187. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

97/2025 FORU DEKRETUA, irailaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak aldatzen dituena. Estatutuak otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren.

ZIOEN AZALPENA

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren.

2025-2028 aldirako Enplegu Planaren 6.5 esku-hartze arloa da Enplegu Politika Aktiboen Plana. Horrek eskatzen du, bada, erakundearen egitura organikoa egokitzea plan horretan adierazitako helburu estrategikoetara. Helburuok dira, nagusiki, enplegu zerbitzuetako lan eskatzaileen enplegagarritasuna, landunena nahiz langabeena, hobetzea eta erakundearen garapen estrategikoa hobetzea.

Enplegagarritasuna hobetzeko tresna nagusia orientazio- aktibazio- eta prestakuntza-zerbitzuak eskaintzea da, baina horretarako behar-beharrezkoak dira unitate organiko batzuk, arduratuko direnak prestakuntza beharrak antzemateaz, lan-merkatuko eskaerei egokitutako programak diseinatzeaz, programak eta zerbitzuak zabaltzeaz (langabe eta langile guztiengana iristeko), lan-merkatuko informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa etengabe aztertzeaz (enpresen eskaerei erantzuteko) eta abar.

Bestalde, digitalizazioa eta teknologia berriak aurrera doaz etengabe, adimen artifiziala barne, eta horiek erakundean ere txertatu behar dira. Horretarako, lan-metodo berrien erabilera sustatuko da, eta prozesuen errobotizazioa bultzatuko.

Azkenik, erabaki egokiak hartu ahal izateko eta gardentasuna eta trazabilitatea bermatu ahal izateko bai finantzaketan bai gauzatutako neurri eta/edo zerbitzuetan, ezinbestekoa da edukitzea gobernantza sistema onak eta enplegu politikei buruzko datuak eta informazioa kudeatzeko sistema onak.

Antolakuntzaren arloko aldaketa horiek guztiek lagunduko dute egitura organikoa egokitzen, 2025-2028 aldirako Enplegu Planean ezarritako helburuak betetzeko bidean.

Hori horrela, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko irailaren hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak aldatzea. Estatutuak otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren.

Bat.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"16. artikulua. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren egitura.

Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.

b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

c) Programen Jarraipenerako Atala.

d) Digitalizazio Atala".

Bi.–20. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"20. artikulua. Digitalizazio Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Digitalizazio Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundearen informazio sistemak eta aplikazio informatikoak koordinatzea, garatzea, aztertzea eta mantentzea.

b) Erakundeak dituen informatika-tresnen beharrak hautematea.

c) Enpleguaren ataria eta erakundearen bestelako eduki digitalak antolatzea, mantentzea eta eguneratzea.

d) Erakundearen digitalizazio prozesua programatzea, garatzea eta ebaluatzea.

e) Teknologia berrien erabilera barneratzea eta indartzea.

f) Erakundearen aplikazioetarako sarbidea izateko baimenak kudeatzea.

g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Hiru.–22. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"22. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren egitura.

Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atala.

b) Programen Diseinurako, Adjudikaziorako eta Kontrol Ekonomikorako Atala.

c) Programen Kudeaketa Akademikorako eta Akonpainamendurako Atala".

Lau.–24. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"24. artikulua. Programen Diseinurako, Adjudikaziorako eta Kontrol Ekonomikorako Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Programen Diseinurako, Adjudikaziorako eta Kontrol Ekonomikorako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanbide gaitasunak garatzeko programen eta enplegu prestakuntzako programa misto publikoen laguntzak eta dirulaguntzak arautzeko oinarri teknikoak lantzea eta proposatzea, Programen Kudeaketa Akademikorako eta Akonpainamendurako Atalarekin lankidetzan.

b) Lanbide gaitasunak garatzeko programetarako laguntzen eta dirulaguntzen espedienteak kudeatu, kontrolatu eta tramitatzea.

c) Lantokiko prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako beka eta laguntzen espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta tramitatzea.

d) Informatikako beharrak hautematea, laneko lanbide prestakuntza programetarako laguntzen eta dirulaguntzen espedienteak kudeatzeko, adjudikatzeko eta kontrolatzeko aplikazioak eta beken eta laguntzen espedienteak kudeatzeko aplikazioak hobetzeko, atal eskudunarekin koordinatuta.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Bost.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"25. artikulua. Programen Kudeaketa Akademikorako eta Akonpainamendurako Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Programen Kudeaketa Akademikorako eta Akonpainamendurako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanbide gaitasunak garatzeko programetan kudeatutako laguntzen eta dirulaguntzen eta abiarazitako ekintzen barnean, jarraipena egitea prestakuntzaren exekuzioari, trazabilitateari, ebaluazioari eta eraginari.

b) Parte hartzen duten zentroen eta entitateen jarraipen teknikoa eta koordinazioa, Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin lankidetzan.

c) Enplegu prestakuntzako programa misto publikoen monitorizazioa eta entitate laguntzaileekiko koordinazioa.

d) Lantokiko prestakuntzaren garapenean parte hartzen duten entitate eta erakundeekiko koordinazio teknikoa.

e) Lanbide gaitasunak garatzearen arloko programei buruzko adierazleak eta estatistikak prestatzea.

f) Lantokiko prestakuntzako datu akademikoak biltzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko baliatzen diren aplikazio eta sistema informatikoetan, hobetu beharreko alderdiak identifikatzea eta dagokionari haien berri ematea, atal eskudunarekin koordinatuta; eta, orobat, datuen kudeaketa eta prestakuntzaren jarraipen akademikoa hobetzeko balioko duten tresna digitalak garatu eta egokitu daitezen sustatzea.

g) Lantokiko prestakuntza hedatzeko bidea definitzea eta bultzatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Sei.–33. artikuluaren testua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"33. artikulua. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lan aktibaziorako eredu integratu bat diseinatzea eta ezartzea.

b) Lanbide orientazioko sistema bakar bat koordinatzea, arreta banakakoa eta pertsonalizatua sustatzeko.

c) Kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako irizpideak ezartzea lanbide orientaziorako eta lan aktibaziorako gaietan.

d) Laneratzearekin, laneko orientazioarekin eta entitate guztiekin koordinatzearekin zerikusia duten jarduketak bultzatzea eta kudeatzea.

e) Enplegu agentzien kudeaketa koordinatzea eta kontrolatzea.

f) Eures sarea zuzentzea.

g) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroa zuzentzea.

h) Enplegu politika aktiboen arloko informazio estatistikoa prestatzea eta koordinatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

j) Erakundeak, zuzenean edo lankidetza publiko-pribatuen esparruan, egindako prestakuntza programazioaren barnean, laneko lanbide prestakuntza programak eta ekimenak egitea, koordinatzea, kudeatzea eta sustatzea.

k) Premia teknologikoak hautematea eta tresna digitalak sustatzea, enpleguari eta orientazioari buruzko datuak biltzeko, prozesatzeko eta haien jarraipena egiteko".

Zazpi.–34.1. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"1. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Lanbide Orientazioa Planifikatzeko, Koordinatzeko eta Aztertzeko Atala.

b) Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atala.

c) Lan Aktibaziorako Atala.

d) Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atala.

e) Prestakuntza Programazio Propioaren Atala".

Zortzi.–35. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"35. artikulua. Lanbide Orientazioa Planifikatzeko, Koordinatzeko eta Aztertzeko Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Lanbide Orientazioa Planifikatzeko, Koordinatzeko eta Aztertzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanbide orientaziorako sistema integral bat planifikatzea eta koordinatzea inplikatutako eragileekin batera.

b) Nafarroan lanbide orientazioa gauzatzeko irizpide eta jarraibide komunak ezartzea.

c) Arlo honetan hobetzeko prozesuak diseinatzea eta ezartzea.

d) Orientaziorako sarbide sistema bakar bat ezartzea, arreta eta zerbitzuaren profesionalizazio maila bat baino gehiago dituena.

e) Orientazioaren arloko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

f) Modu koordinatuan lan egitea gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuarekin, pertsona kalteberei zuzendutako orientazio programak kudeatzeko.

g) Lan merkatuari buruzko eskualde, nazio eta nazioarteko iturrietako datuak bildu eta ustiatzea.

h) Bildutako datuetatik abiatuta, lan merkatuko joerak eta premiak hautematea.

i) Lan merkatuari buruzko txosten kuantitatibo eta kualitatiboak prestatzea.

j) Orientazioari buruzko datuak biltzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko baliatzen diren aplikazio eta sistema informatikoetan, hobetu beharreko alderdiak identifikatzea eta dagokionari haien berri ematea, Digitalizazio Atalarekin koordinatuta; eta, orobat, datuen kudeaketa eta lanbide orientazioaren jarraipena hobetzeko balioko duten tresna digitalak garatu eta egokitu daitezen sustatzea.

k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Bederatzi.–37. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"37. artikulua. Lan Aktibaziorako Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Lan Aktibaziorako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuak eta aholku ematea enplegu eskatzaileei eta langileei enpleguaren eta prestakuntzaren arloan, bere jarduketa eremuan.

b) Zerbitzu eskaintzen eta enplegu eskaeren kudeaketa administratiboa eramatea, eta informazioa eta laguntza ematea herritarrei.

c) Deszentralizazio administratiboko eta zerbitzuak hobeki emateko prozesuak proposatzea, enplegurako politika aktiboen arloan.

d) Koordinatuta aritzea agintariekin, gizarte-bitartekaritzan dihardutenekin, prestakuntza zentroekin eta enpleguari eta prestakuntzari lotutako entitateekin.

e) Tokian tokiko lan merkatuetako jarduketak proposatzea, gauzatzea eta koordinatzea, haietan atzemandako beharren arabera.

f) Diharduen lurralde eremuan enplegu eta prestakuntza arloan dauden beharrei antzematea eta haiek aztertzea.

g) Erakundearen zerbitzuak, programak eta jarduerak Nafarroako lurralde osora hedatzeko jarduerak proposatzea eta garatzea.

h) EURES sarea kudeatzea eta koordinatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

Hamar.–38 bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita agertuko da:

"38 bis artikulua. Prestakuntza Programazio Propioaren Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Prestakuntza Programazio Propioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundeak, zuzenean edo lankidetza publiko-pribatuen esparruan, egindako prestakuntza programazioa sustatzea, gauzatzea eta haren jarraipena egitea.

b) Prestakuntza programa eta baliabide berritzaileak ezartzea eta arlo horretan esperimentatzea, bai eta lanbide profilen prestakuntzan ere, Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin koordinatuta eta erakundearen plangintza estrategikoarekin bat etorriz.

c) Politika publikoak ezartzean sortzen diren beharren ondoriozko prestakuntza ekintzak garatzea, bereziki toki entitateekiko elkarlanaren esparruan.

d) Prestakuntza plan berritzaileen ondoriozko kudeaketa lanak egitea, sektoreko elkarteekin lankidetzan, Prestakuntza Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin koordinatuta.

e) Prestakuntza propioan parte hartzen duten irakasleen gaitasunak garatzeko eta eguneratzeko sustapen lana egitea, lantokiko prestakuntzako irakasleen garapen planarekin koordinaturik.

f) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak".

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenen berrespena.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Ataleko burua Programen Diseinurako, Adjudikaziorako eta Kontrol Ekonomikorako Ataleko burua izanen da.

–Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Ataleko burua Digitalizazio Ataleko burua izanen da.

Xedapen iragankor bakarra.–Administrazio unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behineko egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendua garatzeko ahalmena.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko irailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2511615