2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala, ECO eta zero isuriko ibilgailuen hobarietarako. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2024ko azaroaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala, hobariak ezartzeko ECO eta zero isuriko ibilgailuei. Iragarkia 2024ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 19an.
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).
Berriobeitin, 2025eko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.
TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA, ECO ETA ZERO ISURIKO IBILGAILUEN HOBARIETARAKO
1. artikulua. Izaera eta oinarriak.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean derrigorrez ezarria (1995/13311 EDL). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159. eta 166. arteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.
2. artikulua. Hobariak.
1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:
a) %60ko hobaria 0 isuriko ibilgailuendako.
b) %30eko hobaria ECO ibilgailuendako.
2. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, aurrez aurre edo modu telematikoan, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.
3. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean izatea Berriobeitiko Udalarekiko zerga betebeharrak; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.
3. artikulua. Ordenantza indarrean jartzea eta zabaltzea.
Ordenantza honek indarra hartuko du 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritako epea iragan ondoren (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa). Udalak ordenantza honen zabalkundea eginen du eskura dituen baliabideak erabiliz.
Iragarkiaren kodea: L2500584