194. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60/2025 EBAZPENA, irailaren 12koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baitira Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetan ezarri nahi diren energia elektrikoa ekoizteko eguzki-instalazio fotovoltaiko hauetarako eta haien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegituretarako aurretiazko administrazio baimenak: "El Quinto Centenario 6", "Bitácora", "Mar Mediterráneo" eta "Los Cinco Océanos", guztiak ere 4,99 MW-ekoak. Espedientearen kodeak: 5416-CE, 5417-CE, 5418-CE eta 5419-CE.

1.–Aurretiazko administrazio baimenen eskaerak.

2023ko ekainaren 16an, aurretiazko administrazio baimenak eskatu ziren Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetan ezarri nahi ziren eguzki-instalazio fotovoltaiko hauetarako eta haien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegituretarako: "El Quinto Centenario 6", "Bitácora", "Mar Mediterráneo" eta "Los Cinco Océanos", guztiak ere 4,99 MW-ekoak.

2.–Jendaurreko informazioaren tramitea eta ukitutako administrazio publiko eta erakundeei kontsulta egiteko tramitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen aurreproiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak, hogeita hamar egunez, iragarki bat argitaratuz 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, Diario de Noticias eta Diario de Navarra egunkarietan (2024ko abenduaren 18an), ukitutako udalen ediktuen taulan eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren web orrian.

Era berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, zerbitzu honek kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta erakundeei.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126., 127. eta 131. artikuluetan eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zerbitzuan jasotako alegazioen eta txostenen kopia bidali zitzaien sustatzaileei.

3.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera, eta ingurumen inpaktuaren adierazpena, aurkakoa.

2025eko otsailaren 26an, sustatzaileek jasotako alegazioei eta txostenei erantzun zieten, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera aurkeztu zuten.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 680E/2025 Ebazpenaren bidez, ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen "El Quinto Centenario 6", "Bitácora", "Mar Mediterráneo" eta "Los Cinco Océanos" izeneko eguzki-instalazio fotovoltaikoentzat, haien ebakuazio-azpiegiturak barne, zeina aurkakoa izan baitzen. Instalazio horiek, hurrenez hurren, Arena Green Power Ren 127 SLUk, Arena Green Power Ren 126 SLUk, Arena Green Power Ren 129 SLUk eta Arena Green Power Ren 128 SLUk sustatzen dituzte.

4.–Proiektuen tramitazioan atzera egitea eta berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2025eko abuztuaren 26an, sustatzaileek jakinarazi zuten proiektuen tramitazioan atzera egiteko asmoa zutela, eta eskatu zuten itzul ziezaizkietela sartzeko eta konektatzeko lau baimenei lotutako lau berme ekonomikoak, horretarako oinarri harturik Ingurumen Ebaluazioaren Atalak emandako ingurumen inpaktuaren adierazpenaren ebazpena, aurkakoa izan baitzen, eta Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 23.6 artikuluan ezarritakoaren babesean.

5.–Aurretiazko administrazio baimenak ukatzeko proposamena.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta lau espedienteen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak proposatzen du espediente horiek ebaztea eta eskatutako aurretiazko administrazio baimenak ukatzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluaren arabera, aurkeztutako eskaerak funtsean berdinak direnez, bidezkoa da eskaera horiek metatzea baimenak ukatzeko ebazpenean.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetan ezarri nahi zituzten energia elektrikoa ekoizteko eguzki-instalazio fotovoltaiko hauetarako eta haien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegituretarako aurretiazko administrazio baimenak: "El Quinto Centenario 6", "Bitácora", "Mar Mediterráneo" eta "Los Cinco Océanos", guztiak ere 4,99 MW-ekoak.

2. Diruzaintza Atalari proposatzea sarbide eta konexiorako prozedurekin lotutako lau bermeak itzultzeko. Abal-gordailuaren frogagiriak eta itzulketa-eginbideenak ebazpen honen eranskinetan daude.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera, Herri-lurren Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Arena Green Power Ren 126 SLUri, Arena Green Power Ren 127 SLUri, Arena Green Power Ren 128 SLUri, Arena Green Power Ren 129 SLUri, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkarteari, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteari, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Energía Inagotable de Kyoko SLri, Espainiako Ornitologia Elkarteari (SEO BIRDLIFE), Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari, Enagás Transporte SAUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAUko Eragiketen Zuzendaritzari eta Sistemaren Garapenerako Zuzendaritzari; eta ohartaraztea, halaber, ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espedientearen kodea adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Faltzesko Udalari, Tafallako Udalari, Erriberriko Udalari, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko irailaren 12an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

Iragarkiaren kodea: F2512168