Iragarkia
18. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
313E/2024 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeei (udal eta kontzejuei) dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egin ditzaten 2025ean. DDBN identifikazioa: 803504.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.
Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen "Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udal Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa". Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, deialdi bakoitzaren esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.
2025eko ekitaldian, deialdiaren jomugatzat hartuko dira ikastetxearen funtzionamendurako funtsezkoak diren obrak, hezkuntza jarduera normaltasunez garatzeko presako esku-hartze saihetsezina behar dutenak. Era berean, laguntzak bideratuko dira segurtasunaren arloko indarreko araudira egokitzeko eta ikastetxeetako irisgarritasuna hobetzeko lanetara.
Toki erakundeek aukera izan dezaten beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak hobetzeko inbertsio proiektuetarako laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako toki erakundeei (udalei eta kontzejuei) dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea 2025eko ekitaldian inbertsio proiektuak gauza ditzaten beren titulartasuneko unibertsitate-mailaz kanpoko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak hobetu eta birmoldatzeko. Dirulaguntzak 2025erako gastu aurrekontuan "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" kontzepturako ezartzen den 410001 41800 7609 325100 partidaren kargura ordainduko dira, gehienez 750.000 euro, kreditu nahikoa eta egokia egoteko baldintza etengarriarekin.
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
410001-41800-7609-325100: Udal jabetzako ikastetxeetako obrak | 2025 | 750.000,00 |
2. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea. Oinarriok betetzen dute azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa, eta ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Obren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
5. Ebazpen honen aurka, administrazio publiko interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko abenduaren 19an.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.
ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO TOKI ERAKUNDEEI (UDALEI ETA KONTZEJUEI) DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, HAUR HEZKUNTZAKO 2. ZIKLOKO, LEHEN HEZKUNTZAKO (LEHEN HEZKUNTZA-DBH) ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXE PUBLIKOAK HOBETU ETA BIRMOLDATZEKO OBRA PROIEKTUAK GAUZA DITZATEN 2025EAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena. Helburua.
Ebazpen honetan jasotzen diren dirulaguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoetako udal eraikin eta instalazioak hobetu eta birmoldatzeko proiektuak finantzatzeko erabiliko dira.
Bigarrena. Onuradunak.
Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki erakundeek eska ditzakete.
Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden erakundeak.
Hirugarrena. Xedea.
Ondotik zehazten diren jarduketak dira diruz lagungarriak, 2025eko ekitaldian egiten badira Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzakoetan, Bigarren Hezkuntzakoetan eta Lehen Hezkuntza-DBHkoetan:
a) Eraikinak edo instalazioak hobetu edo birmoldatzeko obrak, presako esku-hartze saihetsezina beharrezkoa denean nahitaezko instalazioak izateagatik ikastetxearen eguneroko jardun egokia normaltasunez bete dadin bermatzeko, eta zehazki hauek:
–Egituraren segurtasuna.
–Eraikina irazgaiztea.
b) Espazioak eta instalazioak segurtasun arloko indarreko araudira egokitzeko obrak.
c) Hezkuntza espazioak irisgarritasun unibertsalaren arloko indarreko araudira egokitzeko obrak, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Segurtasun, Erabilera eta Irisgarritasun agirietan eta arlo horretan aplikatu beharreko indarreko foru arauetan jasota dagoen bezala, bai eta eskola-eremuko edo eraikineko sarbideak egokitzekoak ere.
Salbuespenez, dirulaguntza jaso dezakete 2024ko ekitaldian egindako obrek, presakoak eta nahitaez egin beharrekoak izan badira, udalak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen presako deklarazio formala egin badu, eta departamentu honi jakinarazi. Eskaera horiek baloratzeko, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako irizpideak eta puntuazioak erabiliko dira.
Deialdi honetan, gehienez 750.000 euro berdindu arte eman daitezke dirulaguntzak, banaketa honen arabera: 350.000 euro a) eta b) ataletako jarduketetarako, eta 400.000 euro c) ataleko jarduketetarako.
Zenbateko hori handitzen ahalko da, baldin eta partidari aurrekontu handiagoa egozten bazaio Nafarroako aurrekontu orokorrak onetsitakoan.
Aurrekontuko dirua agortzen ez bada c) epigrafeko eskaerei heltzeko, zenbateko erabilgarria baliatuko da a) eta b) epigrafeetako gainerako eskaerei heltzeko, eta alderantziz.
Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko laguntza teknikoaren ordainsariak diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikinaren eta bertako instalazioen ohiko mantentze-obrak egitea ere. Muga horretatik kanpo daude eraikinetako eremu komunetan zerbitzu irisgarriak sortzeko beharrezkoak diren bitartekoak. Adibidez, honako hauek:
–Plataforma jasotzaileak.
–Indukzio magnetikoko begizta-sistemak edo parekoak, mostradore eta ekitaldi-aretoetarako.
–Eraikinaren seinaleztapenerako eta informaziorako plakak, panelak eta materialak (irisgarritasuna ematen duten sistema teknologikoak barne, hala nola QR kodeak edo antzekoak, bluetooth balizak, etab.).
–Komunetako kabina irisgarrien eta aldageletako kabina irisgarrien gailu eta mekanismo osagarriak.
Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da deialdi honen ondorioetarako, udalak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu.
Laugarrena. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.
Ikastetxe bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa da, jarduketa diruz lagungarri guztiak hartuta.
Dirulaguntzen portzentajeak, ikastetxe motaren edo helburu duten jarduketaren forma zehatzaren arabera, honakoak izanen dira:
1. Obrak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %65 gehienez.
2. Obrak Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek partekatuz erabiltzen dituzten egoitza edo instalazio komunetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez.
3. Obrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez.
4. Obrak Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetako obren kasuan.
5. Ezaugarri soziodemografiko bereziak dituzten herriei arreta ematen dieten ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan egiten diren obrak, horietan lerro osoa ez badute, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria aplikatuz: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetako obren kasuan.
Bosgarrena. Eskaerak noiz eta non aurkeztu.
Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera bat aurkeztuko da jarduketa bakoitzeko, 7. oinarrian aipatzen diren esku-hartze moten arabera.
Aurkeztutako eskaeran jarduketa bat baino gehiago jasotzen bada, ebaluazio-batzordeak ikastetxearentzat lehentasunezkotzat jotzen duena baizik ez da kontuan hartuko eta baloratuko. Eskaera horretan jasotzen diren gainerako jarduerek ez dute dirulaguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz.
Tramitazio elektronikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.
Hala xedatzen baitu 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.
6. Dokumentazioa.
a) Eskaerak toki erakundeen legezko ordezkariek aurkeztu beharko dituzte; beraz, hezkuntza komunitatearen barnean (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) sustatzen den edozein eskaera ordezkari horien bidez bideratu behar da.
b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, agiri hauek erantsita:
b.1. Dirulaguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratuaren, memoria baloratuaren edo obra aurrekontuaren ale bat, aurrekontua partidaz partida xehakatuta.
Proiektua edo memoria baloratua deialdi honetan aurretik aurkeztu bada, eta eguneratuta badago, aski izanen da inguruabar hori eskaeran adieraztea, frogagiri batekin batera.
Proiektatu diren obren izaera dela eta, faseka egin daitezkeenean, espresuki adieraziko dira hobespenak edo lehentasunak.
Proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira, eskaera bereizietan, esku-hartzeak bereiziak badira, 7. oinarriko esku-hartze moten arabera.
Eraikin mistoen kasuan (haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza ematen direnean), aurrekontu independenteak aurkeztu beharko dira, deskribatutako jarduketa alde baten edo bestearen eremuan dagoen kontuan hartuta.
b.2. Instalazioa nola dagoen eta dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea noraino den presakoa baloratzeko, txosten bat ere erantsiko da, non esku-hartzearen xedeko instalazioen edo eraikinaren oraingo egoera, eraberritu ondorengo egoera eta lortu gogo den helburua jasoko baitira, eta argazkiak ere aurkeztuko dira. Balorazio horretan, kontuan hartuko da erantsitako dokumentazioa.
c) motako jarduketetarako, balorazioak barnean hartuko du jarduketak irisgarritasunaren aldetik ekarriko dituen hobekuntzak deskribatzen dituen memoria bat, egungo arazoak eta aldaketek nola konponduko dituzten azalduta.
b.3. Udal erabakia honakoetarako:
–Obrak onesteko, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.
–Oinarri hauek betetzeari buruzkoa.
b.4. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udalaren edo kontzejuaren konpromisoa, aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa egon dadin dirulaguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko, eskatzen den dirulaguntzaren adjudikaziodun izanez gero. Nahikoa krediturik ez baldin badu, dirulaguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko dio Hezkuntza Departamentuari, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean.
b.5. Adierazpena, hauei buruzkoa (I. eranskineko ereduaren arabera):
–Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.
–Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortu diren beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.
–Toki erakundearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak.
–Toki erakundearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela kasuko ikastetxearen berezko erabiltzaileak (irakasleak eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.
b.6. Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua betez.
b.7. Dirulaguntzaren xede den eraikinaren edo eraikin zatiaren antzinatasuna frogatzen duen agiria.
b.8. Obren xede den ikastetxeko zuzendaritzak emandako aldeko txostena.
b.9. Kasua bada, udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.
b.10. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.
Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio. Halaber, eskatutako zuzenketa aurkeztu ondoren zuzena ez bada, ez onartutzat joko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
c) Eskaera aurkezteak berekin dakar toki erakundeek deialdi honetan adierazitako oinarri arautzaileak betetzea.
7. Jarduketa diruz lagungarriak.
Deialdi honen xedetzat hartuko diren jarduketak:
a) Presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obrak egitea. ikastetxearen eguneroko jardun egokia normaltasunez betetzen dela bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik, zehazki hauek:
a.1. Eraikinaren segurtasuna.
a.2. Eraikina irazgaiztea.
b) Espazioak eta instalazioak segurtasunaren arloko indarreko araudira egokitzeko obrak egitea (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak direnean eta ikastetxearen titularra den toki erakundeak bere gain ezin har ditzakeenean, erakundearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera gertatu delako, ebaluazio-batzordeak baloratuko duena.
c) Hezkuntza espazioak irisgarritasun unibertsalaren arloko indarreko araudira egokitzeko obrak eta moldaketak.
c.1) Eskola-eremuko eta/edo ikastetxeko sarbideek, batez ere sarbide nagusiak, arkitektura-oztoporik ez izatea eta osatzen duten elementuetan EKTaren DB SUA betetzea lortzen duten edo ildo horretan hobekuntza ekartzen duten jarduketak.
c.2) Ikastetxeko solairuak igogailu irisgarriak instalatuz edo moldatuz bertikalki komunikatzen dituzten jarduketak.
c.3) Ikastetxea osatzen duten eraikinetako ikasgelak, eremuak eta espazioak horizontalki modu irisgarrian komunikatzen dituzten jarduketak. Bai irakaskuntzako erabilera publikokoak bai irakaskuntzako erabilera murriztukoak.
c.4) Ikastetxeko komunak eraberritzea. Unisex kabinak izan daitezke.
c.5) Aldageletan moldaketak egitea, kabina, komun edo dutxa irisgarri bat egokitzeko.
c.6) Eskaileren segurtasuna hobetzeko jarduketak, EKTak eskatutako lerradurarekiko erresistentzia betetzen dutela bermatzeko. Horretarako, eskailera-mailetan bandak instalatuko dira, ikusiz edo ukituz detektatzeko modukoak izan daitezen, eta solairuetako eskailera-buruetan seinaleztapen-bandak, eskudelak eskailerari aplikatu beharreko araudira egokituko dira edo eskailera-mailak eta atalak berriro diseinatuko dira, araudiarekin bat etor daitezen.
c.7) Ebakuaziorako abisu-sistemaren irisgarritasuna hobetzea, eraikinaren erabilera publiko eta pribatuko eremuetan argi-abisuak jarriz, gorrentzat ere irisgarria izan dadin. Irteerak eta ebakuazio-bideak adierazten dituzten ebakuazio-seinaleak birdiseinatzea eta aldatzea, bide irisgarriak ere kontuan har ditzaten. Eta suteen aurka babesteko eskuzko bitartekoen eta lehen sorospeneko bitartekoen seinale adierazgarriak birkokatzea edo aldatzea, gurpil-aulkitik eskuratzeko modukoak izan daitezen, eta makila zuria erabiltzen duten itsuentzat detektatzeko modukoak.
c.8) Ikastetxe barruko seinaleak moldatzea, irisgarritasun-irizpideak kontuan hartuta: direktorioak, kolorearen erabilera eremuka, braillea, erliebe altua, piktogramak eta irakurgarritasun handia.
c.9) Patioan eta beste josteta-eremu batzuetan arkitektura- eta zentzumen-oztopoak kentzea.
c.10) Atezaindegietan eta idazkaritzetan mostradore irisgarria instalatzea (altuera bikoitza; gainalde baxua, azpiko hutsunearekin; edo begizta magnetikoa). Irakurgarritasun handiko seinaleak jartzen ahalko dira.
Jarduketa bat baino gehiago gauzatuz gero, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira, eskaera bereizietan, aurreko zerrendako esku-hartze moten arabera.
8. Deialdiaren 7. oinarria betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.
8.1. Aurreko oinarriko a) eta b) epigrafeetako eskaeren artean lehentasuna ezartzeko, honako irizpide eta puntuazio hauen arabera baloratuko da esku-hartze bakoitza. 40 puntu gehienez, honela banaturik:
I) Esku-hartzea presakoa izatea eta instalazioaren aldez aurreko egoera. Kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den obra zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen jardun egokirako. Esku-hartzeei puntu gehiago emanen zaizkie baldin eta, egin ezean, bereziki ukitzen badituzte ikastetxearen jarduneko funtsezko alderdiak eta segurtasunerako arriskuren bat ekartzen dutenak (30 puntu gehienez).
a.1) Eraikinaren segurtasuna: eraikinaren egiturazko segurtasuna bermatzeko behar diren konponketak baloratuko dira, eraikinaren egonkortasuna kolokan jartzeko arriskuaren arabera (30 puntu gehienez).
a.2) Eraikina iragazgaiztea: nagusiki eraikinaren estalkitik datozen hezetasun eta iragazteak baloratuko dira, eraikinaren bizigarritasunean eragiten duten ukipen mailaren arabera (25 puntu gehienez).
b) Espazioak eta instalazioak segurtasunaren arloko indarreko araudira egokitzeko obrak (suteen aurkako babesa eta suteen detekzioa, erabilera-segurtasuna, etab.): erreferentziazko araudia noraino ez den betetzen eta esku-hartzea presakoa den kontuan hartuta baloratuko dira (20 puntu gehienez).
II) Berritu beharreko eraikinaren zati den instalazioaren antzinatasuna. Eraikinak dituen urteen arabera puntuatuko da (5 puntu gehienez).
i. 100 urte baino gehiago: 5 puntu.
ii. 3 urtetik 100 urtera: 0tik 5 puntura.
iii. 3 urtetik behera: 0 puntu.
III) Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako egituren kopurua. 5 puntu emanen zaizkie hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako egituraren bat (CBU, GA, EU, etab.) duten ikastetxeei. Datu horiek ofizioz emanen ditu Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak (5 puntu).
8.2. Lehentasuna ezartzearren hezkuntza espazioen irisgarritasun unibertsala hobetzeko neurriekin lotutako eskaeretan (aurreko oinarriko c) epigrafean sartuta daude), esku-hartze bakoitza baloratuko da ondotik heldu diren irizpide eta puntuazioen arabera. 40 puntu gehienez, honela banaturik:
I) Esku hartzeko beharra, egungo irisgarritasun-gabeziaren larritasunagatik, eta jarduketak pertsona guztientzat ekarriko lukeen erosotasunagatik, segurtasunagatik eta autonomiagatik (30 puntu gehienez).
c.1) Jarduketak ikastetxeko sarrera nagusiak, gutxienez, arkitektura-oztoporik ez izateko eta hura osatzen duten elementuetan (ateak, eskailerak, arrapalak, zoladurak eta gailuak) EKTaren DB SUA betetzea lortzeko edo ildo horretan hobetzeko (30 puntu gehienez).
c.2) Igogailu/jasogailu bat instalatzea, ikastetxeko solairuak bertikalki komunikatuko dituena, kabina eta ezaugarri irisgarriekin, eta eraikineko eremuetan barnako ibilbide irisgarrietara konektatzen dena, EKTren DB SUA betez (28 puntu gehienez).
c.3) Ikastetxea osatzen duten eraikinetako ikasgelak eta irakaskuntza erabilera publiko eta pribatuko gune eta espazioak horizontalki modu irisgarrian komunikatzen dituzten jarduketak. Bereziki, ateen zabalerak birdiseinatzea eta egokitzea, oztopo irtenak ezabatzea, arrapalak irisgarri jartzea eta eskailera-maila isolatuak ezabatzea, kontraste kromatikoak egitea hormen eta zoruen artean eta hormen eta ateen artean, eta gida-zerrendak jartzea, beharrezkoa izanez gero, 100 m²-tik gorako espazioetan (26 puntu gehienez).
c.4) Ikastetxeko komunak eraberritzea, irisgarriak izan daitezen (26 puntu gehienez).
c.5) Aldagelak eraberritzea, kabina, komun edo dutxa irisgarri bat jartzeko (21 puntu gehienez).
c.6) Eskaileren segurtasuna hobetzen duten jarduketak (18 puntu gehienez).
c.7) Ebakuazio kasuetarako abisu sistemaren irisgarritasuna hobetzea, irteerak eta ebakuazio bideak adierazten dituzten ebakuazio seinaleak birdiseinatu eta aldatzea bide irisgarriak barne hartzeko, eta suteen aurka babesteko eskuzko bitartekoen eta lehen sorospeneko bitartekoen seinale adierazgarriak birkokatzea edo aldatzea, gurpil-aulkitik eskuratzeko modukoak izan daitezen, eta makila zuria erabiltzen duten itsuentzat detektatzeko modukoak (15 puntu gehienez).
c.8) Ikastetxe barruko seinaleak moldatzea, irisgarritasun-irizpideak kontuan hartuta: direktorioak, kolorearen erabilera eremuka, braillea, erliebe altua, piktogramak eta irakurgarritasun handia (9 puntu gehienez).
c.9) Eskola-eremuko sarbideetan, patioan eta beste josteta-eremu batzuetan arkitektura- eta zentzumen-oztopoak kentzea (12 puntu gehienez).
c.10) Mostradore irisgarria jartzea (6 puntu gehienez).
II) Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako egituren kopurua. Balorazioa emanen zaie hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako egituraren bat (CBU, GA, EU, etab.) duten ikastetxeei. Datu horiek ofizioz emanen ditu Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak (10 puntu).
i. 3 egitura edo gehiago: 10 puntu.
ii. 2 egitura: 6 puntu.
iii. 1 egitura: 3 puntu.
iv. 0 egitura: 0 puntu.
7. oinarrian ezartzen den bezala, hainbat dirulaguntza eska daitezke, esku-hartze moten arabera, eta, kasu horretan, eskaera, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu bat aurkeztuko da eskaera bakoitzeko.
Esku-hartze bakoitzaren puntuazioa kalkulatzeko, I), II) eta III) azpiatalak batuko dira, 8.1 ataleko jarduketen kasuan, eta I), eta II) azpiatalak batuko dira, 8.2 ataleko jarduketen kasuan.
Ikastetxe bakoitzak guztira ezin ditu 60.000 euro baino gehiago eskuratu, dirulaguntza guztiak zenbatuta (8.1 eta 8.2 atalak), BEZa barne.
Ikastetxe batek aurkeztutako eskaera guztien dirulaguntzen zenbateko osoa 60.000 eurotik gorakoa bada (BEZa barne), puntuazio handienaren arabera helduko zaie eta, puntuazio bera duten jarduketen kasuan, lehenengo eta behin helduko zaie hezkuntza espazioen irisgarritasun unibertsalaren baldintzak hobetzearekin lotutako jarduketei (8.2 atala), eta bigarrenik 8.1 atalean sartutakoei, non ez den, Hezkuntza Departamentuaren iritzi teknikoaren arabera, alderantziz egin behar, uste duelako irisgarritasun unibertsaleko jarduketa horiek ez direla presako esku-hartze saihetsezin bat, eta bai ordea eraikineko segurtasunari dagozkion jarduketak edo segurtasunaren arloko indarreko araudira egokitzeko jarduketak (suteen aurkako babesa eta suteen detekzioa) Atal bakoitzaren barnean, puntuaziorik handiena lortu dutenak lehenetsiko dira, gehieneko zenbatekora iritsi arte.
Guztizko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, ikastetxeak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako egitura gehien dutenetatik gutxien dutenetara ordenatuko dira.
Berdinketak iraunez gero, lehentasuna 2024-2025 ikasturtean matrikula handiena izan duen ikastetxeari emanen zaio.
9. Ebaluazio-batzordea.
Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obren Ataleko burua, Obren Ataleko teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa).
10. Deialdiaren ebazpena.
Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte 8. oinarriko bi ataletako bakoitzean.
Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.
Bigarrenik, lehentasunen hurrenkeran, onetsita egon arren aurrekontuan diru nahikorik ez egoteagatik diruz lagundu ezin izan diren eskaeretarako, baldin eta obrak 2025eko irailaren 30ean bukatuta badaude (egun hori barne) eta dagokien gastua 2025eko urriaren 10ean justifikatu bada beranduenez (egun hori barne).
Ikastetxeen irisgarritasun unibertsala hobetzeko aurkeztutako eskaerei (8.2 atala) heltzeko aurrekontuko kontsignazioa agortzen ez bada, zenbateko erabilgarria deialdiaren 8. oinarriko 8.1 atalean aurkeztutako gainerako eskaerei heltzeko erabiliko da, eta alderantziz.
Dirulaguntzak emateko eta eskaerak ezesteko ebazpena Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak onetsiko du, aurrez ebaluazio-batzordeak proposaturik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
11. Dirulaguntzen ordainketa.
Dirulaguntza hauek 2025erako gastu aurrekontuan "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" kontzepturako ezartzen den partidaren kargura ordainduko dira, kreditu nahikoa baldin badago, modu hauetako batean:
1. Ordainketa bakarra obrak bukatzen direnean.
2. Ordainketa partzialak, eskema honen arabera:
–%25, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek obra hasieran aurreikusitako aurrekontuaren %25 gainditu dutenean.
–%50, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %75 gainditu dutenean.
–Gainerako %25a, obrak bukatutakoan, justifikatu ondoren.
Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatuta egotea 2025eko irailaren 30ean (egun hori barne) eta frogagiriak aurkeztea 2025eko urriaren 10ean beranduenez (egun hori barne). c.2 puntuan aipatutako jarduketetan, salbuespen gisa eta igogailua/jasogailuaren kontratazioa eta entregatzeko epea justifikatu ondoren, instalazioa 2025eko azaroaren 14ra arte egiten ahalko da (egun hori barne) eta frogagiriak 2025eko azaroaren 21era arte aurkezten ahalko dira (egun hori barne).
Agiri horiek Nafarroako Gobernuko Justifikazio Erregistroan aurkeztu beharko dira, zerbitzuen katalogoaren bitartez.
Dirulaguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1. Ordainketa bakarraren ordainketa tramitatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.
b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak -halakorik badago- eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.
c) Egindako ordainketaren frogagiria.
d) Udal edo kontzejuko idazkariaren ziurtagiria, honako honi buruz:
d.1) Obrak funts berekien bidez finantzatzeari buruz (edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuen bidez); hor, zenbatekoak eta funtsen jatorria jasoko dira, eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).
d.2) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzeari buruz, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 40.000 eurotik gorakoa bada, edo egindako zerbitzuena 15.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).
d.3) Obrak bukatu direla, edo bestela, diruz lagundu den zatia bukatu dela (aurreikusita zegoena). Horren ordez, harrera-akta ere aurkezten ahalko da, honako hauek sinatua: zuzendaritza fakultatiboa, halakorik balego, jabea (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikazioduna.
e) Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, egindako obrak gauzatzean arlo horretako indarreko araudia bete dela egiaztatzen duena. 8.2 atalaren babesean egindako jarduketetan, aurkeztu beharko da teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, irisgarritasun unibertsalaren arloko indarreko araudia bete dela egiaztatzen duena, araudi hori betetzeko hartutako neurriak behar bezala arrazoituta.
f) Egindako jarduketaren azken planoak eta argazkiak, bai eraikuntza prozesuarenak, bai amaierakoak.
g) Adierazpena honi buruz (II. eranskineko ereduaren arabera):
g.1) Onuradunak azpikontratazioa egin duen edo ez, deialdiaren 12. oinarriaren 1. puntuaren arabera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen duenarekin bat.
g.2) Publizitate betebeharrak betetzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
g.3) Gardentasun betebeharra betetzea, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer web helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.
2. Ordainketa zatitua tramitatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) %25eko eta %50eko ordainketaren kasuan, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, zuzendaritza fakultatiboak, halakorik badago, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatua, edo, halakorik ezean, udalak emandako agiria, obrak hasi direla ziurtatzen duena. Horrez gain, aurreko puntuko a), b), c), d.1), d.2) eta e) ataletan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.
b) Gainerako %25a ordaintzeko, a, b), c) eta d.3) ataletan adierazitako agiriak.
12. Onuradunek bete beharrekoak:
12.1. Obrak gauzatzea.
Obren finantzaketaren berri emanen da obretan publizitate kartel bat jarriz. Kartelean finantzaketa publikoa dela adierazi beharko da.
Erakunde onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
Obrek hasita egon beharko dute 2025eko irailaren 1a baino lehen. Data horren aurretik hasi ez badira, toki erakundeek Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari adierazi beharko diote espresuki uko egin dietela kasuan kasuko dirulaguntzei, eta horren arrazoiak eman.
Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki erakunde onuradunak hartuko ditu bere gain.
Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.
Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.
12.2. Gardentasun betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.
13. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren toki erakundeek beste administrazio, erakunde eta organismo (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, guztira proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa barne.
Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste organismo publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.
14. Ikuskatzeko bisitak.
Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete, hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.
15. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.
Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.
Formazko alderdiak ez betetzeak ekar dezake dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak ez betetzeak, berriz, ekar dezake dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.
Nafarroako toki erakundeei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatzen ahalko da.
I. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(eskabideari erantsi)
Izen-deiturak: .................................................................................................................................... NAN/IFZa:......................................, ............. denez, eta Nafarroako ............................................... ................................................................ Udalaren edo Kontzejuaren ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).
Jarduketa hau gauzatzeari dagokionez:
..........................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
BERE ERANTZUKIZUNPEAN HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:
a) Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.
b) Toki erakundeak konpromisoa hartzen du bere gain hartzeko dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak, dagokion neurrian.
c) Toki erakundeak konpromisoa hartzen du kasuko ikastetxeen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak bere gain hartzeko, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.
d) Toki erakundeak eskatu edo lortu dituela deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk. BAI EZ
Baiezkoan, aipatu behar da zer erakunderi eskatu edo zer erakundetatik lortu diren deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak, baita haien zenbatekoa ere.
.................................................................................................................................................................
Eskaera aurkezteak berekin dakar toki erakundeek deialdi honetan adierazitako oinarri arautzaileak betetzea.
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura
OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.
II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(erantsi beharrekoa dirulaguntza ordaintzeko)
Izen-deiturak: ....................................................................................................................................NAN/IFZa:......................................,.............denez, eta Nafarroako ............................................................................................................. Udalaren edo Kontzejuaren ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).
Jarduketa hau gauzatzeari dagokionez:
..........................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
BERE ERANTZUKIZUNPEAN HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:
a) Onuradunaren azpikontratazioari dagokionez, bete egin dela deialdiaren 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoa, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharrez.
b) Publizitate betebeharrak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
c) Gardentasun betebeharra bete dela, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera publizitate aktiboari dagokionez, zeina arautu baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan. Interneteko web helbide honetan argitaratu dela emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa:
...........................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura
OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.
Iragarkiaren kodea: F2418680
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
