Iragarkia
18. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1231E/2024 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2025eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 807270.
Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-an eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.
Industriako enpresa ertain eta txikiek nahiz nekazaritzako elikagaien industriek inbertsioak egin ditzaten laguntzeko neurriak osatzeko asmoz, azken urteotan industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdiak egin dira. Neurri horri jarraipena eman nahi zaio, 2025ean beste deialdi bat onetsiz.
Horretarako, Nafarroako Gobernuak 2024ko urriaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, 2.000.000 euroko urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa hartu zuen 2026. urterako.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2025eko deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. 2.000.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastuen aurrekontuko "Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza" izeneko 810007 81200 7701 422207 partidaren baliokidea izateko asmoz 2026ko aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810007-81200-7701-422207: Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza | 2026 | 2.000.000,00 |
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko abenduaren 31n.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Laguntzen xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresa handietan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko.
2. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
a) Enpresa handia izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, KSEO).
b) Nafarroan establezimendu bat edukitzea, edo edukitzeko asmoa izatea.
c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskaturik izatea, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru agindu horren bidez sortu baitzen Nafarroako Industria Erregistroa (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
d) Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan.
Zehazki, laguntza eskatzearekin batera baimena ematen zaio Industria Sustatzeko Zerbitzuari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatu betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Oinarri honetako betekizunak laguntzen fitxan dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira. Era berean, enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpen espezifiko bat eta 10.3. d) oinarrian aipatzen den ziurtagiria aurkeztuko dira.
3. Ezin dira onuradun izan:
a) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren sektore publikoko entitateak.
b) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari diren enpresak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.
4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, irabazi-asmoa dutenak, ez badituzte betetzen Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1.–Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa, oinarri harturik uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria egiterik ez badago, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren adinakoa edo handiagoa.
Nahi izanez gero, 4. ataleko dokumentazio hori laguntza-eskabidearekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da laguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta eskaera egin eta hurrengo hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
5. Laguntza jasotzen duen enpresan egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du. Subrogazioa laguntza ordaintzeko ebazpenean baimenduko da, baimendu behar bada.
6. Enpresaren kapital soziala (osaera eta/edo zenbatekoa) aldatzen bada laguntza emateko ebazpena jakinarazi aurretik, tamainari buruzko beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean.
3. oinarria. Inbertsio proiektuek bete beharrekoak.
Aktibo material eta immaterialetan inbertitzeko proiektuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:
1. Proiektu horiek enpresak honako jarduera hauetakoren bat gauzatzeko bideratuta egotea:
–Manufaktura industriak: 2009ko EJSNaren C taldea, salbu 33. epigrafea eta EBFTren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik).
–Hondakinen balorizazioa (2009ko EJSNaren E ataleko 383. jarduera)
–Salgaien gordailutzea eta biltegiratzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (2009ko EJSNaren H taldeko 521. eta 5229. jarduerak).
–Informazioa eta komunikazioak (2009ko EJSNaren J ataleko 58., 59. eta 60. jarduerak).
2. Helburu hauek izatea:
a) Establezimendu berri bat sortzea.
b) Establezimendu baten jarduera dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.
c) Establezimendu bati dagozkion aktiboak erostea, baldin eta erositako aktiboak erabiliz eginen den jarduera berria ez bada aktiboak eskuratu aurretik egiten zenaren berbera edo antzekoa (KSEOren 2. artikuluko 50. definizioaren arabera), eta honako baldintza hauek betetzen badira:
1.–Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.
2.–Aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosiak izatea.
3.–Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.
Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen duenean enpresa txiki bat, ez da aplikatuko aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko beharra. Enpresa batek akzioak eroste hutsa ez da inbertsioa izanen.
d) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.
e) Industria prozesuen efizientzia hobetzea.
f) Nafarroatik kanpoko beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzea.
3. Aurrekontu diruz lagungarria (laguntzak kudeatzen dituen organoak 4. oinarriarekin bat zehaztua) 300.000 eurokoa izatea gutxienez.
4. Nafarroan kokatuta egotea. Ulertuko da proiektuen kokalekua dela inbertsioak fisikoki egiten diren tokia. Ez bada posible proiektuen kokaleku fisikoa zehaztea, ulertuko da eskatzailearen egoitzan dagoela, hots, jarduera garatzen duen zentroan. Eskatzaileak egoitza bat baino gehiago baditu edo jarduera zentro batean baino gehiagotan garatzen badu, enpresaren jabetzapekoak izan edo ez, proiektua zer jardueratara bideratzen den, jarduera horretan aritzen den zentroa izanen da proiektuaren kokalekua.
5. Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
6. Inbertsioak gauzatzea laguntzak eskatzen diren egunetik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte, 8. oinarrian ezartzen denarekin bat.
4. oinarria. Kostu diruz lagungarriak.
1. Aktibo material eta immaterialetan egiten diren inbertsioen kostuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:
1.1. Inbertsioak proiektuari badagozkio zalantzarik gabe eta honako hauetan badautza:
a) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren %10 baino handiagoa.
b) Ondasun higiezinak eta instalazio orokorrak eskuratzea, eraikitzea edo hobetzea.
c) Makineria, ekipo-ondasunak eta ondoko instalazioak eskuratzea.
d) Aktibo immaterialak eskuratzea: patenteak, lizentziak, ezagutza teknikoak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk.
e) Beste kostu batzuk, b), c) eta d) letrei loturikoak, esate baterako, obra-, jarduera- eta irekiera-lizentziak eskuratzeagatik izandako kostuak, edo arkitektura eta ingeniaritza enpresen edo aholkularitzakoen zerbitzu-sariak; b), c) eta d) letren kostuaren %20ko mugarekin.
1.1 atal honetako letra bakoitzari dagozkion inbertsio moten informazioa laguntzen fitxan argitaratuko da.
1.2. Lursailak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero (1.1 ataleko a) eta b) letrak), zenbateko diruz lagungarria ezin izanen da izan horien merkatu balioa baino handiagoa, eta hori egiaztatzeko, behar bezala akreditatuta dagoen eta dagokion erregistro ofizialean izena emana duen tasatzaile independente baten tasazioa beharko da, edo, bestela, behar bezala baimendutako erakunde publiko batek egindako tasazioa. Tasazio hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.
Eskuratutako lursailak edo ondasun higiezinak enpresarenak badira edo izan badira, edo KSEOren arabera hari zuzenean nahiz zeharka loturiko edo elkarturiko beste enpresa batenak badira, eskuratze horiek ez dira diruz lagungarriak izanen.
1.3. 1.1 ataleko d) eta e) letretako aktibo immaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiliko dira.
Ulertuko da hodeian kudeatzeko software programek edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu direnek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.
b) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.
c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.
2. Proiektuaren helburua 3.2 oinarriko c) letrakoa bada, kostu diruz lagungarriei kenduko zaizkie aktiboen kostuak, aktibo horiek aurreko laguntza baten xede izanik eskuratu badira.
3. Diruz lagungarriak izan daitezen, inbertsioak enpresaren ibilgetuaren kontu espezifikoetan aktibatu behar dira.
4. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko kostu diruz lagungarriak izan baditu, kostu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-epeetan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan.
5. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Luxuzko gastuak.
b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.
c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.
d) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.
e) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute. Bereziki, birjarpentzat hartuko da enpresan jada lantzen diren produktuak ekoizteko trokel-moldeak eta matrizeak eskuratzea.
f) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.
g) Zorren interesak eta bestelako finantza-gastuak.
h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).
i) 8. oinarrian adierazitakoa betetzen ez duten kostuak. Zehazki, laguntza eskatu aurretik egindako fakturei, ordainketa aurreratuei, erresei, erosketa-aukerei, entrega-albaranei edo lan-parteei dagozkien inbertsioak.
j) 3.000 eurotik beherako inbertsio elementuak.
k) 3.000 eurotik beherako zenbatekoaz kontabilizatu edo fakturatzen den inbertsio elementuaren zatia.
5. oinarria. Finantza-errentamendua.
Instalazioetan edo makinerian inbertitzeko diren finantza-errentamendu bidezko eskuratzeen gastua soilik izanen da diruz lagungarria, eta honako baldintza hauek betetzen direnean baino ez:
a) Onuradunak konpromisoa hartu beharko du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du.
b) Inbertsioaren fakturaren data, finantza-errentamenduaren kontratuarena eta eragiketaren BEZa ordaindu izanarena 8. oinarrian ezarritako gauzatze aldiaren barrukoak izanen dira.
Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.
Finantza-errentamendu bidez eskuratutako inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, laguntzak ordaintzeko proposamena egiten den egunean finantza-erakundeari benetan ordaindutako eragiketaren amortizazioaren zenbateko bera izanen da.
6. oinarria. Bigarren eskuko ondasunak eskuratzea.
Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.
b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasatzaile independente batek egiaztatuko du hori.
Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.
7. oinarria. Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa.
1. Kostu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan eta arkitektura, ingeniaritza edo aholkularitza enpresek zerbitzu prestazioak egiten dituzten kasuetan), edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.
Onuradunek ez dituzte hiru eskaintza horiek aurkeztu beharko "Hornitzailea aukeratzeko jarraibideak" agirian adierazitako kasuetan (laguntzen fitxan eskuragarri); hala ere, inguruabar hori justifikatu beharko dute aipatu inprimakian.
2. Inprimakia eta, kasua bada, hiru eskaintzak, inbertsioen justifikazioarekin batera aurkeztuko dira, 14. oinarrian adierazitako moduan.
3. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, inbertsio horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.
8. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.
1. Inbertsioak laguntza eskatzen den egunetik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira. Ondorio horietarako, inbertsioa aldi horretan gauzatutzat joko da honako baldintza hauek betetzen direnean:
–Inbertsioa fisikoki burututa egotea; 15.2 oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko da hori.
–Inbertsio guztia fakturatuta egotea.
–Onuradunak inbertsio oso-osoa ordaindu izana. Inbertsio-elementu baten fakturaren bat epetik kanpo ordaintzen bada, faktura hori baino ez da laguntzatik kanpo geratuko, betiere elementuaren kostuaren %10 gainditzen ez badu.
Ordaindukoak, confirmingak, kanbio-letrak edo bestelako kanbio-efektuak erabiltzen badira, laguntzaren onuradunak gauzatze aldiaren barruan egin beharko du ordainketa.
2. Proiektuak gauzatzeko epea (2026ko maiatzaren 31) handitzea eskatzen ahalko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta enpresari egotz ez dakizkiokeen kausengatik bada. Luzapena baimentzen bada, 2026ko abuztuaren 31ra arte luzatuko da gehienez.
Luzapen eskaera 2026ko apirilaren 15era arte aurkezten ahalko da, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioaren bidez, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ebatziko du.
9. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa inbertsio-proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren %10ekoa izanen da, 200.000 euroko mugarekin inbertsio-proiektu bakoitzeko.
Enpresa bakoitzak, establezimendu bakoitzeko, inbertsio-proiektu baterako laguntza eskatzen ahalko du, eta enpresa batek guztira jaso dezakeen gehieneko laguntza 200.000 eurokoa izanen da.
10. oinarria. Laguntzak eskatzea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira laguntzen fitxaren bidez (Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko –http://www.nafarroa.eus– tramiteen katalogoan dagokion fitxa).
3. Eskaera telematikoari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar denean, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:
a) Enpresaren eta inbertsio proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.
b) Enpresa eta proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa. Uste bada inbertsio proiektua S4ko lehentasun edo lan-ildoetako batean edo gehiagotan sartzen dela, hori frogatzen duen memoria aurkeztu beharko da.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla onuradun izateko betekizunak (2. oinarria) eta inbertsio proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari (3.5 oinarrian eskatzen denarekin bat).
d) Enpresaren tamainari buruzko ziurtagiria, eskatzailea enpresa handia dela adierazten duena, merkataritza ganbera batek edo "egiteko publiko-administratiboak" legez esleituta dauzkan zuzenbide publikoko beste erakunde batek egina (egiteko horietakoa baita honelako ziurtagiriak egitea). Gainera, enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
e) Kasua bada, 18. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.
f) Aukeran, abenduaren 29ko 3/2004 Legean adierazitako epeak bete direla egiaztatzen duen dokumentazioa, zeina 2.4 oinarrian adierazi baita.
4. Eskaerak 11. oinarriko zenbait balorazio irizpideren arabera baloratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
IRIZPIDE ZK. | DOKUMENTAZIOA |
1.1.1 irizpidea. Enpresak Nafarroan dituen langileen kopurua | 2024. urtean altan zeuden langileen batez besteko plantillari buruzko txostenak, enpresak Nafarroan duen kotizazio kontu bakoitzari dagozkionak; txosten horiek Gizarte Segurantzako Diruzaintzak eginak izanen dira. |
1.1.2 irizpidea. Enpresaren hazkundea | Enpresa eskatzailearen 2022ko eta 2023ko ekitaldietako urteko kontuak, itxiak, izenpetuak eta merkataritzako erregistroan gordailutuak (auditatuak, nahitaezkoa denean). (*) |
2.5 irizpidea. Inbertsio ahalegina | |
1.1.3 irizpidea. Enpresa eskatzaileak Nafarroan duen enplegu mugagabearen ehunekoa, 2024ko abenduaren 31n. | 2024ko abenduaren 31ko lan-bizitzaren txostenak, enpresak Nafarroan duen kotizazio kontu bakoitzari dagozkionak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak. |
1.1.4 irizpidea. Langileen prestakuntza | Prestakuntza hobariduna tramitatu den urte bakoitzeko "Enpresa txostena" edo "Laburpen txostena - ekitaldia". Txosten horiek www.FUNDAE.es webgunean daude eskuragarri. |
1.1.5 irizpidea. Lanbide Heziketa Duala. | D graduen, Lantokiko Prestakuntzaren edo heziketa dualaren kasuan: "RAE" dokumentua (ikaslearen eta enpresaren arteko harremana), sinatuta. C graduen kasuan: PNL1 dokumentua, sinatuta. |
1.1.6 irizpidea. Genero-berdintasunaren sustapena | 11. oinarriko 1.1.6 atalean jasotako neurrietako baten gaineko egiaztagiriak. |
1.2 irizpidea. Ekoizpen ezarpen berria | Laguntzen fitxan zehaztutako egiaztagiriak. |
2.3 irizpidea. Trantsizio digitala: fabrikazio aurreratuko sistemetan egindako inbertsioak (4.0 Industria) | Eraldaketa digitalerako plana. |
2.4 irizpidea. Proiektua bat etortzea zuzenean Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoekin edo trantsizioekin | Horri buruzko justifikazio-memoria. |
(*) Ez da beharrezkoa izanen justifikazio-memoria aurkeztea, baldin eta industria-enpresa handietan inbertitzeko laguntzen aurreko deialdietan aurkeztu bada, eta, kasu horretan, dokumentazio hori zer espediente-zenbakitan aurkeztu den adierazi beharko da.
5. Eskabideak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
4. atalean adierazitako dokumentazioa falta bada, ezin izanen da zuzendu; beraz, aurkezten ez bada, eskaera ezin izanen da baloratu 11. oinarriko irizpideen arabera.
11. oinarria. Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.
Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:
1. Proiektua eginen duen enpresa baloratzeko irizpideak:
1.1. Nafarroan 2024ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik diharduten enpresak:
1.1.1. Enpresak Nafarroan dituen langileen kopurua:
ENPRESAK NAFARROAN DUEN BATEZ BESTEKO PLANTILLA 2024. URTEAN | PUNTUAZIOA |
100 langile baino gutxiago | 1 |
100 langiletik 250 langilera bitarte | 3 |
250 langile baino gehiago | 5 |
1.1.2. Enpresaren hazkundea:
2023. URTEKO NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA / 2022. URTEKO NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA (*) | PUNTUAZIOA |
≥ 1,00 eta < 1,10 | 1 |
≥ 1,10 eta < 1,20 | 2 |
≥ 1,20 eta < 1,50 | 3 |
≥ 1,5 | 5 |
(*) Negozio-zifraren zenbateko garbia enpresa eskatzailearen 2022ko eta 2023ko ekitaldien galeren eta irabazien kontuetan agertzen dena izanen da. 2022ko negozio-zifra 0 bada, jarduera 2023an hasi duelako, gehieneko puntuazioa esleituko zaio.
1.1.3. Enpresa eskatzaileak Nafarroan duen enplegu mugagabearen ehunekoa, 2024ko abenduaren 31n:
KONTRATU MUGAGABEA DUTENEN KOP. / GUZTIRAKO KONTRATU KOP. | PUNTUAZIOA |
≥ %85 eta < %90 | 1 |
≥ %90 eta < %95 | 3 |
≥ %95 | 5 |
1.1.4. Langileen prestakuntza:
Baloratuko da enpresak azken hiru urteetan (2022-2024) prestakuntza sustatu eta egin izana FUNDAEren hobari programaren bitartez. Prestakuntza hori tramitatu den urte bakoitzeko bi puntu emanen dira, eta 4 puntu gehienez.
Baloratuko da "Prestakuntza ekintzetarako erabilgarri" atala (lehen txostena bada) edo "Kreditu erabilgarria" atala (bigarren txostena bada) positiboa izatea.
1.1.5. Lanbide Heziketa duala (2 puntu):
Baloratuko da enpresak azken 3 ikasturteetan (2021-2022, 2022-2023, 2023-2024) gutxienez 6 ikasle hartu izana C graduetako (ziurtagiri profesionalak) prestakuntza-praktiketan (praktika ez-laboralak) eta/edo D graduetako, Lantokiko Prestakuntzako edo heziketa dualeko prestakuntza-praktiketan, oinarrizko mailako, erdi mailako edo goi mailako heziketa zikloetakoak: Laguntzen fitxan adieraziko da non egon behar duten matrikulatuak C eta D mailetako ikasleek ondorio horietarako.
1.1.6. Genero berdintasuna sustatzeko neurri hauetakoren bat hartzea: 2 puntu.
a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).
b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non adieraziko baita zuzendaritza-postuetan ari diren emakumeen ehunekoa, onetsitako edo ikuskatutako urteko azken kontuetan jasotako zuzendaritza-postu guztietatik. Modu horretan ezin bada justifikatu, merkataritza erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo, azken buruan, enpresako Zuzendaritza Batzordeak, ahaldundutako pertsonak edo administratzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.
–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.
–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.
1.1.7. Enpresa nagusiaren helbide soziala Nafarroan izatea: 3 puntu.
1.1.8. Aurreko deialdietan lortutako dirulaguntzak:
Lau puntu emanen zaizkie 2021eko, 2022ko eta 2023ko deialdietan onuradun izan ez diren enpresei, bai eta onuradun izan arren gerora laguntzari uko egin ez diotenei, edo, horretarako eskatzen diren baldintzak ez betetzeagatik, laguntza osorik jasotzeari utzi diotenei ere.
1.2. Ekoizpen ezarpen berria Nafarroan: 30 puntu. Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da:
a) 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hastea enpresaren ekoizpen jarduera Nafarroan, baldin eta inbertsio proiektua ez bada ekoizpen ezarpen berritzat hartu aurreko deialdietan.
b) Proiektuaren xedea izatea uholde, sute edo beste natura-hondamendien ondorioz edo enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duen istripu batengatik hondatutako nabeak, makinak eta instalazioak berreraikitzea. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.
Ekoizpen ezarpen berrien kasuak eta egiaztagiriak laguntzen fitxan zehaztuko dira.
2. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak:
2.1. Proiektua despopulatze-arriskua duten udalerrietan kokatzea: Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera despopulatze-arriskuan dauden udalerrietan egin beharreko proiektuak baloratuko dira (2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa):
UDALERRIAREN DESPOPULATZE-ARRISKUA | PUNTUAZIOA |
Despopulatze-arriskurik ez duten udalerriak | 0 |
5. arriskua: gainbehera moderatuan dauden udalerriak | 2 |
4. arriskua: gainbehera bizian dauden udalerriak | 4 |
3. arriskua: despopulatze-arrisku esanguratsua duten udalerriak | 6 |
2. arriskua: despopulatze-arrisku bizia duten udalerriak | 8 |
1. arriskua: muturreko despopulatze-arriskuan dauden udalerriak | 10 |
Bi udalerri biltzen dituen proiektu bakarra aurkezten bada, bi udalerrien arteko batezbesteko haztatua izanen da puntuazioa, udalerri bakoitzean eskatutako inbertsioak kontuan hartuta.
2.2. 4.1.1 oinarriko c) eta d) letretan sartutako inbertsioen ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:
C) eta D) LETREN INBERTSIOAREN % | PUNTUAZIOA |
> %0 eta < %25 | 5 |
≥ %25 eta < %50 | 10 |
≥ %50 eta < %75 | 15 |
≥ %75 | 20 |
2.3. Trantsizio digitala: Fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 Industria) egindako inbertsioaren ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:
4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN % | PUNTUAZIOA |
≥ %10 eta < %25 | 2 |
≥ %25 eta < %50 | 6 |
≥ %50 eta < %75 | 8 |
≥ %75 | 10 |
4.0 Industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:
–Robotika aurreratua edo adimen artifizialduna.
–Ikusmen artifiziala.
–Fabrikazio gehigarria.
–Errealitate birtuala.
–Errealitate areagotua.
–Simulazio edo biki digitala.
–Big data, analitika aurreratua eta adimen enpresariala.
–Gauzen Internet.
–Hodei-konputazioa.
–Zibersegurtasuna.
–AGV.
Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa izanen da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, eta horren irismena izatea "Industria aktiboa 4.0 programa" edo "4.0 Ibilbideak" laguntzen programan aurreikusitakoa edo UNE 0061:2019 arauan (4.0 Industria. Digitalizaziorako kudeaketa sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak) ezarritakoa; enpresaren egoera arau horretan ezarritako irizpideekin eta arloekin bat ebaluatu beharko da. (Arloak: Negozio-estrategia eta testuingurua, Azpiegitura teknologikoa, Antolamendua eta pertsonak, Prozesuak eta Produktuak eta zerbitzuak).
2.4. Proiektua bat etortzea zuzenean Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoetako edo trantsizioetako batekin.
LEHENTASUN TEMATIKOAK / TRANTSIZIOAK | PUNTUAZIOA |
Mugikortasun elektrikoa eta konektatua eta energia berdearen industria | 10 |
Gainerako lehentasun tematikoak / trantsizioak (ekologikoa eta digitala) | 5 |
2.5. Inbertsio ahalegina: ratio bat da, inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriaren eta 2023ko ekitaldiko urteko kontuetan ageri den negozio-zifraren artekoa.
Puntuazioa (osoko zenbakia) lortutako ehuneko balioa izanen da (inbertsio diruz lagungarria / negozio-zifra, % gisa), gehienez 20 puntu.
Inbertsio ahalegina = Osoko zk. (Inbertsio diruz lagungarria / negozio-zifra, % gisa)
Oinarri honen 1.2 atalaren arabera ezarpena berria dela jotzen bada, enpresek 20 puntu lortuko dituzte atal honetan.
3. Lortutako puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:
a) Laguntzarik jaso ez izana industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2024ko deialdian.
b) Puntuazio handiagoa lortu izana honako irizpide hauetan:
1.–Trantsizio digitala (2.3 irizpidea).
2.–Inbertsio ahalegina (2.5 irizpidea).
3.–Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak (2. ataleko irizpideen guztizko puntuazioa).
c) Eskaera aurkeztu den eguna.
12. oinarria. Laguntzak ematea.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 9. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.
2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, laguntzak emateko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Eskaerak ebaluatu bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beharrezko jotzen dituen egiaztapen jarduketak egitea, eta beharrezko jotzen duen nahi beste informazio osagarri edo argigarri eskatzen ahalko die eskatzaileei, eta ohartaraziko die ezen, ez badiote egindako errekerimenduari 10 egun balioduneko epean erantzuten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera ebatziko dela laguntza ematearen gainean.
3. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak ebatziko du laguntzen deialdia. Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea (10. oinarrian) amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada hura kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean osorik edo partez ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Azken laguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko beste epe bat finkatzen ahalko da.
13. oinarria. Inbertsio proiektua aldatzea eta ez-gauzatzeak jakinaraztea.
1. Laguntzak ematearen gainean ebatzi ostean, inbertsio proiektuetan honako aldaketa hauek egitea baimentzen ahalko da:
a) Inbertsio proiektuaren kokalekua Nafarroako beste udalerri batera aldatzea.
b) 4. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituzten inbertsio berriak sartzea kostu diruz lagungarrietan. Horiek baimentzeko, inbertsio horien memoria aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
c) Inbertsio baten unitate kopurua aldatzea, gorantz edo beherantz.
d) Inbertsioak aurreikusitakoa baino kostu txikiagoan edo handiagoan eskuratzea.
e) Inbertsioak ez gauzatzea (laguntza emateko ebazpenean onartutako inbertsioak ez egitea).
Aldaketa horiek egiteko baimena inbertsioen justifikazioa (14. oinarria) aurkezten denean eskatu behar da. Ordainketa ebazteko eskumena daukan organoak emanen du aldaketa egiteko baimena, bidezkoa denean.
2. Eskaeran sartutako inbertsioak kentzen badira laguntza emateko ebazpenaren aurretik, laguntzaren fitxaren bidez jakinarazi beharko da, eta ez da proiektuaren aldaketatzat hartuko.
3. Aldaketak baimentzeak ez du inola ere ekarriko emandako laguntza handitzea, eta gerta daiteke laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, honako inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Proiektuari emandako puntuazioa birkalkulatu ondoren, egiaztatzen bada ez dela iristen 12.1 oinarriko lehentasun-hurrenkeran onuradun izateko behar den gutxienekora.
b) Aldatu eta justifikatu ondoren inbertsio-proiektu diruz lagungarriaren zenbatekoa iristen ez bada 3.3 oinarrian eskatutako gutxienekora.
c) Gauzatu ez denaren zenbateko garbiak (gauzatu gabeko inbertsioen zenbatekoa ken onetsitako inbertsio berrien zenbatekoa eta hasierako inbertsioen kostu gehigarria) laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontuaren %30 gainditzen badu.
Horren ondorioetarako, 1. zenbakiko b) eta e) letretako inbertsioak hartuko dira kontuan.
4. Aurreko ataleko c) letran adierazitakoa ez da aplikatuko onuradunak 2025eko abenduaren 31 baino lehen jakinarazten badu gauzatu beharreko inbertsioen aurrekontua txikiagoa izanen dela laguntza emateko ebazpenean onartutakoa baino (bai elementuren bat gauzatuko ez delako, bai horien kostua txikiagoa izanen delako). Jakinarazpen hori laguntzen fitxaren bitartez egin beharko da, bertan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.
Kasu horretan, organo eskudunak ebazpen bat emanen du,non deklaratuko baita galdu dela, bakar-bakarrik, jakinarazi den gauzatu gabeko inbertsioari edo kostu txikiagoa izan duen inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoa kobratzeko eskubidea.
14. oinarria. Gauzatutako inbertsioen justifikazioa.
1. Onuradunek laguntzen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute gauzatutako inbertsioen justifikazioa. Horretarako epea hasiko da laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunean, eta 2026ko ekainaren 30ean bukatuko da (egun hori barne), salbu eta 15.5 oinarrian adierazitako prozedura espezifikoaren kasuan.
2. Horretarako honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da laguntzaren fitxaren bitartez:
a) Gauzatutako inbertsioen zerrenda, Excelen: onartutako inbertsioen Excel fitxategia laguntzak kudeatzen dituen organoak bidaliko du, onuradunek behar bezala bete dezaten.
b) Inbertsioen fakturak eta ordainagiriak; 8. oinarriko gauzatze-epearen barneko data izan beharko dute.
c) Laguntza emateko ebazpenean onetsitako proiektuari dagokionez izan diren desbideratzeen memoria xehea eta arrazoitua.
d) Ibilgetuaren liburu handiak (2. taldea), zeinetan inbertsioak kontabilizatu baitira.
e) 2. talde osoko batura eta saldoen balantzea (amortizazio kontuak barne), ahalik eta xehakatuena, 2025eko abenduaren 31ri dagokiona, bai eta horren ondoren eskuragarri dagoen azken egunekoa ere.
f) Itxitako azken zerga-ekitaldiko urteko kontu erregistratuak (auditatuak, nahitaezkoa den kasuetan).
g) Hornitzailearen hautaketari buruzko egiaztagiriak, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat.
h) Laguntza ordaindu aurreko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
i) 60.000 euro arteko laguntzen kasuan, gauzatutako inbertsioen argazkiak, eta, kasua bada, identifikazio plakenak, 15.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.
j) Lursailak eta ondasun higiezinak erosi badira: salerosketaren eskritura eta behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoen tasatzaile independentearen tasazioa, edo behar bezala baimendutako erakunde publikoarena. Tasazio hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada. Halaber, ondasun higiezinak eskuratuz gero, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokien likidazioa aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita eskuratzearen zenbatekoarekiko adostasuna.
k) Obra zibileko proiektuen kasuan: obra bukaerako ziurtagiria, udaleko sarrera-erregistroarekin, eta obra-lizentzia.
l) Ekipamendu-ondasunak edo bigarren eskuko ondasunak eskuratuz gero: ondasunen jatorriari buruzko saltzailearen adierazpena, non aditzera emanen baitu ondasun horiek ez direla izan Espainiako edo Europako ezein dirulaguntzaren xede, eta tasatzaile independentearen ziurtagiria.
m) Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen badira: finantza-errentamenduaren kontratua, inbertsioaren hornitzailearen faktura, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.
3. Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez bada betetzen edo justifikazioa nahikoa ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo laguntzaren zenbatekoa doituko da, zein den kasua.
Justifikazioa egiten bada oinarri honetan ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
4. 12.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, haientzako beste gauzatze- eta justifikazio-epe bat ezartzen bada, laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.
15. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunek aurkeztutako justifikazioa aztertu eta ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Horretarako, onuradunei eskatzen ahalko die beharrezko jotzen duen informazio osagarri eta argigarri guztia, eta adieraziko die ezen, ez badiote errekerimendu hori erantzuten 10 egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioarekin ebatziko duela laguntzaren ordainketa.
2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egin aurretik. Horretarako, bisita bat eginen da inbertsioak egin diren enpresaren establezimendura, eta bisita hori egiaztapen txosten batean jasoko da.
Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.
Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurora artekoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak egin dituztela, deusetan galarazi gabe organo kudeatzaileak aurreko atalean adierazitako bisita egin behar dela erabaki ahal izatea.
3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari eginen dio ordainketa proposamena, non adieraziko baitu onuradunak bete dituela bai dirulaguntzaren xede ziren helburuak, bai dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen dioten baldintzak.
4. Ordaintzeko ebazpena inbertsioen justifikazioa aurkeztu ondoko sei hilabetean emanen da.
5. 8.2 oinarriaren arabera gauzatzeko epea luzatzea baimentzen zaien proiektuen kasuan edo, hala badagokio, 12.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, laguntzak ordaintzeko prozedura honako hau izanen da:
a) 14.2. oinarrian ezarritako justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea honako hau izanen da: inbertsioa gauzatzeko epea luzatzeko ebazpenean ezartzen dena, edo laguntza emateko ebazpenean ezartzen dena, kasuan kasukoa. Dokumentazioa aurkeztu ondoren, 2026ko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntzaren konturako ordainketa egiteko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioei dagokiena, eta deklaratuko da justifikatu ez diren inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.
b) 2027ko ekainaren 30a baino lehen, aipatutako justifikazioa aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, konturako ordainketa likidatzeko ebazpena emanen da.
Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Azken zenbateko hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da.
16. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen zaie ordaindu onartutako dirulaguntza.
b) Inbertsio proiektua gauzatzea 8. oinarrian adierazitako epean.
c) Inbertsioak enpresaren ibilgetuan kontabilizatzea.
d) Gauzatutako inbertsioak justifikatzea 14. oinarrian aurreikusitako moduan.
e) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta bost urtez gainerako ondasunen kasuan, inbertsioak amaitzen direnetik aurrera.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.
f) Industria Sustatzeko Zerbitzuari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasunen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.
g) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.
h) Behar bezalako publizitate publikoa egitea inbertsio proiektuaren finantzaketari buruz, enpresaren webgunean, ikusteko moduko toki batean, honako esaldi hau jarriz: "‘xxx’ inbertsio proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2025eko dirulaguntza deialdiaren bitartez". Betebehar hau nahitaez bete behar da dirulaguntzaren ordainketa egin dadin.
i) Proiektuari lotutako egiaztagiri guztiak lau urtez gordetzea, laguntza ordaintzen den urteko abenduaren 31tik aitzina.
j) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinak 2.4 oinarrian adierazten baitira, betiere laguntzak eskatzeko unean aurkezten ez badituzte.
k) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, proiektua gauzatu dela justifikatu baino lehen.
l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Inbertsioa epe barruan justifikatzeko betebeharra partzialki betetzen ez bada, 14.3 oinarrian ezarritakoa beteko da.
17. oinarria. De minimis laguntzak.
Inbertsio proiektuetarako ematen diren laguntzak de minimis laguntzak izanen dira, bat etorriz Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).
Enpresa eskatzaileek aurreko hiru urteetan jasotako beste de minimis laguntzak adieraziko dituzte eskabide-inprimakian, eta berehala jakinarazi beharko dute laguntza hau eman baino lehen jasotzen duten beste edozein de minimis laguntza.
18. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Kasu horretan, de minimis Erregelamenduaren 5. artikuluan ezarritako metatze-arauak aplikatuko dira.
19. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
20. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
21. oinarria. Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
22. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaileen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2500194
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
