18. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5757E/2024 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita 750.000 euroko gastua eta onesten baitira 2025erako dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko, haiek kontratatzeko konpromisoarekin. DDBNeko identifikazioa: 805285.

Europa 2020 Estrategiak ezartzen duenez, enplegua sortzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea dira Europako instituzio eta erakundeen funtsezko helburuetako eta oinarrietako bi.

Ildo horretatik, Enpleguari Aktiboki Laguntzeko Espainiako 2021-2024 Estrategiaren arabera, prestakuntza da bi helburu horiek lortzeko lehentasunezko zazpi ardatzetako bat.

Nafarroako Enplegu Politika Aktiboen 2021-2024 Planak bere helburu espezifikoen artean definitzen ditu, batetik, prestakuntza hori planifikatzea eta diseinatzea (eskaeren eta beharren araberako lurralde ikuspegi batekin) eta, bestetik, hura talde guztietara zabaltzea. Eta, ezartzen dituen neurrien artean, honako hauek aipatzen ditu: "kontratatzeko konpromisoa berekin dakarren prestakuntza" bultzatzea eta "ordezkaritza txikia duten sektoreei lotutako prestakuntzan emakumeen parte hartzea" sustatzea.

Horrez gain, 2023an argitaratutako "Enplegu eskaintzaren eta eskariaren arteko doikuntza" azterlanean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) zehaztu egiten du, batetik, zer arazo dituzten enpresek lanpostuetarako profil egokia duten langileak aurkitzeko eta, bestetik, zer arazo dituzten pertsonek enplegua lortzeko.

Ildo horretatik, "Nafarroako langile faltari buruzko analisia. 2023" izeneko txostenean, Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) azpimarratu egiten ditu enpresek lanpostu jakin batzuk betetzeko dituzten zailtasunak –3.479 lanpostu betetzeko zailtasunak dituztela dio–, eta prestakuntzaren eskaintza enpresen beharretara "behar bezala egokitzea" proposatzen du.

Bestalde, Nafarroako Analisi eta Prospekzio Bulegoaren arabera, langabezia ehunekoa batez beste %9,94koa izan zen 2023an (%9,16koa gizonezkoen artean, eta %10,83koa emakumezkoen artean). Eta genero arrakala handia dela erakusten dute datuek, bai "Lan merkatuari buruzko txostena. Nafarroako 2023ko datuak (SEPE 2024)" lanekoek, bai Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren (aurrerantzean, NL-NEZ) prestakuntza ekintzetako partaidetzari buruzkoek.

Horren aurrean, NL-NEZk erabaki du genero arrakala hori murrizten ere jardutea eta gehien kaltetutako sektoreetan arreta jartzea.

Hori horrela izanik, deialdi honen helburu nagusia enplegua sortzea da, kontratatzeko konpromisoa berekin dakarren prestakuntza sustatuz.

Eta horrez gain, helburu espezifiko hauek ditu: langabeen laneratzea erraztea, enpresen produktibitateari laguntzea kontratazio beharrei erantzunez, eta, azkenik, emakumeei laguntzea emakume gutxi duten sektore profesionaletan laneratzen.

Deialdi hau jasota dago lan arloko enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legean, bai eta ondoren lege hori garatzeko eta betearazteko eman den araudian ere.

Bai lege horretan bai hura garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuan jasota dago, lanerako prestakuntzaren arloko ekimenen barruan, langabeei prestakuntza hori eskaintzea, eta, besteak beste, kontratatzeko konpromisoa berekin dakarten prestakuntza programak eskaintzea.

Bestalde, 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, kontratatzeko konpromisoa berekin dakarten prestakuntza programak barne hartuta. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko aurreikusitako edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, entitate onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Deialdi honetako dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz izapidetuko da. Prozedura hori azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan dago ezarrita, eta xede du beste proposamen batzuekin alderatu beharrik ez duten jarduketak finantzatzea. Horrenbestez, dirulaguntzak emateko ebazpenak eskaeren aurkezpen hurrenkeraren arabera emanen dira, jarduketa diruz lagungarriaren konkurrentzia eta eskatutako gainerako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren betiere, deialdiari esleitutako aurrekontu kreditua agortu arte.

Deialdi hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 326. fitxan dago jasota, enplegua ematea berekin dakarten prestakuntza ekintzen eta hainbat kolektiboren lerroan.

Gobernuak 2024ko abenduaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion NL-NEZko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat izapidetu zezan banakako ebaluazioaren araubidean, langabeak kontratatzeko konpromisoa berekin dakarten prestakuntza ekintzak diruz laguntzeko.

Deialdi honetako dirulaguntzak bat datoz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin.

Halaber, laguntza horiek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat datoz. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, NL-NEZ erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Dirulaguntza publikoak emateko deialdia onestea, 2025ean Nafarroako Foru Komunitatean langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

3. 750.000 euroko gasturako baimena ematea, 2024ko gastuen aurrekontuko "Enplegu konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzetarako eta hainbat kolektiborentzako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren kargura, edo 2025ean ezartzen ahal den aurrekontu partida baliokidearen kargura, aurrekontuetan eginiko esleipenak baldintzatuta.

Gehienez 1.500.000 euroko zenbateko gehigarria baimendu ahal izanen da, beste deialdi batzuetan kreditua soberan egotearen ondorioz aurrekontua-kreditua handitzeagatik edo Konferentzia Sektorialetik datozen diru sarrera handiagoengatik funtsak sortzeagatik. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko abenduaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, langabezia egoeran dauden langileak kontratatzeko konpromisoa berekin dakarten prestakuntza ekintzak finantzatu daitezen, Nafarroako Foru Komunitatean.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Honako hauek izaten ahalko dira deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun:

a) Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten enpresak, haien elkarteak edo entitateak, diruz lagundutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa beren gain hartzen badute.

b) Prestakuntza entitateak, publikoak zein pribatuak, barnean sartuta Lanbide Heziketako titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak. Kasu honetan, prestakuntza erakundeek kontrataziorako konpromisoa beren gain hartzen ahalko dute, kontratazioa eginen duten beste enpresa batzuekin akordioak edo hitzarmenak sinatuz, azken horiek Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak badituzte, betiere. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain diruz lagundutako prestakuntza jarduera hori gauzatzeko nahiz kontratatzeko konpromisoa betetzeko ardura.

c) Prestakuntza entitate publiko edo pribatuen, enpresen eta haien elkarte edo entitateen taldeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Taldeko entitate guztiek bete beharko dituzte entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak. Talde horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, entitate onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, taldeko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere entitate onuraduntzat hartuko baitira. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio epea iragan arte.

2.2. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak, enpresak eta haien elkarteak edo entitateak eta Lanbide Heziketako titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko prestakuntza entitateen erregistroan inskribatuta egon beharko dira dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko instalazioak eduki beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, behar bezala inskribatutakoak.

Paragrafo honetan aipatzen den inskripzioa ez zaie eskatuko prestakuntza hori beren langileei ematen dieten enpresei, prestakuntza hori beren kabuz eman edo kontrataziora joz eman.

2.3. Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu Nafarroan inskribatuta dituenez beste lokal edo instalazio batzuetan, adierazi beharko du, ekintzen berri emateko jarduerak egin aurretik, zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta haiek erabil dezakeela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza espezialitateetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek, entitate eskatzaileei inskripziorako eskatzen zaien epe berean.

2.4. Honako hauek ezin izanen dira izan oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun:

a) Administrazio publikoak, sozietate publikoak, enpresa publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

b) Kontratazio konpromisoa bere gain hartzen duten enpresak, haien elkarteak edo entitateak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak badituzte eta, eskaera egin aurreko sei hilabeteetan, plantilla murriztu badute. Ondorio horietarako, kontratu mugagabea dutenak eta, hala badagokio, bazkide langileak baino ez dira kontuan hartuko. Ez dira konputatuko heriotzaren, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondoriozko bajak.

c) Prestakuntza erakunde publiko edo pribatuek, titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak barne, baldin eta kontratazioa egiten duten enpresek plantilla murriztu badute Nafarroako Foru Komunitatean dituzten lantokietan, aurreko apartatuan adierazitako baldintzetan.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren kasuetakoren batean dauden entitateak.

2.1 oinarriko c) apartatuan sartutako taldeak ezin izanen dira onuradun izan, baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

3.1. Prestakuntza proiektua:

a) Prestakuntza teknikoa.

Prestakuntza ekintzak izanen dira, prestakuntza espezialitate bakar batek edo espezialitate batek baino gehiagok osatutakoak. Espezialitate batez baino gehiagoz osatuta badaude, prestakuntza ibilbide deituko zaie.

Erreferentetzat izanen dute irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta han ezarritakoak izanen dira ekintza horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak.

https://sede.sepe.gob.es/FOET_CATALOGO_EEFF_SEDE/flows/main?execution=e1s1

Prestakuntza ibilbideen kasuan, prestakuntza espezialitateak osorik edo moduluka ematen ahal dira, betiere modulutan banatuta agertzen badira Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan: Aurkezten den prestakuntza hori NL-NEZk baliozkotu beharko du, horretarako adierazten diren jarraibideak betez.

Planteatzen den prestakuntza hori ez badago jasota Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan, prestakuntza entitateek espezialitate horren alta eskatu beharko dute; horretarako, prestakuntza programa bat eginen dute, prestakuntza beharretara egokitua, eta NL-NEZk horretarako ematen dituen jarraibideak beteko dituzte.

b) Eraldaketa digitalari, garapen jasangarriari eta genero zeharkakotasunari buruzko prestakuntza.

Honako hauei buruzko prestakuntza jarduerak dira: lan ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikazio kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen arteko oreka bermatuta); eta genero zeharkakotasuna. Genero zeharkakotasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero desberdintasunak ezabatzeko, lan prozedurak eta metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte aldaketarako joerak sustatzeko.

Prestakuntza teknikoan ematen diren prestakuntza espezialitateekin lotuta egon beharko du, eta prestakuntza horretan erabiltzen den irakaskuntza modalitate bera erabili beharko da. Prestakuntza teknikoa emateko modalitatea mistoa denean, aurrez aurrekoa edo teleprestakuntzakoa izan daiteke.

Eraldaketa digitalaren arloko prestakuntzarako, NL-NEZk prestatutako erreferentziazko materialak erabiltzen ahalko dira:

https://sites.google.com/view/td-y-sost-ndice-familias-profe/Indice-TD-SNE-familias-profesionales

Halaber, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza espezialitate batzuk erabiltzen ahalko dira erreferentzia material gisa.

Eskatutako prestakuntza tekniko guztiak batera zenbat irauten duen, horrexek zehaztuko du prestakuntza horretarako gehienez finantzatu daitekeena:

–50 ordutik beherakoa bada: 2 ordu.

–100 ordutik beherakoa bada: 5 ordu.

–100 ordukoa edo hortik gorakoa bada: 10 ordu.

Entitateak hiru eremuen artean banatzen ahalko ditu orduak, egokitzat jotzen duenaren arabera.

Salbuespen gisa, NL-NEZk prestakuntza hori ez gauzatzea baliozkotuko du, entitateak justifikazio arrazoitua eman ondoren.

3.2. Koordinaziorako laguntza.

Enpresa elkarte edo klusterrak dira laguntza honen jasotzaile bakarrak, baldin eta prestakuntza proiektuak eskatzen badituzte enpresa txiki edo ertain baten baino gehiagoren kontratazio beharrei erantzuteko.

Koordinazio funtzio hauek barne hartuko ditu: lanbide profilaren definizioa (lanpostuaren funtzioen deskribapena, beharrezko trebetasunak eta gaitasunak), prestakuntza proiektuaren diseinua eta alderdi teorikoaren zein praktikoaren kudeaketa eta jarraipena.

Gehienez ere 2 orduko dedikazioa ezartzen da, parte hartzaile eta hilabete bakoitzeko.

3.3. Prestakuntza ekintzak 6 hilabeteko epean hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta 2026ko ekainaren 30era arte luzatzen ahal dira. Bestela, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzeko ebazpena emanen da, eta entitate horrek ezin izanen du dirulaguntza eskaerarik aurkeztu, lanbide profil berari lotutako proiektu bererako, justifikatutako arrazoiak eta NL-NEZren oniritzia izan ezean.

3.4. Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzak eskolak emateko sistema bimodal baten bidez ere egin ahalko dira, irakasleak eta parte hartzaile batzuk modu presentzialean aritzen direla eta gainerakoak modu birtualean aritzen direla. Horrela, parte hartzaile batzuk ikasgelan egonen dira eta, aldi berean, beste batzuk beste toki batzuetatik arituko dira prestakuntzan, modu partekatuan, ikasgela birtualaren bidez.

3.5. Eskolak emateko sistema bimodalean, ikasgela birtual bidezko prestakuntzak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetan, bai eta modalitate mistoko eta teleprestakuntzako ekintzen zati presentzialean ere.

–Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat edukiko da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, haien datak eta konexio denborak. Horrez gainera, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkien edo grabazioen medioz, adibidez).

–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide gakoak emanen dizkie NL-NEZko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita.

3.6. Eguneko eskola orduak ezin izanen dira 8 baino gehiago izan, eta asteko muga 40 izanen da.

Aurrez aurreko modalitatean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzako modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte hartzaileko. Tutore irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.7. Modalitate mistoan edo teleprestakuntzakoan, entitate onuradunak plataformako esteka eta sarbide gakoak emanen dizkie NL-NEZko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

3.8. Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan eman ahalko dira prestakuntza ekintzak.

4.–Kontratatzeko konpromisoa.

4.1. Enpresek, haien elkarteek edo gainerako entitate onuradunek prestakuntza bukatzen duten pertsonen ehuneko 40 kontratatu beharko dute, gutxienez.

Entitate onuraduna prestakuntza entitate bat denean, kontratazioa beren gain hartzen duten enpresa edo entitateek prestakuntza bukatzen duten pertsonen %40 kontratatu beharko dute, gutxienez. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain prestakuntza jarduera diruz lagundua gauzatzeko nahiz kontratatzeko konpromisoa betetzeko ardura. Enpresa edo entitateekin sinatutako akordioetan, prestakuntza jaso duten langileen kontratazio konpromisoak jasoko dira, kopurutan.

Ondorio horietarako, honela zehaztuko da kontratatu beharreko gutxieneko parte-hartzaile kopurua: prestakuntza bukatzen dutenen %40 kalkulatu eta goragoko zenbaki osora biribilduko da.

Ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzaren iraupenaren %75ean, gutxienez ere, parte hartu baldin badu.

4.2. Honako baldintza hauen arabera beteko da %40ko nahitaezko kontratazio ehuneko hori:

a) Kontratazioak emandako prestakuntza teknikoarekin lotura zuzena duen lanpostu egokietan egin beharko dira. Baldintza horiek betetzen dituela ulertuko da lanpostuaren xedea denean prestakuntza teknikoan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea.

b) Kontratazioa egiteko, epe bat izanen da, prestakuntza ekintzaren lehen egunean hasten dena eta ekintza bukatu eta 6 hilabetera bukatzen dena.

NL-NEZk epe hori luzatzen ahalko du, epea amaitu baino lehen, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

c) Lan-kontratuak lan araudiaren araberakoak izanen dira, eta, ahal dela, mugagabeak edo, bestela, gutxienez 6 hilabetekoak, lanaldi osoa denean, edo 9 hilabetekoak, lanaldi partziala denean. Azken kasu horretan, eguneko lanaldia gutxienez %50ekoa izanen da.

Aldizkako kontratu mugagabe finkoen kasuan, lanaldi osokoak direnean, gutxienez 6 hilabetez lan egitea eskatuko da, kontratua formalizatzen den unetik 12 hilabeteko epean; eta lanaldi partzialekoak direnean, gutxienez 9 hilabetez lan egitea, kontratua formalizatzen den unetik 12 hilabeteko epean.

Kontratuaren mota eta iraupena edozein izanda ere, paragrafoan zehaztutako denboran eutsi beharko zaio enpleguari.

d) Aurreko apartatuan adierazitako aldi baterako kontratazioa kontratu bakar batean egin beharko da.

e) Kontratazio baldintza betetzat joko da, halaber, kontratazioa enpresa talde bereko enpresetan egiten bada edo kontratatu beharreko pertsonak bazkide langile gisa sartzen badira kooperatiba eta lan sozietateetan.

f) Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko ez betetzea nahitaezko kontratazio-ehunekoa, %40koa, non eta ez den kontratatzeko moduko beste ikaslerik.

g) Kontratatutako pertsona edozein arrazoirengatik lanpostutik kentzen bada, entitate onuradunak 15 egun naturaleko epean ordeztuko du, kontratatzeko moduko beste ikaslerik ez dagoenean izan ezik, eta gertaera hori justifikatu beharko du. Lanpostua bere borondatez uzten badu, ordezkapena ez da nahitaezkoa izanen, eta kontratua baliozkotzat joko da.

4.3. Kontratu horiek Gizarte Segurantzaren kotizaziorako pizgarri edo onurez baliatzen ahalko dira, edo kasuan kasuko kontratuagatik legozkiokeen bestelako laguntzez, horrelako pizgarri edo onurak arautzen dituen araudiaren arabera.

5.–Irakasleei ordaintzea.

5.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleei egotzitako beste edozein ere.

Oinarri horretan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

5.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, entitate onuradunak prestakuntza bukatu ondoren aurkeztu beharreko justifikazioko jarduketa memorian eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35, gutxienez, irakasleen kostuak izanen dira.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

5.3. Honela kalkulatuko da orduko kostua: prestakuntza ekintzarako eskatutako dirulaguntzaren %35 zati ekintza horren ordu guztien kopurua.

Zatiketa eginda ateratzen den orduko kostua 40 euro baino gutxiagokoa baldin bada aurrez aurreko modalitatean edo 30 euro baino gutxiagokoa teleprestakuntzan, orduko kostua, gutxienez ere, 40 eurokoa izanen da aurrez aurreko modalitatean eta 30 eurokoa teleprestakuntzan. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate presentzialean eta zenbat teleprestakuntzan.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

5.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35 izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, aurreko puntuan adierazitakoa.

5.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

5.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio itzul dezala eskatutako dirulaguntzaren %35 gehienez, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.

5.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

6.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

6.1. Prestakuntza ekintzetatik gehienez 300 prestakuntza ordurako dirulaguntza emanen da parte hartzaile bakoitzeko.

6.2. Honako dirulaguntza hau emanen da: dirulaguntza ematen den unean NL-NEZk ezarrita dituen modulu ekonomiko espezifikoetan (lanbide arloen arabera xehakaturik) parte hartzaile eta ordu bakoitzeko ezarritako zenbatekoa.

Teleprestakuntza bidez ematen badira ekintzak, modulu ekonomikoak ezin izanen du honako hau gainditu: aurrez aurreko modalitaterako ezarritako modulu ekonomikoaren ehuneko 75.

Teleprestakuntzako modalitatetzat joko da baldin eta prestakuntza ekintzaren aurrez aurreko zatia iraupen osoaren %20 edo gutxiago bada.

6.3. Koordinaziorako laguntza: 22 euro/ordu.

7.–Prestakuntza ekintzetako parte hartzaileak.

7.1. Honako hauek parte hartzen ahal dute deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabezia egoeran dauden langileak, enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

b) Enplegu prekarioa duten langileak; enplegu prekariotzat hartuta indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean, hilean.

c) Enplegu sozial babestuko programetan ari diren landunak.

Nolanahi ere, b) eta c) letretan deskribatutako parte-hartzaileen kopurua ez da izanen programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 baino handiagoa.

Langileak prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera esanen da langileak lanean ari direla edo lanik gabe daudela.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten eraginpean dauden langileen kasuan, Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarritakoa betez.

Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

7.2. Honako hauek ezin izanen dute ebazpen honetan araututako prestakuntza ekintzetan parte hartu:

a) Administrazio publikoetako, sozietate publikoetako, enpresa publikoetako eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateetako langileek.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren enpresetako edo bestelako entitateetako langileek, bai eta dirulaguntza emateko oinarri izan ziren konpromisoak (langileak kontratatzekoak) beren gain hartu zituzten enpresetakoek ere.

7.3. Ikasleen inskripzio orriak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

7.4. Entitate onuradunak hautatuko du nork hartzen duen parte prestakuntza ekintzetan; era berean, ardura izanen du segurtatzeko parte hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko konpetentziak dituztela, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

7.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Hilabete batean hirutan baino gehiagotan huts egitea bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitateko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitateko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

7.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute ez izena eman ez parte hartu NL-NEZk antolatutako beste prestakuntza ekintza batean, harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

7.7. NL-NEZk prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

7.8. Prestakuntza ekintzaren ikaskuntzaren ebaluazioa eginen da. Alderdi horiek modu independentean ebaluatuko dira prestakuntza espezialitate bakoitzean. Parte-hartzaile bat espezialitate batean gai dela jotzeko, espezialitate horretako orduen %75era, gutxienez ere, joan beharko du, eta hura probetxuz gainditu.

8.–Laguntzak eta bekak.

8.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin eta betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Deialdi honetan jasotako beka eta laguntzen onuradun izateko, langabezian egon beharko dute prestakuntza ekintzaren hasieran, eta enplegu zerbitzu publikoetan enplegu eskatzaile gisa izena emanda.

Beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da langabezian egoteari uzten dionean.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Gobernuaren atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), izapideen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Eskaera horietan jasotako informazioa IRIS aplikazio informatikoaren Beken atalean erregistratu beharko da, erabilgarri badago.

Prestakuntza ekintza amaitu eta biharamunetik 10 egun naturaleko epean, erakunde onuradunak NL-NEZra bidaliko ditu eskabideak eta eskatutako laguntzaren edo bekaren arabera eskatutako dokumentazioa, baita beka eta laguntzen eskatzaileen bertaratze erregistro laburraren eredu ofiziala ere. Laburpen horretan, bekak eta/edo laguntzak eskatzen dituzten pertsonak bakarrik jasoko dira.

Bi hilabetetik gorako iraupena duten prestakuntza ekintzen kasuan, erakundeak bitarteko ordainketa bat eskatu ahal izanen du. Kasu horretan, parte hartzaile bakoitzak eskaera bakarra bidali beharko du, dagokion dokumentazioarekin eta eskatutako aldi bakoitzeko beka eta laguntzen eskatzaileen bertaratze erregistroaren laburpenarekin.

Parte hartzaileek prestakuntza saio presentzialetara bertaratu beharra dutenean soilik izanen da bekak eta laguntzak jasotzeko eskubidea. Prestakuntza mistoko edo teleprestakuntzako modalitateetan ere aplikatuko da baldintza hori, eta, halakoetan, modu presentzialean joaten diren egunetan bakarrik izanen da beka jasotzeko eskubidea.

Nolanahi ere, bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe.

8.2. Laguntza eta beka motak.

a) Garraiorako laguntza.

Enplegu eskaeran ageri den helbidea hartuko da kontuan. Beka eta laguntzen eskaeraren helbidea ez badator bat enplegu eskaeran ageri denarekin, azken hori hartuko da kontuan, salbu eta agiri bidez egiaztatzen bada, errolda ziurtagiria edo alokairu kontratua aurkeztuz, beka eta laguntzen eskaeran jakinarazitakoa dela ohiko bizilekua. Garraio laguntza mota hauek jaso daitezke:

a.1) Hiri garraio publikoa. Ezarritako tarifa ofizialak aplikatuko dira, eta gehieneko laguntza 1,5 eurokoa izanen da bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

a.2) Hiriarteko garraio publikoa. Eskabidearekin batera, benetako gastua justifikatzen duen garraio txartelaren kopia aurkeztuko da, eta laguntza gehienez 15 eurokoa izanen da bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

a.3) Norberaren ibilgailua. Norberaren ibilgailua erabiltzeagatiko laguntza emateko ezinbestekoa da garraiobide publikorik ez egotea langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez izatea prestakuntza ekintzarako egokia. Eragozpen hori organo eskudunak aitortu beharko du. Laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

b) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

c) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori NL-NEZko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Kopuru horri gehitu dakizkioke hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa; gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

d) Kontziliaziorako laguntza.

Langabeek laguntza hau jasotzen ahalko dute baldin eta, prestakuntza ekintza hastean, haiekin bizi badira 12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen senideren bat (2. mailara artekoa) eta OAEAParen %75etik gorako errentarik ez badute.

Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

e) Emakumeentzako beka, lanbide arlo jakin batzuetako prestakuntza ekintzetara joateagatik.

Beka hau jasotzeko eskubidea izanen dute honako lanbide arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeek: Nekazaritza; Eraikuntza eta obra zibila; Elektrizitatea eta elektronika; Energia eta Ura; Erauzketa industria; Instalatze eta mantentze lanak; Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa; Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da prestakuntza ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko.

Pertsona batek egun berean parte hartzen badu NL-NEZk enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

f) Desgaitasuna dutenentzako beka.

Beka hau eskatu ahal izateko, %33ko desgaitasun maila edo handiagoa izan beharko da, Estatuko edo autonomia erkidegoko dagokion erakundeak egiaztatuta. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da prestakuntza ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko.

Pertsona batek egun berean NL-NEZk diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

g) Genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Beka hau eskatu ahal izanen dute Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak edo erakunde baliokideak egiaztatutako genero indarkeriaren biktima diren emakumeek. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko.

Pertsona batek egun berean NL-NEZk diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

9.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

9.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxako "Eskaerak aurkeztea" tramitetik, fitxa horretan bertan eskuragarri dagoen eskaera orriaren eredu normalizatua erabilita.

9.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

9.3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen du(t)en pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Prestakuntza proiektuaren fitxa.

c) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa jasotzeko kontua erregistratzen ahal da Kontuen eta ordainketen kontsulta tramitearen bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

d) Onuraduna prestakuntza erakunde bat bada eta beste enpresa batek bere gain hartzen badu kontratazioa, bi alderdiek sinatutako kontratua edo hitzarmena aurkeztu beharko da.

e) Aurrekoaz gain, NL-NEZk espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZk elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

9.4. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2025eko azaroaren 15ean.

9.5. Eskabide bakoitzak prestakuntza proiektu bakarra izanen du.

10.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuko dira, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

11.2. NL-NEZko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.5. Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) "Datu pertsonalen tratamenduaren ardunadunaren akordioa" aurkeztea, Gobernuaren atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoena. Diruz lagundutako prestakuntza hasi aurretik, sinatuta bidali behar da sgestionf@navarra.es helbidera.

b) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

c) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

d) Prestakuntza ekintza hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei jakinaraztea kontrataziorako konpromisoa duen programaren onespena, proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza ekintzan parte hartuko duten ikasleen zerrenda.

e) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera, bai eta eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

f) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.

g) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

h) Entitate onuradunak emanen dio parte hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Diplomaren ziurtagiria NL-NEZk emanen du, IRIS aplikazio informatikoaren bitartez.

i) Kontratatutako pertsona lanpostuan mantentzea, deialdi honetako 4.2 c) oinarrian aipatzen den moduan. Oinarri honetan xedatutakoa bete ezean, 18. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

j) Prozeduraren instrukzio fasean behar den informazioa eta dokumentazioa aurkeztea; prestakuntza ekintzak gauzatzea eta dirulaguntza justifikatzea NL-NEZk ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita; eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, bai eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak ere, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

k) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketaren egokitasunari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

l) NL-NEZri jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik hartu den, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

m) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

n) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

o) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten erakundeek, NL-NEZri igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

p) Oinarri honetan berariaz ezarri ez den orotan, bete beharrekoak izanen dira NL-NEZk ezarritako eginbideak, lanerako prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Jarduerak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Era berean, 12.5 artikuluan adierazten denez, Nafarroako Administrazio publikoek isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko dute, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari oharra egin eta entzunaldia eman ondoren, eskaeran horretarako emandako epea hura bete gabe iragan ondoren.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen konposizioa.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuka banakatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Ordainketa zenbait urterokotan egiten den dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

12.2.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuta daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

13.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezean, ez egintzat joko da prestakuntza ekintza, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala justifikaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte hartzaileen zerrenda IRIS aplikazio informatikoaren bidez bidaliko da, prestakuntza ekintzaren orduen % 25 eman baino lehen.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren % 25 gainditu ez bada.

13.5. Prestakuntza entitateak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du prestakuntza ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko atalean adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira prestakuntzaren % 25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.

13.6. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Konpromiso dokumentuen taula" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen ataleko deialdiaren fitxan.

14.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Diruz lagundutako ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea aurreikus daiteke, diruz lagundutako ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, diruz lagundutako ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Entitate onuradunak aurrerakin eskaera aurkeztu beharko du, funtsez hornitu beharra justifikatuta.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak ordainketa partziala egiteko eskaera aurkeztu beharko du, gauzatutako ekintzak eta gauzatuaren ehunekoa zehaztuta. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa jasotzeko kontua erregistratzen ahal da Kontuen eta ordainketen kontsulta tramitearen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/consulta-de-cuentas-y-pagos.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko txosten bat, 16.2 oinarrian adierazten den bezala.

2. Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, halakorik ez bada, adierazpen bat, egindako unitate fisikoen kopuruari buruz:

–Prestakuntza ekintzagatik: amaitzen duten parte hartzaileak eta prestakuntza orduak.

–Koordinazio jarduketengatik: egindako jardueren eta orduen xehetasunak.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan edo fakturetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru sarreren xehetasunak, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea, gehienez, hilabetekoa izanen da, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2026ko uztailaren 31 baino lehen amaituko da.

Dagokion dokumentazioa aurkezten bada aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko penalizazioa eguneko, %20ra arte gehienez ere.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragaten bada aurreko ataletan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, NL-NEZk entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian aurreikusitako itzulketa prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru sarrera bat egin dela NL-NEZren alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZk espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen gutxienez %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

15.9. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ekintza utzi behar izan dutenean lana aurkitu dutelako, beka baten onuradun gertatu direlako edo lanekoak ez diren praktikak egitea hitzartu dutelako, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian aldiko kontrolen %25, edozein dela ere konektatuta egon diren ordu kopurua.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

15.10. Prestakuntza ekintza presentzialetan, parte-hartzaileek aurreko atalean ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak uzten badituzte prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman ondoren utzi beharko dira bertan behera.

Ekintza presentzialetan ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean egun batean parte hartu duten pertsona guztiek. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean prestakuntza plataforman sartu diren pertsona guztiek.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Parte hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazioan eskuragarri dagoen kalitate digitala ebaluatzeko galdetegiaren bidez eginen da. Prestakuntza entitateak galdetegi hori emanen die parte hartzaileei, ahal dela prestakuntza ekintza bukatu aurretik.

16.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazioak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.

Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 15.4.1 oinarrian aipatutako kalitate ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRISen, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.

16.3. NL-NEZk jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte hartzaileen benetako kopurua zein izan den.

–Parte hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

–Irakasleei ordaindu zaien.

Horretarako, erakunde onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak atzematen badira, NL-NEZk entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Kontratatzeko konpromisoa beretzat hartzen duten enpresek, haien elkarteek edo entitateek beren baliabideak erabiliz edo behin bakarrik azpikontratatuz ematen ahalko dute prestakuntza, partzialki edo osorik. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen eta juridikoen kontratazioa dela ulertzen da.

Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

17.2. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontratatu esleitu zaien prestakuntza jarduera gauzatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez dela ulertzen da.

17.3. Azpikontratazioa entitateari lotutako entitateekin egiten bada, honako inguruabar hauek gertatu beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

17.4. Aurreko atalean aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da dirulaguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean igorritako ebazpenaren bidez. Baimena eman dela ulertuko da aipatu epea igaro denean laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.

17.5. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan ezartzen diren betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Ez baldin badira betetzen deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa egin beharra dagoela erabakitzen den egunera artekoak).

Orobat, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera mailakatuko dira.

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Era berean, ez-betetze osoa gertatu dela ulertuko da diruz lagundutako jarduera ez bada bere helburuen ehuneko 25era iristen, emandako dirulaguntzaren adierazlearen arabera neurtuta.

b) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako portzentajea kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.

c) Prestakuntza bukatzen dutenen ehuneko 40 gutxienez kontratatzeko konpromisoa ez betetzeak berekin ekarriko du likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza gutxitzea edo, kasua bada, likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzultzea. Zer zenbateko itzuliko den zehazteko, kontratatu ez diren ikasleen portzentajeari legokiokeen dirulaguntza ehunekoa kalkulatuko da. Portzentaje hori %20 handituko da, eta hori aplikatuko zaio likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari.

Kontratatutako pertsonak 4.2 oinarrian ezarritako denboran enpleguari eusten ez badio, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuko da.

Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratatutako pertsonen borondatezko bajak.

18.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz abiatuko da, dirua itzuli beharra dakarren kasuren bat gertatu dela ikusten den unetik (oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarrita dauden kasuak).

18.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "Dirulaguntzen arloko arau hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteengatik askatutako zenbatekoak erabil daitezke kontratatzeko konpromisoa atxikia duten beste prestakuntza ekintza batzuk gauzatzeko, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen beste deialdi bat egitea.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta diruz lagundutako jardueretan parte hartzen duten pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen erantzukizuna izanen da aipatutako EBren Erregelamenduaren 13. artikuluan ezartzen den informazioa ematea diruz lagundutako jardueran parte hartzen duten pertsonei.

20.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, hizpide duena lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzea. Aipatu agindua, berriz, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduak aldatu zuen. Aplikagarri izanen dira, orobat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZk jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

21.2. Entitate onuradunak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–PENALIZAZIOEN ARAUBIDEA, EZ-BETETZEEN KASUAN APLIKATU BEHARREKOA

NL-NEZk, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketetan aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da:

1) Ez-betetzeak %20raino zigortuko dira, likidatu beharreko gehieneko diru laguntzari dagokionez, honako graduazio honen arabera:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %10eko penalizazioa.

2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %20 baino gehiago.

3) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Ez jakinaraztea prestakuntza jardueran izandako aldaketak, egunei, ordutegiei, emateko lekuei, irakasleei edo tutoreei dagokienez.

4) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Irakasleei ez ordaintzea deialdian zehaztutakoarekin bat.

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero NL-NEZra.

–Ikasleei gai kalifikazioa ematea ekintzaren %75era bertaratu gabe.

–Hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egin dituzten ikasleei prestakuntza ekintzan jarraitzeko aukera eman izana.

5) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Bertaratze kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta NL-NEZren gordailura bidalitakoak.

Iragarkiaren kodea: F2419050