Iragarkia
18. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
430E/2024 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita energia komunitateei trantsizio energetikorako laguntzak emateko 2025ean. DDBN identifikazioa: 803098.
Energia komunitateak honako bi zuzentarau hauen bidez ezarri ziren: batetik, 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentaraua, Iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilera sustatzeari buruzkoa, eta, bestetik, 2019ko ekainaren 5eko 2019/994 Zuzentaraua, Elektrizitatearen barne-merkatuko arau komunei buruzkoa –honen bidez aldatu zen 2012/27/EB Zuzentaraua, bai energia berriztagarrien komunitateei, bai herritarren energia komunitateei dagokienez ere–. Lehenengoak, energia berriztagarrien komunitateak, berariaz jasotzen dira sektore elektrikoari buruzko Estatuko araudian, hornidura elektrikoaren jardueran parte hartzen duten subjektu berritzat hartuta.
Bestalde, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak hainbat neurri jasotzen ditu herritarrek eta energia komunitateek energia berriztagarrien sorreran eta zerbitzu energetikoen eskaintzan parte hartzea sustatzeko.
Aurrekoarekin batera, 2030erako Nafarroako Energia Planak (PEN 2030) zenbait ekintza aurreikusten ditu energia komunitateak eratzeko, energiaren erabiltzaileak ardatz dituen energia-sistema baterako trantsizio energetikoa bultzatzeko, komunitatea sortuz eta eraldaketa prozesu horretan teknologia aplikatuz.
Nahiz eta etengabe hazten ari den errealitatea izan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak, Nafarroan energia komunitateak sustatzeko neurriak ezartzen dituen urriaren 21eko 64/2022 Foru Aginduaren babesean, haiei laguntza ematen jarraitzen du askotariko tresnen bidez, eta laguntzen deialdi hau horietako bat da, aukera ematen baitu honako neurri hauek diruz laguntzeko:
1. Energia komunitateak definitu eta eratzeko parte-hartze prozesuak.
2. Jadanik eratuta dauden energia komunitateek aurrera eraman behar dituzten jarduketen plangintza, laguntza eta aholkularitza.
3. Energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta mugikortasun jasangarri eta partekatuaren proiektuak idaztea.
4. Energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta mugikortasun jasangarri eta partekatuaren proiektuetako inbertsioak.
5. Energia komunitateen aldeko hitzarmenak eta/edo espazio lagapenak garatzea.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea energia komunitateei trantsizio energetikorako laguntzak emateko 2025ean.
2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jasotzen dira.
3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
820001 82500 7819 425209: energia komunitateentzako laguntzen deialdia. | 2025 | 800.000 |
Halaber, gehienez ere 400.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko abenduaren 13an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Helburua eta xedea.
Honako helburu hauek ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/844 (EB) Zuzentarauak (haren bidez aldatu ziren 2010/31/EB Zuzentaraua, eraikinen energia-efizientziari buruzkoa, eta 2012/27/EB Zuzentaraua, energia-efizientziari buruzkoa):
–Berotegi-efektuko gasen isurketa %40 murriztea 1990eko isurketa-mailen aldean.
–Kontsumitutako energia berriztagarriaren proportzioa handitzea.
–Batasunak dituen helburuen araberako energia aurrezpena lortzea.
Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2023ko irailaren 13ko 2023/955 (EB) Zuzentarauak 8. artikuluan ezartzen duenez, Estatu kideek energiaren azken erabileraren aurrezki metatua izan behar dute (zuzentarau hori energia efizientziari buruzkoa da eta 2023/955 (EB) Erregelamendua aldatzen du). Exijitzen den energia-aurrezkia lortze aldera, Estatu kideek energia komunitateen rola kontuan hartu eta sustatuko dute aplikatzekoak izanen diren neurriak diseinatzerakoan.
Laguntzen deialdi honen xedea da aurrez aipatu diren eta Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean nahiz Horizonte 2030 Nafarroako Energia Planean ezarritakoarekin bat datozen helburuak lortzen laguntzea, horietan sustatu egiten baitira energia komunitateak, energia berriztagarrien sistemen kudeaketan eta garapenean duten parte-hartzea bultzatze aldera.
Horrela, bada, energia komunitateei, 2025ean, trantsizio energetikorako laguntzak emateko deialdiak xede du honako neurri hauek finantzatzea:
1. Energia komunitateak definitu eta eratzeko parte-hartze prozesuak.
2. Dagoeneko eratuta dauden energia komunitateek egin beharreko jarduketen plangintza, laguntza eta aholkularitza.
3. Energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta mugikortasun jasangarri eta partekatuaren proiektuak idaztea.
4. Energia berriztagarrietan, eraginkortasun energetikoan eta mugikortasun jasangarri eta partekatuan egindako inbertsioak.
5. Energia komunitateen aldeko hitzarmenak edota espazio lagapenak garatzea.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira (1. neurrirako) eraketa-prozesuan dauden energia komunitateak eta 2025eko urtarrilaren 1etik deialdi honetako laguntzak eskatzeko epea amaitu bitarte eratutakoak. Gainerako neurriei dagokienez, dagoeneko eratuta dauden energia komunitateek jasotzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta laguntza teknikoak kontratatzen badituzte eta arestian deskribatutako xedearekin lotutako inbertsioak egiten badituzte.
Laguntzen onuradun izaten ahalko dira honako hauek: eskubideak gauzatzeko eta betebeharren mende egoteko gaitasuna duten entitate juridikoak –modalitate bakoitzerako eskatzen diren betekizunak eskatzen direla ere–, kideen partaidetza ireki eta boluntarioan oinarrituak, eta beren kide edo bazkideei edo beren jarduera garatzen duten lurraldeari ingurumen-, ekonomia- edota gizarte-onurak eskaintzea helburu nagusitzat dutenak, finantza errentagarritasuna sortzea baino gehiago.
Aurreko oinarrian deskribatutako 1. neurriaren babesean jasotako jarduketen kasuan (oraindik eratu gabeko energia komunitateak), pertsona fisiko, autonomo, juridiko edo nortasun juridikorik gabeko taldearen ordezkariak laguntzen onuradun gisa jardunen du, kideen arteko lankidetzako esparru akordio batean oinarrituta.
2. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:
a) Betetzea Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren urriaren 21eko 64/2022 Foru aginduaren 7. artikuluan ezarritakoa (haren bidez ezarri ziren Nafarroan energia komunitateak sustatzeko neurriak).
b) Legez eratutako entitateak izatea eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hala inskribatuta egotea, haien araudiaren arabera aplikagarria zaien araudian eskatzen den Nafarroako erregistroan. Nolanahi ere, energia komunitatea eratu aurretik laguntza eskaerak aurkezten ahalko dira, oinarri honen 1. apartatuan eta 4.7 oinarrian ezarritakoaren arabera.
c) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden erakundeak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.
f) Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.
g) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, irabazi-asmoa dutenak, ez badituzte betetzen Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
4. Apartatu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntza-eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. II. eranskinean zehaztutako neurrietan aipatzen diren jarduketak izanen dira dirulaguntzen xede, Nafarroan eginak badira, betiere.
Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.
b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
2. Inbertsioak egiteko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 15era bitartekoa izanen da. Jarduketa gauzatutzat joko da gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean.
3. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren intentsitatea 2., 3., 4. eta 5. neurrietarako %5 areagotzen ahalko da onuradunak egiaztatzen duenean III. eranskinean genero berdintasuna sustatzeko nahiz energia pobreziaren aurka jasotako neurrietako baten bat hartuko duela 2025ean. Ez zaie gehigarri hori emanen laguntzen 2023. eta 2024. urteetako deialdietan gehigarri hori jaso zuten entitateei.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko.
2. Laguntzen eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskaneatuta aurkeztu beharko dira, dokumentu banatuetan eta jarraian adierazten den moduan behar bezala identifikatuta:
a. II. eranskinean deskribatutako neurri bakoitzerako exijitzen den dokumentazioa.
b. Kasua bada, ordezkaritza-ahalen egiaztagiria.
Eskaera bana aurkeztuko da II. eranskinean jasotakoen artean gauzatu nahi den neurri bakoitzeko.
3. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko baldintzak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
II. eranskinean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atala) aurkezten diren eskaerak konparatuko ditu II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, haien artean lehentasuna ezartzeko. Dena dela, neurri bakoitzerako baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun-hurrenkera hori ezartzea.
2. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, eskaerei II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuko zaie, neurri bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:
NEURRIA | AURREKONTU-KREDITUA |
1.–Energia komunitateak definitzeko eta eratzeko parte-hartze prozesuak | 60.000 euro |
2.–Lehendik eratuta dauden energia komunitateek egin beharreko jarduketen plangintza, laguntza eta aholkularitza | 60.000 euro |
3.–Energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta mugikortasun jasangarri eta partekatuen proiektuak idaztea | 60.000 euro |
4.–Energia berriztagarrietan, energia-efizientzian eta mugikortasun jasangarri eta partekatuan egindako inbertsioak | 600.000 euro |
5.–Energia komunitateen aldeko hitzarmenak eta/edo espazio lagapenak garatzea | 20.000 euro |
Neurriren batean aurrekontu erabilgarririk badago, aurrekontu-kreditua erabiltzen ahalko da neurrietako eskaerak estaltzeko (halakorik badago), honako lehentasun ordena honi jarraituz: 1. neurria, 2. neurria, 3. neurria, 4. neurria eta 5. neurria, hurrenez hurren, eta neurri bakoitzean ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera.
Oraindik ere neurriren batean saldo erabilgarririk geldituz gero, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, oinarrietan adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte; eta horien atzetik, egoera berean dauden beste eskaerei erantzunen zaie. Lehentasun hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1. neurria, 2. neurria, 3. neurria, 4. neurria eta 5. neurria, hurrenez hurren, eta neurri bakoitzean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.
4. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak eskaerak baloratuko ditu II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako irizpideen arabera, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan adierazita entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak.
Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
5. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen neurriren batean kreditua askatzen bada, honako hauei laguntza osagarria ematen ahalko zaie:
a) Aurrekontuan behar adina kreditu ez egoteagatik zegokien dirulaguntza guztia (%100) jasotzera iristen ez diren neurri bereko eskaerak. Eta horien atzetik, egoera berean dauden beste neurrietako eskaerak. Kasu horretan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1. neurria, 2. neurria, 3. neurria, 4. neurria eta 5. neurria.
b) Hori egin ondoren oraindik ere kreditu erabilgarririk baldin badago, kreditu faltagatik ezetsi diren eskaerei helduko zaie, kreditua askatu den neurritik hasita, eta gero, egoera berean dauden beste neurrietako eskaerei helduko zaie, a) letran ezarritako hurrenkerari jarraikiz.
c) Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, oinarrietan adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte, a) letran ezarritako hurrenkerari jarraituz.
6. Baldin eta justifikatzeko epea bukatu ondotik neurriren batean kreditua askatzen bada, eta aurrekontu krediturik ez zegoelako neurri horretan ezetsi den eskaerarik ez badago, laguntza osagarria ematen ahalko zaie laguntza mugatu zaien onuradunei aurreko apartatuaren a) eta c) irizpideen arabera.
6. oinarria.–Aurrerakinak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, laguntzen onuradun diren irabazi-asmorik gabeko entitateek, nahikoa baliabide ez dutela egiaztatu beharrik gabe, ordainketa aurreratua jasotzen ahalko dute, emandako zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada eta ordainketa aurreratuak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren %60 gainditzen ez badu.
7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.
1. Onuradunek 2025eko urriaren 15a baino lehen justifikatu beharko dute zer jarduketa egin duten; horretarako, telematikoki eta laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau:
a) Egindako jarduketen fakturak, onuradunaren izenean.
1. neurriaren babesean jasotako jarduketen kasuan (oraindik eratu gabeko energia komunitateak), pertsona fisiko, autonomo, juridiko edo nortasun juridikorik gabeko taldearen ordezkariaren izenean egon beharko dute fakturek, eta laguntzen onuradun gisa jardunen du, kideen arteko lankidetzako esparru akordio batean oinarrituta.
Faktura bat baino gehiago egonez gero, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
b) Fakturen ordainagiriak, onuradunaren izenean.
1. neurriaren babesean jasotako jarduketen kasuan (oraindik eratu gabeko energia komunitateak), pertsona fisikoen, autonomoen, juridikoen edo nortasun juridikorik gabekoen elkartearen ordezkariaren izenean egon beharko dute ordainagiriek, kideen arteko lankidetzarako esparru akordioa oinarri hartuta, eta ordezkariak jardunen du laguntzen onuradun gisa.
c) Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo, eta obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak erosteko edo aholkularitza- nahiz laguntza-enpresek zerbitzuak ematen dituzten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" formularioan. Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, gai horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
d) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
e) II. eranskinean zehazten den dokumentazioa.
2. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
4. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.
8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuek, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.
b) Ebazpen honen 4. eta 7. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan gauzatu eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xede diren jarduketak.
c) Ondasunak dirulaguntza ematea eragin duen xede zehatzerako erabili behar dituzte zazpi urtez, gutxienez, ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik hasita.
d) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea, hamabost eguneko epean, beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, bai eta, kasua bada, laguntzari uko egiten zaiola komunikatzea ere.
f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Betebeharren bat betetzen ez bada, oinarri arautzaile hauetakoa, dirulaguntzak emateko ebazpenekoa nahiz Dirulaguntzei buruzko Foru Legekoa, galduko da onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea, edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, aurreikusi da laguntza %5 murriztea baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa egiten bada zazpigarren oinarrian ezarritako epean.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen laguntzen fitxa erabiliz.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitateen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb).
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (2023ko 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan laguntza eman aurreko hiru urteetan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
Horretarako, interesdunek laguntza eman aurreko hiru urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.
13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
II. ERANSKINA.–NEURRI DIRUZ LAGUNGARRIAK
1. neurria.–Energia komunitateen parte-hartze eta eratze prozesuak.
1. Jarduketa diruz lagungarriak:
Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:
–Talde eragilea eta energia komunitatea eratzeko parte-hartze prozesua definitu eta garatzeko beharrezkoak diren laguntza tekniko eta/edo juridikoko zerbitzuak kontratatzea.
–Energia komunitatea erakunde juridiko gisa eratzeko prozesua definitu eta garatzeko beharrezkoak diren laguntza tekniko eta/edo juridikoko zerbitzuak kontratatzea.
Deialdiaren fitxan jasotzen dira neurri horrekin lotutako terminologiaren definizioak.
Energia komunitatea osatzen duen parte-hartze prozesuaren gastu diruz lagungarriek fase hauek guztiak izanen dituzte:
1.1. Parte hartzeko prozesua:
–1. fasea: Parte hartzeko prozesua diseinatzea.
–2. fasea: Sentsibilizazioa, informazioa zabaltzea eta energia komunitatearen ernamuina izanen den talde eragilea sortzea.
–3. fasea: Parte hartzeko prozesua, energia komunitatearen talde eragileari prestakuntza eta trebakuntza emateko.
–4. fasea: Energia komunitatearen lehen ekimenak definitzea.
1.2. Prozesu eratzailea:
–5. fasea: Energia komunitatea erakunde juridiko gisa eratzea.
–6. fasea: Parte hartzeko prozesu eratzailearen emaitza itzultzea eta zabaltzea.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Diruz laguntzen ahal den gastuaren %70eko laguntza emanen da, baina 10.000 euro gehienez. Laguntzaren portzentajea beste %10 areagotzen ahalko da ezaugarri hauetako bakoitzarengatik:
–Gutxienez ere ETE batek hartzen du parte energia komunitate nahiz talde eragilean.
–Energia komunitatea garatuko den herriko toki erakundeak hartzen du parte.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Dirulaguntzaren xede diren laguntza teknikoen aurrekontu xehakatua, jasotzen dituena neurri honen 1. puntuan definitutako faseak.
b) Balorazio irizpideak frogatzen dituzten agiri osagarriak (ikus 4. apartatua, "Eskaerak baloratzeko irizpideak").
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Diruz lagundutako jarduketak berekin dakar ekonomia sozialeko entitateek eskainitako laguntza teknikoak kontratatzea (40 punturaino):
–40 puntu, kontratazio diruz lagungarri guztiak ekonomia sozialeko kooperatibak edo erakundeak badira.
–20 puntu, kontratazio diruz lagungarrien zati bat ekonomia sozialeko kooperatibak edo erakundeak badira.
Hori egiaztatzeko ekonomia sozialeko kooperatibak nahiz erakundeak emandako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
b) Diruz lagundutako jarduketa erronka demografikoko udalerrietan gauzatuko da osorik Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Planean ezarritako irizpidearekin bat (40 puntu).
c) Diruz lagundutako jarduketa tokiko ekintza taldeekin edo landa eremuetan jarduera ekonomikoa sustatzen duten eskualdeko garapen agentziekin elkarlanean egiten da. (20 puntu).
Elkarlan hori egiaztatzeko alde biek izenpetutako lankidetza akordio bat aurkeztuko da.
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa egonez gero, ebazteko kontuan izanen da baloratzen ahal diren jarduketen deskribapenean definitutako ordena bera. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio espezifikoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
5.1. Parte-hartze prozesua justifikatzeko dokumentazio espezifikoa:
1. Parte-hartzeko prozesuaren memoria, barnean direla:
–Egindako parte-hartze prozesuaren deskribapena.
–Talde eragilea sortzeko egindako jarduketen deskribapena, baita sentsibilizazio- eta informatika-jarduketena ere.
–Talde eragilean parte hartu dutenen zerrenda.
–Parte-hartzeko prozesuan egindako saioetako argazkiak eta aktak.
–Definitutako lehenengo ekimenen deskribapena:
- Gobernantza.
- Helburuak.
- Jarduerak.
- Onuradunak.
- Beste batzuk.
5.2. Eratzeko prozesua justifikatzeko dokumentazio espezifikoa:
1. Eratutako energia komunitatearen IFKa.
2. Energia komunitateko parte-hartzaileen zerrenda.
3. Parte hartzeko eta eratzeko prozesuaren emaitza partekatzeari eta zabaltzeari buruzko memoria.
2. neurria.–Energia komunitateen jardueren plangintza, laguntza eta aholkularitza.
1. Jarduketa diruz lagungarriak:
Diruz lagungarritzat hartzen dira gutxienez ere jarduera hauetako baten bat gauzatzeko beharrezko laguntzak edota gastuak:
–Energia komunitateei laguntzea kudeaketa eta antolamendu sozialen hasierako jarduketetan, eta aholku ematea lehenengo energia jarduerak abian jartzean (hala nola autokontsumoko energia sortzeko aurreproiektuak, energia-efizientzia, mugikortasun jasangarri eta partekatua).
–Energia komunitatea garatzeko planak definitzeko beharrezkoak diren laguntza tekniko eta/edo juridikoko zerbitzuak kontratatzea.
Deialdiaren fitxan jasotzen dira neurri horrekin lotutako terminologiaren definizioak.
Neurri honen babesean gauzatutako laguntzek fase hauetako baten bat hartu beharko dute barnean garatutako jarduketaren arabera:
1.1. Energia komunitateei laguntza eta aholkularitza ematea:
–7. fasea: Energia komunitateari laguntzea, kudeaketa eta antolamendu sozialaren hasierako jarduketetan.
–12. fasea: Energia komunitateari aholku ematea lehenengo energia jarduerak abian jartzeko.
1.2. Laguntza teknikoak eta juridikoak planak definitzeko:
–8. fasea: Komunikazio- eta zabalkunde-plana idaztea.
–9. fasea: Lan-plana idaztea.
–10. fasea: Bideragarritasun-plana eta negozio eredua idaztea.
–11. fasea: Finantzaketa-plana idaztea.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Diruz laguntzen ahal den gastuaren %75eko laguntza emanen da, baina 7.000 euro gehienez onuradun bakoitzeko. Laguntzaren zenbatekoa %5 areagotzen ahalko da 3. oinarriko 4. apartatuarekin bat.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa hauxe da:
a) Dirulaguntzaren xede diren laguntza teknikoen aurrekontua.
b) Entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa, deialdiaren 3.4.a) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzen duena, horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.
c) Balorazio irizpideak frogatzen dituzten agiri osagarriak (ikus 4. apartatua, "Eskaerak baloratzeko irizpideak").
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Laguntzak ekonomia sozialeko entitateek ematen badituzte (40 punturaino):
–40 puntu, kontratazio diruz lagungarri guztiak ekonomia sozialeko kooperatibak edo erakundeak badira.
–20 puntu, kontratazio diruz lagungarrien zati bat ekonomia sozialeko kooperatibak edo erakundeak badira.
Hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
b) Toki erakunde bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
c) ETE bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
d) Diruz lagundutako jarduketa erronka demografikoko udalerrietan gauzatuko da osorik Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Planean ezarritako irizpidearekin bat (20 puntu).
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa egonez gero, ebazteko kontuan izanen da baloratzen ahal diren jarduketen deskribapenean definitutako ordena bera. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako gastuak justifikatzeko:
5.1. Energia komunitateei laguntza eta aholkularitza emateko jarduketen kasuan.
–Diruz lagundutako laguntza- nahiz aholkularitza-prozesuaren memoria.
5.2. Planak definitzeko laguntza teknikoak eta juridikoak ematen diren kasuetan:
–Diruz lagundutako planen kopiak.
3. neurria.–Energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta mugikortasun jasangarriaren proiektuak idaztea.
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honen barnean sartzen da energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta/edo mugikortasun jasangarri eta partekatuaren proiektuak idazteko beharrezkoak diren laguntza tekniko nahiz juridikoko zerbitzuak kontratatzea.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Diruz laguntzen ahal den gastuaren %75eko laguntza emanen da, baina 6.000 euro gehienez onuradun bakoitzeko. Laguntzaren zenbatekoa %5 areagotzen ahalko da 3. oinarriko 4. apartatuarekin bat.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa hauxe da:
a) Dirulaguntzaren xede diren laguntza teknikoen aurrekontua.
b) Entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa, deialdiaren 3.4.a) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzen duena, horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.
c) Balorazio irizpideak frogatzen dituzten agiri osagarriak (ikus 4. apartatua, "Eskaerak baloratzeko irizpideak").
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hauek izanen dira neurri honetako eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Proiektuak askotariko alorretako jarduketak definitzen baditu (20 punturaino):
–Hiru alor edo gehiago: 20 puntu.
–Bi alor: 10 puntu.
–Alor bakarra: 0 puntu.
Jarduketa alor desberdintzat hartuko dira hauek:
–Energia elektriko berriztagarria sortzea.
–Energia termiko berriztagarria sortzea.
–Energia-efizientzia.
–Mugikortasun jasangarria.
b) Energia berriztagarriak noraino ezarri diren (20 punturaino).
–Eskatzaileak ez badu energia berriztagarrien instalaziorik: 20 puntu.
–Eskatzaileak energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru baditu: 10 puntu.
–Eskatzaileak energia berriztagarrien hiru instalazio baino gehiago baditu: 0 puntu.
c) Toki erakunde bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
d) ETE bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
e) Diruz lagundutako jarduketa erronka demografikoko udalerrietan gauzatuko da osorik Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Planean ezarritako irizpidearekin bat (20 puntu).
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa egonez gero, ebazteko kontuan izanen da baloratzen ahal diren jarduketen deskribapenean definitutako ordena bera. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
–Egindako jarduketaren memoria edo proiektuaren kopia.
4. neurria.–Energia berriztagarrien, energia-efizientziaren eta mugikortasun jasangarriaren eta energia eskaria kudeatzeko instalazioen inbertsioak.
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Honako hauekin lotutako proiektuak izanen dira diruz lagungarriak: energia berriztagarriak, energia-efizientzia eta mugikortasun jasangarria eta energia-eskariaren kudeaketa.
Autokontsumo elektrikoko instalazioetarako jarduketen kasuan, honako lan hauekin lotutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak: sortze instalazioa banaketa sarearekin konektatzeko beharrezkoak diren lanak eta jarduketen xede den estalkiaren zatian amiantoa ezabatzearekin lotutakoak.
Autokontsumo elektrikoko instalazioen jarduketen kasuan, ez dira diruz lagungarriak izanen zerbitzuan dagoen sarearen banaketa sareko instalazioak indartzeko, egokitzeko edo eraberritzeko lanak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak.
Autokontsumo elektrikoko instalazioetarako jarduketen kasuan, diruz lagungarriak izanen dira jarduketen xede den estalkiaren zatian amiantoa ezabatzearekin lotutako gastuak.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa honako taula honetan adierazitakoa izanen da, diruz laguntzen ahal den jardueraren tipologiaren arabera, eta %5 handitzen ahalko da 3.4 oinarrian definitutakoaren arabera, onuradun bakoitzeko 100.000 euroko gehieneko mugara arte.
JARDUKETA MOTA | LAGUNTZA PORTZENTAJEA |
Energia berriztagarri elektrikoak | 55 |
Energia berriztagarri termikoak | 55 |
Mugikortasun jasangarria | 35 |
Energia eskariaren kudeaketa | 35 |
Energia-efizientzia | 25 |
Jarduketen xede den estalkiaren zatian amiantoa ezabatzearekin lotutako gastuei dagokienez, 600 euro/kWp izanen da, gehienez, kostu diruz lagungarria kontzeptu horretarako.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Aurreikusitako jarduketaren aurreproiektua.
b) Entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa, deialdiaren 3.4.a) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzen duena, horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.
c) Balorazio irizpideak frogatzen dituzten agiri osagarriak (ikus 4. apartatua, "Eskaerak baloratzeko irizpideak").
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Proiektuak askotariko alorretako jarduketak definitzen baditu (20 punturaino):
–Hiru alor edo gehiago: 20 puntu.
–Bi alor: 10 puntu.
–Alor bakarra: 0 puntu.
Jarduketa alor desberdintzat hartuko dira hauek:
–Energia elektriko berriztagarria sortzea.
–Energia termiko berriztagarria sortzea.
–Energia-efizientzia.
–Mugikortasun jasangarria.
b) Energia berriztagarriak noraino ezarri diren (20 punturaino).
–Eskatzaileak ez badu energia berriztagarrien instalaziorik: 20 puntu.
–Eskatzaileak energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru baditu: 10 puntu.
–Eskatzaileak energia berriztagarrien hiru instalazio baino gehiago baditu: 0 puntu.
c) Toki erakunde bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
d) ETE bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
e) Diruz lagundutako jarduketa erronka demografikoko udalerrietan gauzatuko da osorik Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Planean ezarritako irizpidearekin bat (20 puntu).
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa egonez gero, ebazteko kontuan izanen da baloratzen ahal diren jarduketen deskribapenean definitutako ordena bera. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
–Gauzatutako jarduketaren proiektua nahiz justifikatzeko memoria, egoki denarekin bat eta egikaritutako instalazioari aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz.
–Hala badagokio, behe tentsioko instalazio elektrikoen erregistro zenbakia edo eraikinetako instalazio termikoena, kasua zein den.
–Eskatzaileak amiantoa kentzeko laguntza gehigarriaren eskaera sartu badu, aplikatu beharreko araudian ezarritako betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
5. neurria.–Energia komunitateen aldeko hitzarmenak eta/edo espazioen lagapenak garatzea.
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honek barnean hartzen ditu energia komunitateen aldeko hitzarmenak eta/edo espazio lagapenak garatzeko beharrezkoak diren laguntza tekniko eta/edo juridikoko zerbitzuak kontratatzea.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Diruz laguntzen ahal den gastuaren %75eko laguntza emanen da, baina 5.000 euro gehienez. Laguntzaren zenbatekoa %5 areagotzen ahalko da 3. oinarriko 4. apartatuarekin bat.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza hau eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Dirulaguntzaren xede diren laguntza teknikoen aurrekontua.
b) Entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa, deialdiaren 3.4.a) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzen duena, horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.
c) Balorazio irizpideak frogatzen dituzten agiri osagarriak (ikus 4. apartatua, "Eskaerak baloratzeko irizpideak").
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Laguntza honen 5. neurriaren arloko eskaerak baloratzeko irizpideak hauek dira:
a) Hitzarmena edo lagapenak administrazio publikoekin gauzatzekoak badira: 40 puntu.
b) Toki erakunde bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
c) ETE bat edo batzuk energia komunitateko kide badira. (20 puntu).
Energia komunitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.
d) Diruz lagundutako jarduketa erronka demografikoko udalerrietan gauzatuko da osorik Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Planean ezarritako irizpidearekin bat (20 puntu).
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa egonez gero, ebazteko kontuan izanen da baloratzen ahal diren jarduketen deskribapenean definitutako ordena bera. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
–Planifikatutako jarduketa garatzeko hitzarmenaren kopia, eta/edo espazioen lagapenen ziurtagiria, inplikatutako alderdi guztiek sinatua.
III. ERANSKINA.–EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA SUSTATZEKO ETA POBREZIA ENERGETIKOAREN AURKAKO NEURRIAK
1. Emakumeen eta gizonen berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, horretara nahitaez beharturik ez badago.
2. Azken hiru urteetan lege-esparrua gainditzen duten kontziliazio-neurriak aplikatu izana. Hori egiaztatzeko, neurriak zehazten dituen ziurtagiria aurkeztu beharko da, enpresak eta langileen ordezkariek sinatua.
3. Indarrean dagoen aitorpen edo bereizgarri bat lortu izana tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik (adibidez, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna Enpresan" bereizgarria, Adiskidetze Zigilua, eta abar), berdintasun-plan bat izatera behartuta egonez gero, plan hori REGCON erregistroan erregistratu bada.
4. Azken bi urteetan berdintasunerako prestakuntza ekintzak diseinatu eta egin izana etengabeko prestakuntzako planean.
5. Entitatearen webgunean, liburuxketan eta komunikazio-kanpainetan hizkuntza idatzi eta bisual ez-sexista erabiltzen dela egiaztatzea, erabilitako euskarriak aurkeztuz.
6. Berdintasunarekiko konpromiso argi eta agerikoa frogatzea (aipatzen dena balio edo printzipio gidarien artean, webgunean, liburuxketan, publizitate kanpainetan eta abarretan).
7. Frogatzea badela aurrekontuko partida berariazko bat, egiteko emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ekintzak.
8. Gobernantza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela egiaztatzea.
Pobrezia energetikoaren aurkako neurriak hartu direla egiaztatzea; besteak beste, kontsumitzaile kalteberak energia komunitatean sartu direla egiaztatzea.
Iragarkiaren kodea: F2418443
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
