178. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2216/2025 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Funtzio Publikoko Zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat hautaproba baten bitartez osatzeko deialdi murriztua onesten da, ondoren aholkulari juridikoen lanpostuan aritzeko, bitarte baterako izendapenarekin, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan.

Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan langile falta dagoenez, onetsi egiten da deialdi bat, hautaproba baten bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, ondoren aholkulari juridikoen lanpostuan aritzeko, bitarte baterako izendapenarekin.

Deialdi hau ondorengoen babespean onesten da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatzen duten gainerako arauak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdia, hautaproba baten bidez Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat osatzeko, ondoren aholkulari juridikoen lanpostuan aritzeko, bitarte baterako izendapenarekin, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.

2. Deialdien testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Ebazpen honen eranskinean ageri da.

3. Ebazpen hau eta eranskina Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaiko kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Virginia Marín Fernández.

DEIALDI MURRIZTUA, ZUZENBIDEKO LIZENTZIADUN EDO GRADUDUNAK DIREN IZANGAIEN ZERRENDA BAT HAUTAPROBA BATEN BITARTEZ OSATZEKO, ONDOREN AHOLKULARI JURIDIKOEN LANPOSTUAN ARITZEKO, BITARTE BATERAKO IZENDAPENAREKIN, LEHENDAKARITZAKO, GOBERNU IREKIKO ETA NAFARROAKO PARLAMENTUAREKIKO HARREMANETAKO ZUZENDARITZA NAGUSIKO AHOLKULARITZA JURIDIKOAREN ZERBITZUAN

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da hautaproba baten bidez Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat osatzea, ondoren aholkulari juridikoen lanpostuan aritzeko, bitarte baterako izendapenarekin, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharren arabera. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoarekin, baita hura garatzeko araudiarekin ere.

Deialdi honen ondorioz, bitarteko izendapenetarako izangaien zerrenda bat sortuko da, subsidiarioa; hortaz, hura erabili baino lehen bitarteko izendapenetarako aurretik dagoen langile finkoen beste edozein zerrenda erabiliko da.

1.2. Bitarte baterako lan egiteko izendatutakoek aholkulari juridikoen lanpostuaren funtzioak gauzatuko dituzte Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen funtzionario izatea.

b) A mailako lanpostu finko batean behin betiko aritzeko izendatua izatea, eta lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua berariaz eskatu izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita ere hautapen prozesu osoan, dei egiten zaien unean eta bitarteko izendapen aldiak iraun bitartean.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bidez,https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio eskaneatu hau, kasuaren arabera:

Bat.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Bi.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute telematika bidez erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

Ordezko epaimahaiburua: María Belén López Carballo andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Gobernuaren Idazkaritzako, Erakundeekiko Harremanetako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria.

—Epaimahaikidea: Silvia Domenech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezko epaimahaikidea: Mikel Laurenz Itoiz jauna, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

—Epaimahaikidea: Idoya Tajadura Tejada andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Ildefonso Sebastian Labayen jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Administrazioarekiko Auzien Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

—Epaimahaikide idazkaria: Luis Ibarrola Berasain jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Zerga Aferen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Sandra Santesteban Oroz andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Afera Penalen Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Deialdiaren garapena.

6.1. Hautaproba 2025eko azarotik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proba hau egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Probaren idatzizko atalerako zein irakurketa publikoaren atalerako deialdi bakarra eginen da; izangai guztiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dituzte, formatu fisikoan. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Prozesua gauzatzeko, bi ataleko proba teoriko-praktiko bat eginen da.

Probaren lehenbiziko zatian, izangaiek idatzi prozesal bat egin beharko dute (demanda, demandaren erantzuna, ondorioak, etab.) epaimahaiak planteatuko dien kasu praktiko baten gainean; kasu horrek lotura izanen du Aholkularitza Juridikoaren berezko eskumenen gai juridikoekin, zeinak deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendan jasota baitaude.

Probaren idatzizko zati hau egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.

Probaren idatzizko zati hau egiteko, izangaiek zilegi izanen dute nahi dituzten lege testuak kontsultatzea, paper formatuan, baina iruzkin doktrinal edo jurisprudentzialik gabeak. Izangai bakoitzak bere testuak eramanen ditu. Proba egiteko unean, epaimahaiak testu horiek erabiltzeko mugak ezartzen ahalko ditu. Ezin izanen da beste edozein testu edo dokumentazio kontsultatu, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Ondoren, probaren bigarren zatia egiteko hitzordua emanen zaie izangaiei, haien ariketa epaimahaiaren aurrean irakur dezaten; jendaurreko irakurketa horretan ahoz erantzun beharko diote planteatu eta garatutako kasuaren edozein alderdiri loturik epaimahaiak plazaratzen dien kontu funtsezko zein prozesal orori.

Probaren balorazioa bateratua izanen da, hau da, idatzizko zatia eta epaimahaiak egindako galderei ahoz emandako erantzuna osotara baloratuko dira, 100 puntuz gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

6.3. Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaproba egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora- eta baliabide-egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Proba amaitutakoan, kalifikazio-epaimahaiak proba gainditu dutenen zerrenda eta bakoitzaren puntuazioa argitaratuko dute, puntuazioaren arabera ordenatuta, eta zerrenda hori Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio, onets dezan.

7.2. Berdinketarik egonez gero, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko dira. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

8.–Aholkulari juridikoen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda eta lanerako deia.

8.1. Prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, bitarte baterako izendapenerako izangaien zerrenda onetsiko da Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko baita.

8.2. Oinarri honetan aipatzen den zerrendan dauden izangaiei lortzen duten puntuazioaren arabera deituko zaie.

Aholkulari juridikoen lanpostuan dauden beharrak bitarte baterako betetzeko, funtzionario izendatuko dira izangaiak bitarte baterako, bat eginez Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 32. artikuluan ezarritakoarekin.

8.3. Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak baztertuko dira, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Virginia Marín Fernández.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidearen iturburuak: Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Erregelamendua, zuzentarauak eta erabakiak. Eragin zuzena. Lehentasuna.

2. gaia.–Espainiako zuzenbide publikoaren iturburuak: aipamena, antolaketa eta printzipioak. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Konstituzioa arau juridiko gisa. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak Konstituzioan. 149., 150. eta 155. artikuluak.

3. gaia.–Konstituzio Auzitegia. Konstituziokontrakotasun errekurtsoa. Konstituziokontrakotasuneko auzia. Konstituzioaren babes-errekurtsoa. Konstituzio gatazkak.

4. gaia.–Nafarroako foru araubidea. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa. Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak eta haiek garatzeko araudia.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

8. gaia.–Kontratazio publikoa. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

9. gaia.–Administrazio publikoen dirulaguntzen araubide orokorra. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

10. gaia.–Langile publikoak. Konstituzio printzipioak. Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan duen eskumen historikoa. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Arau hori garatzen duen araudia, bereziki 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.

11. gaia.–Toki entitateak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

12. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

13. gaia.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzkoa. Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren arloko Neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak sartutako berritasun nagusiak.

14. gaia.–1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilari buruzkoa: frogari buruzko xedapen orokorrak, administrazio publikoei aplika dakizkien berezitasunak (381. art.); epaia, barne betekizunak, gauza epaitu formala eta materiala; jarduketen deuseztasuna; kostuak, kostuen tasazioa; epaiketa arrunta eta hitzezko epaiketa. Adingabeei buruzko prozesuak.

15. gaia.–15/2015 Legea, uztailaren 2koa, Borondatezko Jurisdikzioari buruzkoa: Atariko titulua (xedapen orokorrak), familia-arloko borondatezko jurisdikzio espedienteak. 52/1992 Legea, azaroaren 27koa, Estatuari eta herri erakundeei lege gaietako laguntza emateari buruzkoa. 4/1984 Foru Dekretua, urtarrilaren 5ekoa, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoa arautzen duena.

16. gaia.–1/1996 Legea, urtarrilaren 10ekoa, Doako Laguntza Juridikoarena: I. eta IV. kapituluak.

17. gaia.–36/2011 Legea, urriaren 10ekoa, Lan arloko jurisdikzioa arautzen duena: jarduketa prozesalak, prozesu arrunta, kaleratze prozesua, zehapenak aurkaratzeko prozesua.

18. gaia.–Prozedura Kriminalaren Legea: prozesu penala abiatzeko moduak (salaketa, kereila eta ofizioz hastea); prozedura laburtua, delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura, delitu arinei buruzko epaiketarako prozedura.

Iragarkiaren kodea: F2510656