178. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

337E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tuterako udal mugartean olio-materialak prozesatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2025eko ekainaren 4an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek:

a) Ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, hots, instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, hondakin berriak sartzea, 150102, 150103, 150203 eta 160507 * EHZ kodeak dituztenak.

b) Eta baimenduta dagoen R1209 kudeaketa-prozesuaren bidez kudeatutako hondakinen zerrendan, hondakin berriak sartzea, olio-hondakin ez-arriskutsuei dagozkienak, zeinak, ondoren, sustatzaile beraren II. instalaziora bidaliko baitira, oleina esterifikatu destilatua (AV1/AV4) lortzeko, hau da, bioerregaiak ekoizteko lehengaia.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aldaketa horiek aztertu ditu, eta ondorioztatu du a) aldaketa onargarria dela, instalazioaren funtzionamendu egokia ahalbidetuko duelako, ingurumenari dagokionez. b) aldaketari dagokionez, honako balorazio hau egin da:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

02 02 99

Beste kategoria batean zehazten ez diren hondakinak, haragia, arraina eta animalia-jatorriko beste elikagai batzuk prestatzean eta elaboratzean sortzen direnak.

Ez da bidezkoa sartzea. Eskatutako EHZ kodeak orokorregiak dira. Ez dira zehazten ez instalazioa, ez jatorrizko prozesua, ez hondakinaren ezaugarriak.

02 03 99

Beste kategoria batean zehazten ez diren hondakinak, honako hauetatik datozenak: frutak, barazkiak, zerealak, olio jangarriak, kakaoa, kafea, tea eta tabakoa prestatu eta elaboratzea; kontserbak ekoiztea; legamia eta legamia-aterakina ekoiztea; melazak prestatu eta hartzitzea.

19 08 99

Beste kategoria batean zehazten ez diren hondakinak, hondakin-urak tratatzeko instalazioetan sortzen direnak.

20 01 25

Olio eta koipe jangarriak.

Onartu egin da instalazioan kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea, instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokia ahalbidetzen baitute.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tuterako udal mugartean olio-materialak prozesatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Oleofat Trader SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2511197