179. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

126/2025 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat 7,26 MW handitzeko, Buñuelgo udal mugartean. Espedientearen kodea: 5677-CE.

2024ko uztailaren 29an, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoari jarraituz, Ingnova Enterprise SLk, SOFIDEL SPAIN SLren izenean, aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat egiteko, 7,26 MW-ekoa, lur gainean paratua, Buñuelgo udal mugarteko 3. poligonoko 126., 522., 532., 535. eta 536. lurzatietan.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, honako hauek osatzen dute instalazioa:

• 11.502488 panel fotovoltaiko, Trina Solar Vertex NEG21C.20 edo antzekoak, 700 Wp-ekoak, 2V erako 120 egitura finkoren gainean jarriak. Guztien batura 8.051,4 kWp da.

• 22 inbertsore, Huawei SUN2000-330 KTL edo antzekoak, 330 kW-ekoak, 7,26 MW-eko potentzia izendaturako.

• Behe-tentsioko linea elektrikoak (800 V AC), lurpeko kanalizazioan, inbertsoreetatik potentzia estazioetaraino.

• 2 potentzia estazio, Selma fabrikatzailearen CTA modelokoak edo antzekoak. Bakoitzak 5.500 kVA-ko transformadore bat du, inbertsoreetatik datorren energiaren tentsioa 800 V-etik 20 kV-era igotzeko, bai eta hari lotutako babes-gelaxkak eta elementu guztien arteko konexioa ere.

• 20 kV-eko lurpeko linea elektrikoa, RHZ1 12/20 kV 3x240 mm² eroalea duena, potentzia estazioen eta eraikin prefabrikatu batean egindako babes eta neurketa zentro berriaren artean. Azken horretatik eginen da enpresaren barneko sarerako konexioa.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betetzeko (errege dekretu horrek arautzen baititu energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta horniketa- jarduerak), eskaera jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuta 2024ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 22koan, eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen.

Ez zen alegaziorik jaso.

Aldi berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoa betetzeko, kontsulta egin zitzaien Buñuelgo Udalari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari. Eta txosten hauek jaso dira:

• 2024ko irailaren 6ko txostenaren bidez, Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi zuen "ez dagoela ukipenik" haien eskumeneko gaietan.

• 2024ko irailaren 9an, Buñuelgo Udalak "aldeko txostena" eman zuen; izan ere, udaleko hirigintza zerbitzuen txostenaren arabera, "aurkeztutako agirietan deskribatutako lanak eta jarduerak bateragarriak dira udaleko hirigintza araudiarekin".

Txostenak sustatzaileari igorri zitzaizkion, eta hark ados zegoela erantzun zuen.

Espedientean jasoak daude:

• 1391E/2024 Ebazpena, abenduaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena ematen baita, aldekoa, baldintza jakin batzuk betetzearen mende.

• 412E/2025 Ebazpena, abuztuaren 18koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena ematen baitzaio proiektuari, ebazpenean bertan zehazten diren determinazio batzuk betetzeko baldintzarekin.

Bestetik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 16an emandako 109/2025 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eman zitzaizkion Sofidel Spain SLri soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat egiteko, 3.370 kW-ekoa, estalki eta markesinen gainean, Buñuelgo udal mugartean.

Horrela, azken instalazioak (jatorrizkoa gehi handitzea) ezaugarri hauek izanen ditu:

• Modalitatea: banakako autokontsumoa, soberakinik gabe.

• Potentzia gailurra: 11.799,21 kWp (3.747,81 + 8.051,4).

• Potentzia izendatua (instalatua): 10,63 MW (3,37 + 7,26).

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, eskatutakoa onartzea proposatu du Azpiegitura Energetikoen Atalak.

Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Enpresa Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 29/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak baliatuz (2025eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Sofidel Spain SLri soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat 7,26 MW handitzeko, Buñuelgo udal mugartean.

2. Baimen hau emanda ere, eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Sofidel Spain SLri, Ingnova Enterprise SLri eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau Buñuelgo Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 25ean.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2511216