193. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

283/2025 EBAZPENA, irailaren 12koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako toki entitateetako idazkari izateko gaikuntza ematen baitzaie zerrendan ageri diren izangaiei, pertsona horiek funtzionario izendatzen baitira, eginkizun publiko horietan aritu daitezen hurrenez hurren esleitzen zaizkien plazetan, eta plaza horien jabetza hartzeko datak ezartzen baitira.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak abenduaren 1ean emandako 680/2022 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako toki entitateetako idazkari izateko gaikuntza lortzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanda, eta plaza horietan sartzeko, bai txanda irekiko hautapen prozesuaren bidez, bai aldi baterako enplegua egonkortzeko hautapen prozesuaren bidez, biak ere oposizio-lehiaketa sistema erabiliz.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 251/2025 Ebazpenaren bidez, plaza hutsak hautatzeko ekitaldi osagarrirako deialdia egin zen.

Plaza hutsak esleitzeko eta baldintzak egiaztatzeko prozedura amaitu ondoren, bidezkoa da gaikuntza ematea eta funtzionario izendatzea deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzeagatik plazak esleitu zaizkien izangaiak, eta plazen jabetza hartzeko eguna ezartzea bi hautapen prozesuetarako.

Egiaztatu da ezin dela gaikuntzak eman hautapen prozesuetako probak gainditu zituzten izangai guztiei, eta bete gabe gelditu direla toki entitate hauetan idazkari izateko plazak: Esteribar, Gazteluberri, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea, Donamariako, Urrozko, Oizko eta Beintza-Labaiengo udalen batasuna eta Artzibarko, Orotz-Beteluko eta Longidako udalen batasuna.

Plazen jabetza hartzeko egunari dagokionez, kontuan hartu behar da maiatzaren 15eko 6/2025 Foru Legearen bidez 16/2022 Foru Legea aldatu dela, eta haren 8.2 artikulua indargabetuta geratu dela. Beraz, desagertu denez manu hori, foru lege horretan araututako prozedura guztietan plazen jabetza hartzea aldi berean egitea ezartzen zuena, esleipendunek plazaren jabetza hartzeko data ezar daiteke, horretarako arau-eragozpenik ez dagoelako.

Izendapenak eta plazaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario izaera emanen diete izendatuei, Nafarroako toki entitateen zerbitzuko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta kasuan kasuko toki entitateari loturik geldituko dira.

Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta hartan alta emanen zaie, araubide horren babespean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Izendatutako izangaiek 2025eko urriaren 1ean hartu beharko dute idazkari plazaren jabetza destinoko toki entitatean.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako datan plazaren jabetza hartzen ez dutenek galduko dituzte eskubide guztiak Nafarroako toki entitateetako idazkari lanposturako gaitutako funtzionario bihurtzeko.

Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez aitortutako eskudantzien indarrez,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateetako idazkari izateko gaikuntza ematea zerrendan ageri diren izangaiei, oposizio-lehiaketa eginda bai txanda irekiko hautapen prozesuaren bidez, bai egonkortzeko hautapen prozesuaren bidez, eta izangai horiek funtzionario izendatzea, eginkizun publiko horietan aritu daitezen hurrenez hurren esleitzen zaizkien plazetan.

2. Esleipendunek, bai txanda irekiko hautapen prozesukoek bai egonkortzeko hautapen prozesukoek (bietan oposizio-lehiaketa sistema erabiliz), 2025eko urriaren 1ean hartu beharko dute izendapenaren xede diren plazen jabetza, kasuan kasuko toki entitatean.

Pertsonak eta esleitutako plazak ebazpen honen eranskin bakarrean ageri dira.

Izendapenak eta plazen jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario gaituen izaera emanen diete izendatuei, Nafarroako toki entitateen zerbitzuko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako datan plazaren jabetza hartzen ez dutenek galduko dituzte eskubide guztiak Nafarroako toki entitateetako idazkari lanposturako gaitutako funtzionario bihurtzeko.

3. Deklaratzea toki entitate hauetan idazkari izateko plazak bete gabe gelditu direla: Esteribar, Gazteluberri, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea, Donamariako, Urrozko, Oizko eta Beintza-Labaiengo udalen batasuna eta Artzibarko, Orotz-Beteluko eta Longidako udalen batasuna.

4. Ebazpen hau esleipendunei eta toki entitate interesdunei jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

6. Ebazpen honen aurka espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko irailaren 12an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

ERANSKINA.–GAIKUNTZAK ETA ESLEITUTAKO PLAZAK

Idazkaria, txanda irekia.

IZENA

ZENTROA

Marcen Echandi, Alvaro

Uharteko Udala

Suarez Urrutia, Idoia

Miranda Argako Udala

Idazkaritza, oposizio-lehiaketa bidezko egonkortzea.

IZENA

ZENTROA

HIZKUNTZA

Fernández Ejea, Alberto

Barillas, Monteagudo eta Tulebrasko udalen batasuna

Estanga Urroz, Joana

Sakanako Mankomunitatea

E–C1

Iragarkiaren kodea: F2512156