193. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

362E/2025 EBAZPENA, irailaren 9koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Olaztiko udal mugartean zementua fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena. Instalazioaren titularra Cementos Portland Valderrivas SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren ekainaren 6ko 0302/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 233E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 29ko 257E/2017 Ebazpenaren bidez berrikusia, Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB Betearazpen Erabakiarekin bat etortzeko; aipatutako erabaki horretan zementua, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren.

2023ko ekainaren 16an eta 2023ko irailaren 14an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, biomasa-hondakinen balorizazio energetikorako instalazioa ezarri ahal izateko.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2023ko urriaren 5ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2023ko urriaren 5ean emandako irizpenaren bidez, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, Ingurumen Eraginaren Atalaren 2023ko abuztuaren 2ko txostenean ezarritakoaren arabera. Ondoren, egiaztatu zen handitzeko proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zitzaiola, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) epigrafean jasota zegoelako, eta izapide hori 2024-09-11n hasi zen.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2023ko urriaren 5ean, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, biomasa izaera duten hondakinen balorizazio energetikoa egiteko instalazio bat ezartzea. Zehazki, planteatzen da nekazaritzako elikagaien industrietako eta basogintzako material batzuk erabiltzea, zeinak erabat mekanikoak diren prozesamenduen eraginpean egon baitira eta hondakinak ez diren material naturaltzat hartzen baitira, hala nola baso-hondakinak edo kafe-hondarrak, bai eta oliba-patsa erabiltzea ere (020304 EHZ kodea).

2024ko urtarrilaren 16an, Olaztiko Udalak Alkatetzaren 2024ko urtarrilaren 16ko 21 Ebazpena jakinarazi zion Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzu honi, zeinaren bidez ukatu egiten baitzen instalazioan biomasa-hondakinak erregai gisa erabiltzeko hirigintza-bateragarritasuna. Ebazpen hori erantsitako txosten tekniko-urbanistiko batean oinarritzen da. Txosten horretan adierazten denez, proiektua ez da bateragarria indarrean dagoen plangintzarekin, hondakin ez-arriskutsuak erregai gisa erabiltzea aurreikusten baitu. Praktika hori berariaz debekatuta dago bai plangintzaren baldintza orokorretan, bai industria-erabilerarako eraikingintza-ordenantza partikularretan.

2024ko apirilaren 4an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak kontsulta egin zion Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalari, eta aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenari eta txosten tekniko-urbanistikoari buruzko txostena eskatu zion. 2024ko apirilaren 29an, txosten hori eman zen, eta, bertan adierazten da ezen, xede berarekin emandako epaiak eta horri buruzko jurisprudentzia-interpretazioa aztertu ondoren, ondorioztatu behar dela hondakinak erregai gisa erretzeko debekua ez dela hirigintza-determinazio bat, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Foru Dekretuaren 49. eta 65. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ezarrita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Olaztiko udal mugartean zementua fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena egiteko, helburu duena biomasa-hondakinen balorizazio energetikorako instalazioaren proiektua aurrera eramatea. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Cementos Portland Valderrivas SA da.

Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea; hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Cementos Portland Valderrivas SAri, Olaztiko Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 9an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2512021