, entitatea edo erakundea desegitea.

g) Kontseiluburuak hala erabakita, kontseilukide gehienek proposaturik, elkarren segidako hiru bilkuretara edo elkarren segidan izan ez diren bost bilkuretara huts egin izanagatik edo karguari dagozkion eginkizunak ez betetzeagatik. Ez da aintzat hartuko osasun eta lan arrazoiengatik bilkurara joan ez izana.

h) Kontseiluaren Osoko Bilkurak hala erabakita, norbaitek Iruñeko Udalaren edozein ordenantzatan jasotako ez-betetze astun edo oso astunen bat egiten duenean, eta, edonola ere, arau-hauste edo delitu astunen bat egiteagatik norbaiti isunen bat edo zigorren bat jarri badiote.

2. Atal honetako d), f) eta h) letretan adierazitakoaz besteko zioengatik sortutako hutsune guztiak ordezkoek beteko dituzte, eta, edozein kasutan, gainerako kontseilukideen aldi berean amaituko dute kargu-aldia.

3. Postu hutsak beteko dira erregelamendu honetan kontseilukideak izendatzeko ezarri den prozedura beraren bidez.

15. artikulua. Unean uneko gonbidapenak.

1. Kontseiluaren bileretara joaten ahalko dira unean-unean, hitz egin ahal izanen dutela baina botorik eman ez, kontseiluburuak gonbidatzen dituen norbanakoak eta pertsonak, baldin eta horien parte hartzea interesekotzat jotzen bada.

2. Halaber, Kontseiluaren bileretara joaten ahalko dira, hitz egin ahal izanen dutela baina botorik eman ez, kontseiluburuak gonbidatzen dituen teknikariak, baldin eta gai-zerrendan lantzekoak diren gaien arabera egokitzat jotzen bada.

16. artikulua. Karguen iraupena.

1. Talde politikoen ordezkari gisa kontseiluburu edo kontseilukide direnek postuan izanen dira talde politikoen ordezkari diren bitartean, udal agintaldi bakoitzean.

2. Kontseiluaren buruordea, sindikatuen eta elkarteen ordezkari diren kontseilukideak eta gainerakoak hiru urterako hautatuko dituzte.

III. TITULUA.–FUNTZIONAMENDUA

17. artikulua. Bilkuren maiztasuna.

1. Kontseiluak urtean ohiko hiru bilkura eginen ditu, gutxienez ere.

2. Kontseiluburuak deituta, norberaren ekimenez edo Kontseilua osatzen duten kideen herenak aldez aurretik eskatuta, bilkura bereziak egiten ahalko dira.

18. artikulua. Deialdia eta gai-zerrenda.

1. Deialdian agertuko dira bileraren gai-zerrenda, tokia, data eta ordua, eta LGTBI+ Udal Kontseilua osatzen dutenei bidali beharko zaie, bilera eguna baino bost egun lehenago, gutxienez. Premiazko arrazoiengatik, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izaten ahalko da. Kasu horretan, premiaren beharra gai-zerrendaren lehen puntuan agertuko da.

2. Beharrezkoa baldin bada, deialdiaren formatua egokitu eginen da, desgaitasunak dituzten pertsonentzat irisgarria izan dadin. Era berean, bermatuko da ezen bilera toki irisgarri batean eginen dela, arkitektura-oztoporik izanen ez duela, eta beharrezkoak diren baliabideak jarriko direla pertsona horiek bilera eginen den tokira irits daitezen.

3. Gai-zerrenda Udalak edo Udal Kontseiluko kideek proposatuko dute. Kasu horretan, gai-zerrendan sartu nahi diren puntuen proposamenak bilerarako deialdia egin baino, gutxienez ere, bi egun lehenago helarazi behar zaizkio idazkariari.

4. Deiak bitarteko elektroniko bidez igorriko zaizkie Kontseilua osatzen dutenei, eta bertan gai-zerrenda eta deliberatzeko beharrezkoa den dokumentazioa atxikiko zaizkie. Beharrezkoa baldin bada, dokumentazioa desgaitasuna duten pertsonek hartzeko irizpideak bete beharko ditu.

5. Ageriko premia-kasuetan izan ezik –zeinak nahitaez arrazoitu beharko baitira eta kide anitzeko organoak berak gehiengo osoz berretsi–, ohiko bilkuretan ez da jorratuko gai-zerrendan sartutakoez beste gairik.

19. artikulua. Bilkura eratzea.

1. Bilkurak egin, deliberatu eta erabakiak hartzeari begira organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, kontseilukideez gain, bertan egon beharko dute, edo urrutitik parte hartu, kontseiluburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

2. Bileran direnean, dela aurrez aurre dela urrutitik, kide anitzeko organoko kide guztiak edo haien ordez ari direnak kide anitzeko organo gisa modu baliozkoan eratzen ahalko dira bilkurak egiteko, deliberatzeko eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin beharrik gabe, baldin eta kide guztiek horrela erabakitzen badute.

3. Bilkuretan beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira orok bilkura jarraitu eta parte har dezan.

20. artikulua. Ordain gabea.

Bertaratuek ez dute deus kobratuko Kontseiluan parte hartzeagatik.

21. artikulua. Erabakiak hartzea.

Kontseiluaren erabakiak bilkuran daudenen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik baldin bada bozketa errepikatuko da. Berdinketa hautsi ez baldin bada kontseiluburuaren kalitatezko botoak ebatziko du auzia. Gehiengoaren aurka bozkatzen duten kideek beren botoa azaltzen ahalko dute, eta azalpen hori aktan jasoko da.

22. artikulua. Akta.

1. Bilkura bakoitzaren akta idatziko da, eta bertan agertuko dira hartutako erabakiak eta landutako gaien zerrenda laburra. Idazkariak eta kontseiluburuak sinatuko dituzte aktak.

2. Akta idaztean irisgarritasun irizpideak beteko dira.

23. artikulua. Lan-batzordeak.

1. LGTBI+ Udal Kontseiluak lan-batzordeak sortzen ahalko ditu trataera zehatza behar duten zenbait gaitarako, Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabaki bidez. Erabaki horretan, dagokion lan-batzordearen osaera, xedeak, funtzionamendu arauak eta iraupena zehaztuko dira. Iraupen hori epe zehatz baterako edo iraunkorra izaten ahal da.

2. Zainduko da, bereziki, lan-batzordeetan gizon eta emakumeen parte-hartzea orekatua izatea.

3. Lan-batzordea eratzen duen kontseiluak erabakiko du zer kide izanen den lan-batzorde horretako burua.

4. Lan-batzordeek egitura egokia izanen dute, sortze-erabakian ematen zaizkien funtzioak beteko dituztela bermatzeko.

24. artikulua. LGTBI+ Udal Kontseiluaren bitartekoak eta baliabideak.

1. Iruñeko Udalak LGTBI+ Udal Kontseiluari behar beste baliabide material emanen dizkio, dagozkion funtzioak bete ditzan.

2. Udaleko teknikari batzuk izendatzen ahalko dira Udal Kontseiluaren edo, hala badagokio, sortzen diren batzordeen batzarretan laguntza-, kudeaketa- eta dinamizazio-lanak egin ditzaten, batzar horiek ongi egiten direla ziurtatzeko.

25. artikulua. Online parte hartzeko gunea.

1. LGTBI+ Udal Kontseiluak bere txokoa izanen du Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako plataforma digitalean. Txoko horretan informazioa emanen da, eginbeharren jarraipena eginen da eta informazioa eman eta hartuko da, aurrez aurreko bileren arteko tarteetan. Online txoko hori iraunkorra izanen da, LGTBI+ Udal Kontseiluak irauten duen bitartean. Organoa azkentzen baldin bada ere, informazioak plataforma digital horretan jarraituko du, orok jakin dezan organoaren garapena eta bilakaera zein izan den.

2. Era berean, beharrezkoak diren bideak gaituko dira, sare sozialen bitartez, interesa duen orok parte har dezan, Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezartzen duen metodologiarekin bat betiere. Bermatu eginen da bide horiek gardenak eta trazagarriak direla, herritarren parte-hartze optimoa bermatzeko eta argi gera dadin inork manipulatu ez duela.

3. LGTBI+ Udal Kontseiluaren deialdiak eta haren baitan sortutako akta, akordio eta dokumentu guztiak Herritarren Partaidetzako plataforma digitalean edo udal-webgunean argitaratuko dira.

IV. TITULUA.–ARAUDIA, ALDAKETAK ETA DESEGITEA

26. artikulua. Ordezko arauak.

Erregelamendu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamendua aplikatuko da, eta kide anitzeko organoen arautzeari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legea.

27. artikulua. Erregelamendu hau aldatzea.

Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurari dagokio, legez emandako eskumenak erabilita, LGTBI+ Udal Kontseiluaren funtzionamendu-erregelamendu hau parte batean edo osorik aldatzea.

28. artikulua. Organoa desegitea.

1. Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurari dagokio organoa deuseztatzea.

2. Baldin LGTBI+ Udal Kontseiluak ez badu bilerarik egin urtean behin gutxienez, Udalaren Osoko Bilkurak deusezta dezake, demokrazia parte-hartzailearen toki behatokiak aldez aurretik emandako aldeko txostenarekin, motiboak emanda.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Behin erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eta LGTBI+ Udal Kontseiluaren lehenengo deialdia egin baino lehen, hura betez Kontseiluko kideak izendatuko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean, eta Udal Kontseiluaren lehenengo bilkuran hartuko dituzte beren eginkizunak nork bere gain. Batzar hori arau hauen arabera deituko da.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun balioduneko epea iragan arte, tarte hori baitute Estatuko nahiz Foru Komunitateko administrazioek toki-erakundeei errekeritzeko egintzak eta erabakiak deusezta ditzaten.

Iragarkiaren kodea: L2512079