Iragarkia
172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUSTIÑANA
Udalaren kirol-instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua. Behin betiko onespena
2025eko ekainaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zen Fustiñanako Udalaren kirol-instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua.
Iragarki hori argitaratu zen 2025eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 26an, eta hogeita hamar egunean egon zen ikusgai Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, aurkez zitzaten erreklamazioak, kexak edo oharrak.
Epe hori iraganik, eta ez denez aurkeztu inolako erreklamazio, kexa edo oharrik, behin betiko onetsi da erregelamendua, eta jarraian ematen da haren testua. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Fustiñanan, 2025eko abuztuaren 13an.–Alkatea, Sergio Vitas Aguirre.
FUSTIÑANAKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOEN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Erregelamendu honen xede nagusia da Fustiñanako Udalaren kirol-instalazioen erabilera arautzea.
Honako hauek dira Fustiñanako Udalaren kirol-instalazio nagusiak: aire zabaleko igerilekuak (jostetarako igerilekua, irakasteko igerilekua eta plisti-plasta ibiltzeko igerilekua), fitness gela eta jarduera gidatuak egiteko gelak, aldagelak, pilotaleku estalia, kanpoko lorategiak, saskibaloiko, aretoko futboleko, padeleko eta teniseko pistak eta ostatu-kafetegia.
Halaber, horien barnean sartuko dira aipatu berri diren lekuei loturik eta aurreko paragrafoan esan diren instalazioetan kokaturik dauden ondasun higigarriak, instalazioak, jarduerak eta zerbitzuak, bai eta erregelamendu hau indarrean jarri ondoren sortzen ahal den beste edozein instalazio ere.
2. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.
3. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, eta haietan sartu eta haiek erabiltzeko beharko de denboraldiko abonua, eguneko sarrera edo beste sarrera baliodunen bat (urtero onetsiko dira, Fustiñanako Udalaren tarifa, tasa eta prezio publikoen barnean). Kirol-instalazioen kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen den tarifa ordaindu beharko da.
Udalaren kirol-instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honen 1. artikuluan aipaturiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.
Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitateak edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean.
Debekatuta dago irabazizko kirol-jarduerak egitea kirol-instalazioen barnean (adibidez: entrenatzaile pertsonal gisa aritzea).
4. artikulua.
Instalazioak zabalik egonen dira Kirol Batzordeak proposaturik Udalak finkatzen duen ordutegiaren barrenean, eta kontuan hartuta zein diren ikusitako beharrak eta eskariak. Ordutegi horiek agerian jarriko dira instalazio bakoitzean.
Udalak, Kirol Batzordeak proposaturik, eskubidea du, salbuespenez, ordutegi batzuk aldatu ahal izateko, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den ekitaldiren baterako behar izanez gero. Instalazioak erabiltzeko lehentasuna izanen dute Fustiñanako Udalak edo Hego Nafarroa Kirol Mankomunitateak antolatutako jarduerek.
Kirol Batzordeak proposaturik, Udalak instalazioa denbora baterako ixteko agintzen ahalko du, hori justifikatzen duen arrazoi larriren bat izanez gero, erabiltzaileei eragindako kalteengatik erantzun beharrik izan gabe. Halakoetan, erabaki hori aitzinetik ahalik eta lehenen jakinarazi beharko luke.
5. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan kartela paratuko da, Kirol Batzordeak onetsia, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:
–Instalazioko zerbitzuak noizbehinka erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.
–Jardueraren ordutegiak.
–Erabiltzaileen kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.
–Egiten diren zerbitzuak edo programak.
Eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat, kontsultatu ahal izateko.
6. artikulua.
Aurretik instalazio bakoitzari berariaz zer kirol esleitu zaion, horixe praktikatu beharko da bertan, lehentasunez. Erabiltzaileek beste kirol batzuk egiten ahalko dituzte instalazioetan, edo horiek erabili kirolaren arlokoak ez diren jarduerak egiteko, baldin eta posible bada, eta Udalak aldez aurretik horretarako baimena eman badu.
7. artikulua.
Udalak erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzera behartuko ditu instalazioetan zerbitzuren bat kudeatzen duten enpresak. Udalak ere, instalazioen titularra den aldetik, erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko du.
8. artikulua.
Udalak eta kirol-instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren kirol-instalazio guztietan kirolean aritzean gertatzen diren istripuen gainean, horiek gertatzen badira arauak ez betetzeagatik, seinale edo abisuei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzeagatik. Alde horretatik, erorketek edo irristadek eragindako istripuak erabiltzailearen ardura izanen dira.
9. artikulua.
Kirolarien eta ikusleen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, Udalaren kirol-instalazioetan egiten diren ikuskizunetara eta kirol saioetara sartzea galaraziko zaie barnera honako hauek pasatu nahi dituztenei:
–Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idatziak.
–Armak edo arma gisa erabil daitezkeenak.
–Bengalak edo su artifizialak.
–Erregelamendu bidez debekatzen diren beste objektu edo tresna guztiak.
Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol-instalazioetan aitzineko lerroaldean aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.
10. artikulua.
Kirol entitateren batek hala eskatzen badu, Kirol Batzordearen proposamenez Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, bai eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak ere.
11. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala Udalarena nola foru administrazioarena eta araudi orokorra. Betiere, seinale horietan agertu beharko du Udalari dagokiola instalazioaren titulartasuna.
12. artikulua. Kirolean aritzeko, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Bereziki zaindu beharko dira oinetakoak, eta kirol eremu bakoitzeko lurzorurako egokiak diren zolak erabili.
Ez dago baimenduta baloiak, pilotak edo bestelako objektuak erabiltzea aldageletan, pistetara edo harmailetara joateko pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.
13. artikulua. Honako hauek berariaz daude debekatuta kiroldegian:
–Debekatuta dago kirol eremuetan erretzea. Soilik erretzen ahalko da horretarako baimendutako tokian, eta, edonola ere, indarrean dagoen araudia bete beharko da.
–Kirol ekitaldi edo lehiaketak ikustera doazenek harmailan geratu beharko dute, eta debeku dute kantxan egotea. Posible bada, toki egoki bat prestatuko da mugikortasun murriztua duten ikusleentzat. Instalazioaz arduratzen diren langileek edo antolakuntzakoek mugatuko dute toki hori.
–Debeku da saldu eta kontsumitzea droga edo estupefaziente mota oro.
–Debeku da kirolaren osagarri diren elikagaiak, produktu topikoak edo beste mota batzuetakoak eskaintzea, sustatzea, saltzea edo horien publizitatea egitea.
–Adinez nagusiek soilik erosten eta kontsumitzen ahal dituzte edari alkoholdunak, eta ostatu-kafetegian baino ez, salbu eta Udalak besterik baimentzen badu espresuki.
–Debeku da animaliak sartzea kirol-instalazio guztietan, salbu eta ikusmen galera handi edo erabatekoa duten pertsonekin doazen itsu-zakurrak.
–Ezin da ibilgailuekin sartu (motordunak izan ala ez), salbu eta Udalak espresuki baimentzen badu. Mugikortasun murriztua dutenen ibilgailuak, ordea, baimenik gabe sar daitezke.
II. KAPITULUA.–ABONUAK ETA SARTZEKO BESTE MODU BATZUK
14. artikulua. Udalak, Kirol Batzordeak hala erabakitzen badu, mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.
15. artikulua. Abonatu txartela pertsonala eta besterenezina da. Beste inork behar ez bezala erabiltzen badu, zehapena ezarriko da; Kirol Batzordeak zehaztuko du zehapena.
16. artikulua. Abonatuak ez direnek beste bide batzuk dituzte kirol-instalazioetara sartzeko, hala nola eguneko sarrerak edo egun batzuetarako bonuak erostea, jarduera edo ikastaroetan izena ematea eta abar.
Sarbide bakoitzak halako eremu batzuk erabiltzeko eskubidea ematen du. Arau hori ez betetzeak ekarriko du kirol-instalazioen erabiltzaileari abonua edo sarrera kentzea eta baja ematea, eta ez zaio itzuliko ordaindutako diru kopurua.
Eguneko sarrerari zilegi ez den edozein erabilera emateak (faltsukeria, hirugarrenei ematea, etab.) zehapena izanen du instalazioko sarbidea galtzea egunaren gainerakoan; larria bada, Kirol Batzordeak bestelako zehapenak ezar ditzake, bidezko iruditzen bazaio.
Zer kirol jardueratarako eman duten izena, kirol-instalazioaren barnean horretarako dagoen eremua baizik ez dute erabiltzen ahalko abonatuak izan gabe kirol ikastaro batean izena eman dutenek, eta betiere programaturiko ordutegiaren barnean. Aldagelak ere erabiltzen ahalko dituzte, baina denbora-tarte mugatu batez.
Jarduera hasi baino 30 minutu lehenago sar daitezke pertsona horiek instalazioan, eta jarduera bukatu eta 30 minutura utzi beharko dute instalazioa.
Kirol ikastaroren batean parte hartzen ari den norbaitek jokabide desegokia badu, Kirol Batzordeak bidezko iruditzen zaion zehapena ezarriko dio. Gerta liteke zehapena izatea ikastaroan baja ematea; kasu horretan, ez zaio itzuliko ordaindu duen kuota.
III. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
17. artikulua.
Kirolguneko erabiltzaileek honako eskubide hauek dituzte:
–Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko eskubidea, erregelamendu honetan jasotzen den moduan, eta instalazioetara sartzeko eskubidea, horretarako aurkeztuz abonatu txartela, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
–Udalaren kirol-instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.
–Informazioa jasotzeko eskubidea Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baldintzei eta haietan eskaintzen diren kirol-programei buruz.
–Egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko eskubidea, Udalaren kirol-instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, bai eta haien funtzionamenduari buruz erreklamazioak aurkezteko eskubidea ere.
–Udalak bere zerbitzu-kartetan hartzen dituen konpromisoak bete ditzala eskatzeko eskubidea.
–Kirol ikastaroetan izena emateko eskubidea, Udalak haietarako onetsitako araudiarekin bat eta inskripzio hurrenkerari jarraikiz.
18. artikulua.
Kirolguneko erabiltzaileek honako betebehar hauek dituzte:
–Txartela aurkeztu behar dute Udalaren kirol-instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dutenean. Norbaitek kirol-instalazioetan sartzean txartela aurkezten ez badu, hango langileek sarrera debekatuko diote. Sartzeko txartela pertsonala da. eta ezin dakioke beste inori eman. Gerta liteke nortasun-agiri bat erakutsi behar izatea abonua norberaren izenean dagoela egiaztatzeko.
–Erabiltzaileek modu egokian jokatu behar dute instalazioen barnean, hala hitzez nola egitez, gainerako erabiltzaileei eragotzi gabe eta gizalegezko elkarbizitzak ezartzen dituen mugen barnean.
–Erabiltzaileek eta instalazioetako langileek begirunea izan behar diote elkarri; erabiltzaileek, printzipioz, langile horien esanak onartu beharko dituzte.
–Instalazioa erabiltzeko ezarri diren kuotak ordaindu beharko dituzte, bai eta ordu-erreserbak ere. Erreserba horiek aldez aurretik onartu beharko dira.
–Erabiltzaileek modu egokian erabili beharko dituzte instalazio eta eremu guztiak, eta erabiltzailea izanen da erantzule, baldin eta asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badie instalazioei edo hirugarren batzuei, Udalaren kirol-instalazioetan ematen duen denboran.
–Erabiltzaileek garbi eduki behar dituzte erabiltzen dituzten eremuak, paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz horretarako.
–Instalazioak eta kirol materialak erabiltzen dituzten bitartean, horietan funtzionamendu-akats, matxura edo kalteren bat ikusten badute, horien berri eman beharko dute.
–Erabiltzaileek une oro errespetatu behar dute instalazioaren funtzionamendu-ordutegia; horretarako, aurretik kalkulatu beharko dute zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dira, eta erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza normala nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.
Arau hauetan aipatzen ez den gainerako guztian, eta haien interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kirol Batzordera edo beste udal-organo batera igorriko da, hark behin betiko ebazpena eman dezan. Une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera beharturik dago erabiltzailea.
19. artikulua.
Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, instalazio bakoitzean erreklamazio orriak edukiko dituzte eskura.
Erabiltzaile guztiek erabiltzen ahalko dituzte orri horiek, baldin eta ikusten badute instalazioetako zerbitzuak ez direla behar bezala funtzionatzen ari. Orriotan, identifikatzeko oinarrizko datuak eman beharko dituzte.
Orobat, erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.
IV. TITULUA.–INSTALAZIOAK ERABILTZEKO ARAUAK
20. artikulua.
Udalak ez du erantzukizunik izanen norberaren gauzak desagertu, galdu edo hondatuz gero. Izan ere, erabiltzaileek arduratu behar dute beren gauzak zaintzeaz.
21. artikulua.
8 urtetik beherakoek une oro egon behar dute, instalazioetan, haietaz arduratu den heldu batekin, edo, bestela, 14 urtetik gorako batekin. Helburua da istripuak saihestea eta gainerako erabiltzaileei eragozpenik ez sortzea.
22. artikulua.
Hona hemen aldageletan eta aldalekuetan bete beharreko arauak:
–Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.
–Jantzitegi zerbitzu bakarra armairuen eremua izanen da. Egunaren hondarrean, itxita dauden armairu guztiak irekiko dira.
Erabat debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxia uztea biharamunerako. Halakorik eginez gero, gerta liteke zehapena jartzea. Edonola ere, armairu horretan utzitako materiala aterako da.
Giltza galduz gero, instalazioko harreran dagoenari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barnean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen badu.
Ez badago frogatzerik giltza galdu dela, egunaren hondarrera arte itxaronen da, eta orduantxe itzuliko dira gauzak. Gainera, halakoetan, inplikatutako erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko moduan uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.
–Zortzi urtetik gorako haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduekin ere.
–Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin; paperontziak erabiliko dituzte horretarako. Higiene arrazoiak direla eta, erabat debeku da bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura edo gisako tratamenduak egitea.
–Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez langileek horretarako egiten dizkieten oharrei. Instalazioak ixteko 15 minutu falta direnean itxiko da aldageletako atea.
–Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dituzte, gainerako abonatuak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.
–Aldageletako kabinak eta bankuak ezin dira okupatu. Hau da, ezin da horietan poltsarik edo arroparik utzi bertan egon gabe.
23. artikulua.
Ur bazter eta igeri-ontzietan bete beharreko arauak:
–Erakunde eskudunak ezarriko du ur bazterrak eta igeri-ontziak erabiltzeko ordutegia. Kartel batean jarri beharko da instalazioen barnean, ikusteko moduan.
–Igeri-ontzia ezin da erabili soroslerik ez badago.
–8 urtetik beherakoek, igerilekuak eta bertako instalazioak erabiltzeko, heldu batek lagunduta egon beharko dute. Adingabeen segurtasuna gurasoen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna da.
Bakarrik dagoen adingaberen bat ikusiz gero, igerilekutik (igeri-ontzia edo ur bazterra) irteteko esanen zaio eta uretatik kanpo egon beharko du haren ardura duen heldua igeri-ontzira edo ur bazterrera iristen den arte eta han geratzen den arte adingabea zaintzeko.
–Adinez nagusi batekin ez dauden adingabeek, ez badakite igeri egiten, debeku dute erabiltzea helduen eremua (jostetarako igerilekua). Erabiliz gero, Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen.
–Igerilekuak erabiliko dira erlaxazio bainuak hartzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.
–Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta bainulari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.
–Sorosleek aginpidea dute jendeari kargu hartzeko, ez badira ari instalazioak behar bezala erabiltzen, eta aginpidea dute, orobat, dagokion zehapen araubidea aplikatzeko.
Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da bainularien segurtasuna zaintzea. Erabiltzaile adingabeen gurasoak edo legezko tutoreak dira haien arduradun nagusiak.
–Kirol-instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo haiek instalaziotik egozteko.
–Igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da.
–Debeku da erabat ur bazterra bereizteko hesietatik salto egitea edo horiek zeharkatzea.
–Igerilekura oinutsik sartu behar da, edo horretarako egoki den oinetakoak jantzita. Igerilekura ezin da sartu kaleko oinetakoak jantzita. Arau horretatik salbuetsita daude instalazioko langileak. Haiek oinetako egokiak erabili beharko dituzte, eta, behar izanez gero, oinetako bereziak.
–Debeku da ur bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.
–Debeku da etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, ur bazterretan.
–Debeku da igeri-ontzian beste erabiltzaileei eragozten ahal dien edozer erabiltzea (hegalak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.), salbu eta horretarako ezartzen diren egun, ordu eta aldeetan. Debeku horretatik kanpo daude igeri egiteko betaurrekoak eta ur azalean irauteko banakako beste edozein material.
–Ur bazterrean eta igeri-ontzian, debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Ez da ibili behar ez lasterka, ez jostetan baloiekin, eta ez jolas bortitzetan, eta ez da uretan modu zakarrean murgildu behar; hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei eragozteko edo uraren kalitateari eragiteko moduko deus.
–Igeri-ontzi bakoitzak bainulari kopuru bat har dezake gehienez, arauek hala aginduta. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahal zaio denbora batean.
–Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ez dituzte erabiltzen ahalko horretarako bereizitako alde edo kaleak.
–Erabiltzaile guztiek bainurako txanoa erabili beharko dute igeri-ontzietan sartzeko, salbu eta plisti-plasta ibiltzeko ontzian.
–Bainatzeko, bainurako egokia den arropa erabili behar da. Debeku da barruko edo kaleko arropa jantzita bainatzea. Dena den, honako hauek erabiltzea badago: uretarako fardelak, burkiniak, neoprenoak, uretarako kamisetak eta antzekoak.
–8 urtetik gorakoek debekatuta dute plisti-plasta ibiltzeko igerilekua erabiltzea. Adingabeen ardura duten helduek ur-bazterrean eta inguruan egon beharko dute, eta ez dira uretara sartuko, beharrezkoa izan ezean.
–Adingaberik zaindu behar ez duten helduek edo horietaz arduratu behar ez dutenek debeku dute haurrentzako eremua (plisti-plasta ibiltzeko igerilekua) erabiltzea.
–Debeku da erabat listua botatzea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitateari kalte egiten dion beste edozein ekintza; debeku da, orobat, xanpua, xaboiak eta bestelakoak erabiltzea.
–Debeku da erabat ur bazterretan edo igeri-ontzietan jatea edo orraztea.
–Ezin da igeri-ontzian jolaserako erabili edo sartu globorik edo igerilekuetako hustubideak, iragazkiak edo tutuak buxatzen ahal dituen beste objekturik.
–Esparru horretan, debeku dira lasterketak, bultzadak eta, oro har, instalazioetan egon behar duen lasaitasuna eta ordena hondatzen duen edozein portaera zaratatsu edo bortitz.
–Izena eman dutenek bakarrik erabiltzen ahalko dute, eta ikastaroetan baizik ez, ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).
–Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargu hartu, bulka edo traba egin, inola ere, jarduera programaturen bat egiten ari diren ikastarogile, igerilari edo oro har erabiltzaileei.
–Kiroletarako igeri-ontzia prestatu da batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak eta abar) eta abonatuen erabilera librea.
Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek zentzuz eta ordenatuki erabiltzea. Kalearen barnean bainulariek horrexegatik ibili beharko dute eskuin aldetik; horrek aukera emanen du zenbait bainularik batera erabiltzeko.
Jarduera antolatuetarako alde edo kaleetan ez dira sartzen ahalko haietan inskribaturik ez daudenak.
Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Alegia:
Igeri egiteko elementuak, hala nola hegalak eta palak, erabiltzeko baldintza izanen da sorosleak baimena ematea eta kale berean beste bainulari batzuk ez egotea, elementu horiek ez dituztenak.
Ezin izanen da erabili flotatzeko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala, sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.
24. artikulua.
Hona hemen egonguneetan bete beharreko arauak (instalazioaren barnean erabiltzaileak egoteko prestatu diren eremu eta elementu guztiak dira egongune, hala nola belardiak, jantokiak, etab.):
–Erabiltzaileek, udako denboraldian, aulkiak eramaten ahalko dituzte igerilekuetara. Aulkiak bertan uzten ahalko dituzte udako denboraldian, horretarako prestatutako eremuan. Uda amaitzean, jabeek berek hartzen ez badituzte, instalazioko langileek aterako dituzte, eta ez da horiek erreklamatzeko aukerarik izanen.
–Belardietan ezin da aritu gainerako erabiltzaileei eragozten edo belardiari eta gainerako landare apaingarriei kalte egin ahal dien deusetan; debeku da baloiak erabiltzea.
–Debeku da honako hauek egitea: orraztea, eskulanak egitea, depilatzea edo norberaren zainketari lotutako beste edozein ekintza; belardian ibiltzea berariaz igerilekurako ez diren oinetakoak erabilita; eguzkitakoak paratzea eta arropa edo beste elementu batzuk zabaltzea zuhaitzetan edo hesietan.
–Ezin izanen dira erabili irratiak edo bozgorailuak, gainerako erabiltzaileei nahasmendua edo eragozpenak sortzeko bolumenean.
–Berdegunean ezin da jan, eta bertara ezin da eraman beirazko botilarik edo ontzirik. Orobat, galarazita dago lurrera botatzea edalontziak, ontziak, janari-hondarrak, pipak, paperak eta bestelako hondarrak; beti bota behar dira dagokion zaborrontzira.
25. artikulua.
Kirol pistak eta pilotalekua erabiltzeko, beharrezkoa da abonu bat edo baliozko sarbide bat edukitzea. Horiek urtero ezarriko dira Udalak onetsitako tipo, tasa eta prezio publikoen barnean. Taldekako erreserben kasuan, erabiltzaile guztiek eduki beharko dute instalaziorako baliozko sarbide bat.
Instalazioak soilik erabiltzen ahalko dira kirol jarduerak egiteko eta Udalak baimendutako jarduera berezietarako.
8 urtetik beherakoak, kirol-instalazioak erabili nahi badituzte, une oro egon behar dute heldu arduradun batek lagunduta edo, bestela, 14 urtetik gorako batek lagunduta (erabiliko den instalazioan egon beharko dute). Salbuespena gimnasioa da. Izan ere, gimnasiora ezin dira sartu.
26. artikulua.
Hona hemen kirol pistak erabiltzeko eta erreserbatzeko arau orokorrak:
–Pilotalekua eta gainerako instalazioak soilik erabiltzen ahalko dira kirol jarduerak egiteko eta Udalak baimendutako jarduera berezietarako.
–Gerta liteke Udalak erreserbak egiteko aukera kentzea noizean behin, instalazioetan egiteko programatutako ekitaldiak edo horiek hobetzeko lanak. Kasu horretan, beti izanen dute lehentasuna Udalak antolatutako jarduerek eta ekitaldiek.
–Erreserbak eginen dira astebete lehenago gehienez. Erabiltzaile talde bakoitzak ordubeterako erreserbatzen ahalko du instalazioa, eta taldeko kide bakoitzak ezin izanen ditu elkarren segidako zenbait txanda erreserbatu. Orobat, talde bakoitzak, gehienez, bi erreserba egiten ahalko ditu egun berean: bat goizez eta beste bat arratsaldez. Hurrengo ordua ere erabiltzen ahalko dute, baldin eta inork erreserbatu ez badu. Kasu horretan, ordu hori hasi eta 10 minutu igaro direnean hartuko da erreserbatutzat hurrengo txanda.
–Ordu bat erreserbatu bada, ez bada inor agertzen eta ez bazaio inori esaten ordu hori libre geratuko dela, zehapena jarriko zaio erreserba egin zuenari. Hain zuzen, ezin izanen du erreserbarik egin astebetez (zazpi egun natural). Orobat, pista erreserbatu bada, eta ez bada garaiz jakinarazten erreserbari uko egiten zaiola (izan ere, modu horretan, beste batzuek erabiltzen ahalko dute), horiei ere zehapena jarriko zaie.
–Txandako erabiltzaile guztien izenak idatziko dira, eta behin txanda hasita, ezin izanen dira ezabatu. Horrek esan nahi du taldeko kide guztiek dutela arauak betetzeko erantzukizuna beren txandak dirauen bitartean. Erabiltzaile guztiek erregistratuko dute noiz hasi eta noiz bukatzen den beren txanda. Ikusten duten gorabehera, matxura edo funtzionamendu-akats ororen berri eman beharko diote arduradunari instalazioa erabiltzen hasi aurretik.
–Txanda hasi eta 15 minutura ez badira instalazioan agertu erreserba egina zutenak, ordu hori erabiltzeko eskubidea galduko dute eta espazioa erabiltzen ahalko dute beste batzuek, nahiz eta erreserbarik ez eduki. Aurreko ordua erreserbatua zutenek izanen dute lehentasuna.
–Kirol materiala maileguan emanen zaio soil-soilik ordua erreserbatu duenari. Hark arduratu beharko du materiala egoera onean itzultzeaz txanda amaitzen denean. Utzi dioten materiala galtzen edo hondatzen bada edo instalazioa kaltetzen bada (salbu eta istripua bada), erabiltzaileak ordaindu beharko ditu horiek konpontzeak edo erosteak eragiten dituen gastuak.
–Instalazioa ez bada behar bezala erabiltzen edo ez bada garbi mantentzen edo bertan alkohola eta tabakoa kontsumitzen badira eta erabiltzaileen artean jarrera oldarkorrak badaude, instalazioko arduradunek erabakitzen ahal dute erabiltzaileak zehatzea. Zehapena honako hau izanen da: araua zein kirol eremutan hautsi den, eremu horretatik kanporatzea bi egunez.
–Ikusleak ezin izanen dira pistan egon dagokion ekitaldiaren edo jardueraren antolatzaileen berariazko baimenik gabe. Izan ere, pistan geratuz gero bertan kirol jarduera bat egiten ari den bitartean, horrek zenbait arrisku dakartza, hala nola pilotek, baloiek, palek, erraketek eta gainerako kirol tresnek ustekabean kolpatzea edo kirolariek aurretik eramatea. Halakorik gertatuz gero, ikuslearena izanen da erantzukizuna.
–Ikusleek, edonola ere, debeku dute instalazioetan jatea edo erretzea.
–Erabat debeku da ezein gauza botatzea pistara edo beheko aldera.
–Instalazioak erabiltzeko, instalazio bakoitzerako egokiak diren kirol ekipamendua eta oinetakoak eraman beharko dira. Udal pilotalekuan patinak erabiltzen ahalko dira, baina gurpilek silikonazkoak edo antzeko beste material batez egindakoak izan beharko dute.
–Kirol jardueratik sortzen ahal diren lesioak erabiltzailearen erantzukizuna izanen dira.
–Erreserba ordua izanen da sarrerak kontrolatzeaz arduratzen denak esaten duena. Padel eta tenis pistak erreserbatzeko txandek ordubete eta hogeita hamar minutu iraunen dute. Pilotalekua eta gainerako instalazioak erreserbatzeko txandek, berriz, ordubete.
27. artikulua.
Multzokako jardueren geletan bete beharreko arauak:
Kirol-instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatzen dituen ikastaroak egiteko baizik ez dira multzokako jardueren gelak. Hortaz, ezin izanen dira erabili bestelako jarduerak egiteko, salbu eta Udalak berariazko baimena ematen badu.
Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahal zaie.
28. artikulua.
Makinen gelan bete beharreko arauak:
Abonua edo baliozko sarbide bat daukaten erabiltzaileak modu librean sartzen ahalko dira makinen gelan.
Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete era desegokian erabiltzen dituztenei. Erabiltzaileek ikusten duten gorabehera, matxura edo funtzionamendu-akats ororen berri eman beharko diote gimnasioko arduradunari aparatua erabiltzen hasi aurretik, ez dadin istripurik sortu aparatua erabiltzeagatik.
–16 urtetik beherakoek ezin dute erabili makinen gela. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen erantzukizuna izanen dira.
Salbuespen gisa, 16 urtetik beherakoek honako kasu hauetan erabiltzen ahalko dute makinen gela:
a) Osasun-arazoren bat edukitzea. Medikuaren agindua erakutsi beharko dute halakorik badutela frogatzeko, eta medikuak zehaztuko du zer entrenamendu egin behar duten. Gurasoen edo tutorearen baimena eduki beharko du, eta gelako teknikariak dauden ordutegiaren barruan joan gimnasiora. Hain zuzen, teknikaria arduratuko da medikuak agindutako entrenamendua egiten duela egiaztatzeaz.
Ezin bada gimnasiora joan teknikariak dauden ordutegiaren barnean, adingabeak nahitaez joan beharko du guraso edo legezko tutore batek lagunduta.
b) Kirolariak izatea, eta egiten duten kirolerako prestakuntzaren barnean egotea gimnasiora joan beharra. Entrenatzaile pertsonalak ezarriko du une oro zer entrenamendu egin behar duten. Gurasoen edo tutorearen baimena eduki beharko du, eta gelako teknikariak dauden ordutegiaren barruan joan gimnasiora. Hain zuzen, teknikaria arduratuko da entrenatzaileak agindutako entrenamendua egiten duela egiaztatzeaz. Kirolaria dela frogatu behar du, horretarako erakutsiz dagokion federazioko txartela, gimnasioa joatea bere prestakuntza fisikorako nahitaezkoa dela dioen ziurtagiria eta egin beharreko entrenamenduaren orria. Ezin bada gimnasiora joan teknikariak dauden ordutegiaren barnean, adingabeak nahitaez joan beharko du guraso edo legezko tutore batek lagunduta.
–Makinen gelako teknikariek eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.
–Ikusten bada norbaitek dirua irabazten duela gimnasioan aholkuak emanez, instalaziotik kanporatuko da.
–Makinen gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta (ezin da txankletarik erabili). Poltsak, motxilak, berokiak eta abar aldageletan utzi beharko dira, horretarako prestatutako armairuetan.
–Nahitaez erabili behar da eskuoihal bat, aparatuetako bankuak izerditik babesteko. Makina edo aparatua erabili eta gero, garbitu egin behar da, horretarako erabiliz papera edo egokia den beste tresnaren bat. Makinak, erabili eta gero, guztiz lehortuta utzi behar dira, horrek hobeki zaintzen laguntzen baitu. Izan ere, erabiltzaile guztiek dute aparatuak ahalik eta baldintza onenetan erabiltzeko eskubidea.
Behar izanez gero, erabiltzaileek lanbasa edo mopa pasako dute erabilitako aparatuaren inguruan, horrela saihesteko jarduera fisikoak eragindako hezetasunak sortzen ahal dituen istripuak.
–Kardioa lantzeko makinak gehienez ere 30 minutuz erabiltzen ahalko dira, baldin eta jendea horiek erabiltzeko zain badago. Serieen arteko errekuperazio aldian, aparatua zain dagoen beste erabiltzaile bati utzi beharko zaio.
–Fitness gelatik irten beharko da instalazioa ixteko ordua baino hamabost minutu lehenago.
–Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira erantzule izanen fitness gelako aparatu eta materialez erabiltzaileek egiten duten erabilera okerragatik. Makinak, materialak edo instalazioak behar ez bezala erabiltzeak zehapena ekarriko du. Erantzulea instalaziotik kanporatuko da, eta eragin dituen matxurek eragindako gastuak ordaindu beharko ditu.
V. KAPITULUA.–KIROL EREMUAK ESKATZEA ETA ALOKATZEA ETA HORIEK ERABILTZEKO HITZARMENAK: ARAUAK
29. artikulua.
Udalak erabaki dezake hitzarmenak sinatzea kirol klub edo elkarteekin. Hitzarmen horietan jasoko dira bakoitzari dagozkion baldintzak. Ezinen da hitzarmenik sinatu partikularrekin. Hitzarmenei honako arau hauek aplikatuko zaizkie:
–Kolektibo bakoitzarekin negoziatuko da zer baldintzatan erabiliko diren instalazioa eta haren eremuak. Horrek esan nahi du, ez direla zertan berdinak izan hitzarmen guztietan, eta aurrekari bateko baldintzak ez direla zertan berriro aplikatu.
–Entitate eskatzaileak hitzarmenean jasotakoa osorik ordaintzeko konpromisoa hartzen du, nahiz eta ez erabili, eta, gainera, ezarritako eta emandako denbora guztirako.
–Ezusteko arrazoiak direla medio, entitateren batek erabakitzen badu uko egitea hitzarmenari, idatziz jakinarazi beharko dio kirolguneko gerentziari, gutxienez ere bost egun lehenago, eta ez dio beste entitate bati lagatzen ahalko bere erabilera eskubidea.
30. artikulua.
Herritar edo kolektibo orok alokatzen ahalko du instalazioko eremu bat. Horretarako, aldez aurretik ordaindu beharko du eremuari dagokion kuota eta ezarritako erabilera ordutegia errespetatu.
VI. KAPITULUA.–KIROL IKASTAROAK
31. artikulua.
Udalak ezarriko ditu kirol ikastaroetan izena emateko formula eta ordaindu beharreko prezioak.
32. artikulua.
Honako hauek dira kirol ikastaroetako arauak:
–Kirol ikastaro guztietan, gehieneko inskripzio kopuru bat ezarriko da jarduera bakoitzerako; beraz, kupo hori betez gero, ez da hartzen ahal pertsona gehiago. Bajak sortzen badira, itxarote zerrendan daudenei deituko zaie.
–Halaber, ikastaro guztietan gutxieneko inskripzio kopuru bat ere ezarriko da (kasu bakoitza baloratuko da), eta izen-emateak haren azpitik geldituz gero, baztertu eginen da ikastaroak egitea.
33. artikulua.
Ikastaro batean izena eman eta gero erabakitzen bada hartan baja ematea, ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko baldin eta jarduera aurreikusitata zegoen bezala eramaten bada aurrera. Salbuespenak egonen dira, eta horiek instalazioko gerentziak aztertuko ditu.
34. artikulua.
Jarduera guztietan begiratuko da ea erabiltzaileak joaten diren. Jende gutxi joaten bada, gerta liteke ikastaroa aldatzea dagokion hiruhilekoa amaitutakoan.
35. artikulua.
Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu. Dagokion erakundeak du arau hori aldatzeko eskumena.
VII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
36. artikulua.
Udalari dagokio behar diren diziplina neurriak hartzea abonatu edo erabiltzaileentzat, betiere erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazio bakoitzaren barneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.
37. artikulua.
Instalazioko langileek ahalmena dute abonatu txartela desaktibatzeko eta erabiltzaileak handik kanporatzeko, baldin eta haien jarraibideei edo ahozko ohartarazpenei kasurik egiten ez badiete, eta erregelamendu honetako (edo aplikatzekoa den legezko araudiko) arauetakoren bat behin eta berriz hausten badute, edo beste erabiltzaileen segurtasuna edo lasaitasuna arriskuan jartzen badute, batere ukatu gabe arau-hausleari gerora ezartzen ahal zaion zehapena.
38. artikulua.
Erregelamendu honetako edozein arau eta araudi ez betetzeak berekin ekar dezake zehapena ezartzea. Zehapenak gertakariaren larritasuna eta berrerortzeak kontuan hartuz jarriko dira, eta erabiltzaile izateari utzi beharra ere ekartzen ahal dute ondorioz. Baldin eta zehatutako gertakariak galera ekonomikoa eragiten badu, instalazioko zerbitzuren edo altzariren bat hautsi edo hondatzeagatik, egileak, zehapenaz gain, eragindako gastua ordaindu beharko du.
39. artikulua.
Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berekin ekar dezake abonatu txartela desaktibatzea eta, prebentziozko neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori egin dezake instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak.
40. artikulua.
Arau-haustetzat hartuko da erregelamendu honetan jasotako arauak ez betetzea ekar dezakeen edozein egintza, eta apartatu honetan aurreikusitako zehapenak jartzea ekarriko du.
Instalazioko zaindariak edo arduradunak bertatik kanporatuko du arau hauek hausten dituen pertsona oro. Orobat, arau-hausleak instalazioan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu. Arau-hauslea maiz berrerortzen bada, Fustiñanako Udaleko erakundeek erabakiko dute kanporatzea aldi baterakoa izanen den ala behin betikoa.
Udalak edo kirol instalazioko arduradunek erregelamendu honetan ezarritakoa osatzeko edo argitzeko arauak ematen ahalko dituzte. Orobat, haiei dagokie erregelamendu honen interpretazioan sortzen ahal den edozein zalantza argitzea.
Instalazioak kaltetzen badira horiek gaizki erabili direlako edo ez direlako bete erregelamendu honetako arauak, arau-hausleek ordaindu beharko dituzte kalte horiek.
Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
41. artikulua.
Arau-hauste arinak:
–Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.
–Abonatu gabeek kirol instalazioak erabiltzea erabakitako ordu eta/edo erreserba egunetatik kanpo.
–Kirol-instalazioak erabiltzea sartzeko ezarritako moduetako bat ere erabili gabe.
–Espresuki debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.
–Erretzeko guneetatik kanpo erretzea.
–Armairuak modu desegokian erabiltzea.
–Instalazioen ardura duten langileen oharrei kasurik ez egitea.
–Bi zehapen-abisu izatea.
Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko da:
–Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 15 egunerako. Bitarte horretan, abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.
–Ohartarazpena, jendaurrekoa edo pribatua.
–Zehapen-abisua aplikatzea.
–Denbora baterako zehapena, gehienez ere hilabetez kirolgune berariazkoak ez erabiltzeko.
–Arau-hauste arintzat sailkaturiko egitateen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko; hura betearazpen-bidetik erreklamatuko da.
Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.
42. artikulua.
Arau-hauste astunak:
–Liskar eta eraso fisikoak piztea eta/edo haietan parte hartzea.
–Instalazioak hondatzen dituzten animaliak edo gaiak sartzea.
–Belardia eta/edo kanpoaldeak nahita zikintzea edo hondatzea.
–Igerilekuetako eta/edo hidroterapiako igeri-ontziko uraren kalitatea hondatzea.
–Kirol-instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.
–Abonatu txartela behar ez bezala erabiltzea.
–Hiru arau-hauste arin egitea.
Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
–Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.
–Arau-hauste astuntzat sailkaturiko egitateen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko; hura betearazpen-bidetik erreklamatuko da.
Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.
43. artikulua.
Arau-hauste oso astunak:
–Instalazioak eta/edo kirol-materiala hondatzea, ebastea edo lapurtzea.
–Instalazioetako arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea.
–Beste erabiltzaileen ondasunak ebastea, lapurtzea edo hondatzea.
–Urtebetean hiru arau-hauste astun egitea.
Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
–Kirol-instalazioetatik behin betikoz kanporatzea, eta abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galtzea.
–Kirol-instalazioetatik denbora baterako egoztea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.
–Arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.
Arau-hauste eta zehapen oso astunek 4 urtera preskribatuko dute.
44. artikulua.
Alkatea izanen da kasu bakoitzari dagokion zehapena jartzeko administrazio-organo eskuduna, horretarako baliatuz zehapen-espediente bat. Kirol Batzordeak txosten bat emanen du aldez aurretik. Aplikatzekoa den araudian ezarritako prozedurari jarraikiko zaio, salbu eta arau-hauste arinenetan, ekartzen dutenean hiru egun baino gutxiagorako egoztea edo epe berean abonatu eskubide batzuk galtzea, edo ohartarazpenak, abisuak edo kargu hartzeak. Izan ere, kasu horretan, zehapena berehalakoa izanen da, batere prozedurarik gabe eta interesdunari hitzez jakinaraziz.
VIII. KAPITULUA–KIROL MATERIALA ETA EKIPAMENDUA MAILEGATZEA ETA ALOKATZEA
45. artikulua.
Kirol materiala maileguan emanen zaio soil-soilik ordua erreserbatu duenari. Hark arduratu beharko du materiala egoera onean itzultzeaz txanda amaitzen denean.
Materiala erabiltzea eskatzen ahalko dute pertsona guztiek (abonatuek edo kiroldegirako baliozko sarbidea dutenek), baina 8 urte, gutxienez, izan behar dituzte edo uneko urtean bete. Adin horretatik beherakoek ezinen dute kirol materialik erreserbatu, eta adin horretatik gorako batek egin beharko du erreserba.
46. artikulua.
Maileguak baldintza hauek izanen ditu:
–Mailegatutako materiala kirola egiteko erabiliko da soil-soilik; zer instalazioetarako den, instalazio horietan bakarrik erabiltzen ahalko da.
–Mailegatutako materiala ezin da atera kiroldegitik.
–Materiala mailegatuko da instalazioren batean txanda erreserbatu bada.
–Teniseko pilotak kaxa batean sartuta mailegatutako dira beti; kaxa beteta egonen da.
–Fronteniseko piloak banaka mailegatuko dira.
47. artikulua.
Materiala maileguan hartzeko, nahitaezkoa izanen da txarteldegian uztea kasu bakoitzean adierazten den fidantza.
48. artikulua.
Mailegatutako materiala itzultzeko baldintzak:
–Jokatzeko txanda amaitutakoan itzuli behar da materiala.
–Materiala itzultzen denean, baldin eta mailegatu zeneko egoera berean badago eta ez bada ezer galdu, une horretan bertan itzuliko da utzitako fidantza.
–Materiala falta bada (osorik edo zati bat), ez da fidantza itzuliko. Piloten kasuan, zenbait uzten badira maileguan, eta itzultzerakoan horietako bat falta bada, ez da fidantza itzuliko. Pilota bat baino gehiago falta bada, euro bat ordaindu beharko da pilota bakoitzeko.
–Erraketak edo palak itzultzen ez badira, edo itzultzen badira hondatuta (eta ez mailegatzeko unean zeuden egoera berean), erosketa balioaren %100 ordaindu beharko da, eta fidantza ez da itzuliko.
IX. KAPITULUA–ERREGELAMENDU HONETAN XEDATUTAKOA
49. artikulua.
Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.
Iragarkiaren kodea: L2510889
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
