1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
10248E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dei egiten baita Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak eta, hala badagokio, ordaintzeko eta behin betiko okupatzeko aktak egitera. UGPSaren sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko urriaren 23ko Erabakiaren bidez, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatua) onetsi zen, eta interes orokorrekoa dela deklaratu. Erabaki hori 2024ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 19koan.
Ondoren, Nafarroako Gobernuaren 2025eko martxoaren 12ko Erabakiaren bidez, onura publikokotzat jo zen, desjabetze-ondorioetarako, udalez gaindiko plan sektorial hori. Erabaki hori 2025eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 28koan.
Erabaki horretan adierazten zenez, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak espazio fisiko berean bilduko ditu, ondoz ondoko faseetan, segurtasunaren eta larrialdien arloko eskumenekin lotutako azpiegiturak. Fase horietako lehenengoan, aurreikusita dago Foruzaingoaren Polizia-etxe Nagusia eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa ezartzeko behar diren instalazioak eraikitzea.
1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, Barneko zuzendari nagusiaren apirilaren 10eko 4487E/2025 Ebazpenaren bidez, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideen zerrenda egin eta jendaurrean jarri zen. Ebazpen hori 2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 8koan.
Jendaurrean egoteko epea igarota, Barneko zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 7222E/2025 Ebazpenaren bidez, aipatu plan sektorialaren 1. fasean sartutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra erabaki zen, eta hasiera eman zitzaion desjabetze espedienteari.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak, 2025eko uztailaren 2ko Erabakiaren bidez (2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 29koan), ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratu zuen, nahitaez desjabetzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideei dagokienez.
Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren arabera, ukitutako interesdunei jakinarazi egin behar zaie okupazioaren aurreko akta zer egun eta ordutan eginen den, eta artikulu horrek berak ezartzen ditu jakinarazpena egiteko eta deia argitaratzeko baldintzak.
Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Dei egitea Arangurengo alkateari, Eguesibarko alkateari, edo haiek eskuordetzen dituzten zinegotziei, eta Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideen titularrei, ager daitezen okupatu aurreko aktak eta, hala badagokio, ordaintzeko eta behin betiko okupatzeko aktak egitera, Arangurengo eta Eguesibarko udaletxeetan eginen baitira, 2025eko irailaren 29an eta 30ean.
Aktak egiteko ordena eta ordutegia interesdunei jakinaraziko zaizkie, banakako zitazio zedularen bitartez.
2. Deitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko eskuordetutako edo baimendutako ordezkari bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman ditzakete, nork bere kontura.
3. Esteban Español Fernández jauna eta Mikel Valenzuela Pérez jauna izendatzea administrazio jardulearen ordezkari, bietako edozeinek sina ditzan okupazioaren aurreko, elkarren arteko adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak.
4. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Eguesibarko eta Arangurengo udaletxeetako iragarki taulan eta, halaber, interesdunei banan-banan jakinaraztea.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 22an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
Iragarkiaren kodea: F2511183