176. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CAPARROSO

Deialdia, administrari laguntzailearen plaza bat betetzeko, oposizio bidez eta lan-araubide finkoan

Caparrosoko Udaleko Alkatetzaren 2025eko abuztuaren 22ko 318/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari laguntzailearen plaza bat hautaprobak eginez eta oposizio bidez betetzeko, lan-araubide finkoan jardun dezan Caparrosoko Udalaren zerbitzura. Hona hemen:

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Caparrosoko Udalean administrari laguntzailearen plaza bat oposizio bidez eta txanda irekian betetzea. Plaza D mailakoa da, lan-kontratudun finkoen araubidekoa, eta 6 zenbakiarekin dago identifikatuta plantilla organikoan.

Prozesua gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Deialdi honetan kontratatzeko hautatzen den pertsona lan-kontratudun finkoa izanen da eta izanen ditu indarreko xedapenek Caparrosoko Udaleko lan-kontratudunen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea probak gainditu arren hautapen prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, oinarri hauetan xedatutakoarekin bat, zerbitzuan sortzen diren aldi baterako beharren arabera administrari laguntzailearen D mailako lanpostua aldi baterako betetzeko.

1.3. Plaza D mailan kokaturik dago plantilla organikoaren barnean; beraz, plazaren ordainsariak izanen dira abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailarako oro har ezarritakoak (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina), uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak (Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua) eta, halakorik egonez gero, ordainsari osagarriak, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

1.4. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldi mota eta ordutegia, eta horiek zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; organo administratibo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat eratzeko ere erabiliko dira, administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioetarako, Caparrosoko Udalean sortzen diren beharrei erantzute aldera.

Izangaien zerrenda horrek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Caparrosoko Udaleko administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontrataziorako.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak honako hauek dira:

Haren mailako eta kategoriako berezko jarduketekin zerikusia duten askotariko zerbitzuak, bai eta tokiko zerbitzu publikoen berezko jarduketekin zerikusia dutenak ere, eta haiek egoki funtziona dezaten begiratzea. Hona hemen batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe:

Jendeari arreta ematea eta administrari laguntzaileek udal bulegoetan dituzten zeregin guztiak betetzea: ordenagailuekin lan egin, testu tratamendua, kudeaketa programak, edozein eratako udal zerbitzuak eman eta Alkatetzak nahiz organo ordezkariek agindutako lanak egin; zeregin horiek guztiak, betiere, haren eskumen, maila eta kategoriaren esparrukoak izanen dira. Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta zuzemenak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

1.7. Hautapen-prozesua oposizio bidez eginen da, plazarako sarbide hori ezarririk baitago plantilla organikoan.

Hautaprobak izanen dira 6. oinarrian ezarritakoak

1.8. Prozesuko izapideetara Udalaren webgunetik sartuko da, honako esteka honen bidez:

http://www.caparroso.es/convocatoria-provision-mediante-oposicion-de-una-plaza-de-auxiliar-administrativo-a-en-regimen-laboral-fijo/

2. oinarria. Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa, horietako baten baliokidea, edo, bestela ere, titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria. Eskabideak eta agiriak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Caparrosoko Udalaren erregistro orokorrean (España plaza 12), edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkezten ahalko da, Caparrosoko Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Caparrosoko Udalaren egoitza elektronikoan dago: https://sedeelectronica.caparroso.es.

Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.

Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

2.–Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko egokitzapenik behar badute denbora edo baliabideen aldetik, zilegi izanen dute horiek parte hartzeko eskabidean eskatzea eta, horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

4.–Desgaitasuna izanik, probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria. Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea iragandakoan, Caparrosoko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Ebazpena argitaratuko da Udalaren webgunean, deialdiaren web-fitxan, esteka honen bidez sartzen ahalko baita:

http://www.caparroso.es/convocatoria-provision-mediante-oposicion-de-una-plaza-de-auxiliar-administrativo-a-en-regimen-laboral-fijo/

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda Udalaren webguneko web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Caparrosoko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren webgunean, deialdiaren web-fitxan. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Caparrosoko Udalaren webguneko web-fitxan eta iragarki-taulan argitaraturik.

5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako agiriak edo Udalak bere eskuetan dauzkanak aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizunak.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

6. oinarria. Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioko probak.

Ariketak baztertzaileak izanen dira, eta oposizioaldian, gehienez, 100 puntu lortzen ahalko dira.

Ariketak 2025eko abendutik aurrera eginen dira.

Oposizioaldia (proba teorikoa eta praktikoa) gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.

Oposizioaldian bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Biak ere baztertzaileak izanen dira.

a) Proba teorikoa.

Proba honetan test moduko galde-sorta bati erantzun beharko zaio. Galderek zenbait erantzun izanen dituzte aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiko II. eranskinean ageri direnak.

Ariketa hasi baino lehen, epaimahaiak zenbat iraunen duen ezarriko du.

Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,50 puntu kenduko dira.

Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

25 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina izan ezik.

Lehen proba egin eta kalifikatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Udalaren webguneko web-fitxan eta iragarki-taulan, eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

Gutun-azalak irekita, epaimahaiak probaren zuzenketari dagozkion behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Caparrosoko Udalaren webguneko web-fitxan eta iragarki-taulan. Izangaiek 5 egun baliodun izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Alegazioak ebatzita, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko ditu; orobat, jakinaraziko du noiz eta non eginen den hurrengo ariketa, gutxienez laurogeita zortzi ordu lehenago.

b) Proba praktikoa.

Administrazio-agiri bat edo batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: beteko den lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik hautatuko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak idatziz, ahoz edo ordenagailuz planteatzen ahalko du kasu praktiko bakoitza. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana.

Bigarren proban gehienez 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez puntuen erdia erdietsi beharko da.

6.2. Bigarren proba egin eta kalifikatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Udalaren webguneko web-fitxan eta iragarki-taulan, eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

Gutun-azalak irekita, epaimahaiak probaren zuzenketari dagozkion behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Caparrosoko Udalaren webguneko web-fitxan eta iragarki-taulan. Izangaiek 5 egun natural izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Alegazioak ebatzita, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi, eta deialdiaren fitxan argitaratuko ditu.

Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa aterako da bi ariketetan lortutako puntuazioak baturik, baina ezinbestekoa izanen da proba biak gaindituta edukitzea.

6.3. Ariketa bakoitza egiteko dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Ezarritako moduan nor diren frogatzen ez dutenak edo aurretik zehaztutako egun, ordu eta tokian agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Carlos Alcuaz Monente, Caparrosoko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Susana Milagro Redondo, Caparrosoko Udaleko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidea: Úrsula Ayechu Napal, Santakarako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Elena Jiménez Iribarren, Caparrosoko Udaleko administrari-ofiziala.

Bigarren epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: José Angel Ipiña París, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Hirugarren epaimahaikidea: Rafael Ibáñez Alda, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Andrés Reinaldo Hernández, langileen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Ana Gloria Iribarren Pérez, Caparrosoko idazkaria.

Ordezkoa: Julen Jiménez Jiménez, Murillo el Frutoko idazkaria.

7.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

7.3. Kalifikazio-epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu eta epaimahaikide guztiek sinatuko dituzte.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak; berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.6. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin eta abstentziorako arrazoiren bat badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8. oinarria. Emaitzak.

8.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, oposizioko probetan lortutako puntuazioak batuko dira, betiere izangaiak oposizioaldiko bi ariketak gainditu baditu.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan (proba teorikoan) puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan (praktikoa) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta ebatziko da puntuaziorik handiena duenaren alde. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko.

8.2. Oposizioaldia bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, Udalaren webguneko web-fitxan eta iragarki-taulan. Bakoitzak oposizioan guztira lortutako kalifikazioarekin agertuko dira, eskuratu duten puntuazio osoaren ordenan.

Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Caparrosoko Udalaren iragarki-taulan, deialdiaren web-fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

8.3. Oposizioaldiko bi ariketak gainditu arren plazarik eskuratzen ez duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan.

9. oinarria. Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

–Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen erakundeak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.

–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela administrazio publiko batean jarduteko desgaiturik edo gabeturik, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.

9.3. Aurreko apartatuko kasua gertatuz gero, plaza beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (8.2 apartatua) ondo-ondotik datorren izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.

10. oinarria. Izendatzea eta kontratatzea.

10.1. Hautapen-prozesua bukatutakoan, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 9.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, alkate udalburuak haren izendapena ebatziko du, ezarriko du kontrata dadila toki-erakunde honetako langile lan-kontratudun finko gisa administrari laguntzailearen lanpostuan jarduteko, eta plaza hutsa esleituko zaio.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berak izanen ditu, hala ezartzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

10.2. Izendatzen den izangaiak kontratua sinatu beharko du, eta lanpostuan hasi, izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Caparrosoko Udaleko langile lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu.

Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 9.3 apartatuan ezarritakoari.

10.3. Borondatezko eszedentziak aplikatzeko araubidea izanen da ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoa (foru lege horren bidez onetsi ziren langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan).

Plaza hutsa beteko da, era berean, 9.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

11. araua. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta deialdi honen 1.5 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin.

11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Caparrosoko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, deialdiaren 8.3 oinarriarekin bat.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda erabiliko da deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren arabera.

11.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte aurkeztu beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak, kontratua formalizatzen denean eta kopiak aurkeztuta.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.6. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek, bai eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek ere, galduko dituzte sarrera-deialdian parte hartzetik datozen eskubide guztiak, horrek deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

11.7. Prozesu honetan onesten diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak bost urtez egonen dira indarrean.

12. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako zerrenden kudeaketa.

12.1. Dei egitea.

Probak gainditu dituzten eta epaimahaiak proposatutako eta horretarako onetsitako zerrendan ageri diren izangaiei dei egiten ahalko zaie sortzen diren beharren arabera.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Hala eta guztiz ere, dei egiterakoan kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, zehazki 4. apartatuan, apirilaren 10ko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera; izan ere, horren arabera, hiru plazatatik bat, lehena, erreserbatuko da zerrendan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, horren gaineko deklarazio baten bidez, zeina eginen baitute Caparrosoko Udalak esleituriko medikuntza zerbitzuek.

12.2. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 12.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio. Horrela, dagokion zerrendan azken tokira pasatuko da.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, dei eginen zaio zerrendan hurrengo ageri denari, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

5.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

6.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

12.3. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela, kasu horretan, hain zuzen, duen postuari eutsiko baitio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera (bikote egonkorra), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egiten ez den artean, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.

12.4. Zerrendetatik baztertzea.

Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

e) Sinatutako kontratuari uko egitea.

f) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

12.5. Deia jasotzen dutenek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

13. oinarria. Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Caparrosoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joanez, non ereduak emanen baitzaizkie eskubideok erabiltzeko, edo dpo@gfmservicios.com posta elektronikoko helbidearen bidez edo www.Caparroso.es webgunearen bidez.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

14. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, beronen oinarrien edo deialdia bera aplikatzeko egintzen aurka, baldin egintza horiek ez badira kalifikazio-epaimahaiarenak, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–Eskabide eredua

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.

2.–Udal errolda: Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa: II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeen xedapen erkideak.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa: Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: I. titulua: Toki-korporazioetako kideen estatutua. II. titulua: Toki-erakundeen beharrezko antolaketa. III. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria. VI. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa.

7.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. tituluko I. kapituluko 1. atala: Hirigintzako lizentziak.

8.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

9.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Gardentasuna; III. titulua, Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

11.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.

Oharra: Deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Caparroson, 2025eko abuztuaren 22an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

Iragarkiaren kodea: L2511169