178. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 8a

6. BESTELAKO IRAGARKIAK

6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK

ERRIOXA JATORRI DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA

6/2025 ofizio zirkularra. Mahats bilketaren garaian muztioak eta ardoak lekuz aldatzeko nahitaez bete beharreko arauak

Kontseilu Arauemaileak laginak hartu ohi ditu hartziduraren ondoren kanpainako ardoen kalifikazioa egiaztatzeko, hartzidura egiten den lekuan bertan, "Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikaturako eskubideak dituzten ardoak kalifikatzeko arauetan ezarritakoari jarraikiz. Ondorioz, eragileek ezin dute 2025. urteko muztio edo ardorik lekualdatu harik eta mahats bilketaren deklarazioa egin eta kalifikazioaren egiaztapenaren emaitza eskuratu arte.

Hala ere, Kontseilu Arauemaileak, kontuan izanik ardo zuri eta gorrien ekoizpenak ezaugarri bereziak dituela eta teknologia jakin bat erabiltzeak ardo horien kalitatean eragin erabakigarria izan dezakeela, baimena ematen ahalko du muztio zuri eta gorriak soilik lekuz aldatzeko, kalitatea hobetzea helburu duen justifikazio teknikoa badago eta upategi hartzaileak baliabide tekniko egokiak baditu.

Horretarako, lekualdaketarako baimena eta lekualdaketaren justifikazio teknikoa eskatu beharko dira idatziz; nahitaezkoa izanen da baimen horren kopia bat eramatea garraioa eginen duen ibilgailuan.

Baimen hori ardo zuri eta gorrietarako bakarrik emanen da. Ardoa jatorrizko upategitik kontrolatuko da, eta helmugako upategian Kontseilu Arauemailearen kalifikazioaren egiaztapena egin beharko da. Muztio zuriarekin ardo zuria baizik ez da eginen, eta muztio gorriarekin ardo gorria.

Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak neurri egokiak ezarriko ditu lekualdaketa ahalik ongien kontrolatu eta zaintzeko. Neurri horiek baimenean azalduko dira.

Erositako muztioekin egiten diren ardoei gutxieneko lerma hauek deskontatuko zaizkie, eroslearen kargura:

  • %1eko lermak, hondarra garbitutako muztioetarako.
  • %4ko lermak, hondarra garbitu gabeko muztioetarako.

Upategi igorleari, erabilitako mahats kopuruaren arabera dagokion ardo babestutik, saldutako ardoari dagokion kopurua deskontatuko zaio, hau da, erretiratutako kantitatea ken %1, hondarra garbitutako muztioa bada, edo %4, hondarra garbitu gabekoa bada.

Bi alderdiek, saltzaileak eta erosleak, eroslearen kargurako lerma handiagoak ituntzen badituzte, Kontseilu Arauemaileak itundutako portzentajeak aplikatuko ditu. Kontseilu Arauemaileari ituna jakinarazi behar zaio lekualdaketarako baimena eskatzearekin batera.

Edozein zalantza argitzeko, Kontseilu Arauemaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimendura jo daiteke, 941500400 telefonora deituz.

Aditzera ematen dugu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Logroñon, 2025eko abuztuaren 20an.–Kontrol organoko zuzendaria, Pablo Franco Sarria.

Iragarkiaren kodea: E2511187