1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abuztuaren 20an hartua, zeinaren bidez dokumentazio honen jendaurreko informazioaren tramitea eta ukitutako udalentzako entzunaldiaren tramitea egiten baitira, aldi berean: Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko lehengo tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketaren dokumentazio berria. Plan sektorial hori Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.
Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, hasiera eman zitzaion "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko lehengo tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala" aldatzeko espedientearen tramitazioari (2024ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 6koa). Plan sektorial hori Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatu du. Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, 2024ko maiatzaren 15era arte luzatu ziren bai jendaurreko informazioaren tramitearen epea, bai espedienteak ukitutako udalentzako entzunaldiaren tramitearen epea, biak batera egin baitziren (2024ko 86. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 26koa).
Kontuan hartuta goian aipatutako lehenengo erabakiaren gogoetak, Lurralde Antolamendurako Batzordearen 2023ko abenduaren 18ko txostena, egindako txosten sektorialak eta espedientearen jendaurreko informazioaren tramitean eta espedientearen entzunaldiaren tramitean aurkeztutako alegazioak, 2025eko uztailaren 31n, dokumentazio berria aurkeztu da tramitatzeko. Dokumentazio horretan zenbait aldaketa egiten zaizkio hasierako proposamenari eta aurretik aurkeztutakoa ordezten du.
Herritarren parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadila bermatzeko asmoz, eta, orobat, partikularren eta haien interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak bermatzearren, zeinak Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak eta Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak sustatzen baitituzte, kontuan harturik entitate eta partikular batzuek alegatutako interesa eta espediente honen garrantzia, eta prozedurari ahalik eta gardentasun handiena emate aldera, komenigarritzat jotzen da aurkeztutako dokumentazio berriaren jendaurreko informazioaren tramitea eta ukitutako udalentzako entzunaldiaren tramitea egitea, aldi berean.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak aztertuko du aurkeztutako dokumentazio berria, eta, aldi berean, txosten berriak eskatuko dizkie egindako aldaketengatik beren eskumenetan eragina jasan dezaketen entitate edo organo sektorialei.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2025eko abuztuaren 7ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, honako hau,
ERABAKITZEN DU:
1. Espediente honi dagokion dokumentazio berriaren jendaurreko informazioaren tramitea eta ukitutako udalentzako entzunaldiaren tramitea egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritako ondorioetarako: "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko lehengo tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa". Bi tramite horiek aldi berean eginen dira eta 45 egun iraunen dute. Plan sektorial hori Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.
2. Espedientearen jendaurreko informazioaren tramitea egitea, epe berean, dagokion ingurumen prozeduraren ondorioetarako, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin.
Bi tramite horiek egiteko epea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
Horretarako, aldaketaren dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian egonen da ikusgai (https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak), eta, epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaraztea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atalari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluaziorako Atalari eta Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuari, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondare Zerbitzuari, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Etxebizitza Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Telekomunikazioetarako eta Azpiegitura Digitaletarako Estatuko Idazkaritzari, Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, ADIFi (Trenbide Azpiegituren Administratzailea), Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Iruñerriko Mankomunitateari, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri, Iruñeko, Zizur Zendeako, Zizur Nagusiko eta Barañaingo udalei eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, espedientearen sustatzailea baita, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2511061