2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Ordenantza fiskala, Udalaren haur-eskoletan hezkuntza-laguntza zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Eguesibarko Udalak, 2025eko ekainaren 25eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren haur-eskoletan hezkuntza-laguntza zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala.
Aldaketa horren hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko aldiari buruzko iragarkia argitara eman zen 2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 29an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zitzaion alegaziorik aurkeztu. Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoa den gainerako legedian.
ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN HAUR-ESKOLETAN HEZKUNTZA-LAGUNTZA ZERBITZUA EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA
OINARRIA
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeari, zehazki, lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari, eta baliatuz haren 28. artikuluko baimena.
ZERGA-EGITATEA
2 artikulua. Zerga-egitatea da Eguesibarko udalerriko 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako udal ikastetxean ematen diren zerbitzuak erabiltzea, baita etorkizunean sortzen direnak ere, halako izena hartzeko dauden baldintzak betetzen badituzte.
ORDAINDU BEHARRA
3. artikulua. Haur-eskolako zerbitzuez baliatzen diren adin txikikoen gurasoak, tutoreak edota legezko ordezkariak daude behartuak prezio publikoa ordaintzera.
KUDEAKETAKO ETA DIRU-BILKETAKO ARAUAK
4. artikulua. Prezio publikoa hileko osoetan eta aldez aurretik ordainduko da, jantoki-zerbitzuari dagokion zatia izan ezik, hori hilabetea amaitutakoan ordainduko baita.
TARIFEN APLIKAZIOAK
5. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak izanen dira tarifen epigrafean haur-eskoletan emandako zerbitzu bakoitzerako ezarritakoak. Hori aplikatzeko, kontuan hartzen dira per capita errentaren tarteak eta beste murrizketa batzuk, hala nola haur-eskola berean zenbait seme-alaba matrikulatuta dituzten familiei dagozkienak.
6. artikulua. Familia-unitatearen urteko errenta baloratzeko, per capita errenta hartuko da kontuan, hau da, familia-unitatearen errenta zati familiako kide guztien kopurua.
Tarifa aplikatzeari dagokionez, bi familia-unitate mota hartuko dira kontuan:
a) Bi gurasoko familien kasuan: kontuan hartuko da familia-unitatearen kide direla legez bananduta ez dauden gurasoak edo, bidezkoa denean, legezko tutorea edo tutoreak, gehi familiaren etxean bizi diren 25 urtetik beherako seme-alabak baldin eta lan errentarik jasotzen ez badute (lan bizitza negatiboaren ziurtagiri bidez frogatzen bada), eta ezintasunen bat duten seme-alabak, baldin eta judizialki ezgaituta badaude eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende badaude.
Familia harreran diren haurrak familia-unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.
b) Guraso bakarreko familiatzat hartuko da heldu batek eta 25 urtetik beherako bere seme-alabek osatutakoa, denak herri berean erroldatuak badaude eta etxe berean bizi badira, bai eta beren seme-alabekin etxe berean bizi diren alargunek osatutakoa ere. Ondorio horietarako, ez da kontuan hartuko alargun eta umezurtz pentsiorik jasotzen den.
c) Bi egoeretan, adingabeak helduaren menpe daude ekonomikoki, eta helduak ditu etxean bizi diren adingabeen zaintza eta ardura esklusiboak.
Matrikula egin ondotik familia-unitateko kideen kopuruan gertatzen diren aldaketak ez dira kontuan hartuko ikasturte horretan, salbu eta ikasturtea hasi arte gertatu eta idatziz jasotzen direnak, jaiotza, adopzio, harrera edo ezgaitze judiziala direla medio.
Familia-unitatearen urteko errenta izanen da aitaren eta amaren edo legezko tutoreen, eta familia-unitateko gainerako kideen diru-sarreren batura edo errenta indibidual justifikatuen batura. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko da familia-unitatearen urteko errenta.
Baldin eta ez badaude zerga horren aitorpena egitera behartuak, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Errentaren edo diru-sarreren zinpeko aitorpena.
–Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, adierazten duena ez dela aurkeztu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena.
–Haur Eskolaren zerbitzua eskatzen duten adingabeen guraso, tutore edo legezko ordezkarien lan bizitzari buruzko txostena, eta familiaren diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak (soldaten ziurtagiriak, pentsioenak, TC2 eta abar).
Ezartzen den epearen barrenean errenta aitorpena edo diru-sarreren egiaztagiriak aurkezten ez dituztenei, matrikulatutako ordutegi motari dagokion kuota altuena aplikatuko zaie ikasturte osoan.
7. artikulua. Tarifen kalkulua abuztuan eginen da, ikasturtea hasi baino lehen, eta haren iraupen osoan zehar aplikatuko dira (10,6 hilabete).
8. artikulua. Haur eskolan bi seme-alaba dituzten familiek %50eko deskontua izango dute bigarren haurragatik dagokien tarifan. Tarifa hori egonaldi motari dagokion tarifa txikienaren parekoa izanen da, gutxienez.
9. artikulua. Matrikula egiteak ikastetxera etortzera eta hilabetekoak ordaintzera behartzen du. Matrikula formalizatu ahal izateko, 50 euroko fidantza ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.
Fidantza itzuliko da ikasleak haur-eskolan eskolatze-etapa amaitzen duenean, betebeharrak egunean dituela egiaztatu ondoren.
Ikasturtean zehar justifikatu gabeko bajaren kasuan, fidantza osorik konfiskatuko da.
Matrikula ikasturtea hasita dela egiten bada, fidantza ere berdin ordaindu beharko da.
10. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira, 10 eguneko epea ezarri da gurasoei ohartarazpena egiten zaienetik, zorra ordain dezaten eta, ondorioz, baja gauzatu ez dadin. Bi kuota ordaintzen ez badira, baja emanen zaio ikastetxean.
TARIFEN EPIGRAFEA
A.–Jantoki zerbitzua.
1. Familia orokorrak.
PER CAPITA ERRENTA (euroak) | HILEKO TARIFA (euroak) |
> 9.300,01 | 95 |
6.650,01 - 9.300 | 84 |
5.500,01 - 6.650 | 66 |
4.500,01 - 5.500 | 58 |
3.350,01 - 4.500 | 56 |
≤ 3.350,00 | 52 |
2. Guraso bakarreko familiak.
PER CAPITA ERRENTA (euroak) | HILEKO TARIFA (euroak) |
> 9.300,01 | 84 |
6.650,01 - 9.300 | 66 |
5.500,01 - 6.650 | 52 |
4.500,01 - 5.500 | 42 |
3.350,01 - 4.500 | 32 |
≤ 3.350,00 | 25 |
Jantokiko hileko kuota osorik ordainduko da, honako kasu hauetan izan ezik:
–Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak.
–Harrera-aldiko absentziak.
–Justifikatutako absentziak.
Justifikatutako absentziak izanen dira ikastetxeari 24 ordu lehenago jakinarazten zaizkionak (aurreko eguneko 12:00ak baino lehen).
Kasu horietan, menuaren kostua deskontatuko da, baina laguntzailearen kostua ordaindu beharko da beti.
Sarrigurenen, 2025eko irailaren 12an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
L2512130
Iragarkiaren kodea: