Iragarkia
172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1748/2025 EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita doktoratu aurreko kontratu bat egiteko, Europako Batzordeak MSCA DN programaren bidez finantzatua, doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dezan, EBko Finality proiektuaren esparruan (101168816 zk.).
Deialdi hau FINALITY proiektutik sortu da, zeina Europako Batzordeak finantzatzen baitu Horizon Europe programaren barrenean, HORIZON-MSCA-2023-DN-01 Doctoral Network izeneko ekintza gisa. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekintza hori gauzatzeko ardura duen nazioarteko partzuergoan hartzen du parte, Europako Batzordearekin sinatutako dirulaguntza-akordio honen babesean: 101168816 -FINALITY- HORIZON-MSCA-2023-DN-01. Proiektu honen ikertzaile nagusia Paula Gordaliza Pastor irakaslea da, eta haren eginkizuna deialdi honen babesean kontratatutako doktoregaiei segimendua egitea da.
Partzuergo horren esparruan Nafarroako Unibertsitate Publikoak duen konpromisoa da doktoratu aurreko 2 ikertzaile gazte hautatzea eta kontratatzea. Paula Gordaliza Pastor irakasleak prestatuko eta ikuskatuko ditu, HORIZON-MSCA-2023-DN-01 ekintzarako hark izendatzen dituen ikertzaileekin batera.
Apirilaren 11ko 759/2025 zenbakiko ebazpenaren bidez doktoratu aurreko 2 kontratuen deialdia onetsi zen. Horietako bat hutsik geratu da. Behin betiko kontzesio-proposamenaren arabera, 1411/2025, uztailaren 16koa, hutsik dagoen lanposturako deialdia egiten da berriro.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren ziurtagiria.
Ikusirik 101168816 -FINALITY- HORIZON-MSCA-2023-DN-01 ekintza gauzatzearren Europako Batzordearekin sinatutako dirulaguntza-akordioa.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituak ditudan eskudantziez baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, gehienez 133.486,99 eurokoa.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko, 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldietarako duen Gastuen Aurrekontuetako partiden kargura ordainduko da.
–2025:
- 30.31.14.335A -131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 11.117,88 euro.
- 30.31.14.335A -160.00 Gizarte Segurantza 3.698,92 euro.
–2026:
- 30.31.14.335A -131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 33.353,65 euro.
- 30.31.14.335A -160.00 Gizarte Segurantza 11.123,44 euro.
–2027:
- 30.31.14.335A -131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 33.353,65 euro.
- 30.31.14.335A -160.00 Gizarte Segurantza 11.150,13 euro.
–2028:
- 30.31.14.335A -131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 22.25,76 euro.
- 30.31.14.335A -160.00 Gizarte Segurantza 7.453,43 euro.
Bigarrena.–Doktoratu aurreko kontratuaren deialdia onestea. Deialdi horren xedea doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egitea da, "Safe learning for large scale Interconnected systems" ikerketa-arloan (FINALITY), ebazpen honen eranskineko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Europako Batzordeak Horizon Europe programako MSCA DN ekintza gisa finantzatuko ditu tesiak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko zuzendariari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Kontu Hartzailetzari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, bai eta ebazpena eta erantsia duen deialdia, ingelesera itzulia, Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea ere, eta, bestetik, agintzea hari buruzko erreseinak eta estekak ezagutzera eman daitezela nazioarteko Euraxess Jobs plataformako bitarteko elektroniko nazioartekoen bidez (https://euraxess.ec.europa.eu/jobs/search).
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 7an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
DEIALDIA, DOKTORATU AURREKO KONTRATU BAT EGITEKO, EUROPAKO BATZORDEAK FINALITY PROIEKTUAREN BIDEZ FINANTZATUA (101168816 ZK.), DOKTORETZA-TESIA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN EGITEKO, ESTATISTIKA ETA IKERKETA OPERATIBOA JAKINTZA-ARLOAN
EBAZPENAREN ERANSKINA
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikerketa sustatu eta bultzatzeko ezarria duen politikaren helburuetako bat da ikertzaile gazteei prestakuntza ematea doktoratu aurretik ikertzen has daitezen.
Doktoratu aurreko kontratu deialdi hau Europako Batzordeak eta NUPek sinatutako dirulaguntza-akordio batetik sortu da (ingelesez, Grant agreement), zeren eta HORIZON-MSCA-2023-DN-01 deialdiko FINALITY proiektua (101168816 zk.) gauzatzeko ardura duen nazioarteko partzuergoko kide baita NUP –akordio horren helburua Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren jakintza-arloko doktoratu aurreko 2 kontratu finantzatzea da–. Proiektu honen ikertzaile nagusia Paula Gordaliza Pastor irakaslea da, eta haren eginkizuna deialdi honen babesean kontratatutako doktoregaiei segimendua egitea da.
Gorago aipatutako ekintzaren helburua da Konputazio Zientzietako doktoratu aurreko prestakuntza emanen duen sare bat sortzea, interkonektatutako sistemetarako ikaskuntza-teknika seguru eta efizienteak erabiltzen dituena. Europako 5 herrialdetako 7 unibertsitate edo instituziok hartzen dute parte ekintzan, sektore industrial batzuetako entitate elkartu zenbaitekin lankidetzan.
Sare horretan, 15 ikertzaile gazte sartuko dira, eta programako parte-hartzaile diren eta arlo akademiko zein industrialean diharduten zenbait ikertzaile seniorrek hautatu, kontratatu, trebatu eta ikuskatuko dituzte.
NUPen eta deialdia tramitatu ondoren hautatzen den pertsonaren artean sinatutako doktoratu aurreko kontratua Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan araututakoa izanen da. Lege horren 21. artikuluaren arabera, doktoratu aurreko kontratuak ezin dira lau urtetik gorakoak izan.
Apirilaren 11ko 759/2025 zenbakiko ebazpenaren bidez doktoratu aurreko 2 kontratuen deialdia onetsi zen. Horietako bat hutsik geratu da. Behin betiko kontzesio-proposamenaren arabera, 1411/2025, uztailaren 16koa, hutsik dagoen lanposturako deialdia egiten da berriro.
Hori guztia kontuan harturik, doktoratu aurreko kontratu baterako deialdi hau egiten du NUPek.
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi hau lehiaketa bidez eginen da, eta haren helburu nagusia da ikerketa zientifiko eta teknikoko titulu unibertsitarioa duen ikertzaile bati prestakuntza ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren jakintza-arloan doktore gradua lor dezan.
Hortaz, doktoratu aurreko kontratu baten deialdia egiten da problema estatistiko teoriko eta praktikoak jorratuko dituen doktoretza-tesia egin dadin NUPen, etorkizuneko interkonektatutako sistema handietarako ikaskuntza automatiko seguruari aplikatuko zaizkien adimen artifizialeko metodo aurreratuak ikertzeko eta garatzeko. Aukera paregabea da ongi garatu eta probatzeko interkonektatutako sistema konplexuetarako adimen artifizialeko teknika berriak, baita aurreikuspenen arabera etorkizuneko komunikazio sareetan (6Gkoak eta hortik aurrerakoak) eta plataforma informatiko mugikor eta periferikoetan erabiliko direnak ere. Zehazki, honako ikerketa-problema hauek jorratuko ditu tesiak:
Ekitatea fluxuen esleipenean: garraio optimoaren ikuspegi bat. Tesi honen ikergaia da nola bermatu fluxu esleipenen ekitatea garraio optimoaren teoriaren bidez, behar bezala integratuz alfa-fair delako ikuspegia eta bektore objektibo baten proportzionalak diren baliabideen bektoreetan oinarritutako eskari funtzioak. Wassersteinen distantzia erabiliko da baliabideen esleipenaren ekitatea lantzeko eta ekitate-metrikak kontuan hartuz analisi hori beste problema batzuetara zabaltzeko, besteak beste iragarpen algoritmikora eta sailkapenera.
Doktoratu aurreko kontratuak 3 urteko iraupena izanen du, eta zilegi izanen da urtebeteko aldietan luzatzea, gehienez 4 urteko iraupena izan arte. Kontratua Europako Batzordearen MSCA-FINALITY (101168816 zk.) proiektuaren bidez finantzatuko da, eta, beraz, kontratua indarrean egon dadin, beharrezkoa da finantzaketak bere horretan jarraitzea eta deialdi honetako baldintzak kasu guztietan eta ondorio guztietarako betetzea.
2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Honako baldintza hauek bete behar dituzte eskatzaileek eskaera aurkezteko epean:
–Honako titulazio hauetako baten ikasketak izatea:
- Unibertsitate Masterren bat arlo hauetakoren batean: Matematikaren Ikerkuntza, Matematika Aplikatuak, Ingeniaritza Matematikoa, Ingeniaritza Informatikoa, Datuen Zientzia eta Konputagailuen Ingeniaritza, Adimen Artifiziala, Machine Learninga, edo, bestela, aurrekoekin parekagarria den masterren bat.
- Graduko unibertsitate tituluren bat, gutxienez 300 ECTS dituena osotara, eta MECESen 3. maila egiaztatua dutenak aurreko puntuan adierazitako arloetan.
- Espainiako master baten parekoa den prestakuntza-maila egiaztatzen duen atzerriko titulu bat, gorago aipatutako arloetako doktoretza egiteko aukera ematen duena jatorriko herrialdean.
- Deialdi honetatik baztertuta geldituko dira aipatutako titulurik ez duten eskatzaile guztiak.
–Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskabideak aurkezteko epea bukatu aurreko hamabi hilabeteetan doktoretza-tesia egiteko beste kontratu edo laguntza baliokideren bat izan dutenek.
–Doktoretza-tesirik ez aurkeztu izana defentsarako.
–Doktore titulurik ez eskuratu izana.
–Ingeleseko B2 maila, edo parekoa, ACLESek eta CRUEk (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) onartzen dituzten ziurtagirien zerrenda kontuan harturik (https://www.crue.org/wp-content/uploads/2020/02/Certificados-para-la-acreditaci%C3%B3n-de-niveles-de-ingl%C3%A9s.pdf). Ingelesa lehen hizkuntza gisa dutenek edo ikasketak ingelesez egin dituztenek aukera izanen dute baldintza horretatik salbuetsita gelditzeko.
–Mugikortasun araua: kontratuaren hasiera-egunaren aurreko 3 urteetan eskatzailea ez egon izana 12 hilabete baino gehiago bizitzen edo bere jarduera nagusia gauzatzen (adibidez, lana, ikasketak) harrera-erakundearen herrialdean (Espainia), Europako Batzordeko MSCA programako bekak arautzen dituzten arauen arabera, programa horretakoa baita proiektu hau.
3.–Araubide juridikoa.
3.1. Deialdi honen oinarriek eta Europako Batzordearen eta FINALITY proiektuaren bazkideen artean sinatutako dirulaguntza-akordioak arautuko du doktoratu aurreko kontratua; hain justu, bazkide horien artean dago NUP, eta doktoratu aurreko kontratuak finantzatzen ditu.
Halaber, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak ere arautuko du kontratua, baita Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutuak (64 zenbakiko EAOa, 2019ko martxoaren 15ekoa) eta, hala badagokio, Langileen Estatutuaren xedapenetatik aplikatzekoak direnek ere.
3.2. Balorazio Batzordeak zilegi izanen du izangaiak doktoretza-programan onartua izateko eskaeran tesirako proposatu zuen zuzendaria alda dadin iradokitzea. Zuzendaria aldatzeko proposamen hori esleipen proposamenarekin batera eman beharko da aditzera. Hautatutako pertsonari bere zuzendariaren ikerketa-talde bera esleituko zaio, eta haren sail eta ikerketa-institutuari atxikiko zaio, halakorik izanen balu.
3.3. Doktoratu aurreko kontratua formalizatzeak eta deialdi honetan ezarritako laguntza emateak ez du inolako konpromisorik ekarriko hautatutako izangaia gero Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sar dadin, ez eta egonaldiak egiten diren zentro edo enpresetan ere baldin eta kontratu honen esparruan ikerketa-egonaldiak egiten badira.
3.4. Proiektuaren unibertsitate koordinatzaileak ez badizkio adierazitako kantitateak ezarritako epean ematen, NUPek eskubidea du sinaturiko kontratuaren berritzea baliogabetzeko, eta aukera izanen du deialdi honen xede den doktoratu aurreko kontratua alde bakarrez deuseztatzea erabakitzeko.
3.5. Doktoratu aurreko kontratua formalizatzea eta deialdi honen babesean ezarritako laguntza jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, baita hautatutako izangaiari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dion soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:
–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak.
–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.
–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako ordainsariak, betiere NUPeko Ikerketako errektoreordearen ustez ez badio trabarik egiten doktoratu aurreko kontratuaren xedea garatzeari.
4.–Eskaeren aurkezpena.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, unibertsitateko erregistro elektronikoaren bidez, zerbitzuen katalogoan gaitutako "MSCA proiektuei lotutako doktoratu aurreko kontratuetarako laguntzak" prozeduraren bidez. Hartara sartzeko, Unibertsitateko Egoitza Elektronikora sartu behar da. Tramitea esteka honetan dago eskuragarri: NUPeko egoitza elektronikoa MSCA deialdia (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Oro har, eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.
5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.
Dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskaeraren inprimaki normalizatua (2. eranskina). Esteka honetan dago eskuragarri: NUPeko egoitza elektronikoa MSCA deialdia.
b) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Deialdi honetara aurkezteko erabili den tituluaren fotokopia, edo titulua eskatu izanaren frogagiria. NUPeko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
d) Eskatzaileari doktoretza egiten hasteko modua ematen dioten ikasketen espediente akademiko osoa (masterrarena eta graduarena, dagokionaren arabera), zer kalifikazio eta noiz lortu diren jasotzen dituena (batez besteko nota espresuki adierazten duena). NUPeko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, aipatutako dokumentuez gain, noten baliokidetasun agiria aurkeztu beharko dute, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak egina. Hemen eskatzen al da: baliokidetasun agiria (https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia_notas_medias).
Ziurtagiri akademikoak gaztelania edo ingelesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpena erantsi beharko da.
e) Ingeleseko B2 maila egiaztatzeko ziurtagiriaren fotokopia, ACLESek eta CRUEk (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) onartzen dituzten ziurtagirien zerrenda kontuan harturik (https://www.crue.org/wp-content/uploads/2020/02/Certificados-para-la-acreditaci%C3%B3n-de-niveles-de-ingl%C3%A9s.pdf).
f) Merezimenduen zerrendaren laburpenaren inprimakia (3. eranskina). Hemen dago: NUPeko Egoitza Elektronikoa MSCA deialdia (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
g) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak. Agiriz egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, eta ez besterik. Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.
Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania edo ingelesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.
h) Bi gomendio gutun, ingelesez edo gaztelaniaz, behar bezala datatuak eta sinatuak. Kontratu honetarako berariazkoak.
i) Motibazio gutun bat, ingelesez, behar bezala datatua eta sinatua. Hartan, izangaiak adierazi behar du zergatik interesatzen zaion doktoratu aurreko kontratu hori, eta zer merezimendu dituen hartarako, kontratu honetarako berariazkoak.
Baztertu eginen dira a) eta f) letretan deskribaturiko 2 inprimaki normalizatuen formatua erabiltzen ez duten eskaerak.
Deialdi honen oinarrietan eskatutako dokumentazioa NUPen eskuetan baldin badago jada, hautagaiak ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.
Behar bezala eta epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan onartutako eskabideak barematzeko.
Balorazio Batzordeak informazio argigarria eskatuko du, beharrezkoa iruditzen bazaio, izangaia aukeratzeko proposamena egiteko.
6.–Izangaien hautaketa.
Eskaeren balorazioa eta esleipen proposamena Balorazio Batzordeak eginen du. Honako hiru kide hauek osatuko dute:
–Guzmán Santafé Rodrigo, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle kontratatu doktorea, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Balorazio Batzordearen burua izanen da.
–Paula Gordaliza Pastor, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle laguntzaile doktorea, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Balorazio Batzordearen idazkaria izanen da.
–Carlos Echegoyen Arruti, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle laguntzaile doktorea, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Balorazio Batzordearen batzordekidea izanen da.
Batzordeburuak eskatuta eratuko da Balorazio Batzordea, eta horretarako kideei dei eginen die. Halaber, NUPeko Ikerketa Zerbitzuak behar diren kudeaketak eginen ditu Balorazio Batzordearen jarduna errazteko.
7.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartutako eskaeren behin-behineko zerrenda onetsiko da Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, baita eskatutako laguntzarako baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako agiriak garaiz eta forman ez aurkezteagatik baztertutakoena ere.
Ebazpen hori eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096), eta interesdunei 10 egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, baztertu izanaren aurkako erreklamazioa aurkezteko, Ikerketa Zerbitzura zuzendua, eta ebazpenean adierazten diren gabeziak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Izangaiak ez baditu epe horretan gabeziak zuzentzen edo dokumentazioa osatzen, deialditik baztertuta geldituko da.
7.2. Ikerketa Zerbitzuak aurkeztutako erreklamazioak aztertuko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.
Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpena NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da eta, haren aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena iragarki oholean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.3. Geroago, Balorazio Batzordeak onartutako eskaerak ebaluatuko ditu 1. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, eta izangai bakoitzaren behin-behineko puntuazioak eta kontratuaren behin-behineko esleipenaren proposamena onetsiko du. Behin-behineko esleipenak dituen Balorazio Batzordearen erabakia NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta haren kontra interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, batzordeburuari zuzendua, 10 egun balioduneko epean, proposamen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.4. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Balorazio Batzordeak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena eta itxaron zerrendan dauden izangaiena, puntuazioaren arabera ordenatuak, ebazpen baten bidez onets ditzan. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da behin betiko esleipena eta itxaron zerrendan dauden izangaien lehentasun ordena dituen ebazpena.
Behin betiko ebazpen horren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
8.–Doktoratu aurreko kontratuaren xedea eta baldintzak.
8.1. Doktoratu aurreko kontratuaren xedea Estatistikaren, Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren arloan ikerketa-lanak egitea izanen da, eta, zehazki, doktoretza-tesia egitea deialdi honen 1. oinarrian adierazitako xedeetarako.
8.2. Kontratua idatziz sinatuko dute hautatutako izangaiak eta NUPek, lehenbizikoa langilea eta bigarrena enplegatzailea direnez gero.
NUPeko Matematikako eta Estatistikako Doktoretza Programan onartua izan dela adierazten duen agiria erantsiko zaio kontratuari, programaren unitate arduradunak emana, edo doktoretzako edo graduondoko eskolak emana, hala badagokio.
Ezin izanen dute kontratua sinatu tesia gordailutua edo defendatua duten eskatzaileek; horrek izangaia deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, kontratua ukatzea ekarriko du.
Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, hiru urteko iraupena izanen du; programan irauten duen bitartean, aukera egonen da urtebeterako luzatzeko, betiere aldez aurretik doktoretza-programako Batzorde Akademikoak, edo, kasua bada, doktoretzako eskolak aldeko txostena egin badute. Kontratuaren iraupena 4 urtekoa izanen da gehienez ere, luzapenak barne.
Horretaz gainera, esleipenerako hautatutako izangaiak aurkeztutako urteko txostenaren aldeko ebaluazioa egin beharko du tesiaren zuzendariak, eta behar besteko aurrekontua egon behar da.
8.3. Doktoratu aurreko kontratua honako kasu hauetan amaituko da:
–Kontratuaren gehieneko epea betetzen denean, luzapen guztiak barne.
–Matematikako eta Estatistikako Doktoretza Programan egoteko aldia bukatua badago edo hautatutako izangaia ez badago doktoretza-programan matrikulatua.
–Doktoratu aurreko jardueraren ebaluazio negatiboa lortuz gero doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren txostenean. Ebaluazio hori aurkakoa bada, posible izanen da doktoratu aurreko kontratua deuseztatzea.
8.4. Doktoratu aurreko kontratuaren urteko soldata gordina 33.333,63 euro-koa izanen da. Doktoratu aurreko kontratuagatik, unibertsitateari Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren 11.116,77 euro ordaintzea dagokio urtero.
Zenbateko horien batura 44.450,40 euro-koa da, hain justu MSCA-2023-DN-01 deialdiak Espainiarako ezarritakoa. Bi kontzeptu sartzen dira haren barrenean: "Living allowance" eta "Mobility allowance".
Gainera, lehenago aipatutako deialdiak "Family allowance" delakoa jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu izangaiak, haren urteko soldata gordina 4.454,44 euro handituko da, eta unibertsitateak urtero ordaindu beharreko Gizarte Segurantzaren kuota patronala 1.485,56 euro-ko izanen da.
Zenbateko horiei kontratupeko langilearen Gizarte Segurantzako nahitaezko kotizazioa eta PFEZa kenduko zaizkie, indarrean dauden legeek ezarritako baldintzetan.
Urteko zenbatekoa 12 ordainsaritan ordainduko da.
9.–Hautatutako izangaiaren betebeharrak.
9.1. Doktoratu aurreko kontratua formalizatzeak berekin dakar hautatutako izangaiak hauek onartzea: deialdi honetan ezarritako arauak, finantziazioaren dirulaguntza-akordioan Europako Batzordeak ezarritakoak eta NUPek ezarritakoak kontratuaren xedearen segimendu zientifikoa egiteko, eta, hala badagokio, laguntza osagarriaren jarraipena egiteko.
9.2. Hautatutako izangaiak honako betebehar hauek izanen ditu:
–Kontratua esleitzeko ebazpenean eta kontratuan adierazten den egunean bertan hastea lanean NUPen, kontratuaren helburu den ikerketa-lana egiteko xedez; une horretan hasten ez bada, kontratuari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik hura sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egun baliodunetan sinatzen ez bada.
–Atxiki zaion ikerketa-taldean bere lana aprobetxamenduz egitea, baita beste hainbat erakundetan ere, baldin eta beste zentro edo enpresa batzuetan ikerketa-egonaldiak egin behar direla erabakitzen bada.
–Kontratuarekin lotutako lana garatzean lortu dituen informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, tesiaren zuzendariaren baimenik ez badu. Erabateko sekretua gordetzea bere jarduerak egitearen ondorioz eskuratu lezakeen informazio konfidentzialari buruz –izan NUPen eskuratutakoa, izan ikerketa-egonaldiak egiten dituen zentro edo enpresetan eskuratutakoa–, eta informazio hori ez kontatzea, jakinaraztea eta/edo zabaltzea hirugarren pertsonei, ez osorik ezta partzialki ere.
–Hautatutako izangaiak bere ikerketekin lotutako edozein komunikazio, argitalpen edo zabalkunde-lan egin nahi badu, tesiaren zuzendariaren berariazko baimen idatzia eduki beharko du aldez aurretik. Tesiaren zuzendariak baimen horren oniritzia eskatuko dio Ikerketako errektoreordeari. Edonola delarik ere, baimena emateko edo ukatzeko, FINALITY proiektuaren dirulaguntza-akordioan ezarritakoari erreparatuko zaio, haren barrenean baitaude proiektuak.
–Tesiaren zuzendariari eta NUPeko Ikerketa Zerbitzuari bidaltzea egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, tesiaren zuzendariaren oniritziarekin eta konfidentzialtasun klausulak errespetatuz.
–Aldeko txostena edukitzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Matematikako eta Estatistikako Doktoretza Programako Batzorde Akademikoak urtero egiten duen nahitaezko jarraipen proban, kontratua urtebeterako berritzeko. Hautatutako izangaiak ez badu urteroko proba nahitaez egin beharrik, egindako lanari buruzko memoria bat aurkeztu beharko du tesiaren zuzendariak egindako txostenekin batera.
–Kontratuak iraun bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Europako Batzordeak emandako finantzaketa eta kontratu honen oinarrian dagoen proiektua.
–Tesiaren zuzendariari aurkeztea, laguntza bukatzen denean, egindako lanaren azken memoria, baita lan bizitzaren egiaztagiri bat ere.
–Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoratu aurreko kontratuaren hasiera-egunetik kontatzen hasita. Ikerketako errektoreordeak aukera izanen du betebehar hori betetzeko epea luzatzeko, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emanda eta Doktoretza Programako Batzorde Akademikoak aldeko txostena emanda.
–Tesiaren zuzendariari eta NUPen Ikerketa Zerbitzuari jakinaraztea kontratuaren esparruan lortzen den edozein emaitzaren berri, baldin eta emaitza hori jabetza intelektualaren edo industrialaren edozein babes-formularekin babestua izateko modukoa bada, edo/eta inolako aplikazio industrial edo komertzial baldin badu.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzea eta esleitzea kontratu honen esparruan sortzen diren emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, xedea izanik NUPek behar bezala betetzea FINALITY proiektuko bazkideekin sinatutako Partzuergo Hitzarmenean hartutako jabetza industrialeko eta intelektualeko konpromisoak.
9.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, doktoratu aurreko kontratua baliogabetzea ekarriko du, eta baliteke bidegabeki jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea.
9.4. Erdietsitako laguntzari uko egiteko, idazki bat bidali behar dio izangaiak Ikerketako errektoreordeari, tesiaren zuzendariak sinatua, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun baliodun lehenago aurkeztu behar da beranduenez.
Ukorik egonez gero, aukera egonen da postu horiek ordezteko, MSCA-2023-DN-01 programaren araudiari zorrotz jarraituz, betiere "Project Officer"ak eta entitate koordinatzaileak ados daudela aldez aurretik adierazi ondoren. Ordezkapenik egin behar izanez gero, kontratuak esleitzen dituen behin betiko ebazpeneko itxaron zerrendan dauden izangaien ordena jarraituko da, betiere tesiaren zuzendariak oniritzia ematen badu uste duelako laguntzaren xedea bermatua geratuko dela laguntza bukatzeko geratzen den denboran.
9.5. Deialdiko doktoratu aurreko kontratua formalizatzeko hautatutako izangaiak bete beharreko zereginak NUPen instalazioetan eginen dira, eta, hala ezartzen bada, ikerketa-egonaldiak egiteko proposatzen diren beste zentro eta enpresetan. Egonaldi horietan, hautatutako izangaiak zentro edo enpresa hartzaile bakoitzeko araudia eta berariaz ezartzen diren arau espezifiko guztiak bete beharko ditu.
10.–Onura sozialak.
Sinatutako doktoratu aurreko kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak izanen ditu hautatutako izangaiak.
11.–Irakasle lanean laguntzea.
Hautatutako izangaiak zilegi du baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakasle lanean laguntzeko, betiere tesiaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu har ditzake lan horrek, eta gehienez ere 180 ordu kontratuaren iraunaldi osoan, luzapena ere kontuan hartuta, halakorik egonez gero.
2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera.
12.–Kontratua etetearen ondorioak.
Kontratatutako izangaiak eskubidea izanen dute Gizarte Segurantzaren babes ekintzako araubideko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, kontratua etetearen sorburuan dauden gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.
Aldi baterako desgaitasun, haurdunaldiko arrisku, amatasun, adopzio edo harrera, edoskitzaroko arrisku eta aitatasun egoerek eten eginen dute kontratuen iraupenaren zenbaketa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat.
13.–Jabetza industriala eta intelektuala.
NUPenak izanen dira kontratu honen esparruan sortutako ikerketa-emaitzei buruzko jabetza industrial eta intelektualeko eskubide guztiak, eta bera bakarrik izanen da eskubide horien titularra.
Esleipenerako hautatutako izangaiak, hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoari laga eta esleituko dizkio kontratu horren esparruan sortutako emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, xedea izanik NUPek behar bezala betetzea FINALITY proiektuko bazkideekin sinatutako Partzuergo Hitzarmenean hartutako jabetza industrialeko eta intelektualeko konpromisoak.
Nolanahi ere, bidezkoa bada, kontratuaren esparruan sortutako emaitzen gaineko eskubideak ustiatu edo lagatzeagatik lortzen diren mozkinetan parte hartzeko eskubidea aitortuko dio Nafarroako Unibertsitate Publikoak esleipenerako hautatutako izangaiari, NUPen Estatutuen 70. artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz.
Horretaz gainera, hautatutako izangaiaren eskubide moralak errespetatuko dira, bereziki bere egile eta/edo asmatzaile izaeraren aitorpenari dagokionez, legedi indardunarekin bat etorriz.
14.–Datuen babesa.
Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa.
Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta oinarri juridikoa, berriz, interes publikokoa izatea, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluaren arabera. Ikertzaile gazteei prestakuntza emanen zaie prestakuntzaldian dauden ikertzaileentzako kontratuen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoari jarraikiz.
NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer kontratu esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.
15.–Argitalpena.
Ebazpen hau eta eranskin gisa ageri diren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Ebazpen hau eta haren eranskina gaztelaniaz eta ingelesez argitaratuko dira Nafarroako egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096) . Iragarki oholeko argitalpen honen erreseinak eta esteka Euroaxess Jobsen nazioarteko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko dira, bai eta egokitzat jotzen diren beste batzuen bidez ere (https://euraxess.ec.europa.eu/jobs/search).
Deialdi hau aplikatzearren emandako gainerako egintzak NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
16.–Errekurtsoak.
Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–DOKTORATU AURREKO KONTRATURAKO BAREMOA
KATEGORIAK | PUNTUAZIOA, |
Espediente akademikoa | 25 |
Ingelesa (C1 maila edo altuagoa) | 5 |
Esperientzia, profilarekin bat datorrena | 15 |
Mugikortasun programak | 5 |
Ikastaroak, argitalpenak eta biltzarretako parte-hartzea | 15 |
Sariak, bekak eta aipamenak | 5 |
Elkarrizketa pertsonala | 30 |
1.–Espediente akademikoa, 25 puntu gehienez ere.
Doktoretza-programan sartzeko titulazioaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratuko da. Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera:
∑ (Irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)/titulazioaren kreditu kopuru totala
1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.
Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.
Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:
–Ohorezko matrikula 10.
–Bikain 9,25.
–Oso ongi 7,75.
–Nahikoa 5,75.
Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira, eta 20 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.
Eskaera egiteko inprimakian kontratua zein titulaziorekin eskatzen den esanen da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batez besteko nota.
Horrez gain, bereziki hartuko dira kontuan ikerketa-proiektuarekin lotura zuzena duten gaietako kalifikazioak. Zehazki, Matematika, Estatistika, Computer Sciencea, Machine Learninga eta antzekoak. Gai horietan lortutako Ohorezko Matrikula bakoitzagatik 1 puntu emanen da, eta Bikain bakoitzagatik, aldiz, 0,5 puntu, gehienez ere 5 puntu lortu arte.
2.–Ingeleseko C1 maila edo altuagoa egiaztatzeko ziurtagiria, 5 puntu.
5 puntu emanen zaizkie ingeleseko C1 maila edo altuagoa egiaztatzeko ziurtagiri bat duten izangaiei, ACLESek eta CRUEk (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) onartzen dituzten ziurtagirien zerrenda kontuan harturik (https://www.crue.org/wp-content/uploads/2020/02/Certificados-para-la-acreditaci%C3%B3n-de-niveles-de-ingl%C3%A9s.pdf).
3.–Profilarekin bat datorren esperientzia, 15 puntu gehienez ere.
Izangaiak kontratuaren profilean adierazitako arloekin zerikusia duten lan teknikoak eta ikerketakoak egiten nolako esperientzia espezifikoa duen baloratuko da. Hori egiaztatzeko, hauek aurkeztu beharko ditu:
–Enpresa, ikerketa-zentro edo unibertsitateek emandako lan kontratuak, praktiketako kontratuak, laguntzak edo bekak. 1 puntu emanen dira arduraldi osoz kontratu edo beka batean egin den hilabete bakoitzeko.
–Esperientzia egiaztatua kontratuaren xede den arloarekin loturiko ikerketa-lanak egiten (adibidez, master edo gradu amaierako lana edo ikerketako curriculum praktikak). 0,2 puntu emanen da ECTS bakoitzeko.
4.–Mugikortasuna, 5 puntu gehienez ere.
Izangaiaren jatorrizkoa ez den unibertsitate edo ikerketa-zentroetan egindako egonaldiak hartuko dira aintzat. Erasmus+ Programaren barrenean egindako egonaldiak ere hartuko dira kontuan.
0,5 puntu emanen dira egonaldiko hilabete bakoitzeko.
5.–Ikastaroetan eta biltzarretan parte hartzeagatik edo argitalpenak egiteagatik, 15 puntu gehienez ere.
Inpaktua duten aldizkarietan egindako argitalpenak eta biltzar prestiogiotsuetako parte-hartzea baloratuko dira, betiere lotura badute kontratuaren xede den gaiarekin. Egiaztatu egin behar da argitalpena edo komunikazioa onartu edo argitaratu dela. Biltzarretara joatea ez da puntuaziorako kontuan hartuko haietan parte hartu ezean.
Kontuan hartuko dira gai hauetako prestakuntza-ikastaroak eta –mintegiak: matematika-tresnak, zenbaki– eta simulazio-teknikak eta programazio-lengoaiak (bereziki Python eta R). 0,2 puntu emanen dira 10 orduko edo ECTS bakoitzeko.
Jarduera zientifikorako edo proiektuaren gaietarako esanguratsuak diren beste ikastaro batzuetara joan izana baloratuko da, gehienez ere 100 ordura bitarte. 0,1 puntu emanen da 10 orduko edo ECTS bakoitzeko.
6.–Sariak, bekak eta aipamenak.
Sariak, bekak eta aipamenak baloratuko dira. 2 puntu sari, beka edo aipamen bakoitzeko.
7.–Elkarrizketa pertsonala: gehienez ere 30 puntu.
Elkarrizketa pertsonala kontratuaren edukiarekin lotua egonen da, eta Balorazio Batzordeak eginen du. Balorazio Batzordeko kide bakoitzak 0 eta 10 puntu artean emanen dio izangai bakoitzari, zenbateraino datorren bat kontraturako eskatzen den profilarekin. Izangai bakoitzaren atal honetako azken puntuazioa Balorazio Batzordeko hiru kideen balorazioen gehiketa izanen da. Baloratu beharreko gainerako atalen batuketa osoan puntuaziorik handiena duten hamar izangaiei eginen zaie elkarrizketa, betiere gutxienez 30 puntu badituzte. Elkarrizketa-fasera igarotzen ez diren hautagaiek ez dute prozesua gaindituko.
Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.
Hautaketa-prozesua gainditzeko, guztira 50 puntu lortu beharko dira.
2. ERANSKINA.–Eskaera-inprimakia:
Egoitza elektronikoan dago eskuragarri (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
3. ERANSKINA.–Merezimenduen inprimakia:
Egoitza elektronikoan dago eskuragarri (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
Iragarkiaren kodea: F2510997
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
