2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ELORTZIBAR
Aldaketa, ECO eta 0 isuriko ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal zergan hobariak aplikatzea arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Elortzibarko Udalak, 2025eko ekainaren 10ean egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea honako ordenantza hau: ordenantza fiskala, ECO eta 0 isuriko ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal zergan hobariak aplikatzea arautzen duena, 49. ordenantza.
Iragarkia 2025eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 1ean, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, onetsitako aldaketak eta indargabetzeak behin betiko onetsitzat jotzen dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Hona hemen testua osorik:
ORDENANTZA FISKALA, ECO ETA 0 ISURIKO IBILGAILUEI TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO UDAL ZERGAN HOBARIAK APLIKATZEA ARAUTZEN DUENA, 49. ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Urtarrilaren 24ko 3/2019 Foru Legeak, zeinaren bidez aldatu baitzen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa), 4. apartatua gehitu zion Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 162. artikuluari (3/2019 Foru Legea argitara eman zen 2019ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 6an). Honela idatzirik ageri da apartatu hori:
"4. Zerga-ordenantzek zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautzen ahalko dituzte:
a) 100eko 50erainoko hobaria ECO ibilgailuetarako.
b) 100eko 100erainoko hobaria '0 igorpen' ibilgailuetarako.
Aurreko paragrafoek aipatzen dituzten hobarien gainerako alderdi substantiboak eta formalak zerga-ordenantzan arautuko dira".
Elortzibarko Udalak sustatu nahi du ibilgailu elektrikoak erabil daitezen, eta, horrela, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitu. Horren guztiaren helburua da, azken batean, isuriak eta horiek ingurumenean izaten dituzten eragin negatiboak murriztea.
ECO etiketadun ibilgailuei eta 0 isuriko ibilgailuei egiten zaizkien hobari horien xedea da mugikortasun jasangarria sustatzea, kutsadura gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea Elortzibarren.
Hona hemen hobari horien xede espezifikoak:
–Berotegi efektuko gasen isuriak murriztea.
–Mugikortasun jasangarria sustatzea.
–Airearen kalitatea hobetzea.
–Teknologia berrien ikerketa eta garapena sustatzea.
Laburbilduz, hobari horiek funtsezko tresna dira mugikortasun ekologikoago bat sustatzeko, gure udalerrian airearen kalitatea hobetuko duena; izan ere, hobari horiek pizgarriak eskaintzen dituzte erakargarriagoa izan dadin horrelako ibilgailuak eskuratzea eta erabiltzea.
Horiek horrela, bidezkoa da aldaketa onestea honako ordenantza honetan: ordenantza fiskala, ECO eta 0 isuriko ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal zergan hobariak aplikatzea arautzen duena.
Indarraldia 2 urtekoa izanen da, kalterik ez eragiteko hurrengo aurrekontu-ekitaldietako diru-bilketan, merkatuen eboluzioaren ziurgabetasuna dela eta.
1. artikulua. Hobariak.
Zerga-kuotari honako hobari hauek aplikatuko zaizkio:
a) %50eko hobaria ECO ibilgailuetarako.
b) %100ko hobaria 0 isuriko ibilgailuetarako.
2. artikulua. Baldintzak.
Hobari horiek izanen dituzte Elortzibarren erroldaturiko ibilgailuen titularrek, baldin ibilgailuok katalogaturik badaude ECO ibilgailu gisa edo 0 isuriko ibilgailu gisa.
3. artikulua. Hobaria ematea.
Oro har, ofizioz emanen da hobaria, Udala datuen jakitun denean, subjektu pasiboak eskatu beharrik gabe.
Udala ez bada jakitun, zergadunak berak eskatu behar du hobaria, zergaren sortzapen-eguna baino lehen. Altak edo matrikulazio berriak izanez gero, eskatu beharko du hilabeteko epean, ibilgailuaren alta egiten den egunetik hasita. Baldin eskaerak egiten badira aipatu epea iraganik, hurrengo ekitaldian izanen dituzte ondorioak.
4. artikulua. Indarraldia.
Ordenantza hau indarrean jarriko da 2026ko urtarrilaren 1ean, eta indarrean egonen da 2027ko abenduaren 31ra arte.
Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Noainen, 2025eko abuztuaren 13an.–Alkate udalburua, Luis Maya Armendáriz.
Iragarkiaren kodea: L2511931