194. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARIA

Ordenantza, herri-lurretako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Ariako Udalak, 2025eko martxoaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ariako Udalaren herri-lurretako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen 2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 29an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Arian, 2025eko irailaren 17an.–Alkatea, Iñaki Berruezo Juandeaburre.

ORDENANTZA, PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA ARIAKO UDALAREN HERRI-BASOETAN

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da produktu naturalen bilketa arautzea Ariako Udalaren herri-basoetan.

2. artikulua. Baimena izan beharra.

Ariako herri-basoetako produktu naturalen aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko arau hauetan xedatutakoaren arabera: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Mendien Erregelamendua onetsi zuen 59/1992 Foru Dekretua, Mendiei buruzko 43/2003 Estatuko Legea eta Ariaren Udalaren ordenantzak.

3. artikulua. Baimenak ematea.

Arau orokorra da debekatuta dagoela produktu naturalak biltzea, Ariako Udalaren baimenik gabe. Bilketa egiteko baimenak txartel sistema baten bidez luzatuko dira; sistema horrek baimena ematen du kategoria bakoitzaren arabera halako kupo batzuk biltzeko.

Txartelak aurrez aurre eskatzen ahal dira Ariako Udalaren bulegoetan (Arostegi plaza 1, 31693 Garralda), edo, bestela, posta elektroniko bidez (ayuntamiento@arai.es) edo telefonoz (948 764 008). Jendearentzako ordutegia da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Urteko txartelak eta bizilagunenak Ariako Udalaren bulegoetan (Garraldan) bil daitezke, eta egunekoak, toki baimenduetan, erabakitzen den zenbatekoa ordaindu ondoan. Haietan titularraren datu pertsonalak, kupo baimenduak eta horien indarraldia agertuko dira.

Urteko txartelak titularrek eskaturik berrituko dira, urte bakoitzeko urtarriletik aurrera.

Bilketa egiten denean txartela aldean eduki beharko da, baita identifikazio agiriren bat ere, eta bai agintari eskudunei bai Ariako Udalak xede horretarako jartzen dituen pertsonei erakutsi beharko zaie, eskatuz gero. Hamalau (14) urtetik beheitiko biltzaileek ez dute bilketa baimenik hartu beharrik izanen; hala ere, produktu naturalak biltzeko baimena duen heldu batekin joan beharko dute, hura izanen baita erantzulea.

Txartelak izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Baimenekin batera, ordenantza honen eduki laburtua biltzen duen orrialde bat emanen die Udalak titularrei.

Ikuskapena Ariako Udalaren herri-lurretan egiten bada, ulertuko da biltzailearen eskuetan dauden produktu natural guztiak Ariako herri-basoan bildu direla.

Udalak mugatzen ahalko du egunero eman beharreko txartelen kopurua, baita horien salmenta ukatu ere, biltzaile sobera etortzeak arriskuan jartzen badu aprobetxamenduaren iraunkortasuna.

4. artikulua. Baimen motak eta tarifak.

4.1. Baimen arruntak.

a) Eguneko baimena.

Gehienez 8 kg produktu natural biltzen ahalko dira, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak. Eguneko baimenaren zenbatekoa: 10 euro.

b) Urteko baimena.

8 kg produktu natural biltzen ahalko dira eguneko, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak. Urteko egun guztietarako balio du, egunero 8 kiloko mugarekin. Urteko baimenaren zenbatekoa: 100 euro.

4.2. Baimen bereziak.

a) Bizilagunendako baimena.

Urteko baimena Ariako Udalean erroldatuta daudenendako. Urteko egun guztietarako balio du, egunero 8 kiloko mugarekin. Doan.

b) Baimena udalerriarekin lotura dutenendako.

Urteko baimena Ariako Udalean erroldaturik egon gabe udalerriraekin lotura dutenendako. Urteko egun guztietarako balio du, egunero 8 kiloko mugarekin. Baimenaren zenbatekoa: 50 euro.

5. artikulua. Ibilgailuen sarrera.

Bilketa guneetara joateko ibilgailuetan baimenaren agiriak aginte-panelean egon beharko du, kontrola eta jarraipena egin ahal izateko.

Produktu naturalak biltzeko ahalmena ematen duten txartelek haiekin bat dute ibilgailua pista nagusietan sartzeko baimena.

Pistetan produktuak biltzeko datetan soilik sartzeko ahalmena ematen dute baimenek (data horiek Udalak ezarriko ditu eta argitara emanen dira) eta, nolanahi ere, errespetatu egin beharko da pista horietan sartzea aldi baterako mugatzen duen edozein seinale.

6. artikulua. Bilketarako berariazko arauak.

1. Debeku da bilketa gauez egitea, eguzkia ezkutatu baino ordubete lehenagotik eguzkia irten ondoren ordubete pasatu arte.

2. Ehiza denboraldian, Udalak herriko ehiza elkartearekin adostu egun eta tokietan egin daiteke bilketa, besteetan ez, arau hau betetzen ez duenaren erantzukizunpean.

3. Debeku da lurraren estratu humiferoa hondatu dezaketen arrasteluak eta bestelako tresnak erabiltzea.

4. Saskiak erabiliko dira eta ez plastikozko poltsak.

5. Errespetatu eginen dira zahartuta, hautsita edo bestelakotuta dauden aleak eta biltzekoak ez direnak.

6. Dauden pasabideak errespetatu beharko dira (erabili ondoren itxiko dira), baita alanbre hesiak ere (ezin izanen dira ukitu).

7. Debeku da arras adarrak moztea edo sasiak erauztea baiak, basaranak etab. eskuratzeko.

8. Orobat, erabat debekatua dago mendian edozein motatako zaborra edo hondakina botatzea. Zaborra edo hondakinak poltsetan bildu eta herri hurbilenean botako dira, dagokion zaborrontzian.

7. artikulua. Funtsen xedea.

Txartelen salmentatik lortzen den diru guztia Ariako Udalaren herri-lurren kudeaketarako erabiliko da.

8. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Ordenantza honetan ezarritako zehapenek ez dute baztertzen beste zehapen batzuk ezarri ahal izatea indarra duen legeria ez betetzeagatik.

I. ERANSKINA.–APROBETXAMENDUAREN XEDE DIREN PRODUKTU NATURALEN ESPEZIEAK

1.–Espezie mikologikoak: onddoak eta zizak.

2.–Basa baiak: basaranak, marrubiak, ahabiak.

3.–Sendabelarrak: kamamila, menda, ezkaia.

4.–Beste produktu natural batzuk: patxaka, gaztainak.

Iragarkiaren kodea: L2512233