193. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

216E/2025 EBAZPENA, irailaren 19koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezietarako 2026-2027 ikasturteko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 857719.

2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. "Talentuaren nazioarteko proiekzioa" Planaren 2. erronkak 5. neurria jasotzen du: "SINAIko agenteek kontratatutako ikertzaileen nazioarteko egonaldiak sustatzea". Helburua da ezagutza osagarriak eskuratu eta etorkizuneko baterako ekintzak ekarriko dituzten nazioarteko aliantzak sortzen laguntzea.

Doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken programa Espainiako unibertsitate batean doktoretza egiten ari diren eta beren tesirako ikerketaren zati bat Estatu Batuetan egin nahi duten Espainiako doktoregaientzat dira. Deialdi honen bidez, aurreko edizioan lortutako helburuari eutsi nahi zaio, alegia, Nafarroako unibertsitateetan doktoregoa egiten ari den pertsona batek gutxienez, eta, ahal bada, bi pertsonak egin ahal izatea egonaldi horiek.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezietarako 2026-2027 ikasturteko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, 55.000 euroko kreditu bat baimentzen da, kreditu egokia eta behar bestekoa egotearen baldintza etengarriarekin, eta 2025eko gastuen aurrekontuko G20001-G2100-4800-467300 Fulbright bekak / Nafarroako Foru Komunitatea partidaren baliokide gisa 2026ko ekitaldian onesten den partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2025eko irailaren 19an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako unibertsitateren batean doktoretza egiten ari diren Espainiako goi mailako tituludunek beren ikerketa Estatu Batuetako unibertsitate edo ikerketa zentro batean egitea, sei eta hamabi hilabete bitarteko egonaldi batean.

Horretarako, dirulaguntzaren bidez, bekadunen bidaia gastuak ordainduko dira eta hileroko diru-kopuru bat emanen da, kontzeptu hauetarako: ostatua eta mantenua, proiektuaren gastuak, destinoko zentroko tasak eta mediku asegurua eta lehen ezarpenaren gastuak.

Nafarroako Foru Komunitatea - Fulbright beken programa zuzenduta dago doktoratu aurreko ikerketarako 2026-2027 ikasturterako Fulbright beken 8. deialdian parte hartu duten eta deialdi horretan titulazioarekin eta merituekin lotuta eskatutako betekizunak betetzen dituzten Foru Komunitateko doktoregaiei.

2. oinarria.–Beken kudeaketa.

Fulbright Batzordeak kudeatuko ditu bekak. Aipatutako batzordea erakunde laguntzailetzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak eta Espainiaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko Kultura, Hezkuntza eta Zientziaren Trukerako Batzordeak 2024ko irailaren 27an sinatutako hitzarmenak arautuko ditu erakundeak bere gain hartutako baldintzak eta betebeharrak.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroako unibertsitate bateko doktorego programa batean matrikulatuta dauden goi mailako tituludunek, baldin eta 2026-2027 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 8. deialdian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta deialdi horretan parte hartzen badute.

2. Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak.

3. Programa honen bateraezintasunak 2026-2027 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 8. deialdian zehaztuta daude.

4. oinarria.–Programaren zuzkidura.

2026-2027 ikasturterako beken zuzkidura eta gastuen kontzeptuak doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 8. deialdian ezartzen dira, eta barne hartzen ditu Fulbright programan ezarritako zerbitzuak.

Nafarroako Foru Komunitatea - Fulbright beken programaren gehieneko dirulaguntza 49.107 eurokoa izanen da, beka bat edo bi emateko. 2026-04-15ean ezarritako euro/dolar kanbio-tasa aplikatuko da. Esleitutako zenbatekoa agortuz gero, Fulbright Batzordeak beketako baten kostua osatzen ahalko du onuradunen kopurua maximizatzeko.

5. oinarria.–Beken iraupena.

Bekek gutxienez sei eta gehienez hamabi hilabete iraunen dute, eta ez da tarte hori berritzen ez luzatzen ahalko. Egonaldia 2026ko irailaren 1etik 2027ko urtarrilaren 15era bitartean hasten ahalko da, eta beranduenez 2027ko abenduaren 31n amaitu beharko da. Salbuespen gisa, eta gonbidapen gutunean behar bezala justifikatzen bada soilik, egonaldia 2026ko abuztuaren 1etik aurrera hastea onetsiko da. Ez da beste ikasturte batera atzeratzen ahalko.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Fulbright Batzordeak kudeatu eta garatu ditu bekak, eta horien jarraipena ere eginen du; beraz, beken gaineko eskaerak, komunikazioak eta eskatzen ahal diren gainerako agiriak Fulbright Batzordearen plataforma elektronikoan aurkeztuko dira, https://fulbright.es helbide elektronikoaren bidez.

2. Eskaerak aurkezteko epea 2026-2027 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 8. deialdian zehaztutakoa izanen da.

3. Eskaera elektronikoa egiteko inprimakia erabilgarri egonen da helbide honetan: https://fulbright.es/programas-y-becas/becas-para-espanoles/. Eskaeraren inprimaki guztiak Fulbright Batzordearen datu base elektronikoan gordeta geratuko dira.

4. Aurkeztu beharreko dokumentazioa 2026-2027 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 8. deialdian zehaztutakoa izanen da.

5. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hogei eguneko epean, Fulbright Batzordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio Nafarroako unibertsitate bateko doktorego programa batean matrikulatuta egonik deialdi honetarako hautagai diren pertsonen eskaeren dokumentazio guztia, baita eskaera Fulbright atarian aurkeztu izanaren egiaztagiria ere.

7. oinarria.–Hautaketako eta antolamenduko prozesua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak ebaluatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 2026-2027 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 8. deialdian zehaztutako irizpideei jarraikiz.

2. Fulbright Batzordeak, erakunde laguntzaile gisa, hautaketa prozesua kudeatuko du eta egiaztatuko du hautagaiek erabat betetzen dituztela deialdian eta eskaeran ezarritako betekizunak.

3. Hautaketa prozesua amaitu ondoren, Fulbright Batzordeak Nafarroako unibertsitateetako batean matrikulatuta dauden eta unibertsitatearen beraren programaren bidez finantzatutako beka jaso duten pertsonen eskaeren berri emanen du, eta finantzaketarik ez duten eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezien deialdiaren bidez finantzatu ahal izateko betekizun guztiak betetzen dituzten eskaerak proposatuko ditu.

4. Finantzaketarako proposatutako pertsonek eta Fulbright Batzordeak dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzen duena onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7 artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzearen esparruan, lege beraren 13.2 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean ere ez dagoela.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatearen egiaztagiriak:

Fulbright Batzordeak dokumentazio hori finantzaketa proposamenarekin batera sartuko du. Baldin eta 4.a) eta 4.b) ataletan aurkeztutako agiriek ez badituzte betetzen adierazitako betekizunak, eskaeran atzera egin dela ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

5. I+G+b Zerbitzuak, prozeduraren instrukzio eta antolamenduaren eskumena duen organoa den aldetik, laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari helaraziko dio.

6. I+G+b Zerbitzuaren proposamena Batzordearen txostenean oinarritu beharko da, deialdi honen 3. oinarrian ezarritako betekizunak egiaztatu ondoren.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Era berean, erreserbako pertsonen zerrenda bat argitaratuko da, halakorik badago, eta gehienez ere iragarritako beken kopurua halako bi izanen dira erreserban daudenak.

7. Ebazpena gehienez ere hamar eguneko epean jakinaraziko zaie adjudikaziodunei, eta baita Fulbright Batzordeari ere. Bestalde, Batzordeak Estatu Batuetako J. William Fulbright Foreign Scholarship Board batzordeari aurkeztuko dio ebazpena, azken onespena eman dezan.

8. Ebazpena telematikoki eman eta jakinaraziko zaie onuradunei, gehienez ere sei hilabeteko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

9. Beharrezkoa izanen da J. William Fulbright Foreign Scholarship Board batzordeak hautaketa berrestea eta "Exchange Visitor (J-1)" bisa lortzea beka ordaintzeko.

10. Baldin eta onuradunen batek bekari uko egiten badio edo ez baditu betetzen beka eskuratzeko betekizunak, aurrekontu kreditu faltagatik soilik ezetsita geratu diren eskaerei ematen ahalko zaie dirulaguntza. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Bekaren aldia amaitzean, bekadunek bi hilabeteko epea izanen dute Fulbright Batzordeari 2.500 eta 3.000 hitz arteko txosten bat aurkezteko. Horretan, egindako ikerketari buruzko datuak eta lortutako emaitzak jasoko dira. Txostena baliabide elektronikoen bidez aurkeztu behar zaio Fulbright Batzordeari, eta hark I+G+b Zerbitzuari bidaliko dio, jaso duenetik hilabeteko epean.

2. Fulbright Batzordeak, beka kudeatzeko erakunde laguntzailea den aldetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean justifikatu beharko du bekadunei funtsak eman zaizkiela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Dirulaguntzaren gastu guztiak kontzeptuz kontzeptu adierazita aurkeztu behar dira.

4. Fulbright Batzordeak dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusian, diruz lagundutako ikerketa ofizialki amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen I. tituluaren IV. kapituluan ezarritakoaren arabera egin beharko da.

5. Dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, justifikazio kontua eta dagozkion gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluari jarraikiz.

Justifikazio kontuak dokumentazio hau jaso beharko du:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela justifikatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

2. Egindako jardueren kostua frogatzen duen memoria ekonomikoa.

Gastuak fakturen bidez eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten gainerako dokumentuen bidez frogatuko dira, jatorrizkoak izan edo fotokopia konpultsatuak izan. Baldin eta diru-kopuruen izaeragatik ez bada fakturarik egin behar, erakunde laguntzailearen ziurtagiria onartuko da justifikazio gisa.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. J. William Fulbright Foreign Scholarship Board batzordeak hautaketa berretsi eta "Exchange Visitor (J-1)" bisak lortu ondoren, eta Fulbright Batzordeak hala eskatuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak emandako laguntzen zenbateko osoa ordainduko dio Fulbright Batzordeari, barne hartuta Fulbright Batzordeari lotutako kudeaketa kostuak ere.

2. Fulbright Batzordea arduratuko da onuradunei hileko diru-kopuruari dagozkion zenbatekoak aldez aurretik ordaintzeaz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Oinarri hauetan arautzen diren beken onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Agiri bidez justifikatzea, hala eskatzen zaienean, dirulaguntza ematea ahalbidetzen duten baldintzak betetzen direla, hala deialdia arautzen duten oinarrietan nola Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean jasotakoari jarraikiz.

b) Ikerketa programa osoa betetzea eta horretatik probetxu ateratzea.

c) Destinoko erakundeak, erakunde laguntzaileak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak eskatutako txostenak, inprimakiak eta gainerako dokumentuak betetzea.

d) Ikerketa proiektua garatzen ari den zentroan geratzea. Zentrotik joateko edo hura aldatzeko, ikerketa proiektua aldatzeko, aldi baterako Espainiara joateko edo baimendutako data baino lehen itzultzeko edozein eskaera Estatu Batuetako erakunde kudeatzaileari proposatu beharko zaio, erakundeak Batzordearen oniritzia eska dezan eta, aldi berean, Batzordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren oniritzia eska dezan.

e) Estatu Batuetan J-1 bisarekin sartzea –Fulbright bekaren onuradun guztientzat adierazitakoa da hori–. Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, horrelako bisaren onuradunak konpromisoa hartu behar du, ikasketen edo ikerketaren aldia amaitu ondoren, Estatu Batuetan bizileku iraunkorrik ez finkatzeko (Immigrant Visa), bisa amaitzen denetik bi urte igaro arte. Aldiz, Estatu Batuetara itzultzen ahalko da bestelako ikasketako edo ikerketako bisa batekin (Non-Immigrant Visa), J-1 bisaren kategoriaren araberako epe bat igaro ondoren.

f) Egindako ikerketaren azken txostena eta lortutako emaitzak aurkeztea. Txostenak 2.500 eta 3.000 hitz arteko luzera izan beharko du, gutxienez. Dokumentazioa Fulbright Batzordeari entregatuko dio, bekaren aldia amaitu eta bi hilabeteko epean. Batzordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio dokumentazio hori.

g) Baldin eta Nafarroako Foru Komunitatea - Fulbright bekaren kontura egindako ikerketaren ondorioz argitalpenen bat sortzen bada, ikerketa aipatutako bekari esker egin dela aipatu beharko da.

h) Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizun guztiak betetzea.

2. Gainera, bekadunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 39. artikuluetan oro har ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, justifikatu beharko dute zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik.

3. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

4. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

11. oinarria.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren eta erakunde laguntzailearen betebeharrak.

1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak:

a) Aipatutako hitzarmenaren seigarren klausularen 3. puntuan jasotakoa betez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak Fulbright Batzordeari transferituko dio beken eta Fulbright Batzordearen kudeaketaren zeharkako kostuen zenbateko efektiboa, zeina beketarako emandako zenbatekoaren %12koa izanen baita, bekak behin betiko eman ondoren eta, beranduenez, 2026ko azaroaren 30a baino lehen.

b) Fulbright Batzordeak, funtsak jaso ondoren, onuradunari hileko diru-kopuruari dagozkion zenbatekoak ordainduko dizkio aldez aurretik.

2. Erakunde laguntzailearen betebeharrak:

Fulbright Batzordeak, ebazpen honen bidez iragarritako beken kudeaketan erakunde laguntzailea den aldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean jasotakoaren ondorioetarako, betebehar hauek izanen ditu, lege horren 10. eta 13. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz:

a) Egiaztatzea, zenbatekoak kobratu aurretik, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela; horretarako, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu bekak esleitu ondoren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak funtsak transferitu aurretik.

b) Bekadunei jasotako funtsak entregatzea hitzarmen honetan, dagozkien oinarri arautzaileetan eta deialdian bertan jasotakoari jarraikiz. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren funtsak jaso ondoren, hileko diru-kopuruari eta bidaiarako laguntzari dagozkien zenbatekoak helaraziko dizkie bekadunei, aldez aurretik.

c) Bekadunek bekaren oinarri den ikerketa egin dutela egiaztatzea; horretarako, bekaren aprobetxamendua justifikatzen duten txostenak gainbegiratuko ditu eta jasotako zenbatekoak itzultzeko espedientea abiarazteko arrazoi izaten ahal diren ez-betetzeen berri emanen du.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari justifikatzea jasotako funtsak bekadunei eman zaizkiela, eta bekadunek aurkeztutako amaierako txostena entregatzea. Bekak amaitu ondoren, Batzordeak gastu efektiboen likidazioa aurkeztuko dio, justifikazio kontu sinplifikatuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari, eta, hala badagokio, dagokion dirua itzuliko dio.

e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak funtsen kudeaketari buruz egiten ahal dituen egiaztapenak onestea, baita eskumena duten kontrol organoek egiaztapen eta kontrol finantzariorako egiten ahal dituzten bestelako jarduerak ere, eta lan horien ondorioz eskatzen zaion informazioa ematea.

12. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Hala onuradunek nola Fulbright Batzordeak, parte hartzen duen ikerketa proiektuaren edo, oro har, laguntzen inguruko argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela adierazi beharko dute.

Tesi dokumentuan zein edozein argitalpen edo aipamen publikotan testu hau sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak Fulbright beka finantzatu du, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezien deialdiaren esparruan".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

13. oinarria.–Bateraezintasunak.

Ez da beka jasotzen ahalko ezein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk –Espainiakoa, Europar Batasunekoa nahiz nazioartekoa– kontzeptu berdinengatik edo antzekoengatik beste edozein beka edo laguntza ekonomiko emanez gero, Fulbright Batzordearen aldez aurreko baimenik gabe. FPU eta FPI laguntzak programa honekiko bateragarriak dira, baina beharrezkoa izaten ahal da iraupenean eta/edo zuzkiduran doikuntza batzuk egitea.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzen helburua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2512404