1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
425E/2024 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntza hauen oinarri arautzaileak eta 2025-2026rako deialdia: "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 7132 esku-hartzean ezarritako laguntzak, Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren (NPEPE) esparruan, Nafarroako Foru Komunitatean. DDBN identifikazioa: 807136.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak arau batzuk ezartzen ditu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago, eta haren bidez 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira. Erregelamendu horrek helburu orokorrak eta horiek lortzeko esku-hartzeak ezarri zituen; besteak beste, kalitate-araubideen informazio- eta sustapen-ekintzetako lankidetzarako laguntzak.
Era berean, Batzordearen 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatua dago, 2021eko abenduaren 7koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua osatzen duena, 2023-2027 aldirako NPEren plan estrategikoetan estatu kideek zehaztutako esku-hartze mota jakin batzuetarako betekizun gehigarriei dagokienez, eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokien (NIBE) 1. arauan jasotako proportzioari buruzko arauei dagokienez. Erregelamendu horrek 47. artikuluan ezartzen ditu aitortutako kalitate-araubide nazionalak.
Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko arauak jasotzen ditu, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du, bereziki IV. titulua, baita aplikatu beharreko kontrol-sistemak eta zehapenak ere.
2023-2027 aldirako NPEren berritasun nagusietako bat da Europar Batasuneko estatu kide guztiek NPEren plan estrategiko bat izan behar dutela. Plan horretan adieraziko dira, egoera eta behar espezifikoak oinarri hartuta, zein diren NPEren helburuak eta Europako Itun Berdearen anbizioa lortzeko esku-hartzeak edo neurriak. Hala, Europako araudia betez, Espainiak NPEren plan estrategiko bat egin du 2023-2027 aldirako. Plan horren helburua da nekazaritza, elikadura eta landa-eremuak modu jasangarrian garatzea, gizartearen elikadura-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakor baten eta landa-ingurune bizi baten bidez, bai eta hura klima-aldaketara egokitzea eta jasangarriagoa bihurtzea ere. Plan hori Europako Batzordearen 2022ko abuztuaren 31ko Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zen. Plan horrek elementu komunak definitzen eta jasotzen ditu, eta neurri jakin batzuk aplikatzeko baldintzak bateratzen ditu.
Honako hauek hartu behar dira kontuan: abenduaren 23ko 30/2022 Legea, zeinaren bidez arautzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen kudeaketa-sistema eta hari lotutako beste gai batzuk; abenduaren 27ko 1046/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren eta NBEUF eta LGENF nekazaritza funts europarren gobernantza arautzen duena Espainian; abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, plan estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena, eta haren aldaketa posibleak.
Esku-hartze horren helburua da kalitatezko produktuen informazioa eta sustapena sustatzea, kontsumitzaileek kalitate-programen babespeko produktuen ezaugarri bereiziak ezagut ditzaten. Horretarako, informazio- eta sustapen-kanpainak eginen dira, produktu horien merkatu-aukerak hobetzeko eta kontsumitzaileek kalitate-programen existentziari eta ezaugarriei buruz duten ezagutza handitzeko. Aipatutako erregelamenduaren arabera, 2023-2027 aldirako NPEren plan estrategiko nazionalean, zeina Europako Batzordeak onetsi baitzuen 2022ko abuztuaren 31ko C (2022) 6017 Betearazpen Erabakiaren bidez, 7132 esku-hartzea sartu da, "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izenekoa.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Ebazpen honek, beraz, esku-hartze hori Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko funtsezko alderdiak ezartzen ditu, eta esku-hartze hori egiteko kreditua ezartzen du. Kreditu hori banakatu da, finantzabidearen arabera: Nafarroako Gobernua eta Europar Batasuna. Gastu publikoaren %25 LGENFek finantzatzen du, eta dirulaguntza gisa ezartzen da, benetan egindako eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.
Eskumen horien artean dago nekazaritzako elikagaien kalitate-deiturak sustatzea eta, bereziki, haien produkzioak sustatzeko ekintzak bultzatzea, kontsumitzaileak produkzio horien ezaugarri eta balioei buruzko informazioa izan dezan eta haien balio erantsia hobe dadin; horrek operadoreen alde jokatzen du, produktu horiek lehentasuna lortzen dutelako bide komertzialetan.
Laguntza horien helburu espezifikoak dira, besteak beste, hobetzea, batetik, nekazariak balio-katean duen posizioa eta, bestetik, gizarteak elikadura eta osasun gaietan exijitzen duenari Europar Batasuneko nekazaritzak ematen dion erantzuna, batez ere, honako hauei: modu jasangarrian ekoitzitako elikagaiak, kalitate handikoak, seguruak eta nutritiboak; xahutzen diren elikagaien kantitatea murriztea; animalien ongizatea hobetzea, eta mikrobioen aurkako botikekiko erresistentziaren aurka borrokatzea.
Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate-figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen agirien bitartez, hala produktuek berez dituzten ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkioten erreferentziengatik, hori guztia kalitate-estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta haren balioak nabarmentzeko modu bat delakoan.
Kontseilu arauemaileek kalitate-figurak kudeatzen dituzte, eta laguntzen dute kalitate-araubideetako nekazaritza-produktuei eta elikagaiei buruzko informazioa ematen eta horiek sustatzen. Kontseilu arauemaile bakoitzaren erregelamenduak ezartzen du zein den haren osaera, eta osatzen duten sektore guztiak ordezkatuta daude. Horrela, bermatzen da kalitate-figuretan esku hartzen duten sektore guztiak elkarlanean arituko direla, eta guztien artean hartuko dituztela erabakiak.
Berriki, aztertu egin da Europar Batasuneko kalitate-politikaren ebaluazioa, EBn babestutako adierazpen geografikoei eta espezialitate tradizional bermatuei dagokienez. Azterketa horretan adierazten denez, nekazaritzako elikagaien eta mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreetako ekoizleen taldeentzako helburu garrantzitsuenetako bat da kontsumitzaileei informazio argia ematea produktuei balioa eransten dieten propietateei buruz eta kontsumitzaileen interes legitimoak babestea. Gomendatu zen, besteak beste, "kontsumitzaileekin komunikatzea". Kalitate-araubideen helburuak egokitzat jotzen dira baita kontsumitzaileentzat ere. Hala ere, Europar Batasuneko estatu batzuetan sistema horren gaineko kontzientziazioa eta ulermena txikia denez, kontsumitzaileek ez dute nahitaez produktu horien garrantzia hautematen.
Azterketa horretan adierazten da, halaber, kalitate-figurak tresna garrantzitsua direla eskualde-nortasuna eta ondare gastronomikoa sustatzeko, bereziki adierazpen geografikoak urte luzez babesten ari diren herrialdeetan. Nolanahi ere, komunitate zientifikoak, zeinak arrakasta-kasu asko identifikatu baititu, adierazi du ezen tokiko kultura-ondare bizia zaintzearekin eta sustatzearekin lotutako dimentsio geografiko hori are gehiago gara daitekeela.
Europar Batasuneko edo Espainiako nekazaritza- eta elikadura-produktuen kalitate-programek kontsumitzaileei bermeak ematen dizkiete produktuaren jatorriari, kalitateari, ezaugarriei eta ekoizpen-prozesuari buruz, nekazariek programa horietan parte hartzen dutelako.
Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, jatorri deitura babestuen (JDB) eta adierazpen geografiko babestuen (AGB) kontseilu arauemaileek eta Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK), babesten dituzten produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeaz eta haien ospea zaintzeaz gain, babestutako ekoizpenak sustatu, haien balioa nabarmendu eta haiei buruzko informazioa emateko eginkizunak dituzte. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da erakunde horiei laguntza instituzionala ematea, finantza ahalmen handiagoa izan dezaten eta, hala, gauza izan daitezen beren helburuak betetzeko beharrezkoak eta osagarriak diren ekintzak burutzeko. Sustapen hori gabe, segur aski, ez dira oso eraginkorrak izanen ekoizpen sistemak, kalitate-kontrola eta produktuaren ziurtapena hobetzeko ahaleginak.
Laguntza horiek funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako nekazaritzaren sektorerako; izan ere, sektore horrek kalitate-figurek babestutako nekazaritzako elikagai ugari ekoitzi eta prestatzen ditu, eta merkatuan jarri behar ditu kontsumitzaileak behar adina ezagutu eta baloratzeko moduan. Gainera, merkaturatze sistema eta erronka berriei erantzuten die, hala banaketa handiaren esparruan, nola nitxo espezializatuen eta zirkuitu laburren esparruan, elikagai kate osoa barne hartuta, bereziki sektore ekoizlea eta eraldatzailea; eta, aldi berean, lanerako aukerak mantentzen ditu, eta aukera berriak sortzen ditu landaguneetan.
Aipatu helburuak bilatzen ditu esku-hartze honek, pizgarriak emanez kalitate-figuren bidez babestuta dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko, figura horiek kudeatzen dituzten entitateek bultzatuta (Nafarroako Foru Komunitatean, hamasei kontseilu arauemaile daude gaur egun).
Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, eta sektorean diharduten emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat.
Kontuan izanik ezen, 2023ko abenduaren 5ean, Nafarroan gauzatzen diren LGENF arloko esku-hartzeen jarraipen batzordeak onetsi zituela deialdi honetako oinarri arautzaileetan 7132 esku-hartzerako aplikatzen diren Eragiketak Hautatzeko Irizpideak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Ebazpen hau maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean ematen da, foru dekretu horren bidez arautzen baita Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua. Aipatu xedapen horren bidez, ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari foru dekretu hori garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, bere eskumenen esparruan betiere, eta, bereziki, osorik edo partez Europako nekazaritzako funtsen bidez finantzatzen diren dirulaguntzen arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko urriaren 23ko Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion 2026ko ekitaldian 1.100.000 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren (NPEPE) esparruan "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 7132 esku-hartzearen laguntza emateko, 2025-2026rako deialdiari dagokionez. Baimena eman zitzaion, halaber, deialdi horretarako baimendutako kreditua handitzeko ere, nekazaritza-ustiategietan inbertitzeko laguntzen partidaren kargura, gehienez 200.000 euro.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 7132 esku-hartzearen 2025-2026rako deialdia eta oinarri arautzaileak, Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren (NPEPE) esparruan, ebazpen honen I. eranskinean jaso den moduan, baita II. eranskinetik IV. eranskinera bitartekoak ere.
2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta 18. oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.
3. Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 1.100.000 euroko gastua baimentzen da 2026ko ekitaldirako, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, 2026ko ekitaldian horretarako gaituko den partida baten kargura, zeina izanen baita 2024ko gastu aurrekontuan dagoen partida honen baliokidea: "NPEPE LGENF 2023-2027. Nekazaritzako Produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 720003 72200 4459 413107 partida. Aipatutako gastuaren %25 LGENFek finantzatzen du.
Partidan baimendutako kreditua 200.000 euro handitzen ahalko da gehienez, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta aurrekontu-baliabiderik badago. Handitze hori ordainduko da, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, 2026ko ekitaldian horretarako gaituko den partida baten kargura, zeina izanen baita 2024ko gastu aurrekontuan dagoen partida honen baliokidea: "NPEPE LGENF 2023-2027. Nekazaritzako Ustiategietan inbertitzeko laguntzak" izeneko 720004 72200 7700 412113 aurrekontuko partida.
4. Laguntza-eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, 45 eguneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
5. Muga natural nabarmenak dituzten mendialdeak, goi-mendiak eta mendialde ez direnak Nafarroako NPEren plan estrategikoaren NPEPE 6613 esku-hartze fitxan jasotzen dira "Muga naturalak edo beste mugaketa espezifiko batzuk dituzten eskualdeetarako laguntzak" izenekoan.
6. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.
7. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
8. Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 18an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
Iragarkiaren kodea: F2500277