194. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1325E/2025 EBAZPENA, irailaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2025eko irailaren 26rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.

Sindicato Médico de Navarra (SMN) sindikatuak grebarako deia egin du, zeinak eragina izanen baitu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren menpeko honako administrazio unitate hauetako osasun arloko fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan: Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzako Aho-hortzetako Osasunaren Atala, Lizarrako Osasun Barrutiko Aho-hortzetako Osasuna eta Tuterako Osasun Barrutiko Aho-hortzetako Osasuna. Greba 2025eko irailaren 26an eginen da; zehazki, 08:00etan hasiko da, eta 21:00etan bukatuko.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Argudio horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2025eko irailaren 26rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Greba Batzordeak ez du alegaziorik aurkeztu.

Bestetik, posible da BAME langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzea. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an gai honi buruz emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia, zeinak langile horiek sartzea galarazten baitzuen. Epai horrek, gainera, adierazten du ezen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.

Horren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "Onarpen autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan deitzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".

Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horien erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.

Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1. Oinarrizko Osasun Laguntza:

Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzako Aho-hortzetako Osasunaren Atalean 12 odontologo daude. Goizeko ordutegian gerta daitezkeen larrialdiei erantzunen zaiela bermatu behar da, eta, larrialdikotzat jotzen ez bada ere, denboran atzeratu ezin den laguntza eman behar da. Horrek justifikatzen du gutxienez 2 odontologo egon behar direla ezartzea, horietako bat goizeko txandako asistentzia orokorrerako eta beste bat, arratsaldeko txandan, Haurren Hortzetako Osasun Laguntzaren Programarako.

2. Tuterako Osasun Barrutia:

Tuterako Osasun Barrutian odontologo bat dago. Azaldutako irizpide hori kontuan hartuta, eta ikusirik irizpide horren arabera ezinbestekoa dela atzeratu ezin diren larrialdi odontologikoen arreta bermatzea, bai eta jada hasita dauden zenbait tratamenduren jarraitutasuna bermatzea ere (izan ere, tratamendua eteten bada, pazientearen osasunari kalte larria eragin dakioke), ezartzen da gutxienez odontologo bat egon behar dela.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Sindicato Médico de Navarra (SMN) sindikatuak 2025eko irailaren 26rako (goizeko 08:00etatik 21:00ak arte) iragarritako greba egitean, zeinak eragina izanen baitu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren mendeko Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzako Aho-hortzetako Osasunaren Atalean, Lizarrako Osasun Barrutiko Aho-hortzetako Osasunean eta Tuterako Osasun Barrutiko Aho-hortzetako Osasunean osasun arloko fakultatibo lanetan aritzen diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten jarduera guztietan, ondoren zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatu beharko dira:

I.–Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lan araubidea:

Asistentzia orokorrerako odontologo bat izendatzen da goizeko lan txandan, eta Haurren Hortzetako Osasun Laguntzaren Programako odontologo bat arratsaldeko lan txandan.

II.–Tuterako osasun barrutiaren esparruan:

Odontologo bat izendatzen da.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau Greba Batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean ukitutako zentroetako langileen arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluarekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2025eko irailaren 22an.–Zuzendari kudeatzailea ez dagoenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria, Nancy Nelly Gonzalo Herrera (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F2512441