187. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1011E/2025 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txosten egiten baita "Esne-behien ustiategian aldaketa funtsezkoa Cortesko udal-mugartean" proiekturako. Proiektuaren sustatzailea La Travesía 896 zenbakiko ENSa da.

2025eko apirilaren 23an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari.

Proiektuaren xedea da Cortesko La Travesía 896 zenbakiko ENSaren esne-behien ustiategiaren lehengai-kontsumoari buruzko datuak eta errolda eguneratzea. Aipatu ustiategia gai da orain arte baimendutako edukiera gainditzeko. Azken helburua da ekoizpenean dauden 600 behi, 90 behi antzutu, 20 hilabetetik gorako 20 biga eta hilabetetik beherako esneko 25 aratxe hartzea (714 AzLU). Handitze horretarako, ez da beharrezkoa egungo instalazioak aldatzea, ez eta energia-, hornidura- edo saneamendu-sarbide edo -zuzkidura berririk egitea eta egungoak aldatzea ere.

Jarduera Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. taldeko f) apartatuko 2. puntuan sartuta dago. Aldatzeko proposamenak instalazioaren edukiera jada baimendutako edukieratik gora handitzea dakar eta, horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Proposamenaren deskribapena:

Ustiategia Cortesko 10. poligonoko 96., 97. eta 204. lurzatietan dago. Erdigunean, jardueraren pabiloiak daude eta ustiategiaren hegoaldean, berriz, ariketa-patioa dago. Pabiloien ekialdeko aldearen ondoan, simaur-bereizgailua eta bi dekantazio-hobi edo -baltsa daude eta, hobien ekialdean, simaurtegia, bereizitako simaurraren zati solidorako. Simaurren zati likidoa gordailu operatibo batera bideratzen da eta, hortik, ur horiek bi baltsa bereizitara igotzen dira (biltegiratze-baltsa eta baltsa osagarria), gainerako instalazioen ekialdean.

Toki kopurua handitu ondotik, ustiategiak gaur egun simaurrak kudeatzeko duen planari jarraituko dio, eta simaurrak nekazaritzako ongarri gisa banatuko ditu 350 ha laborantza-lurzatitan; horietatik ia erdiak Nafarroan daude eta gainerakoak Zaragozan. Ustiategian sortzen diren simaurrak, epe laburrean, entregatu eginen dira, Tausten instalatuko den eta halako hondakinen biometanizaziorako den instalazio berri batean kudeatzeko.

Txosten honen I. eranskinean, ustiategiaren deskribapena jasotzen da. II. eranskinean, proposamenaren kartografia erakusten da.

Aurrekariak:

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 695/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratu eman zitzaion ustiategi honi; horren arabera, 460 behi helduko eta 20 aratxeko edukiera hartu zuen. Baimen horren ondotik, simaurren biltegiratzea aldatu zen, hots, iragazgaiztu ziren bi ontzi angeluzuzen osatu ziren eta, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 21eko 222E/2014 Ebazpenaren bidez, instalazioa irekitzeko baimena eman zen eta baldintza gehiago sartu ziren ingurumen-baimen integratuan.

Ustiategiaren lehen ingurumen-baimen integratua eman zen unean, ez zen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko prozedura izapidetu, arau honetan xedatutakoa aplikatuz: Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekreturen lehen xedapen iragankorra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

Aurkeztutako ingurumen-dokumentazioa bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzeko zehaztutako edukiarekin. Dokumentazio horrek proiektuaren eta jardueraren inguruko ingurune naturalaren deskribapena ere jasotzen du, eta, azkenik, inpaktuen balorazioa eta aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak jasotzen ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Zehazki, galdetu die Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta ingurumena babesten duten lau elkarteri (Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan, Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkartea, Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa eta Sustrai Erakuntza Fundazioa).

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du proposamen hori izapidetzen ari den ingurumen-baimeneko espediente bat dela eta unitate honek, ingurumen-baimen bateratua aldatzeko izapidean, proiektuaren azterketa teknikoa egiten duenean zehaztuko dela ingurumen-ebaluaziorako garrantzia duen informazioa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen-inpaktuaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

Proiektuaren analisia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proposamenaren xede diren Cortesko La Travesía behi-ustiategiaren instalazioak Lodosako ubideko sail ureztatuetan daude, Zaragozako mugaren ondoan, A-68 autobiatik oso gertu, eta hegal bat eta terraza baten muturreko goialdea hartzen dituzte, Mallén udalerriko lurretatik behera.

Bai instalazio horiek bai sortutako simaurren lurralde-planaren lurzati asko hemen daude: 2. Zona Ebro-Aragoi –"Lodosa eta Tutera arteko Ebro-Aragoiko alubioiaren lurpeko ur-masa (049) eta Tutera eta Alagón arteko Ebroko alubioiaren lurpeko ur-masa (052)"–. "Nekazaritzako nitratoz kutsatzeko arriskua duten eremua" da hori, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduak xedatutakoaren arabera.

Abelburu kopurua handitu ondotik (460 behi heldu eta 20 aratxe hartzetik ekoizpenean dauden 600 behi, 90 behi antzutu, 20 hilabetetik gorako 20 biga eta hilabetetik beherako esneko 25 aratxe hartzera igaroko da instalazioa) jarduera egiteak, simaurrak kudeatzeko plana garatzea barne, eragin zuzena izaten ahal du ingurumen-kalitatean (airearen kalitatea, hondakinak, lurzoruaren eta uren kutsadura, baliabideen eta energiaren kontsumoa eta abar). Jardueraren ingurumen-baimenean baloratu eta kontrolatu beharko dira alderdi horiek.

Instalazioak Corteseko sail ureztatuaren eremuan daude. Intentsifikatuta badago ere eremua, badu nolabaiteko ingurumen-dibertsitatea. Nolanahi ere, proiektuaren inguruak eragin hauek ditu: jarduera honen eta gertuko beste batzuen bazterreko zonak, A-68 autobiaren azpiegiturak, linea elektrikoak, arrisku-sareak eta abar.

Instalazioak ongi integratuta daude inguruan; izan ere, zurezko laboreak, zuhaiztiak, heskaiak eta bestelako elementu naturalak daude ustiategiaren perimetroan. Hala ere, Cortesko 10. poligonoko 96 E, G azpilurzatiak, simaurrak biltegiratzeko baltsetatik gertu daudenak, eta 96 K azpilurzatiko lurrak, aipatu baltsak inguratzen dituztenak, narriatuta daude baltsa horiek egin zirenetik; zehazki, zona soilak eta trinkotuak eta landaredi nitrofiloz estalitako zonak daude. Gainera, instalazioen ekialdean, urbanizazioaren ezponda dago; narriatuta dago, eta ez du ez zuhaixkarik ez zuhaitzik. Simaurtegia eta pinuen muino txiki bat (Cortesko 10. poligonoko 109. lurzatia) bereizten dituen eta, egun, hezegune txiki bat den ureztatze-ubide batean akitzen da ezponda.

Proposamenak ez dakar ez egungo instalazioak handitzea, ez instalazioen kanpotik energia-, hornidura- edo saneamendu-zuzkidura berriak egitea; beraz, ez du eraginik izanen ustiategiaren inguruko nekazaritza-, baso- edo natura-erabilerako lurzoruetan.

Nolanahi ere, ustiategia Nafarroako edo Aragoiko Natura 2000 Sarearen espazioetatik urrun dago. 4-5 km mendebaldera, Nafarroako estepa-hegaztiak kontserbatzeko eremu kritikoen eta Ablitasko "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" Kontserbazio Bereziko Eremuaren lurrak daude, eta, 5 km-ra baino gehiagora iparraldean, "Ebro ibaia" Kontserbazio Bereziko Eremua dago, Nafarroan eta Aragoin. Sortutako simaurrak banatzeko planari dagokionez, proposatutako lurzati ia guztiak Cortesen inguruko sail ureztatuetan daude, eta, beraz, ez da ongarrituko intereseko edo katalogatutako fauna-espezieentzako (bereziki estepako hegaztiak) habitat baliotsuen barneko lurzatirik.

Ondorioa:

La Travesía 896 zenbakiko ENSak sustatutako "Esne-behien ustiategiko aldaketa funtsezkoa Cortesko udal-mugartean" proiektuari dagokionez, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak jakinarazten du ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Esne-behien ustiategiko aldaketa funtsezkoa Cortesko udal-mugartean" proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera. Proiektuaren sustatzailea La Travesía 896 zenbakiko ENSa da.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

1.–Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen baimen bateratua, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak arautzen duen administrazio prozedurarekin. Izapide horretan, instalazioaren ingurumen alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, emisio atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera.

2.–Simaurren zati likidoaren baltsen inguruko lurrak (96 K, E eta G azpilurzatiak) egokitu eginen dira (destrinkotzea, medeatzea eta abar), eta, lehentasunez, erabilera natural batera bideratuko dira, proposamenaren inguruneko ingurumen-balioak indartzeko. Horregatik, egokitzapen horren ondotik, belar-espezie autoktonoak landatuko dira, eta modu naturalean hazten utzi, edo zurezko espezie, zuhaixka-espezie eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatuko dira (abariztiak edo Alepo pinuak). Horren ondotik, azpilurzati horiek ez dira ongarrituko.

3.–Cortesko 10. poligonoko 97 lurzatiaren eta 96 G azpilurzatiaren artean dagoen ezpondako zuhaitz-masa babestuko da, eta bideragarria ote den aztertu. Hala badagokio, landaketa bat eginen da ezpondan, simaurtegiaren ekialdean, haren behealdea zeharkatzen duen hezegune edo ubide txikiaren gainean. Kasu horretan, milazkak, lizar hostotxikiak, elorri zuriak, elorri beltza eta abar erabiliko dira.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.

4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Cortesko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–USTIAPENAREN DESKRIBAPENA

La Travesía 896 zenbakiko ENSaren esne-behien ustiategiak, aldatuko denak, Cortesko 10. poligonoko 204., 97. eta 96. lurzatien 133.000 m² hartzen ditu La Atalaya inguruan, A-68 autobiaren hegoaldean. Barruan, instalazioez gain, bideak, berdegunean, maniobretarako zelaiguneak eta bezero eta langileentzako aparkalekuak daude. Ustiategiak perimetro-itxitura bat, sartzeko ateak eta hornidura-, saneamendu- eta energia-zuzkidurak ditu.

97. lurzatiko erdigunean eta 204. lurzatian, pabiloiak daude, bata bestearen ondoan, iparraldetik hegoaldera. Guztira, 15.000 m² hartzen dituzte. Taula honetan jasotzen dira neurriak, funtzioa, tokiak eta ekipamendua:

PABILOIA

XEDEA

NEURRIAK (m) / AZALERA (m²)

EKIPAMENDUA ETA TOKIAK

1

Behi erdiberriak, lehen 3 asteetakoak

40 x 20 = 800

Etzauntza beroa, 60 toki eta 66 euskailu

2

Ostatua

60 x 10 = 600

126 toki, tegitan

3

Azalera, estalki erantsiak barne

60 x 16 = 960

126 toki, tegitan

Ostatua

60 x 12 = 720

4

Azalera, estalki erantsiak barne

60 x 16 = 960

152 toki, tegitan

Ostatua

60 x 12 = 720

5

Ostatua

60 x 10 = 600

126 toki, tegitan

6

Asken estalpea

60 x 11 = 660

194 esteka

7

Asken estalpea

60 x 11 = 660

230 esteka

8

Aldagelak

25 x 13 = 325

9 eta 10

Biltegia

752 eta 950

Bazka, makinak eta abar

11 eta 12

Pentsu-biltegiak

325 eta 950

Pentsutarako lehengaien siloak

13 eta 14

Behi antzutuen estalpea

90 x 6,5 = 585

60 toki

79 x 6,5 = 513

50 toki

15

Jeztea

1.533

Jezteko gela birakaria, 50 toki: 170 m²

Itxaroteko patioa: 405 m²

Esnetegia: 15,64 m²

Makinen eta ekipoen gunea: 145,2 m²

Bulegoak, biltegia eta komunak: 72 m²

Bereizitako behien gunea: 106,8 m²

45

Erditze-gelak

32,5 x 13 = 422,5

Boxak

Pabiloien ekialdean, simaur-bereizgailua, zati likidorako dekantazio-hobiak eta zati solidorako simaurtegia daude. Hobien hegoaldean, biltegi operatibo bat dago. Dekantatutako urak hartu eta bi biltegiratze-baltsetara ponpatzen ditu. Baltsak, bada, Cortesko 10. poligonoko 96 K azpilurzatian daude, pabiloietatik eta gainerako instalazioetatik bereiz.

97 lurzatiaren hegoaldean, biltegi operatiboaren ondoan, ariketa-patio bat dago. 7.500 m² inguru ditu, eta bi estalki ditu (1. taulan, 13. eta 14. pabiloiak dira). Ustiategiak beste instalazio batzuk ere baditu, hala nola transformadorea, edateko uraren 10 m³-ko biltegia, hilotz-zuloak, baskula, karga-kaia, siloak, lazaretoak, 25 aratxe hartzeko esparru txiki bat eta medikamentu-gela.

Pabiloien barruan sortutako gorozkiak (9.780 m³/urte) modu automatizatuan urez garbitu eta arrastatzen dira, eta simaurren bereizgailu mekanikorantz bideratzen dira (217 m² inguruko esparrua). Lortutako zati solidoa 4.200 m² inguruko hormigoizko zolata baten gainean jarritako simaurtegian biltegiratzen da, bereizgailuaren ekialdean, aurkeztutako lurralde-planaren arabera laborantza-lurzatiak ongarritzeko biltzen den arte. Zati likidoa erdilurperatutako (3.900 m³) dekantazio-baltsetara igarotzen da; bereizgailuaren iparraldean eta hegoaldean eta simaurtegiaren mendebaldean daude. Hobi horiek simaurtegiko jarioak ere jasotzen dituzte, baita ustiategiko pabiloi eta instalazioetako (jezteko gelak, siloak eta abar) garbiketako urak, hondakin-urak eta lixibiatuak ere.

Adierazi den bezala, simaurren zati likidoko urak dekantatu ondotik, tanga operatibora eramaten dira (2.205 m³), eta handik bi biltegiratze-baltsetara. Bi baltsak elkarren ondoan daude, esparru hesitu bakarrean; sartzeko atea esparruaren iparraldean dago. Bi baltsek oinplano angeluzuzena dute, lur naturalean induskatuta daude, aire zabalean, eta iragazgaiztuta daude. Baltsa nagusiak 3.400 m²-ko azalera eta 8.133,4 m³-ko edukiera du, eta baltsa osagarriak 2.000 m²-ko azalera eta 5.049,6 m³-ko edukiera. Horietan bildutako ura pabiloietako korridoreak garbitzeko berrerabiliko da, eta ongarri gisa aplikatuko da ondoko lurzatietan. Horretarako, hodi esekien aplikagailua duten zisternak erabiliko dira.

Azkenik, simaurren zati solido eta likidoa ongarri organiko gisa erabiltzen da laborantza-lurzatietan (ia guztia sail ureztatuetan), ustiategiak gaur egun duen planari jarraikiz. 350 ha laborantza-lurzati dira, batez ere sail ureztatuetako artoa eta zereala, honela banatuta: 139 lurzati Nafarroan (Ablitas, Buñuel, Cabanillas, Cortes, Fontellas, Ribaforada eta Tutera), eta 135 lurzati Zaragozako 6 udalerritan. Banaketa-planean dagoen laborantza-azalerari esker, lurzati horien nitrogeno kopuruak ez du 170 kgN/ha gaindituko.

Simaurren kudeaketari dagokionez, lurrak ongarritzeko baliatzen ditu simaurrak sustatzaileak. Hala ere, bere asmoa da zati solidoa etorkizunean Tausten jarriko den biometano- eta konpostatze-instalazio batean kudeatzea (izapidetze-prozesuan dago), eta instalazio horren sustatzailearekin aurretik egindako akordio baten kopia aurkeztu du.

ANEXO II.–D KARTOGRAFIA

Iragarkiaren kodea: F2511595