188. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89E/2025 FORU AGINDUA, irailaren 1ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: "Nafarroako ikastetxeetan arte eta hezkuntza proiektuak garatzeko 2025eko dirulaguntzak". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 854423.

Kultura Ministerioko Kultura Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, martxoaren 26ko 323/2024 Errege Dekretuan aitortuta dituen eskumenen barnean, honako zeregin hauek ditu, besteak beste: kultura eskubideak sustatzeko politikak diseinatzea eta garatzea; lankidetzan aritzea autonomia erkidegoekin kulturaren arloko ekintzak aurrera eramateko eta kulturaren arloko politika eta praktika berrien inguruan elkarlanean aritzeko tokiak sustatzea eta sortzea.

Aipatutako eginkizunak betetzeko, Kultura Ministerioko Kultura Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak kultura eskubideen estatuko plan bat prestatu du, barnean hartzen duena arteari eta hezkuntzari buruzko estatuko estrategia bat, haur eta gazteei begira. Ekimen horretan Kultura Ministerioak eta autonomia-erkidegoek hartu dute parte, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren lankidetzarekin.

Plan horrek arte eta hezkuntza proiektuak aktibatu, bultzatu eta egituratu gogo ditu herrialde osoan, kultura eta arte arloko eragileen eta ikastetxeen arteko aliantzen bidez, ikastetxe eta hezkuntza-komunitate bakoitzaren errealitatera eta inguruabar espezifikoetara egokituta. Helburua da ikasleen artean artearen eta sormenaren gaitasunen garapena sustatzea; lengoaia eta praktika artistikoen ikaskuntza eta ulermena hobetzea –zeharkako gaitasunen eta prestakuntza integralaren esparru batean–, esperimentazioan oinarrituta; eta oinarri egokiak ezartzea txikitatik kultura-bizitzan modu eraginkorrean eta osoan parte hartzeko eskubidea baliatzeko.

Aurrekoarekin bat etorriz, Kulturako Estatu Idazkaritzaren 2025eko ekainaren 6ko Ebazpenaren bidez, 89.250 euroko kreditua transferitu zaio Nafarroako Foru Komunitateari, 2025eko kultura proiektuak sustatu eta garatzeko haur eta gazteei begira, 2025eko maiatzaren 7ko Kulturako Konferentzia Sektorialaren erabakiari jarraikiz.

Ikusirik Museoen Zerbitzuaren txostena, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren txosten juridikoa eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna, zeinek azaltzen baitute egokiak eta legezkoak direla hala dirulaguntza nola deialdiaren eta oinarri arautzaileen onespena.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: "Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatzen dituzten arte eta hezkuntza proiektuak finantzatzeko dirulaguntzak".

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Dirulaguntza hauek A20003 A2300 4816 333113 partidaren kargura (Arte eta hezkuntza proiektuen deialdia, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat) finantzatuko dira [PEP: E-25/000760-01], edo Nafarroako 2026rako eta 2027rako Aurrekontu Orokorretan sortzen den antzekoaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago, zenbatekoak urteetan ondotik zehazten den moduan banatuta.

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333113 [PEP: E-25/000760-01]: Arte eta hezkuntza proiektuetarako deialdia

2026

71.400,00

A20003-A2300-4816-333113 [PEP: E-25/000760-01]: Arte eta hezkuntza proiektuetarako deialdia

2027

17.850,00

5. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333113 [PEP: E-25/000760-01]: Arte eta hezkuntza proiektuetarako deialdia

2026

71.400,00

A20003-A2300-4816-333113 [PEP: E-25/000760-01]: Arte eta hezkuntza proiektuetarako deialdia

2027

17.850,00

6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko irailaren 1ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAN ARTE ETA HEZKUNTZA PROIEKTUAK GARATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko kultura eta arte arloko erakundeek arte eta hezkuntza proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunduetan.

1.2. Onura publikoko/gizarte intereseko helburuaren oinarria da estatuko arte eta hezkuntza estrategia edo plan bat, haur eta gazteei zuzenduta dagoena, zeinetan parte hartzen baitute Kultura Ministerioak eta autonomia-erkidegoek eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren lankidetza baitu, kultura eskubideen estatuko planaren esparruan.

Plan horrek arte eta hezkuntza proiektuak aktibatu, bultzatu eta egituratu gogo ditu herrialde osoan, kultura eta arte arloko eragileen eta ikastetxeen arteko aliantzen bidez, ikastetxe eta hezkuntza-komunitate bakoitzaren errealitatera eta inguruabar espezifikoetara egokituta. Helburua da ikasleen artean artearen eta sormenaren gaitasunen garapena sustatzea; lengoaia eta praktika artistikoen ikaskuntza eta ulermena hobetzea –zeharkako gaitasunen eta prestakuntza integralaren esparru batean–, esperimentazioan oinarrituta; eta oinarri egokiak ezartzea txikitatik kultura-bizitzan modu eraginkorrean eta osoan parte hartzeko eskubidea baliatzeko.

Konpromiso hori gorpuztu nahian, autonomia-erkidegoei kredituak transferitzen zaizkie ikastetxeetan kultura eta arte arloko eragileek arte eta hezkuntza proiektuak gara ditzaten. Proiektu horiek kudeatuko dira Kulturako Konferentzia Sektorialean adostutako lan-esparru komun batetik abiatuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako prozeduren bidez, edo, hala badagokio, proiektu mota horietarako ezartzen ari diren edo ezar daitezkeen beste kudeaketa-mekanismo batzuen bidez, baldin eta estatuko eta autonomia-erkidegoko egungo araudiarekin bat badatoz.

Horregatik, Kulturako Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkurak, bat etorriz azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontu Lege Orokorraren 86. artikuluarekin, Ministro Kontseiluak aldez aurretik erabakita eta dagokion gastua baimendu ondoren, 2025eko maiatzaren 7an egindako bilkuran, gai-zerrendako 7. puntuari heltzean (Akordio-proposamena, arte eta hezkuntza proiektuak garatzeko funtsak banatzeko irizpideei, kredituen banaketari eta kudeatzeko baldintzei buruz), bere eskumenak baliatuz, gehiengoz erabaki du autonomia-erkidegoei 4.000.000 euro transferitzea 2025eko ekitaldian, 24.04.334A.451 "Haur eta gazteentzako kultura proiektuetarako laguntzak" aurrekontu-aplikazioaren kargura, eta kreditua autonomia-erkidegoen artean banatzea.

Aurrekoarekin bat etorriz, Kulturako Estatu Idazkaritzaren 2025eko ekainaren 6ko Ebazpenaren bidez, 89.250 euroko kreditua transferitu zaio Nafarroako Foru Komunitateari, 2025eko kultura proiektuak sustatu eta garatzeko haur eta gazteei begira, 2025eko maiatzaren 7ko Kulturako Konferentzia Sektorialaren erabakiari jarraikiz.

1.3. Laguntza horiek honako helburu hauek betetzeko erabiliko dira:

–Hezkuntza arloko esperimentazioa eta berrikuntza bultzatzea kulturaren eta arteen bidez.

–Ikasleek artearen eta sormenaren gaitasunak gara ditzatela sustatzea, eta arte-hizkuntzen ikaskuntza eta ulermena hobetzea –zeharkako gaitasunen eta prestakuntza integralaren esparru batean–.

–Laguntzea oinarri egokiak ezartzen txiki-txikitatik kultura-bizitzan modu eraginkor eta osoan parte hartzeko eskubidea gauzatzeko.

–Pentsamendu kritikoa, sormenezko autonomia eta garapen integrala sustatzea, bai eta ikasleek proiektuetan aktiboki parte hartzeko duten gaitasuna ere.

–Ikasle guztien inklusioa eta berdintasunezko parte-hartzea sustatzea –hizkuntza inklusiboak erabiltzea barne–, kultura-aniztasuna eta kulturen arteko elkarrizketa bultzatzea eta hezkuntza-inguruneetako bizikidetza hobetzea.

–Bultzatzea ikasleak jabetzen direla kulturak eta arteek Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko duten garrantziaz.

–Hezkuntza-erakundeen, irakasleen eta arte eta kultura arloko eragileen arteko harremana sustatzea kulturaren bitartekaritzaren bidez.

–Ekintza eta lankidetza iraunkorreko mekanismoak artikulatzea hiri-eremuetako eta landa-eremuetako ikaskuntza-gune formal, ez-formal eta informalen artean (hala nola arte-prestakuntzako zentro espezializatuak, museoak, galeriak, liburutegiak, arte eszenikoetako espazioak, sorkuntza-zentroak, zentro komunitarioak, kultura- edo natura-ondareko lekuak, ondare immaterialeko adierazpenak eta kulturaren eta arteen arloko gainerako erakundeak eta espazioak).

1.4. Laguntza horiek %100ean finantzatzen dira Kultura Ministerioko Kulturako Idazkaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako funtsekin.

2. Erakunde onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio edo bestelako erakunde bat izatea, eta haren estatutuetan jasota egotea, xede eta helburuen artean, deialdi honen xedearekin lotutako jarduerak egitea. Orobat, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratuta egotea eta egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

2.2. Jarduera diruz lagungarria bi erakundek edo gehiagok batera egin behar izanez gero, onuradun izaten ahalko dira, baldin eta oinarri honetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte, laguntzaren onuradun izateko beharrezkoak direnak, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan.

Kasu horietan, espresuki adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek:

a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituenak. Horretarako, erakundeen elkartea eratzeko eredu normalizatu bat erabiliko da, 5. eranskinean eskuragarri dagoena.

b) Hala badagokio, haietako bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa; denek onuradun izaera izanen dutenez, 6. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Gastua exekutatzeko konpromisorik handiena bere gain hartzen duen erakundeak izendatuko du ordezkari edo ahaldun bakar hori. Erakunde batek baino gehiagok baldintza beretan hartzen badute beren gain gastuaren exekuzioaren konpromisoa, beren arteko bat aukeratu beharko dute ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin.

Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42.4 artikuluan ezarritako preskripzio-epea iragan arte (lau urte).

2.3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden erakundeei.

2.4. Ezin izanen dira onuradun izan, orobat, zehapen administratibo irmoak edo kondena-epai irmoak betetzen ari diren erakundeak, edo zehapen eta kondena-epai bat betetzeko zain daudenak, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak egiteagatik edo onartzeagatik.

3. Dirulaguntzen aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta muga.

3.1. Laguntza hauek A20003 A2300 4816 333113 partidaren kargura (Arte eta hezkuntza proiektuen deialdia, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat) finantzatuko dira [PEP: E-25/000760-01], edo Nafarroako 2026rako eta 2027rako Aurrekontu Orokorretan sortzen den antzekoaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago, zenbatekoak urteetan ondotik zehazten den moduan banatuta.

–2026ko ekitaldia: 71.400 euro.

–2027ko ekitaldia: 17.850 euro.

3.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:

3.2.1. Aurrekontu-baliabideen arabera, proiektu bakoitzerako laguntza izan daiteke onartutako aurrekontuaren %100era artekoa, baina ez da 10.000 eurotik beherakoa izanen, ez eta 25.000 eurotik gorakoa ere proiektu bakoitzeko. Beraz, ez da 10.000 eurotik beherako proiekturik onartuko.

3.2.2. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, deialdiko dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

3.2.3. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez-lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako aurrekontuari.

3.2.4. Puntuazio-ordenaren arabera laguntzak eman ondoren soberakinik baldin badago, 10.000 euro edo hortik gorakoa baina puntuazioaren araberako hurrengo proiektuak eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa, unitate kudeatzaileak eskatzen ahalko dio erakunde eskatzaile horri hasieran aurkeztutako proiektua birformula dezan. Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Berregindako proiektuak instrukzio organoaren adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.2.5. Erakunde batek erabakitzen badu laguntza horri uko egitea, 7 egun balioduneko epean egin beharko du, laguntza eman zaiola jakinarazten denetik, eta soberakina ordenaren arabera dagokion hurrengo proiektuari ematen ahal zaio.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Finantzatzen diren proiektuek sustatuta egon behar dute arte eta kultura arloko eragileen eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduen arteko lankidetzan, eta helburu izan behar dute eskolako ikaskuntza-prozesuetan txertatu eta integratzea hala hizkuntza, praktika eta metodologia artistikoak, nola kultura-ondarearen ezagutza eta harekiko lotura aktiboa.

4.2. Oro har, deialdia zuzenduta dago proiektu diruz lagungarrien tipologia honetara:

–Ikasketa hauetako ikastetxeetan egiten diren proiektuak: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak, Batxilergoa eta Hezkuntza Berezia, publikoak zein itunduak izan.

–Curriculumarekin ageriko lotura izanik arte-diziplina bat eskola-ordutegian barne hartzen duten proiektuak.

–Egonaldi artistikoak dakartzaten proiektuak, kultura-bitartekaritza planteatzen dutenak ikastetxearen eta irakasleen beharren eta artista horien artean.

–Ikastetxeen eta inguruko kultura arloko erakundeen eta eragileen arteko lankidetza-sareak sustatzen dituzten proiektuak.

–Hezkuntza-baliabide jasangarriak, arte eta hezkuntza tresnen kit/kutxa modukoak, sortzen dituzten proiektuak.

–Praktika artistikoen bidez hezkuntza-komunitatearen lankidetza eta ikaskuntza-zerbitzua errazten dituzten proiektuak.

–Ikastetxeak inguruneko bizitza kulturalaren dinamizatzaile gisa erabiltzea errazten duten proiektuak.

4.3. Dirulaguntzak jaso ahal izateko, 2. oinarrian eta 4.2 oinarrian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzeaz gain, honako betekizun eta baldintza hauek ere bete behar dira:

a) Proiektua, gutxienez, ikastetxe batean eta ikasgela-talde batean garatu behar da ikasturte bakoitzeko.

b) Dirulaguntza honen xede den jarduera ikasleen eskola-ordutegian egin behar da, 2025-2026 eta/edo 2026-2027 ikasturteei dagokien aldian, hargatik eragotzi gabe 4.4 eta 5.1 oinarri arautzaileetan xedatutakoa. Oinarri hauen ondorioetarako, ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da.

c) Proiektuak, bere garapenean, lankidetza zuzena ekarri behar du irakasleen, ikasleen eta arte eta kultura arloko sorkuntzako, hezkuntzako eta/edo bitartekaritzako profesionalen artean.

4.4. Finantzatu beharreko proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean gauzatuko dira, biak barne. Beraz, aldi horretan benetan egindako, egiaztatutako eta ordaindutako gastuak baino ez dira diruz lagunduko.

Bazter utziko dira oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzea behar bezala egiaztatzen ez duten proiektuen eskaerak.

4.5. Proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek baliozkotu beharko ditu proiektuak, bere sinaduraren bidez. Proiektuek honako hauek jaso beharko dituzte: aurrekontu orokor bateratua, kontzeptuak banakaturik, eta kronograma, zeinean adierazi beharko baita nork beteko duen eginkizun bakoitza proiektuaren fase bakoitzean.

4.6. Ikastetxean proiektua garatzeaz zuzenean arduratzen diren pertsonek egiaztatu beharko dute sexu-izaerako delituen ziurtagiria dutela.

4.7. Proiektuek berariaz jaso beharko dute zer jakintza-arlotan eta zer didaktika-departamentutan garatuko diren, eta garatuko diren ikastetxeko zuzendaritzak edo eskola-kontseiluak berariaz onetsi beharko ditu eskaerak aurkezteko fasean. Ikastetxeak ikastetxearekin koordinatzeko figura bat izendatuko du proiektua garatzeko.

4.8. Fundazio, elkarte eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei dagokienez, erakunde eskatzaileko langileren batek lan osoa edo zati bat egiten badu, adierazi beharko da lanaldiaren zer ehunekotan aritzen den proiektu horretan. Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuek, barnean direla erakunde onuradunaren zerbitzuan ari direnenak eta horretarako kontratatzen direnenak, ezin izanen dute gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15.

4.9. Bat etorriz Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, adimen artifizialeko ereduak erabiltzen badira jarduera gauzatzeko, onuradunak horren berri eman beharko du, bai eta zehaztu ere proiektua aurrera eramaten duten pertsona fisikoen esku-hartze maila eta, hala badagokio, haiek egindako berrikuspen lana.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira erakunde onuradunak egiten dituenak diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzunez 2025eko urtarrilaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean, biak barne. Beraz, gastu diruz lagungarriak aldi horretan egin, egiaztatu eta ordaindutakoak izanen dira soilik, honako hauei dagokienez:

5.1.1. Zuzeneko kostuak:

a) Eginkizun tekniko-administratiboetarako eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza-araubidean egiten den kasuetan. Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira gisa horretako eginkizuntzat: administrazio lanak, lan teknikoak, kudeatzailetza, komisario lanak, zuzendaritza teknikoa, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritza exekutiboa, prestakuntza lanak eta antzekoak, proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, betiere. Onartutako guztizko gastuen %15 izanen da, gehienez.

Erakunde eskatzaileari lotutako pertsonen kontratazioaren kostuei dagokienez (proiektua osorik edo partez gauzatzeko), honako hauetan araututakoa bete beharko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikulua.

b) Kontratatutako artista, hezitzaile edo bitartekarien soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan. Eginkizun tekniko-administratiboetarako eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileek –hots, aurreko puntuan aipatzen direnek– ezin izanen dute artista gisako gasturik aurkeztu.

c) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

d) Proiektuan sartutako jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta komunikatzeko gastuak. Onartutako guztizko gastuen %15 izanen da gehienez.

e) Artista, hizlari, hezitzaile edo bitartekarien ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietakoak.

Gastu horiek jarraian adierazten diren mugak izanen dituzte:

I.–Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik datozenentzat; gau bakoitzeko, 75 euro gehienez.

II.–Mantenu gastuak: eguneko mantenu bakoitzeko (bazkaria eta afaria baino ez), 20 euro gehienez. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

III.–Joan-etorriak:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, gehienez, 0,36 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua erakundearen egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Ibilgailua alokatzen denean, alokairuaren kostua baino ez da diruz lagunduko.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, erakunde onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio-fasean.

f) Proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).

5.1.2. Zeharkako kostuak:

Zeharkako kostuen barnean daude bai gastu aldakorrak, erakunde onuradunek egiten dituzten jardueretako bati baino gehiagori egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ezin dira izan proiekturako onartutako guztizko gastuen %15 baino gehiago.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1.1.g) puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Erakundeko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino gehiago badira.

e) Proiektuan lan administratiboa eginez parte hartzen duten erakundeko plantillako langileen ostatu eta mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietakoak, bai eta gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko beste kontzeptu batzuk ere.

f) Sariak, ordezkaritzako, protokoloko eta luxuzko gastuak, elikagaiak edo edariak erosteko gastuak eta antzekoak.

g) Autobide gastuak (bidesaria) eta aparkalekukoak, kasu guztietan; eta kilometraje gastuak, ibilgailua alokatzen bada.

6. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkeztea.

6.1. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da (ez dira sartzen larunbat, igande eta jaiegunak), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorraren bidez edo Nafarroako ikastetxeetan arte eta hezkuntza proiektuak garatzeko 2025eko dirulaguntzen deialdiko fitxaren bidez, izapideen bilatzailean. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita zerbitzu arduradunaren eta erakunde eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Erakunde eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora eginen da laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien administrazio-egintzen eta komunikazioen jakinarazpena, eta, beraz, erakunde eskatzaileak egina izan beharko du Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza.

6.3. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, behar bezala beteta, eta erakundearen titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatutako eskaera-orri espezifikoarekin (1. eranskina) batera:

a) Erakunde eskatzailearen IFZa (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, erakunde onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

e) Ikastetxeetan proiektua garatuko duten pertsonen sexu-delituen ziurtagiria.

f) Erakunde eskatzaileak azken hiru urteetan egindako ibilbidearen eta jardueraren memoria.

g) Proiektuaren memoria xehatua, 4. eranskinarekin bat.

h) Proiektuaren gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.

i) Proiektua garatuko den ikastetxeko zuzendaritzaren edo eskola-kontseiluaren dokumentua, proiektua egitea onesten duena eta plantillako pertsona bat koordinatzaile izendatzen duena.

j) Erakunde eskatzaileak proiektu bera egiteko dituen laguntzen edo dirulaguntzen adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

6.4. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala. Onartzen diren eskaerak balorazio fasera pasatuko dira.

6.5. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Museoen Zerbitzua izanen da deialdia norgehiagoka bidez izapidetuko duen instrukzio-organoa. Prozedura hau, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

7.2. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauek izanen dituena:

Batzordeburua:

–Susana Irigaray Soto andrea, Museoen Zerbitzuko zuzendaria. Ordezkoa: Lorenzo García Echegoyen jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

Idazkaria:

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekideak:

–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Olaia Nagore Santos andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.

–Alfredo Asiain Ansorena jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea. Ordezkoa: Patxi Burillo Nuin jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea.

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak izendatutako kide bat eta ordezko bat.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

7.3. Balorazio batzordearen ebaluazioa ikusita, Museoen Zerbitzuak ebazpen-proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Onartzen diren eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Proiektua zenbat egokitzen den oinarri arautzaile hauen 1.3 puntuan aurreikusitako helburuetara (gehienez 15 puntu):

a.1. Proiektuaren bideragarritasuna, koherentzia eta proportzionaltasuna bermatzeko metodologia eta lan-plana (gehienez 8 puntu).

a.2. Aurrekontua eta giza baliabideak zenbateraino diren egokiak proiektua garatzeko (gehienez 7 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea, interesa, berezitasuna eta izaera berritzailea, eta zenbat egokitzen den ikastetxearen eta eskola-curriculumaren berezitasunetara eta premia espezifikoetara (gehienez 50 puntu).

b.1. Proiektuaren kalitatea eta interesa (4. eranskina), gehienez 20 puntu.

b.2. Proiektuaren diseinuan metodologia parte-hartzaile eta inklusiboak aplikatzea, gehienez 5 puntu.

b.3. Metodologia parte-hartzaile eta inklusiboak aplikatzea proiektuaren ezarpenean, gehienez 5 puntu.

b.4. Euskararen erabilera, 5 puntu.

b.5. Ikastetxearen eta eskola-curriculumaren ezaugarri espezifikoetara egokitzea, gehienez 5 puntu.

b.6. Ikastetxearen ingurunearen ezaugarri espezifikoetara egokitzea (auzoa, herria, eskola-komunitatea, ondare-komunitateak), gehienez 5 puntu.

b.7. Proiektuaren emaitzak eta inpaktuak neurtzeko eta ebaluatzeko tresnak izatea, gehienez 5 puntu.

c) Aurrekontua egokitzea eta bidezko lansaria ematea kultura eta arte arloko eragileei eta bitartekariei (gehienez 10 puntu). Puntu hau zehazteko, puntuazio hau ezartzen da:

c.1. Lansaria egokitzen bazaie Nafarroako Aisia Hezitzailearen eta Animazio Soziokulturalaren Sektoreko 2023-2026ko Hitzarmen Kolektiboan jasotako kategoria profesionaletarako soldata-taulei: 5 puntu.

c.2. Lansariak hobetzen baditu Nafarroako Aisia Hezitzailearen eta Animazio Soziokulturalaren Sektoreko 2023-2026ko Hitzarmen Kolektiboan jasotako kategoria profesionaletarako soldata-taulak: 10 puntu.

d) Erakundearen azken hiru urteetako ibilbidea (gehienez 10 puntu), honako puntu hauen arabera:

d.1. Erakundearen jarduera, kulturaren eremuan: gehienez 5 puntu.

d.2. Erakundearen jarduera, hezkuntza arloan: gehienez 5 puntu.

e) Proiektuak zenbateko eragin positiboa eragiten duen proiektua garatuko den ikastetxearen errealitate objektiboan (gehienez 15 puntu), honako honen arabera:

e.1. Ikastetxea kokatuta baldin badago bereziki kalteberak diren auzo edo eremuetan, edo udalerriko batezbestekoa baino errenta maila txikiagoa dutenetan, 5 puntu.

e.2. Ikastetxea jardun zailekoa baldin bada edo eskola uztearen tasa handia bada, 5 puntu.

e.3. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako ikastetxeak, 5 puntu.

8.2. Inola ere ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 8.1.b oinarriaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) puntuazioaren %50era (25 puntu) iristen ez diren eskaerek.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie eta, halaber, deialdiaren fitxan argitaratuko da.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: serviciodemuseos@navarra.es.

10. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta bereziki honako hauek:

10.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Zerbitzuak ezarritako jarraibide teknikoekin.

10.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

10.3. Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Zerbitzuari, justifikazioa egiten den egunean.

10.4. Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Zerbitzuari, haren adostasuna beharko baita.

10.5. Kultura Ministerioko Eskubide Kulturalen Zuzendaritza Nagusiaren logotipoa sartzea proiektua zabaltzeko erabiltzen diren euskarri guztietan, testu honen aurretik: Con la financiación de/Finantzatzailea.

10.6. Nafarroako Gobernuaren logotipoa (Agenda 2020-2030 duen aldaera) sartzea proiektuaren zabalkunderako erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Con la colaboración de/Laguntzailea.

10.7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

10.8. Proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, betetze maila adieraziko da, hasieran aurkeztutako proiektuan jasotakoarekin alderatuta.

10.9. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

10.10. Gardentasuna:

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, erakunde onuradun pribatuek dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten erakunde pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Erakundeak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10.11. Gastuen eta ordainketen egiaztagiriak, diru-sarrerak eta proiektuaren edo jardueraren memoria aurkeztea, ezarritako epeen barnean eta 6. eranskineko ereduari jarraituz.

10.12. Laguntzaren xede diren zabalkunde jardueren eta jarduketen lanak 2027ko ekainaren 30erako amaitzea.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har.

Oro har, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Ordaintzeko eskaera hori proiektua bukatzean edo proiektuaren zati bat gauzatu ondoren egiten ahalko da (erakunde bakoitzeko, ordainketa partzialeko 3 eskaera gehienez).

Nolanahi ere, egindako gastuen eta ordainketen azken justifikazioa aurkezteko epea 2027ko uztailaren 31n amaituko da, egun hori barne.

Erakundeak dokumentazio hau aurkeztuko du ordainketa eskatzeko:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota (guztizkoa edo partziala) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori 6. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 4.4 oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

d) Egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-erakundeak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta 6. eranskineko dagokion fitxan zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria.

Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuan sartuko dira, b ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

5.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, erakunde onuradunak gastu horiei buruzko xehetasunak eman beharko ditu.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Museoen Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa bat eskatzeko epea bukatuko da azken justifikazioa aurkezteko epea bukatu baino bi hilabete lehenago (hots, 2027ko uztailaren 31n, egun hori barne).

Erakundeak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Eskaera, ordainketa (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa adierazita, 7. eranskineko ereduaren arabera.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda 7. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 4 oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Faktura guztiak PDF formatuan sartuko dira, b ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

5.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, erakunde onuradunak gastu horiei buruzko informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira.

Museoen Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, erakundeak Museoen Zerbitzuari egin beharko dio eskaera, eta adierazi zer ordainketa mota eskatzen den (aurrerakina), eta zer zenbateko. Halaber, emandako dirulaguntza 15.000 eurotik gorakoa bada, erakunde onuradunak egiaztatu beharko du ez duela baliabide nahikorik.

Aurrerakin hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez eskatu behar da.

Aurrerakina eskatzeko epea hilabetekoa da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

12. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

12.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakundeen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte aipatutako 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

12.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

13. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin zenbateko horien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.2. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.e) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

14. Hornitzaileak kontratatzea.

14.1. Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, pertsona edo erakunde onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten erakunde aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

15. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

15.1. Erakunde onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.

15.2. Erakunde onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko dute, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

15.3. Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Justifikazio betebeharra 11. oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak 2027ko uztailaren 31 baino geroago baina 2027ko irailaren 1a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak 2027ko irailaren 1a baino geroago aurkezten badira, deklaratuko da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

17. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTUAK:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-desarrollar-proyectos-de-arte-y-educacion-en-centros-educativos

Iragarkiaren kodea: F2511822