194. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARIA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ariako Udalak, 2025eko martxoaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ariako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen 2025eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 5ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Arian, 2025eko irailaren 17an.–Alkatea, Iñaki Berruezo Juandeaburre.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ARIAKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Ariako Udaleko herri-lurren aprobetxamenduak arautzea.

2. artikulua. Herri-lurrak arautzen dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak, Ondasunen Arautegiak (280/1990 FD), ordenantza honek, eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapen orokorrek.

3. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

–Herri-larreen aprobetxamenduak.

–Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

–Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

4. artikulua. Aprobetxamenduen onuradunak.

Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

2. Ariako Udal Erroldan herritar gisa izen emanda egotea, gutxienez azken urtebetean.

3. Urtean gutxienez bederatzi (9) hilabetez segidan bizitzea udalerrian.

4. Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak izatea.

Herri-larreen aprobetxamenduen kasuan, Nekazarien Gizarte Segurantza ere ordainduta eduki beharko da, eta pertsona juridikoa edo sozietatea izanez gero, haren kide guztiek bete beharko dituzte baldintza hauek.

5. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentea da aita-ama erretiratuek osatzen dutena, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

II. TITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

6. artikulua. Nafarroako Gobernuak onartu eta Mendi Ataleko langileek markaketa egin ondotik, Ariako Udalak etxerako epaitza edo egur sorta emanen die urtero ordenantza honetako 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, baldin eta eskabidea aurkeztu badute Udalak urtero ezartzen duen epearen barnean.

7. artikulua. Udalak, halaber, urtero ezarritako epearen barnean interesdunek eskatu ondoan, honako hauek emanen ditu:

–Epaitz edo egur sorta bat bi (bi) urtetik behin, baldin eta familia-unitateko titularrak betetzen baditu arautegi honetako 4. artikuluaren 1., 2. eta 4. paragrafoetako baldintzak.

–Epaitz edo egur sorta bat hiru (3) urtetik behin, baldin eta familia-unitateko titularrak betetzen baditu arautegi honetako 4. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoetako baldintzak.

8. artikulua. Aitzineko artikuluak goiti-beheiti, lehengo urtekoa aprobetxatua dutenei baizik ez zaie eginen epaitzaren markaketa.

Epaitza gauzatzeko epea urtebetekoa (1) da gehienez, Nafarroako Gobernuko Mendi Atalak baimentzen duenetik. Epeak betetzen ez badira, epaitzaren gaineko eskubideak galdu eta familia-unitateari ez zaio berririk markatuko hurrengo urtean.

9. artikulua. Egurra zer etxeri eman zaion, hartantxe baizik ez da erabili edo aprobetxatuko. Egur sorta hirugarren bati eman edo saldu duen familia-unitateak beste baterako eskubidea galduko du hurrengo bost urtean.

10. artikulua. Epaitzen onuradunek aprobetxamenduaren hondarrak bildu eta metatu behar dituzte, eta ez dituzte bideetan uzten ahal, ezta mendiko pistetan edo bidea trabatzen duten tokietan ere. Debeku da sortak pistetan herrestan eramatea. Orobat, bildu egin beharko dira lanen ondorioz sortutako hondakinak ere –bidoiak, plastikoak, etab.–, eta artikulu honetan xedatua betetzen ez duenari ez zaio urtebetean aprobetxamendu hau emanen.

III. TITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

11. artikulua. Herri-larreen deskribapena.

Hemen daude Ariako Udalaren herri-lurretan aprobetxatzen ahal diren larreak:

1. 1.–Monte Abierto zerrakurako larreak.

2. Antzontzarroko zerrakurako larreak.

3. Zeleako lurzatiak.

12. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Herri-larreak modu hauetako batean aprobetxatutako dira, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

13. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Honi dagokionez, ulertuko da herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen familia-unitateko titularrek aziendak ateratzen dituztenean Udalerriko Abere Aberastasunaren Katastrotik.

14. artikulua. Udalak urtero jakinaraziko du abeltzain bakoitzak noiz arteko epea duen bere aziendak larre alde bakoitzean sartzea eskatzeko, eta adierazi beharko du zenbat abelburu diren, zer espezietakoak, eta zein aldetan sartu nahi dituen.

Aziendak epez kanpo apuntatzen duenak arriskua du eskatutako aldetik kanpora gelditzeko hura epearen barnean apuntatutakoekin bete bada, nahiz eta eskaera gutxi izandako aldeak erabili ahal izanen dituen horretarako.

15. artikulua. Kanpainak iraun bitartean larre horiek aprobetxatuko dituzten azienda guztiek Udalak adierazitako ikurra eraman beharko dute.

16. artikulua. Aziendak larreetan sartu ahal izateko, ezinbestekoa da dagokion ustiapen liburuan agertzea, hala eskatzen ahal denean, eta eguneratuta edukitzea urteko saneamendu agiria.

17. artikulua. Udalak urtero erabakiko du 4. artikuluko baldintzak bete eta beren izenean aziendak dituzten pertsonek gehienez zenbat abelburu eraman ditzaketen Udalaren larreetara.

4. artikuluko 2. eta 3. zenbakietako baldintzak betetzen dituzten erretiratuek gainerako herritarrek bezala sartu ahal izanen dituzte aziendak.

18. artikulua. Eritasun kutsakorren bat harrapatzen duen azienda lehenbailehen atera beharko da, Udalari jakinarazi eta 24 ordu baino beranduago inoiz ez. Dena dela, osasun-albaitariak azienda aztertu eta hark erabakiko du larreetatik atera behar den, diagnostikatutako eritasunaren arabera.

Azienda bat hiltzean, jabeak hondarrak ehortzi edo erretiratuko ditu, bazterraren ezaugarriengatik haiengana ailegatzea ezinezkoa ez bada. Eginbehar horiek bete ezean, zehapen bat jarriko zaio araua hautsi duen abeltzainari, 35. eta 36. artikuluei jarraikiz.

19. artikulua. Abeltzainen erantzukizuna dira beren aziendek jasan edo eragin ditzaketen kalteak, eta gerta litezkeen erreklamazioak edo kalte-ordainak kudeatu beharko dituzte.

20. artikulua. Espezie bakoitzaren araberako azienda-karga zehazteko, baliokidetasun hauek ezarri dira:

–Behin-unitate bat: AzLU 1,00.

–Zaldi-unitate bat: AzLU 1,15.

–Ardi-unitate bat: AzLU 0,15.

–Ahuntz-unitate bat: AzLU 0,15.

21. artikulua. Bazkatzea zerrakuretan eginen da, eremu bakoitzari bere arauak aplikatuz.

22. artikulua. Zerrakura bakoitzerako apuntatutako abelburu kopurua jakindakoan eginen da banaketa, eta eremu bateko azienda-karga gainditzen badu irizpide hauei segituko zaie:

1. Zerrakura baterako eskaera sobera badaude eta beste bateko edo batzuetako kupoa bete gabe badago, beren borondatez beste belardi bat hauta dezaten eskatuko zaie abeltzainei. Aldaketa hori egiteko boluntariorik ez badago, zozketaz eginen da.

Urte batean belardiz aldatu behar izan duen abeltzainak, esleitutako belardian eduki ahal izanen ditu aziendak hurrengo bost urtean. Larre-kanpaina bat iragaitean, berriz sartuko litzateke zozketan gainerako abeltzainekin, beharrezkoa balitz.

2. Belardi guztietan balego eskaera gehiegi, kupoa bete arte onartuko dira ordena honetan:

1) Behiak txahalekin.

2) Bigak eta behokak.

3) Behorrak zaldiko-behokekin.

4) Jetzialdiko ardiak.

5) Ernaldu gabeko behiak eta behorrak.

6) Gainerako ardi-aziendak.

3. Baldin eta Udalaren premiak ase ondotik ez bada osatu belardi baten edo batzuen azienda-karga osoa, 12. artikuluari jarraikiko zaio.

23. artikulua. Belardietan zezenak sartzen utziko da, baldintza hauek betez gero:

1. Eskabidea idatziz aurkeztea Udaleko idazkaritzan, belardia, arraza eta noiz sartzea aurreikusten den adieraziz.

2. Belardi hori erabiltzen duten abeltzain gehienen adostasuna beharko da.

3. Zezenekin gurutzatu nahi ez diren bigak, halakorik bada, aparteko zerrakura batera eramanen dira; hura zein den urtero erabakiko da, egoera horretan dauden buruen kopuruaren arabera. Artikulu honen ondorioetarako, bigak dira 6 hilabetetik 2 urte artekoak.

24. artikulua. Larre kanpaina ekainaren lehen hamabostaldian hasi eta urriaren 30ean akituko da. Dena dela, Ariako Udalak erabakiko du urtero, larreak nola dauden ikusirik, aziendak zehazki zer egunetan sartu eta atera; Udalak beste datarik argitaratzen ez badu, ulertuko da artikulu honetakoak daudela indarrean.

25. artikulua. Ezin izanen da aziendarik zerrakuretan bazkatu martxoaren 30etik larre kanpaina hasi arte.

26. artikulua. Neguko larreak.

Udalak urtero egiten duen deialdiaren ondotik, neguko larreetan bazka daitezke horretarako apuntatu diren aziendak, zerrakurak irekitzen direnetik ixten diren arte.

Larrearen egoera ez bada egokia, Udalak aziendak kentzeko agindu dezake. Halakoetan, abeltzainei garaiz abisatu eta itzuli eginen zaie ordaindutako kuota.

IV. TITULUA.–APROBETXAMENDUEN KUOTAK

27. artikulua. Ariako Udalari ordainduko zaizkio bizirik itzulitako azienden larre-kuotak. Udalaren larreetan azienda bat hilez gero, eta ez bada abeltzainaren erruz edo berez hil bada, abelburu horren kuota itzuliko zaio jabeari.

Zaldiko-behokek, bigek eta bildotsek ez dute kuotarik ordaintzen.

28. artikulua. Hasiera batean, honako hauek dira eremu bakoitzeko zenbatekoak:

–Behi azienda: 6,71 euro (1 AzLU).

–Behor azienda: 7,72 euro (1,15 AzLU).

–Ardi azienda: 1,00 euro (0,15 AzLU).

–Ahuntz azienda: 1,00 euro (0,15 AzLU).

29. artikulua. Ariako Udalarekin zorretan dauden abeltzainek ez dute aziendarik sartzen ahalko herri-larreetan.

30. artikulua. Ariako Udalak urtero berrikusiko ditu larre aprobetxamenduen kuotak. Larre aldeak enkante publikoaren bidez adjudikatu ahal izateko, udalbatzak aitzinetik erabakiko du hasierako prezioa, kontuan hartuz eskainitako hektarea kopurua, destinoko larrea eta onartu beharreko azienda kopurua.

31. artikulua. Udalak urtero berrikusiko du larreen egoera, eta beharrezko hobekuntzak eginen ditu, aurrekontuen mugen barnean. Teknikari eskudun bati txostena eskatuko zaio argitzeko zenbat eta nola ongarritu behar den eta zer datatan, eta argitzeko, orobat, larreen kalitatea mantentzeko eta hobetzeko suerta daitezkeen beste kontu batzuk.

V. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

32. artikulua. Herri-lurrak hartzen dituzten ehiza-barrutien aprobetxamendua arautzen dute Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak, Nafarroako Foru Parlamentuaren 1981eko martxoaren 17ko arauak, eta xedapen osagarriek.

33. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza lotuko zaizkie kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

34. artikulua. Ariako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta, lur horietan, xede hauetakoren bat duten proiektuak gauzatzekoak badira:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute. Hona hemen jarraiki beharreko prozedura:

1. Ariako Udalaren erabakia, proiektua onesteko, bai eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia ere.

2. Hilabetez jendaurrean edukitzea eta toki erakundeak erabakia hartzea aurkezten diren alegazioen gainean.

3. Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. TITULUA.–ZEHAPENAK

35. artikulua. Faltak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke, eta bakoitzak bere zehapenak ditu:

–Falta arinak dira: aziendak epez kanpo apuntatzea, eta adierazitako egunean Udaleko langileen eskura ez jartzea markatu beharreko aziendak; epaitzen arbolak pistetatik herrestan eramatea.

–Falta astunak dira: debekuen datak ez errespetatzea; markatu gabeko edo Udalari jakinarazi gabeko aziendak bazkatzea; falta arinak metatzea; beste abeltzain baten aziendei zakurrekin edo beste modu batean traba egitea edo izua eragitea, minik eragin gabe; azienda hilak edo hondakinak ehortzi gabe abandonatzea; aziendak larreetatik ez ateratzea, Udalak hala manatu badu ere.

–Falta oso astunak dira: falta astunak errepikatzea; nahita gaizki tratatuta aziendei min egitea; eta ordenantza honen 24. artikulua ez betetzea.

–Udalak faltatzat jotzen ahalko du herri-lurrak behar bezala ez aprobetxatzea dakarren edozein ekintza, eta horren astuntasunaren araberako zehapena ezarri, bat etorriz ordenantza honetako zehapen prozedurarekin eta falten mailaketarekin.

36. artikulua. Faltengatik, honako zehapen hauek ezarriko dira:

–Falta arinak: 6tik 60 euro bitarte.

–Falta astunak: 60tik 600 euro bitarte eta ohartarazpena (aziendak ez dira Udalaren larreetan onartuko hurrengo kanpainan).

–Falta oso astunak: 600 eurotik goiti, eta larreetatik eta/edo beste aprobetxamenduetatik baztertzea urtebetetik 5 urtera.

Azken xedapena.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-ondasunei buruzko foru legediak ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2512232