176. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LONGIDA

Pirinioetako hegoaldeko isurialdeko bide naturala (Irati trenaren zatia) Longidako udal-mugartean lehengoratzeko proiektua egokitzea eta proiektu horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Behin betiko onespena

Longidako Udalaren erabakia, 2025eko uztailaren 31koa, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Pirinioetako hegoaldeko isurialdeko bide naturala (Irati trenaren zatia) Longidako udal-mugartean lehengoratzeko proiektua egokitzea eta proiektu horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.

Longidako Udalak, 2024ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, aipatutako obren proiektua onetsi zuen, eta hasiera batez onetsi zuen proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta jendaurrean jarri zuen hamabost eguneko epean.

2024ko apirilaren 12an, Longidako 14. poligonoko 21., 24. eta 13. lurzatien titularrak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian 2024ko martxoaren 21eko Longidako Udalaren Erabakiaren aurka, eta errekurtso hori 2025eko martxoaren 12ko 425. Ebazpenaren bidez ebatzi zen. Errekurtsoan adierazten da 2024ko martxoaren 21eko erabakia jendaurrean jartzeak ez duela ondoriorik izan eta ez duela ondoriorik izanen, harik eta interesdunak tramite-egintzaren aurkako alegazioak aurkeztu arte, edo Udalak, ez-onartze hori jakinda, dagokion egintza behar bezala jakinarazi arte.

Beraz, Longidako Udalak berriro jakinarazten dio ukituari jendaurreko informazioaren erabakia, zeinek, 2025eko apirilaren 28an, ondotik erantzuten zaion alegazio hau aurkeztu baitzuen:

1.–Jabetza eskubidearen urraketari eta justifikazio legal eta tekniko nahikorik ezari dagokienez, adierazten da Udalaren zerbitzu publikoa dela, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. eta 17.2 artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta proiektuko ondasunak okupatu beharra, nahitaezko desjabetzea egiteko.

Bidezko konfiantzaren printzipioaren urraketari eta prozedura akatsen ondoriozko kalteari dagokienez, adierazten da interesdunak ez duela inongo kalterik frogatu; izan ere, prozedurari buruzko informazioa izan du beti, alegazioak aurkeztu baititu, baita errekurtso bat ere Nafarroako Administrazio Auzitegian. Gainera, ez da lursaila okupatu, eta, beraz, ondasunaren eskuragarritasun osoa izan du.

Proiektuaren dokumentaziorako sarbide publikorik ezari eta defentsa-eskubidearen urraketari dagokienez, adierazten da interesdunari eman zaiola hark eskatutako informazio guztia, informazio publikoarekin lotutakoa, bai eta plano espezifikoak eta obra-baimen guztiak ere.

Ohar tekniko bat egin da honako honekin lotutako gai teknikoei erantzuteko: kalte txikiagoko alternatibak egotea, neurriaren desproportzionaltasuna eta eremu baten afektazioa; Joaquín Salanueva Etayo eta Joaquín Salanueva Herrero bide, ubide eta portuetako ingeniariek sinatu dute ohar hori.

Horiek horrela, honako hau erabaki da:

Lehendabizikoa.–Alegazioa ezestea, azaldutako arrazoiengatik eta ohar teknikoan jasotakoengatik.

Bigarrena.–Behin betiko onestea honako proiektu hau: "Longidako udal-mugartean, Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturala (Irati trenaren zatia) lehengoratzeko proiektua egokitzea", bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Hirugarrena.–Nafarroako Gobernuari eskatzea, horretarako organo eskuduna den aldetik, ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren ondorioetarako, egokitu egin behar delako 17+710/17+880 KParen arteko zatia, zuhaitzek bidearen eta errepidearen arteko tartea bereizteko eta, horrela, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatu.

Laugarrena.–Behar den kreditua atxikitzea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko.

Bosgarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita haren laburpena Foru Komunitateko egunkari batean ere, eta Longidako Udalaren iragarki-taulan paratzea.

Seigarrena.–Erabaki hau ukitutakoei jakinaraztea, behar diren ondorioetarako.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, Longidako Udalari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratzen denetik aurrera.

Longidan, 2025eko abuztuaren 14an.–Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.

Iragarkiaren kodea: L2510975