1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko uztailaren 23an hartua, Añezkarko Kontzejuaren gaztelaniazko izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera "Añezkar" izanen da, "Añézcar" ordez.
2025eko otsailaren 19ko sarrera datarekin, Añezkarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari igorri zion kontzejuaren gaztelaniazko izen ofiziala aldatzeko tramitatu duen espediente administratiboa.
2025eko otsailaren 24an, zuzenketa-ofizio bat jakinarazi zitzaion kontzeju horri. Kontzejuak 2025eko apirilaren 16an erantzun zuen, eta horren ondoren dagokion espedientea bidali zitzaion, izapidetuta.
Espediente horretan, kontzejuak 2024ko ekainaren 17an hartutako hasierako erabakiaren ziurtagiria dago, bai eta Kontzejuak 2025eko otsailaren 13an hartutako erabakiarena ere. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen izen aldaketa, ez baitzen inolako alegaziorik aurkeztu hilabetez jendaurrean egon ondoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, bai eta kontzejuaren iragarki-taulan ere.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 37. artikuluan honako hau ezartzen da: "Kontzejuen izen aldaketak, udalentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie".
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen du udalerrien izenak aldatuko direla udalek horretarako erabakia hartzen dutenean, erabakia bera jendaurrean egon ondoren, gutxienez ere hilabetez. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta onetsitzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada. Era berean, 21.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, udalerrien izenetan euskara erabiltzeko, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari jarraitu behar zaio.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 3. artikuluko 3. apartatuan ezartzen duenez, Euskaltzaindia da hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek beharrezkotzat jotzen dituzten txosten guztiak eskatuko dizkiote erakunde horri. Testu arau-emaile berak 8.2 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren txostena jaso ondoren, Foru Komunitateko toponimoak zehaztuko ditu, bai eta biztanleguneen izen ofizialak ere.
Horrekin guztiarekin, 2025eko apirilaren 24an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki erakundeari jakinarazi zitzaion ebazteko epea eten egin zela, harik eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte.
Horiek horrela, 2025eko ekainaren 26an, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian sartu zen Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena, eta hartan honako hau ondorioztatzen da: "Proposatutako izen bakarra –Añezkar, alegia– zuzena da, Euskarabideak Euskaltzaindiarekin hala egiaztaturik. Euskaltzaindiak bere 2010eko txosten batean adierazitakoa berresten du. Hartan adierazi zuen Añezkar euskarazko izena dela, tradizionala, egun bizirik dagoena, eta gaztelaniak bere fonetikaren arabera egokitu zuena, Añézcar forma emanda. Orobat, txostenean azaldu zuen Añézcar izena egokitzapen hutsa dela, Añezkarren aldaera bat, azken hori baita izen jatorrizkoa eta bakarra".
Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 8.1.b) artikuluak honako hau dio: "1. Foru Komunitateko toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:
b) Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskarazko izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizionala baldin badute, biak erabiliko dira".
Dena den, kontuan hartu behar da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 1894/2003 Epaia, Orkoiengo udalerriari buruzkoa, zeinean erabateko errespetua aitortzen dion euskarazko jatorrizko izen bakarrari. Euskarabideak irizten dio epai hori kasu honetan ere aplikatzekoa dela, analogiaz, kasu honetan ere euskarazko izen bakarra baitago: Añezkar, alegia. Hortaz, zilegi da izena aldatzea eta izen bakarra uztea, gaztelaniazko izena –Añézcar– egokitzapen hutsa baita, Añezkarren aldaera bat, azken hori baita izen jatorrizkoa eta bakarra.
Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak izen aldaketa onestea. Izen aldaketari buruzko ebazpena Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluari jarraikiz; inskripzio hori, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Erakundeen Erregistroan egin behar da.
Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: "Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea". Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Añezkarko Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera, gaztelaniaz, "Concejo de Añezkar" deituko da.
2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan ere inskribatzea.
3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.
4. Erabaki hau Añezkarko Kontzejuari jakinaraztea.
5. Izena aldatzeko erabaki honen berri ematea honako hauei: Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Arauen Garapenerako eta Toki Araubiderako Atalari eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroaren Atalari eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuari.
Iruñean, 2025eko uztailaren 26an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2511402