193. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2025 EBAZPENA, irailaren 12koa, zeinaren bidez ukatzen baitira Eloko eta Untzitiko udal mugarteetan ezarri nahi diren energia elektrikoa ekoizteko instalazio hauetarako eta haien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegituretarako aurretiazko administrazio baimenak: "As de Guía 10" haize-parkea, "Ballestrinque 10" haize-parkea eta "Ballinger 10" haize-parkea, hirurak ere 4,99 MW-ekoak. Espedientearen kodeak: 1269-CE, 1271-CE, 1272-CE.

Nafarroako haize-parkeen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuz, 2023ko abuztuaren 30ean, Enigma Green Power 2 SLk, Enigma Green Power 4 SLk eta Enigma Green Power 6 SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuten, hurrenez hurren, Eloko eta Untzitiko udal mugarteetan ezarri nahi ziren haize-parke hauetarako eta haien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegituretarako: "As de Guía 10" haize-parkea, "Ballestrinque 10" haize-parkea eta "Ballinger 10" haize-parkea, hirurak ere 4,99 MW-ekoak.

Bat etorriz maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen espedienteak, 30 egunez, iragarki bat argitaratuta 2023ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 23koan, eta Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan (2023ko azaroaren 24an), eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren dagokion web-fitxan argitaratu zen.

Aldi berean, eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuko 8. artikuluak ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak behar ziren kontsultak egin zituen.

Alegazio eta txosten hauek jaso ziren:

–Alegazioak:

  • Eloko Udala.
  • Retevisión I SAU.
  • Untzitiko Udala.
  • Sustrai Erakuntza fundazioa.
  • Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.
  • Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.

–Txostenak:

  • Ondare Arkitektonikoaren Atala.
  • Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
  • Ingurumen Ebaluaziorako Atala.
  • Ustiapen Atala (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia).
  • Baso Plangintzarako Atala.
  • Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa.
  • Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
  • Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia.
  • Red Eléctrica de España SAU.
  • Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak haize-parkeen sustatzaileei bidali zizkien txosten horiek. Txostenen edukia ebazpen honen xedeko espedienteetan jasota dago.

2025eko ekainaren 12an, Enigma Green Power 2 SLk, Enigma Green Power 4 SLk eta Enigma Green Power 6 SLk aurkeztutako eskabideen bidez jakinarazi zuten proiektuen tramitazioan atzera egiteko asmoa zutela, eta eskatu zuten ebazpen bat eman zedila proiektuak deuseztatzen zirela erabakitzeko, oinarri harturik Eloko Udalak aurkeztutako alegazioak. Izan ere, alegazio horietan, proiektuak indarrean dauden hirigintza-arauekin bateraezinak direla adierazten da.

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako eskaera ikusita eta kontuan hartuz xedatuta dagoena Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala eraman dela aurrera eta proposatu du espedienteak ebaztea, aurretiazko administrazio baimena ukatuta.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluaren arabera, aurkeztutako eskaerak funtsean berdinak direnez, bidezkoa da eskaera horiek metatzea baimenak ukatzeko ebazpenean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea Enigma Green Power 2 SLk, Enigma Green Power 4 SLk eta Enigma Green Power 6 SLk Eloko eta Untzitiko udal mugarteetan ezarri nahi zituzten energia elektrikoa ekoizteko instalazio hauetarako eta haien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegituretarako eskatutako aurretiazko administrazio baimenak: "As de Guía 10" haize-parkea, "Ballestrinque 10" haize-parkea eta "Ballinger 10" haize-parkea, hirurak ere 4,99 MW-ekoak.

2. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Baso Plangintzarako Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Enigma Green Power 2 SLri, Enigma Green Power 4 SLri, Enigma Green Power 6 SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUren Eragiketen Zuzendaritzari eta Sistemaren Garapenerako Zuzendaritzari, Retevisión I SAUri, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari, SEO Birdliferi, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkarteari, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteari, eta ohartaraztea ebazpen honek ez diola administrazio bideari amaiera ematen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, errekurtsoan espedientearen zenbakia adierazita.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Eloko eta Untzitiko udalei, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziari, eta ohartaraztea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko irailaren 12an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

Iragarkiaren kodea: F2512167