1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
12E/2025 FORU AGINDUA, irailaren 12koa, zeinaren bidez iraungitzen baitira Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren otsailaren 20ko 1E/2024 Foru Aginduaren bidez Abian Media SLri Altsasu, Baztan, Lizarra, Larraun, Zangoza eta Tafallako mugapenetarako emandako tokiko irrati digitalaren lizentziak.
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 20ko 187/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko tokiko irrati-difusio digitaleko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko 72 lizentzia banatzeko lehiaketaren deialdia eta oinarri arautzaileak.
Nafarroarako ministerio-plangintzak frekuentziaren araberako 12 bloke aurreikusten ditu, horietako bi Nafarroako hiribururako eta gainerako hamarrak udalerri hauek buru dituzten hamar mugapenerako: Altsasu, Baztan, Lizarra, Izaba, Larraun, Lesaka, Orbaizeta, Zangoza, Tafalla eta Tutera. Frekuentzia-bloke bakoitzean gehienez ere sei emisorek emititu dezaketenez, 72 lizentzia dira lehiaketaren xede.
Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren otsailaren 20ko 1E/2024 Foru Aginduaren bidez, lehiaketa ebatzi zen eta Abian Media SLri lizentzia hauek eman zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitatean tokiko irrati-difusio digitaleko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko:
–Lizentzia bat Iruñeko mugapenerako (CL01NA blokea).
–Lizentzia bat Tuterako mugapenerako (CL03NA blokea).
–Lizentzia bat Lizarrako mugapenerako (CL04NA blokea).
–Lizentzia bat Altsasuko mugapenerako (CL05NA blokekoa).
–Lizentzia bat Baztango mugapenerako (CL06NA blokea).
–Lizentzia bat Lesakako mugapenerako (CL07NA blokea).
–Lizentzia bat Larraungo mugapenerako (CL08NA blokea).
–Lizentzia bat Tafallako mugapenerako (CL10NA blokea).
–Lizentzia bat Zangozako mugapenerako (CL111NA blokea).
2025eko uztailaren 17an, Abian Media SLk lizentzia horietako batzuei uko egiteko idatzia erregistratu zuen Nafarroako Gobernuan:
–Lizarrako mugapenerako lizentzia (CL04NA blokea).
–Altsasuko mugapenerako lizentzia (CL05NA blokea).
–Baztango mugapenerako lizentzia (CL06NA blokea).
–Larraungo mugapenerako lizentzia (CL08NA blokea).
–Tafallako mugapenerako lizentzia (CL106NA blokea).
–Zangozako mugapenerako lizentzia (CL11NA blokea).
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 31. artikuluak g) apartatuan jasotzen du titularraren uko egitea arrazoi bat dela lizentzia iraungitzeko.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 30. artikuluak xedatzen du ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emaile baten erregistro-inskripzioa ezereztuko dela haren gaikuntza legez aurreikusitako edozein arrazoirengatik iraungitzen denean.
Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena ikusita, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau,
AGINTZEN DUT:
1. Abian Media SLk 2025eko uztailaren 17an aurkeztutako ukoa onartzea.
2. Deklaratzea iraungi direla Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren otsailaren 20ko 1E/2024 Foru Aginduaren bidez Abian Media SLri honako mugape hauetarako emandako lizentziak: Lizarra, CL04NA blokea; Altsasu, CL05NA blokea; Baztan, CL06NA blokea; Larraun, CL08NA blokea; Tafalla, CL10NA blokea, eta Zangoza, CL11NA blokea.
3. Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emaileen Erregistroan dagokion inskripzioa ezeztatzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. Foru agindu hau Abian Media SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau igortzea Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiko Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalera eta Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioko Espektro Erradioelektrikoaren Plangintza eta Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko irailaren 12an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2512162