176. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, haize-energiaren WindEnergy 2026 azokan parte hartzeko. Azoka Hanburgon eginen da, 2026ko irailaren 22tik 25era bitarte.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, lan egiten du Nafarroako Komunitateko eta haren enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko.

Plan horrek energia berriztagarriaren sektorea estrategikotzat hartzen du, eta, zehazki, haize-energiaren azpisektorea.

Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2026rako ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta energia berriztagarrien arloko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea WindEnergy nazioarteko azokan. Azoka hori Hanburgon eginen da, 2026ko irailaren 22tik 25era.

WindEnergy erreferentzia da, mundu mailan, haize-energiaren sektorerako. Urtero 40.000 profesional inguru joatean dira azokara, ehun bat herrialdetatik. Azokan jarduera asko egiten dira haize-energiaren hainbat eremutan: hitzaldiak, foro espezializatuak, eztabaida sustatzeko jarduerak, baita enpresen, adituen, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen arteko harremana eta lankidetza sustatzea ere.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azokak aukerabideak eskaintzen ahal dizkie haize-energiaren sektorean aritzen diren Nafarroako enpresei, eta, horregatik, aipatu sektoreko balio-katean parte hartzen duten enpresak gonbidatzen ditu Nafarroako Gobernuak azoka horretan jarriko duen erakustokian batera parte har dezaten.

Ekintzaren xedeak.

–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako haize-energiaren sektorearen irudi taldekatu, profesional eta erakargarria eskaintzea azokan.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen haize-energiari buruzko teknologiaren sektorea nazioartean.

–Laguntza instituzionala ematea haize-energiaren sektoreari, nazioartean garatu dadin.

–Negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen bai egungo bezeroekin bai etorkizunean bezero izan daitezkeenekin ere.

Sektorea.

–Haize-energia.

Ekintzaren edukia.

–Nafarroako enpresentzako gunea izatea "Navarra Renewables" erakustokiaren barruan, Hall B2n, baita gune komun bat ere bilerak egiteko.

–Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera emanen zaie, jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioarteratzeko.

–Parte hartzen duten erakundeen sustapena eta zabalkundea, "Navarra Renewables" erakustokiaren barruan.

–Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko azokako koerakusketariaren tasako, bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Nafarroako haize-energiaren sektoreko balio-katearen parte izatea (enpresak, klusterrak, elkarteak, etab.). Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Nafarroan izatea egoitza soziala eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

–Inskripzioa egiteko unean, web-orria eta katalogoak ingelesez izatea.

–Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, WindEnergy azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2025eko abenduaren 1eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/participacion-en-el-stand-de-navarra-en-la-feria-windenergy-2026

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.

Jakingarriak.

14 enpresak parte har dezakete gehienez, eta, gutxienez, 6 enpresa beharko dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

WindEnergy azokara erakusketari gisa beren kasa (Nafarroako erakustokitik kanpo) doazen enpresek, Nafarroako erakustokian ("Navarra Renewables") ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.

Hiru edizio jarraian Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez azoka honetan parte hartu duten enpresak itxaron zerrendan geldituko dira, baldin eta izena eman duten enpresa kopurua 14tik gorakoa bada.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.

–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta 6 hilabetera, jakiteko zer aurrerapen izan den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 7an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2510727