Iragarkia
179. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
118C/2025 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Suministros Uribo SL enpresaren hitzarmen kolektiboa.
Ikusirik Suministros Uribo SL enpresak aurkeztu duen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31101952012021), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2025eko ekainaren 19an, eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek (ELA) 2025eko ekainaren 13an izenpetu baitzuten.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Suministros Uribo SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31101952012021).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko uztailaren 2an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
BERRIOBEITIKO SUMINISTROS URIBO SL ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
Atariko artikulua.
Alde batetik, Aitor Uriarte Arana jaunak, Suministros Uribo SL enpresa ordezkatuz, eta, bestetik, Raquel López Vives andreak, enpresako langileen ordezkari gisa, ELA sindikatuaren izenean, Suministros Uribo enpresako hitzarmen kolektibo hau sinatu dute.
1. artikulua. Lurralde eremua, eremu funtzionala eta langile eremua.
Lurralde eremuari, eremu funtzionalari eta langile eremuari dagokienez, hitzarmen honek Suministros Uribo SL enpresan izanen du eragina. Suministros Uribo SL enpresaren eremu funtzionala Nafarroako metalaren merkataritza da.
2. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen kolektibo honen artikuluek, ezarritako legezko tramiteak egin ondoren, 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra eta 2026ko abenduaren 31ra arte izanen dute indarra, biak barne.
Itundutako iraunaldia amaitu ondoren, bi alderdietako edozeinek salatzen ez badu, hitzarmena urtero luzatuko da.
Hitzarmen hau salatu nahi bada, bi alderdietako edozeinek egin beharko du, hitzarmena edo urteko luzapena bukatu baino lau hilabete lehenago gutxienez.
Berariaz erabaki da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmena salatu eta hitzartutako iraupena bukatu ondoan hitzarmen hau indarrean mantenduko dela, eta aurreraeragin mugagabea izanen duela, bi alderdiek hura ordezteko beste bat izenpetu arte.
3. artikulua. Arau osagarriak.
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, arau osagarriak izanen dira Nafarroako metalaren merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektibokoak eta hemen adostutakoa osatzen duten legezko xedapen guztiak.
4. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia 1.734 ordukoa izanen da.
Gaur egun lege-proposamen bat izapidetzen ari denez, azkenean proposamen horrek aurrera egiten badu, legeriak lanaldiari buruz xedatzen duena aplikatuko da. Azkenean lanaldia murrizteko akordioa lortzen bada, berariaz adosten da lanaldi murrizketa metatua aplikatuko dela, hartu beharreko egunetan, eta enpresan gaur egun indarrean dauden eguneko lan ordutegiei eta asteko lanaldiei eutsiko zaiela.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, erabaki da lanaldiaren %100 modu erregularrean beteko dela. Hortaz, ez da posible modu irregularrean banatzea.
Lan ondorioetarako, jaieguntzat hartzen dira Mendekoste eta Eguberri biharamunetako arratsaldeak, eta aukerakoa izanen da enpresak horien ordez beste batzuk jartzea, betiere ordu kopuru bera izanda.
5. artikulua. Ordainsariak.
2025. urterako, Nafarroako KPIaren igoera (%2,7) adostu da 2024ko abenduaren 31n indarrean dauden soldata-taulen gainean. Langile bakoitza jasotzen ari den osagarri pertsonalek ez dute igoerarik izanen.
2026. urterako, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeuden soldata-taulen gaineko igoera adostu da, Nafarroako kontsumo-prezioen indizeak 2025. urtean izanen duen igoeraren ehunekoaren araberakoa. Langile bakoitza jasotzen ari den osagarri pertsonalek ez dute igoerarik izanen.
Soldata-taulak I. eranskinean ezarritako zenbatekoen arabera finkatuko dira.
6. artikulua. Lanbide sailkapena.
Lanbide kategoriak hitzarmen kolektibo honen I. eranskinean deskribatutakoen arabera izanen dira.
7. artikulua. Antzinatasuna.
Langileek sorraraz ditzaketen laurtekoen kopurua mugagabea izanen da, eta horiek kalkulatzeko ikastaldia barne egonen da.
Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratu horren iraupena ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.
Laurteko bakoitzaren zenbatekoa hitzarmeneko tauletako oinarrizko soldataren %5 izanen da.
8. artikulua. Aparteko haborokinak.
Uztaileko eta Gabonetako aparteko haborokinak jasotzeko eskubidea duten langile guztiei ordainduko dizkie enpresak, ordainsari guztien hileko baten zenbatekoan.
Enpresak langileei haborokin aldakorrak emanen dizkio, salmenten edo mozkinen arabera. Haborokinak antolaketara moldatuko dira eta ez dira, inola ere, langileak hilabetean jasotzen dituen ordainsari guztiak baino txikiagoak izanen.
Aurreko paragrafoak aipatzen duen haborokina urtean behin ordainduko da eta, kasu guztietan, urte bakoitzeko lehendabiziko hiruhilekoan likidatu beharko da.
9. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak jaiegunekin ordaindu edo konpentsatuko dira, langileak aukeratzen duenaren arabera: 1,5 ordu lan egindako ordu bakoitzeko.
10. artikulua. Bidaiak eta dietak.
Lanarekin lotura duten irteerak enpresaren ibilgailuetan eginen dira.
Joan-etorrietarako langileak bere ibilgailua erabiltzen duenean, enpresak 0,36 euro ordainduko ditu 2025ean egindako kilometroko.
Kilometrajearen zenbatekoa 2026rako eguneratuko da, 2025. urtea amaitzean Nafarroan den KPIaren arabera.
11. artikulua. Gaixotasunak eta istripuak.
Edozein gertakizunen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran, haurdunaldiko arriskua barne dela, enpresak Gizarte Segurantzak ematen duenaren eta soldata osoaren arteko diferentzia ordainduko du, bere kontzeptu guztietan.
Halakorik bada, behin-behinekoz lanpostu egokiago bat emanen zaie haurdun dauden emakumeei, aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketarenak kontuan hartuta.
Gertakizun arruntek eragindako aldi baterako ezintasunen ondorioz lanera ez joatea, behar bezala justifikatuta badago, arrazoia edozein dela ere, ez da zenbatuko azkentze objektibo baten ondorioetarako.
Hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean, ugazaben mutualitateek ez dituzte gaixotasun arruntak kudeatuko.
12. artikulua. Lanetik gelditzeagatiko kalte-ordaina.
Erretiroa hartzen duen langileak, enpresan hogei urte baino gehiago eman baditu lanean, bi hileko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du zerbitzuan emandako hamar urte bakoitzeko. Hamar urte baino gutxiagoko aldiko zatikiengatiko kalte-ordaina epe horretan igarotako denboraren proportzioan kalkulatuko da.
13. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.
Langilea hiltzen bada, haren eskubidedunei enpresak hiru hilabeteko soldata ordainduko die, horietako bakoitza langileak kobratu duen azken soldata adinakoa.
14. artikulua. Laneko arropak.
Enpresak nahitaez emanen dizkie langileei egin beharreko lanerako egokiak diren laneko bi jantzi edo gehiago. Enpresaren eta langilearen arteko lan-harremana hastean emanen dira arropa horiek, eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan edo beharrezkoa denean berrituko dira.
15. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek urtero opor ordainduak izanen dituzte, baldintza hauek kontuan hartuta:
1.–30 egun naturaleko iraupena izanen dute, antolaketa-ondorioetarako 176 lanordu izanen dira, langilearen kategoria edozein dela ere.
2.–Langilea eta enpresa ados jarriko dira oporrak noiz hartu erabakitzeko.
Urtean zehar enpresa uzten duen langileak eskubidea izanen du proportzioan hartzeko, lan egindako denboraren arabera.
Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak urte naturalean dagozkion oporrak hartzerik ez badu, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere.
16. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena izanen du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborarako:
a) Langilearen ezkontzagatik: 20 egun natural. Oporraldiarekin meta daitezke, betiere enpresarekin adostuta eta haren funtzionamendu normala eragozten ez bada.
b) Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben ezkontzagatik: egun natural bat.
c) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben, gurasoen eta koinatu-koinaten gaixotasun larriagatik, behar bezala egiaztatuta: bost egun.
d) Ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen gaixotasun larriagatik, behar bezala egiaztatuta, ospitaleratu behar badira: bost egun.
e) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben, gurasoen eta koinatu-koinaten heriotzagatik: bi egun.
f) Gurasoen heriotzagatik: hiru egun natural.
g) Seme-alaben heriotzagatik: lau egun natural.
h) Ezkontidearen heriotzagatik: zazpi egun natural.
i) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik: egun natural bat.
j) Nahitaezko eginbehar publiko bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
k) Langileek norberaren aferetarako 9 ordu hartzeko eskubidea izanen dute, betiere gutxienez lau egun lehenago jakinarazita.
Lizentzia hauen ondorioetarako, ulertuko da ospitalizazioa gertatzen bada gaixotasuna larria dela.
Izatezko bikoteek lizentzia berberak hartzeko eskubidea izanen dute.
Gertaera eragilea sortzen den unetik beretik kontatuko da lizentzia ordainduen hasiera. Lizentzien iraupena nola banatu adostu eginen da edo ospitalizazioak dirauen bitartekoa izanen da. Gertaera eragilea egun baliogabe batean gertatzen bada, gertaera eragilearen hurrengo egun baliodunean hasiko da lizentzia.
Seme-alaben heriotza, gaixotasun edo jaiotzaren kasu guztietan, bidaia egin behar bada, lizentzia bi egunez luzatuko da.
Legezko zaintzagatiko lanaldi murrizketari dagokionez, langileek lanaldia murriztu ahal izanen dute adingabearen legezko zaintza dela-eta, adingabeak hamalau urte bete arte. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentzia alditzat.
17. artikulua. Kulturarako laguntza.
Langileen kultur eta lanbide maila igotzeko asmoz, enpresak Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako eskoletan eta hizkuntza eskolan euskara ikasteko edo lantokiaren herri berean dagoen antzeko ikastetxe batean ikasteko matrikula gastuak ordainduko dizkie langile guztiei, betiere ikasketa horiek lanorduetatik kanpo egiten badituzte eta ikasketen aprobetxamendua normala baldin bada. Hori ikastunei ere aplikatuko zaie; dena den, justifikatu gabeko faltak eskubide hori galtzea ekarriko du. Enpresak erraztasunak emanen ditu ikastunak arratsaldeko zazpietan atera daitezen lanetik, artikulu honetan ezarritakoa erabiltzen ahal izan dezaten.
18. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.
Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez den guztirako, indarreko legerian ezarritako arauak aplikatuko dira.
Langileak behartuak daude lanaldiaren azken orduan egiten ari diren operazioak bukatzera, lanaldi arruntean jarri beharreko ardura berarekin.
Langile bat delitu arrunt batengatik edo arrunta ez den delitu batengatik atxilotua izan arren auzipetzen ez badute edo, auzipetuta izanda ere, absolbitzen badute, ez zaio kontuan hartuko arrazoi horregatik lanera agertu ez izana; beraz, ez da justifikatu gabeko absentziatzat joko, eta horren ondorioz ez dute inola ere kaleratuko.
Kontratazioa.
Lanaldi partzialeko kontratuak hamabi ordutik gorakoak izanen dira beti, eta kontratuetan benetako lanaldia, zentroa, egunak eta ordutegiak finkatuko dira. Enpresak baldintza horiek aldatzen ahalko ditu, beharrezkoa dela behar bezala egiaztatuta.
Kontratazioa, edozein modalitatetan, legeria indardunean xedatutakoari lotuko zaio.
Ekoizpen gorabeherengatik gertatzen diren behin-behineko kontratazioetan, haien iraupena hamabi hilabetera arte luzatzen ahalko da, betiere indarrean dagoen legediak ezarritako kausak gertatzen badira.
Indarreko legeriaren babesean egindako lan kontratuak dituzten ikastunen kasuan, soldata erantsitako bigarren taldeko ikastunen eta ofizioko profesional ikastunen soldata tauletan ageri dena izanen da.
Nolanahi ere, behin-behinekotasuna plantilla osoaren %35era mugatuko da.
Probaldia.
Probaldia 15 lanegunekoa izanen da kategoria guztientzat, buru eta arduradunentzat izan ezik; horientzat, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen da.
Gaueko lanaren plusa.
Gaueko 10:00etatik goizeko 06:00etara lan egindako ordu guztiei gaueko lanaren plusa gehituko zaie, %25.
Erretiro partziala. Errelebo-kontratua.
Unean-unean legez ezartzen diren adina eta portzentajea betez gero, langileek eskubidea izanen dute erretiro partziala hartzeko. Horren ondorioz, enpresa behartua egonen da eskatu duen langilearekin lanaldi partzialeko kontratu berri bat sinatzera, baita lanaldia ordezteko behar den errelebo-kontratua egitera ere.
Nolanahi ere, arrazoi ekonomikoak edo produktiboak tarteko, enpresak uko egiten ahalko dio erretiro partzialaren eskaerari. Ulertuko da arrazoi ekonomikoak daudela enpresaren emaitzetatik egoera ekonomiko negatiboa ondorioztatzen denean, hala nola galerak daudenean edo aurreikusten direnean, edo modu iraunkorrean behera egiten duenean diru-sarrera arrunten edo salmenten mailak. Edonola ere, beherakada hori iraunkorra dela ulertuko da ondoz ondoko hiru hiruhilekotan, hiruhileko bakoitzean, diru-sarrera arrunten edo salmenten maila aurreko urteko hiruhileko berean izandakoa baino baxuagoa bada. Era berean, ulertuko da arrazoi produktiboak daudela aldaketak gertatzen badira, besteak beste, enpresak merkatuan sartu nahi dituen produktuen edo zerbitzuen eskarian.
Baldin eta enpresak, zehaztutako arrazoiak tarteko, uko egiten badio langileak erretiro partziala hartzeko egindako eskaerari, kontsultetarako epe bat irekiko da, 15 egunekoa gehienez, zeinean enpresak behar bezala justifikatuko duen zergatik ezin dien aurre egin erretiro partzialari eta errelebo-kontratua sinatzeari. Kontsultetarako epea amaituta, eta akordiorik ezean, kasua bitartekaritzara igortzen ahalko da, baina horretarako, beharrezkoa izanen da bi aldeak ados egotea.
Lanbide praktika lortzeko prestakuntza-kontratua:
Lanbide-praktika lortzeko prestakuntza-kontratuaren modalitatearen bidez kontratatzen diren langileek betetzen dituzten eginkizunei dagokien lanbide-taldeari edo lanbide-kategoriari dagokion soldata bermatuaren %75eko soldata gordina jasoko dute, benetako lan denboraren proportzioan, eta soldata hori ez da inola ere izanen, araudian ezarritakoarekin bat etorriz, une bakoitzean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoa.
19. artikulua. Eskubide sindikalak.
Langileen legezko ordezkariek legean ezarritako eskubide guztiak izanen dituzte, hauek bereziki:
1.–Gai garrantzitsuen gaineko txostenak egiteko, hala nola enplegu erregulazioari, lanaldi murrizketari eta instalazioak beste toki batera eramateari buruzkoak.
2.– Enpresak langileei ezarritako zehapen oso larrien inguruan informatua izateko, eta informazioa jasotzeko, posible denean, absentismoari eta horren kausei, lan istripuei, gaixotasun profesionalei eta horren ondorioei buruz.
3.–Lankideei lan harremanetan eragina duten edo izan dezaketen gaiei buruzko informazioa emateko, legeak ezarritako moduan.
Langileen legezko ordezkariek hilean 20 lanordu izanen dituzte beren karguari dagozkion eginkizunak betetzeko.
20. artikulua. Aseguru-poliza.
Enpresak aseguru kolektibo bat kontratatuko du langileentzat, istripuaren ondoriozko heriotza kasuetarako edo ezintasun iraunkor absolutuaren kasuetarako, gutxienez honako kopuru hauek bermatzeko:
–38.224,38 euro, heriotza kasuetan.
–38.224,38 euro, ezintasun iraunkor absolutuaren kasuetan, istripuagatik, lanekoa edo lanetik kanpokoa izan, eta lanbide gaixotasunagatik.
21. artikulua. Enplegua sustatzea.
Edozein arrazoirengatik enpresan hutsik gelditzen diren lanpostu guztiak SEPEn izena emanda dauden langileek beteko dituzte.
22. artikulua. Lan osasuna.
Enpresa behartua dago langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Azterketa hori lan istripuetako ugazaben mutualitateetan eginen da; zeinetan dagoen enpresa inskribatua, hartantxe. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.
Enpresak behartuak daude langileei beren lanposturako behar dituzten jantziak edo babesgarriak ematera.
Enpresak hitzematen du laneko arriskuen prebentzio arloan aurreikusitakoa hertsiki eta berehala aplikatuko duela. Horretarako, enpresak eta langileen legezko ordezkariek hitzematen dute prebentziorako ekintza planak ezarriko dituztela, ahal duten neurrian eta aurreikusitako epeetan, laneko arriskuak desagerrarazteko eta pixkanaka gutxitzeko eta sektoreko lan arriskuei eraginkortasunez aurrea hartzeko.
Prebentzioko delegatuei dagokienez, legean ezarritako bermeak izanen dituzte, eta enpresek hitzematen dute erraztasunak emanen dizkietela dagozkien eginkizunak betetzeko, behar dituzten ordu kredituen bidez.
23. artikulua. Hizkuntza plusa.
Lanean hizkuntza bat baino gehiago erabili ohi duten langileek hitzarmenaren oinarrizko soldataren %5eko plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.
24. artikulua. Emakumezko langilea.
Sexuan oinarritutako bereizkeriarik ez Aukera-berdintasuna lortzeko asmoz, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek:
Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa baztertuz.
Soldatetan sexu-diskriminaziorik ez izatea.
Enplegurako aukera-berdintasuna izatea.
Lanbide prestakuntza eta birziklatze prozesuetan parte hartzea.
Amatasun eszedentzia, Langileen Estatutuan aurreikusitako moduan.
14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketa.
–Adin horretatik aurrera, enpresak langileari eskatzen ahalko dio enpresaren ordutegi arruntera eta lanaldi osora itzul dadila, eguneko 8 lanorduak oinarri hartuta.
Eskubide hori legezko adopzioetara hedatzea, kasu horretan ere Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraikiz.
Haurdunaldian lanpostu aldaketak egitea, osasunarentzat kaltegarria baldin bada eta enpresak lanpostu aldaketa egiteko aukera baldin badu.
Aldi baterako lanak ez du kalterik eraginen emakumezko langileen eskubide ekonomiko edo profesionaletan.
Zehaztu ez diren gainerako kontuetan, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.
25. artikulua. Lanbide prestakuntza.
Enpresak bere langileriaren lanbide prestakuntza sustatuko du; horretarako, ordezkari sindikalen eta enpresaren artean aztertuko dituzte etengabeko prestakuntzaren arloko beharrak, eta enpresa planak prestatzen ahal dituzte, bai eta sektoreka egin daitezkeen plan bateratuetan parte hartu ere.
Enpresak hartzen badu langileak prestakuntza ikastaroetara joateko erabakia, langileek horrelakoetan ematen dituzten orduak benetako lanordutzat joko dira, eta ahaleginak eginen dira ikastaroak lanorduetan egin daitezen.
26. artikulua. Banaketako laguntzaileak.
Hitzarmen honetan lan kategoria berri bat sortzen da, banaketako laguntzaileak izenekoa.
Kategoria horretan kontratatzen diren langileek eginkizun hauek izanen dituzte:
a) Batez ere enpresako salgaiak eramateaz eta banaketaz arduratzea.
b) Biltegiko lan osagarriak.
c) Banaketa lanerako erabiltzen dituzten garraioko ibilgailuak ez dira 75 zentimetro kubikotik gorakoak izanen.
d) Kategoria horretako langileak biltegiko morroi izatera pasatuko dira enpresan bi urteko antzinatasuna dutenean edo, nolanahi ere, hogei urte betetzen dituztenean.
e) Haien ordainsaria Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarako ezarrita dagoenari egokituko zaio beti.
27. artikulua. Aldi baterako laneko enpresetako langileak.
Langileen arteko diskriminazio eta desberdintasun egoerak saihesteko, enpresak aldi baterako laneko enpresen bidez soilik kontratatu ahal izanen du, ekoizpen arloko inguruabarrengatik, baldin eta enpresa horiek enpresa erabiltzailearen baldintza berberak bermatzen badizkiete langileei, hau da, hitzarmen hau aplikatzen bazaie. Enpresa behartuta dago baldintza horiek bermatzen ez dituzten aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.
Edozein kasutan, aldi baterako laneko enpresen bitartez kontratatzean, indarreko legeriaren arabera jardunen da.
28. artikulua. Berdintasunari buruzko Legea.
Hitzarmen honek Berdintasunari buruzko Legea erabat jasotzen du.
29. artikulua. Batzorde paritarioa.
Batzorde paritario bat eratuko da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua; gehienez ere bi kide izanen ditu, bat langileen aldetik eta bat enpresaren aldetik.
Batzorde horretako bi alderdietatik edozeinek eskatuz gero, batzordea 15 eguneko epean bilduko da beranduenez, eta gehienez ere 7 egun naturaleko epean ebatzi beharko du, bilkura egiten denetik.
Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:
a) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.
b) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.
Batzorde paritarioa bilduko da edozein ordezkaritzak, emandako eskumenak erabiliz, biltzeko eskatzen duen bakoitzean.
Batzorde paritarioan dagoen langileen legezko ordezkaritzak eta enpresaren ordezkaritzak aholkulari banaren laguntza izaten ahal dute gehienez. Aholkulari horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.
Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahal du, batzordeari aurretik abisatzen badio.
Batzorde paritarioaren akordioek, baliozkotasuna izateko, kideen gehiengoak berretsi behar ditu.
Batzorde paritarioan sortzen diren desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegian konponduko dira, araututako bitartekotza-prozedurei jarraikiz.
30. artikulua. Diziplina araubidea.
I.–Irizpide orokorrak.
1. Enpresek zilegi dute langileen egiteak edo ez-egiteak zehatzea, laneko arau-hauste gisa, laneko arauak urratzean edo betebeharrak betetzen ez direnean, hurrengo artikuluetan ezarritako falten mailaketaren arabera betiere.
2. Falten zehapenak idatziz jakinarazi beharko zaizkie langileei, data eta arrazoiak adierazita.
3. Enpresak falta astun edo oso astunengatik ezarritako zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei, eta, zehatua afiliatua bada eta enpresak afiliazio horren berri badu, sindikatuko ordezkaritzari ere bai.
4. Zehapena ezarririk, hura beteko da irmoa denetik hirurogei egun natural iragan baino lehen. Aurkaratzen ez bada, epea 90 egun naturalekoa izanen da, zehapena ezartzen den egunetik hasita.
5. Faltak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz faltaren garrantzia edo asmoa: arinak, astunak eta oso astunak.
6. Langileak ezarri zaion zehapena aurkaratzen ahalko du jurisdikzio eskudunean, zehapena jarri eta hurrengo 20 egun balioduneko epean, indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraikiz.
31. artikulua. Falta arinak.
Honako hauek dira falta arinak:
a) Puntualtasun-falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz gehienez hilabetean, bidezko arrazoirik izan gabe.
b) Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean egun batez.
c) Lanera joanen ez dela ez jakinaraztea, aurretiaz edo, bidezkoa denean, hurrengo hogeita lau orduen barrenean, hori egiteko ezintasuna egiaztatzen denean izan ezik.
d) Inolako arrazoi justifikaturik gabe zerbitzua edo lanpostua denbora tarte laburrez, betiere nagusi batek aldez aurretik baimendu ez baditu.
e) Bere ardurapeko laneko ekipamendu eta materialen kontserbazioan edo mantentzean narriadura arinak eragitea, betiere erabilera edo kontserbazio-modu okerren baten ondorio bada.
f) Enpresaren bezeroak edo hornitzaileak adeitasunez eta arretaz ez hartzea.
g) Lankide, bezero edo hornitzaileekin eztabaida desegokia izatea lanaldi barrenean.
h) Bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea enpresari.
i) Langilearen familiaren edo norberaren datuetan izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan edo Zerga Administrazioan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian, enpresari kalterik sortu gabe.
32. artikulua. Falta astunak.
Falta astunak honako hauek dira:
a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz baino gehiagotan hilabetean, bidezko arrazoirik izan gabe.
b) Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea bi egunez segidan edo lau egun tartekatutan, hilabetean. Aski izanen da lana behin bakarrik huts egitea, baldin horren ondorioz lankide baten txanda nahaspilatzen bada edo enpresari kalte handi samarra sortzen bazaio.
c) Zerga kontuetan edo Gizarte Segurantzan eragina izan dezaketen datuak maltzurkeriaz faltsutzea edo ez aipatzea.
e) Zerbitzua edo lanpostua uztea arrazoi justifikaturik gabe, denbora tarte laburrez izan bada ere, horren ondorioz enpresari eta/edo plantillari kaltea eragiten bazaie, eta, betiere, aurretik nagusi batek baimendu ez badu.
f) Norberaren garbitasun eta txukuntasun eza, lankideengan arrazoizko arrangura sorrarazten duenean eta enpresak aurrez ohartarazi badio.
g) Organigramaz edo hierarkiaz nagusi direnek lan arloko eginkizunak erabiliz emandako jarraibideak ez betetzea.
h) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, lanaren kaltetan.
i) Lan partikularrak egitea lanaldiaren barruan, eta enpresako tresnak, erremintak, makineria edo ibilgailuak erabiltzea norberaren edo besteren kontuetarako, baita lanalditik kanpo ere, betiere enpresaren baimenik gabe egiten badira.
j) Falta arinak (puntualtasun falta kenduta) egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, langileari zehapena jarri bazaio.
k) Noizean behin mozkortuta edo drogak hartuta egotea lanean.
l) Ohiko lanaldiaren barnean egiten diren prestakuntza ikastaro teoriko edo praktikoetara ez joatea, bidezko arrazoirik izan gabe.
m) Lantokian erretzeko berariazko debekua ez betetzea.
33. artikulua. Falta oso astunak.
Falta oso astunak honako hauek dira:
a) Justifikatu gabeko puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hamar aldiz baino gehiagotan sei hilabetean, edo hogei aldiz baino gehiagotan urtebetean.
b) Lanera hiru egun jarraian edo gehiagoan huts egitea justifikatu gabe, edo bost egun tartekatutan hilabetean.
c) Agindutako kudeaketan iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusu egitea eta beste lankideei, enpresari edo edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresaren lokaletan edo, lanean ari dela, beste edozein lekutan.
d) Eritasun edo istripuaren itxurak egitea. Adierazitako edozein arrazoi dela-eta langilea bajan egonik, edozein lan egiten aritzea, bere nahiz besteren kontura, lan arloko arau-haustetzat hartuko da. Halaber, falta oso astuntzat joko da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
e) Zerbitzutik, lanpostutik edo pertsonen edo ekipoen gaineko aginte edo ardurako postutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere, baldin eta horrela enpresari edo lankideei kalte handi samarra ekartzen bazaie, segurtasuna arriskuan jartzen bada edo istripuren bat eragiten bada.
f) Enpresari lehia desleiala egitea zenbait jardueraren bidez.
g) Ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
h) Lantokian liskarrean aritzea, hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea eta errespetu edo begirune falta agertzea enpresarekin lotura duen edozein pertsonari.
i) Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea, edo enpresaren isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea, behar bezala ohartarazita, enpresaz kanpoko pertsonei nahiz erakundeei jakinarazteagatik enpresarentzat kalte larriak sor badaitezke.
j) Lanean zabarkeriaz edo zuhurtziarik gabe aritzeagatik istripu larria sortzea, horren ondorioz enpresarentzako kalte larria sortuz edo pertsonen istripua eraginez.
k) Falta astun baten ondoren, bi hilabeteren barnean beste bat egitea, desberdinak izanik ere, zehapena jasota.
l) Laneko sarrera edo irteera erregistroak eta kontrolak aldatzeko asmoz, ordeztea edo ordeztea baimentzea.
m) Organikoki eta/edo hierarkikoki mendean dituen pertsonek lan arloan emandako jarraibideei jaramonik ez egitea, horrek enpresari edo gainerako langileei kalte larria eragiten badie.
n) Noizean behin mozkortzea edo drogak hartzea, lanerako ondorio makurrak badakartza edo norberaren eta gainerako pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen bada.
o) Ahoz zein egitez iraintzea, eta pertsonen intimitatea edo duintasuna ez errespetatzea, arrazoi hauetako batengatik: sexua, sexu joera edo sexu identitatea, jaiotza, arraza jatorria edo jatorri etnikoa, erlijioa, sinesteak edo iritziak, adinak, desgaitasuna, eritasuna, hizkuntza edo bestelako inguruabar pertsonal zein sozial.
p) Sexu jazarpena: sexu-jazarpena da sexu izaerako jokabide bat sortzea, ahozkoa edo fisikoa, xede nahiz ondore dituena pertsonaren duintasunaren aurka egitea, batez ere, larderiakoa, apalesgarria edo ofentsakoa den ingurua sortzen denean. Sexuan oinarritutako jazarpena da pertsona jakin baten sexuarekin zerikusia duen edozein jokabide, xede nahiz ondorio dituena pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, apalesgarria eta ofentsakoa den ingurua sortzea. Lankideen edo hierarkian gorago daudenen jazarpen hori falta oso astuntzat hartuko da, gertakariak eta inguruabarrak kontuan hartuta.
q) Jazarpen morala: jazarpen moraltzat hartuko da lan harreman batean modu sistematikoan egiten edo errepikatzen diren jarrera, jardun edo jokabide guztiak, zuzenean edo zeharka kaltea edo erasoa ekartzen dionean norberaren duintasunari; haren helburua da indarkeriaz edo etsaikeriaz pertsona bat mendean hartzea, emozioen eta psikologiaren aldetik, haren gaitasuna, lanbide sustapena edo lanpostuan jarraitzea deuseztatzeko asmoz, ondorio negatiboak ekarriz lan ingurunean. Jokabide horiek bereziki larriak izanen dira arraza edo etnia jatorriak, erlijio edo sinesmenek, desgaitasunak, adinak edo sexu-orientazioak eta/edo sexu-aniztasunak eragiten badituzte. Lankideen edo hierarkian gorago daudenen jazarpen hori falta oso astuntzat hartuko da, gertakariak eta inguruabarrak kontuan hartuta.
r) Arrazan edo etnian, sexuan, erlijioan edo sinesmenetan, desgaitasun batean, adinean edo orientazio sexualean oinarrituriko jazarpena. Ulertuko da jazarpena dagoela bereizkeria arrazoi horietako batean oinarrituta izaten den portaera orotan, helburua edo ondorioa izanik pertsona baten duintasunaren aurka egitea, eta sortzea giro larderiatsu, areriotsu, degradatzaile, laidogarri, baztertzaile edo iraingarria.
s) Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 29. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.
34. artikulua. Zehapenak.
Ondoren azaltzen dira aipatutako faltengatik langileei ezartzen ahal zaizkien zehapen handienak:
Falta arinengatik:
–Idatzizko kargu-hartzea.
Falta astunengatik:
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Egun batetik 20 egunera bitarteko enplegu eta soldata etenaldia.
Falta oso astunengatik:
–Hogeita bat egunetik hirurogei egunera bitarte enpleguz eta soldataz gabetzea.
–Kaleratzea.
35. artikulua. Preskripzioa.
Faltek epe hauetan preskribatuko dute, mailaren arabera:
a) Falta arinak: hamar egun.
b) Falta astunak: hogei egun.
c) Falta oso astunak: hirurogei egun.
Aipatutako falten preskripzio epea enpresak gertaeren berri izaten duenean hasiko da kontatzen, eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabeteren buruan.
Lehenbiziko klausula gehigarria.
Langileek sorrarazitako ordainsarien atzerapenak, hitzarmen honetan ezarritako baldintzekin bat etorriz, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu eta hurrengo hilabetean zehar jasoko dira.
Bigarren klausula gehigarria.
Enpresak ez dio inola ere hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari heltzen ahalko Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotzen duen prozedura baliatuz; epea amaitu baino lehen hitzarmena berriro negoziatzen ahalegindu beharko du beste hitzarmen bat lotzeko edo berau berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen mende jarriko direla beti. Arbitraje-prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren mende jartzeko bi aldeen arteko akordioa badago.
Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren mende jartzeko, alderdi bakoitzak gehiengoz erabaki beharko du.
Sinatua: Aitor Uriarte Arana Sinatua: Raquel López Vives
I. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA PLANA
Urte bakoitzeko azken hiruhilekoan, enpresak galdetegi bat bidaliko die langileei (erantsitako eredua), langileek hurrengo ekitaldiko prestakuntza programazioa egiteko dituzten prestakuntza beharrak aztertzeko.
Enpresak ikastaro horien aukerak aztertu eta baloratuko ditu, langileei eskaini beharreko langileen ordezkariarekin batera ikastaroen katalogo bat egiteko.
Katalogo hori egiteko, honako hauek lehenetsiko dira:
Ikastaroak lanorduetan egitea.
Presentzialak lehenestea, online ikastaroan aldean.
Langileek proposatutako ikastaroen %60 gutxienez eskaintzea.
Plantillako atal bakoitzeko gutxienez ikastaro espezifiko bat eskaintzea.
Arreta bezeroei.
Administrazioa.
Komertzial-lanak.
Mekanika.
Urterako prestakuntza katalogoa egin ondoren, urteko lehen bi hilabeteen barruan, enpresak langile bakoitzak egin beharreko prestakuntzak ezarriko ditu.
URIARTE INDUSTRIALeko (BERRIOBEITI) PRESTAKUNTZA PLANERAKO GALDETEGIA.
Prestakuntza urtea ...............................................
Zure lanaldian egin ohi dituzun jardueretatik zeinek sortzen dizkizu zalantza gehien?
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
Zure ustez, zeintzuk dira zure laneko ohiko jarduera modu seguruan egiteko indartu beharreko alderdiak?
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
Azkenaldian, izan al da zuk jakin beharreko aldaketarik edo berrikuntzarik zure lanaren ezagutza teknikoetan, eta zuk horiek ezagutu beharko al zenituzke?
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
Zure ustez, zer prestakuntza izan behar duzu enpresako lanpostutik kanpo?
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
Zure ustez, beharrezkoa al da zure lanpostuak eskatzen dituen lan metodologia eta prozesu berriak ezagutzea?
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
II. ERANSKINA.– SOLDATEN TAULA
LEHENENGO TALDEA | OINARRIZKO SOLDATA (2025) |
Ingeniariak eta lizentziadunak | 2.427,96 euro |
Laguntzaile teknikoak | 2.113,92 euro |
Praktikanteak | 2.006,60 euro |
HIRUGARREN TALDEA | OINARRIZKO SOLDATA (2025) |
Kudeatzailea edo zuzendari komertziala | 2.412,54 euro |
Pertsonaleko, salmenten eta erosketen burua | 2.340,97 euro |
Sukurtsaleko burua | 2.340,97 euro |
Arduradun orokorra | 2.340,97 euro |
Establezimenduko arduraduna, saltzailea, eroslea | 2.171,79 euro |
Biltegiko burua | 2.171,79 euro |
Taldeko burua | 2.171,79 euro |
Ataleko burua | 2.055,78 euro |
Komertziala | 1.948,85 euro |
Salatzailea | 1.831,04 euro |
Laguntzailea | 1.419,97 euro |
HIRUGARREN TALDEA | OINARRIZKO SOLDATA (2025) |
Administrari burua | 2.340,97 euro |
Administrazio ataleko burua | 2.171,79 euro |
Administraria | 1.948,85 euro |
Kontularia | 2.007,51 euro |
Administrari laguntzailea, 25 urtetik gorakoa | 1.649,97 euro |
Administrari laguntzailea, 25 urtetik beherakoa | 1.484,65 euro |
LAUGARREN TALDEA | OINARRIZKO SOLDATA (2025) |
Marrazkilariak | 2.230,79 euro |
Erakusleiho-apaintzaileak | 1.888,14 euro |
Zerbitzu teknikoetako burua | 2.055,78 euro |
Lehen mailako ofiziala | 1.948,85 euro |
Bigarren mailako ofizioko profesionalak | 1.651,60 euro |
Laguntzailea | 1.536,94 euro |
Morroi espezializatua | 1.651,60 euro |
Morroia | 1.570,81 euro |
Telefonista | 1.522,25 euro |
Ontziratzailea edo paketatzailea | 1.534,62 euro |
Moztailea | 1.831,04 euro |
Banaketako laguntzailea | LGS |
BOSGARREN TALDEA | OINARRIZKO SOLDATA (2025) |
Etxezaina, zaintzailea, mandataria | 1.522,25 euro |
Atezaina | 1.522,25 euro |
Kobratzailea | 1.606,48 euro |
Garbitzailea | 1.419,97 euro |
Sinatua: Aitor Uriarte Arana Sinatua: Raquel López Vives
Iragarkiaren kodea: F2509470
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
