182. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1002E/2025 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian olio-errota baten proiekturako. Sustatzailea J.G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2025eko ekainaren 16an, Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian olio-errota baten proiektua aurkeztu dio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuari. Proiektuaren sustatzailea J.G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa da.

Bere ezaugarriak direla-eta, aipatutako proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko a) apartatuko "Landare koipeak eta olioak egiteko industria instalazioak" atalean sartzen da; horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeari jarraikiz, jarduketa 3. eranskineko 7.6 taldean sartzen da: "Landare koipeak eta olioak egiteko instalazioak, industrialdeetan edo bizitegi eremu batetik 500 metro baino gehiagora kokatuta daudenak, edo 1 ha baino gutxiago hartzen dutenak, eta ekoizteko ahalmena eguneko 100 t edo txikiagoa dutenak".

Kasu honetan, eta proiektuak esaten duen arren jarduerari ingurumen-baimen bateratua dagokiola, jarduera sailkatuko lizentziaren mendeko jarduera da; izan ere, proiektatutako obrek 6.173,32 m²-ko azalera hartzen dute, olio-errotarako 1.181,25 m²-ko pabiloi bat eta kanpoko patio urbanizatuak ditu, eta 100 t/egun baino ekoizpen txikiagoa du. Balio horiek aipatutako 17/2020 Foru Legearen atalasearen azpitik daude.

21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Zehazki, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien, Arkeologiaren eta Kutsaduraren Aurkako Prebentzioaren atalei egin zaie kontsulta, bai eta ingurumena babestea xedea duten honako entitate hauei: Iruñeko Ekologistak Martxan, Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa, Lurraren defentsarako Lurra elkartea eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria.

20 eguneko epean ez da erantzunik jaso.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Corellako olio-errotaren proiektua Corellako (Nafarroa) "Ombatillo" alderdian gauzatu nahi da, 17. poligonoko 430. eta 434. lursailetan. Lurzati horiek guztiak ureztalurretako olibadiak dira, baita lurzati mugakideak ere.

Lurzatian ez dago zerbitzurik: hornidura, saneamendua, elektrizitatea, etab. Dagoen hirigintza zerbitzu bakarra lurzatira sartzeko "Grávalos bidea" delakoa da. Bide hori ezin hobeto asfaltaturik dago kirol instalazioetaraino, eta sarbide zuzena du Corellako zeharbidearekin, NA-161 eskualde-errepidearekiko lotunean.

Jarduera gauzatzeko, honako ekipamendu hau jarriko da olio-errotan:

–Erdi tentsioko banaketa sareko elektrizitate hargunearen kanalizazio bidezko hornidura elektrikoa. Horrek eskatzen du ebaketa-zentro bat eta transformazio-zentro propio bat instalatzea. Era berean, energia berriztagarria izanen du, instalazio fotovoltaiko bat proiektatu baita eraikinaren estalkian.

–Olio-errotaren barne bide guztiak LED proiektoreen bidez argiztatuta egonen dira, ibilgailuen barne trafikoaren ikuspen ona ahalbidetzeko.

–Edateko uraren hornidura "Grávalos bidea" zeharkatzen duen udal hornidura-saretik.

–Udal saneamendu-sarerako hargune berria, zeinaren konexio puntua kirol instalazioetan dagoen azken erregistro-putzua izanen baita.

–Zuntz optikorako kanalizazio berria; konexio puntua kirol instalazioen inguruan izanen du. •

–Olio-errotak prozesuko hondakin uren aurretratamendurako sistema bat izanen du.

–Sute-aho hornituen sare hidrauliko bat instalatzea aurreikusten da, erreserbako andel batetik eta erantsitako presio talde batetik elikatua.

Kanpoko patioetan ez da lehengairik edo produktu amaiturik biltegiratuko.

Aurreikusitako lurzati nagusiaren itxiturak lehendik dagoen bidearen lerrokadurari jarraitzen dio, eta 3 metro atzeraemanen da ertzetik. Landareekin itxitura bat planteatzen da olio-errotak hartzen duen eremuaren aurrealdean eta alboetan, gabioiez egindako itxitura opaku baten aurretik; itxitura horren altuera ez da izanen 2 m-tik gorakoa.

Olio-errotaren proiektua Corellako kirol instalazioen mugatik 100 metrora dago, eta herri horretatako etxebizitza hurbilena 750 metrora dago. Instalazio mota honen ezaugarriak direla eta, eragozpenak eragiten ahal dizkie herritarrei kiratsagatik. Hori eta instalazio berriaren funtzionamendutik sortzen ahal diren ingurumen kalitatearen gaineko gainerako ondorioak (airearen kalitatea, zarata, hondakinak, lurzoruaren eta uren kutsadura) dira jarduera sailkatuaren lizentziaren bidez kontrolatu beharrekoak.

Instalazioen ingurumen-integrazioari dagokionez, proiektuak barne lorategi bat izateaz gain, zuhaizti perimetral bat landatzea eta lurzati mugakideetan dauden olibondoen mantentzea ere aurreikusten du.

Ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean, instalazioen kokapen eta xehetasun planoak daude:

Proposamenak Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako ondare arkeologikoa babesteari buruz xedatzen duenari jarraituko dio.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak uste du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, tamaina txikiko proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian olio-errota baten proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betez gero. Proiektuaren sustatzailea J.G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa da.

2. Ingurumen-inpaktuaren txostenak betetzeko beharra ezartzen du:

–Lanen hasieran, landare lurra aterako da (lurraren azaleko geruza emankorra), eta hondeaketa lurretatik bereizita pilatuko da, obrek aldatutako amaierako azalerak lehengoratzeko.

–Obrak egiteko fasearen ondoren, lur mugimenduek, sarbide osagarriek, obra instalazioen eta material pilaketen eremuak eta abarrek ukitutako eremuaren ingurumen arloko lehengoratzeari ekin beharko zaio.

–Instalazioen perimetroko landaketarako olibondoak edo almendroak erabiltzea iradokitzen da. Instalazioen ingurumen-integraziorako espezie autoktonoak erabiltzea hobe bada ere, proiektua kokatuta dagoen hiri-periferiako eremua eta, herriaren inguruetan, Grávalos bidean, platano arrunten lerrokaduraren egoera ona ikusita, espezie hori ere sartzen ahal da. Egiten diren landaketek ureztapena izanen dute landarearen balio-bizitza osoan.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa eta, zehazki, honako hau:

  • Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi puntuek emandakoak, %5ekoak edo apalagoak izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietan (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala. Argi emisioen mugak).
  • Gomendioa da, ahal dela, argi zuri-urdinxka isurtzen duen lanpararik ez jartzea (LEDen kasua da hori, LED anbarrak salbu), eta, berriz, sodio-lurrunezko lanparak edo LED anbarrak erabiltzea (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.

–Hondakinak, hondeaketa lurren soberakinak barne, behar bezala kudeatuko dira, duten izaeraren arabera.

–Zerbitzuak (ur hornidura, hornidura elektrikoa, saneamendua, zuntz optikoa) kanalizazio bidez eginen dira, Grávalos bidearen edo lehendik dauden beste bide batzuen bidez.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera, Corellako Udalera, Tutera aldeko Basozaintzara eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA

Corellako olio-errota. Kokapena

Olio-errota. Xehetasun planoa

Iragarkiaren kodea: F2511586