189. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

611/2025 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdi bat, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2025-2026 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizarte eta hezkuntza arloan egiten diren inklusio proiektuetan esku hartzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 831328.

Deialdi hau Hezkuntza Departamentuak finantzatzen du. Beraren bidez jarraipena ematen zaio Europako Gizarte Funtsaren bidez finantzatutako programa honi: "Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programa". Hala ezartzen baitu I. kapituluko 1. artikuluko b apartatuan abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, zeinaren bidez Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen baita, ekitatea da hezkuntzaren printzipio eta helburuetako bat, aukera-berdintasuna bermatzen duena nortasunaren garapen osorako, horretarako erabiliz hezkuntza, hezkuntza-inklusioa eta emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna. Helburua da, batetik, edozein diskriminazio gainditzen eta hezkuntzarako irisgarritasun unibertsala lortzen laguntzea, eta bestetik, osagai bat izatea desparekotasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak konpentsatzeko, arreta berezia jarriz desgaitasunen ondoriozko direnetan, bat etorriz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoarekin, zeina 2008an berretsi baitzuen Espainiak.

Halaber, II. tituluaren II. kapituluaren 80. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenaren arabera, hezkuntzarako eskubidea erabiltzean berdintasun-printzipioa gauzatzeko, administrazio publikoek konpentsazio-ekintzak eginen dituzte egoera sozial, edukatibo eta kultural txarrean dauden pertsonentzat, taldeentzat eta lurralde-eremuentzat, hezkuntzarako sarbidea, hezkuntzan aritzea edo ikastea eragozten duten oztopoak ezabatzeko. Hain zuzen ere, behar diren doikuntzak eginen dituzte pertsona horien banakako beharrizanen arabera eta behar duten laguntza emanen diete beren hezkuntza-garapena eta garapen soziala sustatzeko eta, horrela, beste herritar guztien aukera berak eduki ditzaten hezkuntza inklusiboa jasotzeko.

Artikulu horretako 2. apartatuaren arabera, konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, hala saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desparekotasunak.

Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleei dagokienez, hauxe dio 72.5 artikuluan abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, zeinaren bidez Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu baitzen: "hezkuntza administrazioek beste administrazio batzuekin, beste entitate publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jarduten ahalko dute ikasle horien eskolatzea errazteko, ikasle horien inklusioa ikastetxean hobetzeko, hezkuntza-arrakasta sustatzeko eta garaia baino lehen eskola ez uzteko".

Udalak, oinarrizko gizarte zerbitzuak edo haien mankomunitateak jarduketa batzuk garatzen ari dira aurrea hartzeko zenbait kolektibotako ikasleen absentismoari, eskola-porrotari, eskola-uzteari edo gizartetik baztertzeko arriskuari.

Jarduketa horien artean nabarmentzekoa da hezkuntza-komunitateari tresnak ematea ikasleen baldintza pertsonalak eta ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko. Horretarako, beharrezkoak dira eskolako sustatzaileak edo bitartekari soziokulturalak, familien eta ikastetxearen arteko etengabeko komunikazioa erraztu dezaten, familien eta ikastetxeen arteko harreman bizkorrak sustatuz.

Hezkuntza Departamentuak badaki Nafarroan badaudela gizarte eta hezkuntzako egoerak non ikasleak eta haien familiak bazterturik edo gutxietsita dauden. Horregatik erabaki du konpentsazio neurri zehatzak hartzea pertsona, talde eta lurralde horien alde.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasleen eta haien familien inklusioa gizarte eta hezkuntza arloan errazten dituzten esku-hartze integralak sustatzeko, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdi bat onets dadin, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontratatzeko, 2025-2026 ikasturtean esku har dezan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizarte eta hezkuntza arloan egiten diren inklusio proiektu horietan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2025-2026 ikasturtean, esku har dezan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizarte eta hezkuntza arloan egiten diren inklusio proiektuetan.

2. 600.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoak diruz laguntzeko. Horietatik 120.000 euro 2025eko aurrekontuko 420004-42700-4609-322400 partidaren kargura izanen dira (Gizarte eta hezkuntza arloko inklusio jardueretarako dirulaguntzak), eta gainerakoa, 480.000 euro, 2026ko gastu aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kontura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak jakinaraztea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio Proiektuetarako Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko irailaren 5ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–UDALEI, OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEI EDO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ESKOLAKO SUSTATZAILEA EDO BITARTEKARI SOZIOKULTURALA KONTRATA DEZATEN 2025-2026 IKASTURTEAN, ESKU HAR DEZAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN GIZARTE ETA HEZKUNTZA ARLOAN EGITEN DIREN INKLUSIO PROIEKTUETAN. OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen diren udalei, oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten, ikasleen eta haien familien inklusioa susta dezan gizarte eta hezkuntza arloan, honako hauen bidez:

1. Mekanismoak garatzea, gizarte eta hezkuntza arloko inklusio lanetan aritzen diren eskualdeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko: hezkuntza-komunitatea; orientazioa; elkarteak, oinarrizko gizarte zerbitzua eta mankomunitateak.

2. Eskola-absentismoaren eta kalteberatasunaren egoeran dauden ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea hobetzea, erabateko inklusioa lor dadin.

3. Ikastetxean bizikidetza giro egokia bultzatzea, hainbat estrategia eta metodologia inklusibo erabiliz; bereziki elkarreragin sozialeko jarrera positiboak sustatuko dira kultur ezberdinetako taldeen eta gutxiengoen artean, gainerako ikasleei arreta emateari utzi gabe.

4. Identifikatzea zer ikasle dagoen gatazka pertsonaleko eta arrisku sozialeko egoeretan, eta neurri eta baliabide egokiak diseinatzea eta ezartzea arrisku sozialeko edo gatazkako egoeran dauden ikasle horiek tratatzeko eta berreskuratzeko.

5. Hezkuntza normalizazioan aurrera egitea, eskolako arrakastaren tasak igotzeko.

6. Gizarte entitateak ikastetxeei informazioa ematea aurkeztutako proiektua diseinatu, garatu eta eboluzionatzeko.

7. Ikastetxeak, orientazioa eta udal estamentuak zuzeneko lankidetzan aritzea jarduketa plan bat ezartzeko, ikastetxeen beharren mesedetan koordinatuta.

Bigarrena.–Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen xede den dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, 600.000 eurokoa da. Horietatik, 120.000 euro 2025eko aurrekontuko 420004-42700-4609-322400 partidaren kontura izanen dira (Gizarte- eta hezkuntza-integrazioko jardueretarako dirulaguntza), eta gainerakoa, 480.000 euro, 2026ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kontura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

Era berean, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, baina, eraginkorra izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.

2.2. Ematen diren baliabide ekonomikoak erabiliko dira gizarte eta hezkuntza arloan ikasleen eta haien familien inklusioa sustatuko duen sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontratatzeko.

Hirugarrena.–Entitate onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko udalak, oinarrizko gizarte zerbitzuak edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak, betiere Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen badira.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Entitate onuradunek proiektua gauzatuko duen profesionala kontratatu beharko dute 2025eko azaroaren 1a baino lehen.

Proiektua aurrera eramateaz arduratuko dena udaleko, oinarrizko gizarte zerbitzuko edo gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillakoa bada, inguruabar hori frogatu edo ziurtatu beharko da, horretarako erabiliz pertsona eskudunak sinatutako eta zigilatutako egiaztagiri bat. Pertsona horrek deialdian ezarritako sustatzaile-lanak beteko ditu.

Bosgarrena.–Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektu bat eskualde bateko ikastetxe batean edo gehiagotan egiten denean gizarte eta hezkuntza arloan ikasleen eta haien familien inklusioa errazteko helburuarekin, lehen oinarrian (Deialdiaren xedea) jasotako puntuen bidez sustatu beharko da ikasleen eta haien familien inklusioa gizarte eta hezkuntza arloan. Horretarako, une oro koordinatuta egonen dira ikastetxeen beharrak ezartzeko.

Seigarrena.–Dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten udalek, gizarte zerbitzuek edo gizarte zerbitzuen mankomunitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera, II. eranskinaren araberakoa.

b) Proiektuaren deskribapena, III. eranskinaren araberakoa.

c) Eranskina, biltzen duena proiektuan parte hartuko du(t)en ikastetxeko edo ikastetxeetako zuzendaritza-taldearen oniritzia, klaustro osoaren ordezkari gisa arituko baitira. Oniritzia sinatu ondoren, zuzendaritza-taldeak konpromisoa hartzen du kontratatutako pertsonari gizarte eta hezkuntza arloko inklusioaren sustapena errazteko, lehenengo oinarrian (Deialdiaren xedea) jasotako puntuen bidez, VI. Zazpi eranskinaren arabera (Aurkezteko epea).

Seigarren oinarrian adierazten den dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunetan aurkeztu behar da Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan arautu zen erregistro hori), Inklusio Atalari zuzenduta, zeina atxikita baitago Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuan.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, udalek, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta gizarte zerbitzuen mankomunitateek hamar egun balioduneko epea izanen dute agirietan egindako akatsak zuzentzeko. Aldi horretan interesdunak akatsak zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela pentsatuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Zortzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta ebazpena.

8.1. Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da instrukzioa egiteko organo arduraduna.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko teknikariek proiektuak baloratuko dituzte, kontuan hartuta IV. eranskinean jasotako balorazio-irizpideak.

8.3. Balorazio-prozesua amaituta, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena igorriko dio Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari. Proposamen hori, orobat, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako.

Bederatzigarrena.–Eman beharreko dirulaguntza.

Dirulaguntza norgehiagoka emanen da, aurkeztutako eskaeren lehentasun-hurrenkeran oinarrituta, deialdiaren oinarrietan finkatutako balorazio irizpideen arabera. Dirulaguntza esleituko zaie, baremoko puntuen %50 edo gehiago lortuta, puntuazio handiena duten proiektuei, betiere esleipen guztien zenbatekoak kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Kasu guztietan, dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatutako gastuaren %100 izanen da. Proiektu bakoitzerako 20.000 euro jasotzen ahal dira gehienez.

Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

a) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak.

b) Bidaiak. Jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, betiere gainditu gabe Nafarroako Gobernuak 2025eko otsailaren 12an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez jarraibide batzuk onetsi ziren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arlokoak.

Hamargarrena.–Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko da, bi zatitan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Lehenengo ordainketa, gehienez 4.000 eurokoa, 2025eko ekitaldian eginen da, konturako ordainketaren kontzeptuan, behin entregatuta sinatutako lan kontratuaren kopia bat eta 2025ean eginiko gastu diruz lagungarriak egiaztatzen dituen ziurtagiri bat.

Azaroaren 10ean amaituko da kontratuaren kopia aurkezteko epea. 2025eko abenduaren 26an amaituko da 2025ean egindako gastuen ziurtagiria aurkezteko epea.

Hala ere, konturako ordainketa handitzen ahalko da ziurtatutako gastua berdindu arte, aurkeztutako proiektuen balorazio hurrenkeraren arabera, baldin eta aurrekontu erabilgarririk badago, 2025eko ekitaldiko partidaren kreditua agortu arte.

Bigarren ordainketa 2026ko azken hiruhilekoan eginen da, 2026ko aurrekontuaren kargura, eta V. eranskinean jasotako gastuen eta jarduketen memoria aurkeztu ondoren (eranskinak gehitzen ahalko dira, gerora sortutako arrazoiengatik), 2026ko urriaren 15era arte, egun hori barne.

Hamaikagarrena.–Gastuen justifikazioa.

Emandako dirulaguntza justifikatzeko, entitate onuradunek egindako zerbitzuei dagozkien nominak eta fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta gastu guztien ordainagiriak ere, edo, bestela, entitateko pertsona eskudunak emandako ziurtagiri bat, gastu horiek justifikatuko dituena (kontratazioaren hasiera- eta amaiera-datak zehaztuta).

2026ko urriaren 15a baino lehen aurkeztuko dira 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastuen egiaztagiriak.

Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio entitate onuradunari, beharrezko frogagiriak erants ditzan bost egun balioduneko epean, gehienez. Entitate onuradunak eskaeran adierazi duen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEb) eginen da errekerimendu hori.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak eta betekizunak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako zenbatekoan, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

Hamahirugarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua gauzatzen duen profesionala kontratatzea eta hark sinatutako kontratuaren kopia bat aurkeztea, hamargarren oinarrian ezarritako epean. Proiektua aurrera eramateaz arduratuko dena udaleko, oinarrizko gizarte zerbitzuko edo gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillakoa bada, inguruabar hori frogatu edo ziurtatu beharko da, horretarako erabiliz pertsona eskudunak sinatutako eta zigilatutako egiaztagiri bat. Pertsona horrek deialdian ezarritako sustatzaile-lanak beteko ditu. Sustatzaile-lanak egiten dituen pertsona aldi baterako ezintasun iragankorrean gelditzen bada, entitate onuradunak 15 eguneko epean ordeztu beharko du. Hala ez bada, departamentuak beretzat gortzen du dirulaguntza itzultzeko espedientea hasteko aukera.

b) Zerbitzua dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan eta onetsitako proiektuaren arabera egin behar da.

c) Laguntza nork eman duen adieraztea programaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten bada, Hezkuntza Departamentuaren logotipoa paratu beharko da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan.

d) Hamaikagarren oinarrian adierazitako epean aurkeztea gastuen justifikazioa eta kasuen erregistroa (Excel edo kalkulu-orriaren formatuan (V. eranskina) aurkeztu beharko da nahitaez; ez da bestelako formaturik onartuko). Agiri horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Inklusio Atalari zuzenduta. Erregistro hori, hain zuzen, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan dago arautua.

e) Beren eginkizunak direla-eta eskuratzen dituzten datu pertsonal guztien konfidentzialtasuna eta babesa mantentzea, eta sustatzaile gisa kontratatutako pertsonek betebehar horri eusten diotela ziurtatzea.

II. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

Izen-deiturak: ............................................................; helbidea (herria): .......................................; kalea edo plaza: ...........................................................; zenbakia: ...............; telefonoa: .....................; NANa: ......................................; honako udal, oinarrizko gizarte zerbitzu edo gizarte zerbitzuen mankomunitate hau ordezkatuz: ............................................................., IFZ hau baitu: .......................................................................................................................................................................................................

ADIERAZTEN DU:

Ikusirik deialdi bat egin dela gizarte eta hezkuntza arloko inklusio proiektuak egiteko 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, zenbaki honetan: ......., data honetan: 2025eko .........................................; kontuan izanik beharkizun guztiak betetzen ditudala, deialdiko oinarriak osorik onartzen ditudala eta eskatutako agiriak eransten ditudala.

ESKATZEN DU:

Onar dadila eskaera hau, III. eranskineko proiektuaren eskema duena, hitzematen baita aurkeztutako proiektua beteko dela eta benetakoa dela proiektu horretako informazioa.

………………………(e)(a)n, 2025eko .........................................aren ..........(e)(a)n.

III. ERANSKINA.–PROIEKTUA

Dokumentuak gehienez ere 15 orrialde izanen ditu, 11 neurriko Arial letraz idatzia, lerrokadura justifikatua eta 1,5eko lerroartea erabiliz. Orrialdeak zenbakituak egon behar dira. Agiri hau aurkezteko 15 egun balioduneko epea dago, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

1.–Proiektuaren deskribapena.

–Azala, zenbakitua, non gutxienez datu hauek agertu beharko baitira:

  • Entitate eskatzailea.
  • Ikasturtea.
  • Programari atxikitako ikastetxea(k) eta zein herritan dagoen/dauden. Entitate eskatzaileak ikasle guztiei eta haien familiei eman behar die arreta.

–Testuinguruaren azterketa:

  • Abiapuntuko egoera.
  • Zein maila eta eremutan esku hartuko den.
  • Lan proiektuan esku hartuko duten talde sozialak; horietako batzuei lehentasuna ematen zaie, baina ikastetxeetan detektatzen diren premiei erantzuteari utzi gabe.

–Lanerako plana, honako elementu hauek zerrendatuta:

  • Helburuak.
  • Ekintzak.
  • Metodologia.
  • Parte hartuko duten eragileak.
  • Tenporalizazioa.
  • Errekurtsoak.
  • Ebaluatzeko adierazleak.

2.–Arduradunen taldea:

Koordinatzaileen eginkizuna izanen da behar diren jarduketak egitea ikasturtean zehar sor daitezkeen egoeren aurrean koordinatuta egoteko. Hala behar izanez gero, eranskin bat gehitzen ahalko diote memoriari horretarako.

–Proiektuaren koordinatzailea oinarrizko gizarte zerbitzuan edo mankomunitatean; egitekoak eta atazak.

–Kulturen arteko sustatzailearen edo bitartekariaren profila; lanpostuaren maila, proiektuari egotzitako lanaldi-ehunekoa, egitekoak eta atazak, eskolatik kanpoko ordutegia, etab.

–Proiektuaren koordinatzailea ikastetxean edo ikastetxeetan; egitekoak eta atazak.

–Gainerako parte-hartzaileek proiektua prestatu nahiz gauzatzeko beren gain hartzen dituzten eginkizunak edo lanak.

3.–Aurrekontua eta aurreikusitako gastu-kontzeptuak.

Gastuen estimazioa, barnean dituela datu hauek, gutxienez:

Kontratuak zenbat hilabete iraunen duen (zehaztu hasiera- eta amaiera-datak).

Kontratutako pertsonari eskatuko zaion profila eta maila.

Kontratuko lanaldiaren ehunekoa (eskolatik kanpoko ordutegia).

IV. ERANSKINA–BALORAZIO-IRIZPIDEAK (100 PUNTU)

1. Ikastetxeen gizarte-hezkuntzako testuingurua, ikasle guztiak kontuan hartuta, salbuespenik gabe (gehienez 25 puntu)

Proiektuan biltzen diren ikastetxeetan matrikulatutako ikasle behartsuen ehunekoa.

–Ikasle behartsuak %65etik gora (15 puntu)

–%41etik %65era arte (10 puntu)

–%26tik %40ra arte (5 puntu)

–%11tik %25era arte (2,5 puntu)

–Ikasle behartsuak %10etik behera (0 puntu)

15 puntu

Proiektuan biltzen diren ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen absentismoaren ehunekoa.

–Absentistak %5 edo gehiago (10 puntu).

–%2,5etik %4,9ra arte (5 puntu)

–%e1tik %2,4ra arte (2,5 puntu)

10 puntu

2. Testuinguruaren azalpena. Proiektuaren helburuak (25 puntu gehienez)

Proiektuan testuingurua, eremuak eta esku hartzeko taldeak aztertzea (ikasle guztiak aintzat hartuta, salbuespenik gabe) eta helburu eta ekintzekiko korrelazioa egotea.

25 puntu

Proiektuan alderdi hauek garatzen dira: testuinguruaren azterketa eta esku hartzeko eremuak, eta badago korrelazioa helburuekin eta ekintzekin.

20 puntu

Proiektuan testuinguruaren azterketa garatzen da, eta badago korrelazioa helburuekin eta ekintzekin.

15 puntu

Proiektuan helburuak eta ekintzak garatzen dira.

10 puntu

Proiektuan sartuta dago testuinguruaren, esparruen eta esku hartzeko taldeen azterketa (ikasle guztiak kontuan hartuta, salbuespenik gabe)

5 puntu

3. Ebaluazio-adierazle argien ezarpena proiektuaren jarduketa-eremu guztietan (20 puntu gehienez)

Adierazle neurgarriak daude jarduketa-eremu guztietako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

20 puntu

Adierazle neurgarriak daude bi jarduketa-eremutako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

15 puntu

Adierazle neurgarriak daude jarduketa-eremu bateko ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

10 puntu

Adierazle neurgaitzak daude jarduketa-eremu bateko ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

5 puntu

4. Gizarte zerbitzuek edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak ikastetxeekin koordinaturik aurretik izan diren esperientziak eta egin diren proiektuak (10 puntu gehienez)

6 proiektu edo gehiago.

10 puntu

1 eta 5 proiektu artean.

5 puntu

Aurreko deialdietan proiektuak aurkeztu ditu, baina ez du laguntzarik jaso.

2,5 puntu

Ez du proiekturik aurkeztu aurreko deialdietan, baina bai 2025-2026 ikasturterako

1 puntu

5. Proiektua ezartzeko hautagaiak kontratatzea (20 puntu gehienez)

Proiektua eginen duen pertsona izendatzea edo kontratatzea

–Lanaldi osoa (15 puntu)

–Lanaldi partziala (7,5 puntu)

15 puntu

Urtebeterako kontratua (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra arte), lehen kontratua denean izan ezean.

5 puntu

(*) Ikastetxeak bi eredu baditu (A-G eta D) eta batean bakarrik aurkeztu nahi badu deialdira, inguruabar hori aipatu beharko du eskaera-orrian.

V.A ERANSKINA.–GIZARTE ETA HEZKUNTZA ARLOKO INKLUSIO JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZEN PROGRAMAREN MEMORIA (ESKOLAKO SUSTATZAILEA). JUSTIFIKAZIO TEKNIKO ETA KUANTITATIBOA: ESKOLA-ABSENTISMOA MURRIZTEA

Atalak betetzeko jarraibideak (aukerak ikusteko, sakatu goitik beherako zerrendan):

Entitatea: Goitik beherako zerrendan, aukeratu zer entitatetakoa den eskolako sustatzailea.

Ikasleak zer ikastetxetan matrikulatuta dauden (aukeratu ikastetxea goitik beherako zerrendan).

Arreta jaso duten ikasleen inizialak (1. abizena 2. abizena Izena).

Kasuaren laburpena: Familia-, eskola- eta gizarte-testuingurua, labur-labur azalduta.

Egindako jarduketak: egin diren jarduketen azalpen laburra.

Lortutako emaitzak: Goitibeherako menuan hau hautatu.

ENTITATEA

IKASTETXEA

ARRETA JASO DUTEN IKASLEEN DATU SOZIODEMOGRAFIKOAK

KASUA ZER EGOERATAN DAGOEN (itxita edo irekia)

JARDUKETAK ZER EGUNETAN HASI DIREN

JARDUKETAK ZER EGUNETAN AMAITU DIREN

KASUAREN LABURPENA

EGINDAKO
JARDUKETAK (labur-labur azalduta)

LORTUTAKO EMAITZAK

OHARRAK

ABIZENAK, IZENA (ikasleen inizialak)

IKASLEAREN
JAIOTEGUNA
(uuuu/hh/ee)

IKASLEAREN SEXUA

ETAPA-IKASTURTEA

ENTITATEA

Herria & Ikastetxea

ETAPA- IKASTURTEA

EGOERA

LORTUTAKO EMAITZAK

ENTITATEA

Herria & Ikastetxea

ETAPA- IKASTURTEA

EGOERA

LORTUTAKO EMAITZAK

V.B ERANSKINA.–GIZARTE ETA HEZKUNTZA ARLOKO INKLUSIO JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZEN PROGRAMAREN MEMORIA (ESKOLAKO SUSTATZAILEA). JUSTIFIKAZIO TEKNIKO ETA KUALITATIBOA

Atalak betetzeko jarraibideak (aukerak ikusteko, sakatu goitik beherako zerrendan):

Entitatea: Goitik beherako zerrendan, aukeratu zer entitatetakoa den eskolako sustatzailea.

Ikasleak zer ikastetxetan matrikulatuta dauden (aukeratu ikastetxea goitik beherako zerrendan).

Jarduketa mota: Goitibeherako menuan hau hautatu.

Egindako jarduketak: egindako jarduketa labur azaldu.

Jarduketa data: adierazi noiz egin den jarduera.

Kopurua Parte hartu duten familiak edo ikasleak.

Balorazio orokorra: Goitibeherako menuan hau hautatu.

Alderdi positiboak eta hobetzeko proposamenak: labur azaldu.

ENTITATEA

IKASTETXEA

JARDUKETA MOTA

EGINDAKO JARDUKETAK
(labur-labur azalduta)

JARDUKETA
NOIZ EGIN DEN

PARTE HARTU DUTEN FAMILIEN ETA IKASLEEN KOPURUA

JARDUKETAREN BALORAZIOA

JARDUERA EBALUATZEKO GALDE-SORTA BANATU DA?

GALDE-SORTAREN EMAITZA (ebaluatzeko galde-sorta egon bada soilik bete behar da)

BALORAZIO GLOBALA

ALDERDI POSITIBOAK

HOBEKUNTZA PROPOSAMENAK

ENTITATEA

Herria & Ikastetxea

JARDUKETA MOTA

BALORAZIOA

GALDE-SORTA

ENTITATEA

Herria & Ikastetxea

JARDUKETA MOTA

BALORAZIOA

GALDE-SORTA

V.C ERANSKINA.–GIZARTE ETA HEZKUNTZA ARLOKO INKLUSIO JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZEN PROGRAMAREN MEMORIA (ESKOLAKO SUSTATZAILEA). JUSTIFIKAZIO EKONOMIKOA

Atalak betetzeko jarraibideak (aukerak ikusteko, sakatu goitik beherako zerrendan):

Entitatea: Mota (gizarte zerbitzuen mankomunitatea, udala edo oinarrizko gizarte zerbitzua).

GASTU MOTA: nominak, kilometrajeak, askotariko fakturak, askotariko gastuak, etab.

ENTITATEA

GASTU MOTA

GUZTIRA

ENTITATEA

ENTITATEA

VI. ERANSKINA.–IKASTETXEENTZAKO ONIRITZI-EREDUA

..................................................................................................................................... jaunak/andreak, ................................................................................................................. ikastetxeko zuzendaria baita (kalea edo plaza: ............................................................, zenbakia: ..................; telefonoa: ............................; NAN zenbakia: .........................................), zuzendaritza-taldearen ordezkari gisa eta koordinazio pedagogikorako batzordearen adostasunarekin, oniritzia ematen dio ..........................................(e)ko udalari, oinarrizko gizarte zerbitzuari edo gizarte zerbitzuen mankomunitateari (IFZa:..............................) aurkeztu daitezen 2025-26 ikasturterako gizarteratze proiektuetan parte hartuko duten eskolako sustatzailea kontratatzeko xedez oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateei eta udalei zuzenduta emanen diren laguntzen deialdira.

..............................................(e)n, 2025eko ...................................aren ..........(e)(a)n.

Iragarkiaren kodea: F2511780