172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

176/2025 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Burlatako "Irabia-Izaga" Musikako Arte-ikasketa Profesionalen ikastetxe pribatuaren baimena, espezialitateen eskaintza handitzeagatik eta baimendutako gehieneko edukiera aldatzeagatik.

"Asociación Educativa y Cultural del Colegio Irabia-Izaga" elkarteak eskatu zuen espezialitateen eskaintza handitzea, espezialitate kopurua handitzea eta baimendutako gehieneko edukiera murriztea; ikusirik horren aurrean ireki den espedientea.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide orokorreko irakaskuntza ez-unibertsitarioak ematen dituzten ikastetxe pribatuak baimentzeko prozedura ezarri zuen uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuaren III. tituluan eta lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako arte-ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuan, Nafarroan Musikako Arte-ikasketa Profesionalen curriculuma ezartzen duen martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan eta Nafarroan ikasketa horiek arautzen dituen gainerako araudian araututakoaren arabera.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak, Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egindako txostenak aintzat hartuz.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak (urriaren 23ko 96/2024 Foru Dekretuak aldatua) emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea, 2025-2026 ikasturtearen hasieratik aurrera, Iruñeko "Irabia-Izaga" Musikako Arte-ikasketa Profesionalen ikastetxe pribatuaren irekiera eta abian jartzeko baimena, espezialitateen eskaintza handitzeagatik eta baimendutako gehieneko edukiera murrizteagatik.

2. Ukatzea titularrak eskatutako baimena, "Nafarroako gaita-dultzaina" eta "Plektro-instrumentuak" espezialitateak eskaintzeko. Izan ere, ez daude jasota Nafarroan Musikako Lanbide Ikasketen Curriculuma Ezartzen duen martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan. Hortaz, titularrari dei egiten zaio ikastetxea martxan jarri ondoren eskaera berri bat aurkez dezan bi espezialitate horiek aipatu arauan txertatzeko, eta, hala, gerora espezialitate horiek eskaintzeko baimena eska dezan.

3. Adieraztea hauek izanen direla ikastetxearen erregistro datuak:

–Ikastetxearen kodea: 31015194.

–Titularra: Asociación Educativa y Cultural del Colegio Irabia-Izaga (IFZa: G71026967).

–Izen generikoa: Musikako Arte-ikasketa profesionalen ikastetxe baimendua.

–Berariazko izena: Irabia-Izaga.

–Helbidea: Morea kalea z.g.

–Herria: Burlata 31600.

–Udalerria: Burlata.

–Baimendutako ikasketak: musikako arte-ikasketa profesionalak, espezialitate hauetan:

Harpa, Baxu elektrikoa, Kantua, Klarinetea, Zeharkako txirula, Gitarra, Gitarra elektrikoa, Oboea, Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronboia, Tronpeta, Tuba, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

–Baimendutako gehieneko edukiera: 202 ikaspostu. Irakasleen eta ikasleen arteko gehieneko zenbaki-erlazioa 1/1ekoa izanen da banakako instrumentu- edo ahots-eskoletan, eta 1/15ekoa, instrumentukoak ez diren eskoletan.

–Gehieneko ikaspostu-kopurua espezialitateen arabera honela banatuko da: Harpa (6 ikaspostu), Baxu elektrikoa (12), Kantua (9), Klarinetea (12), Zeharkako txirula (12), Gitarra (12), Gitarra elektrikoa (18), Oboea (6), Perkusioa (21), Pianoa (21), Saxofoia (21), Tronboia (8), Tronpeta (12), Tuba (6), Biola (6), Biolina (12), Biolontxeloa (8).

—Funtzionamendu ordutegia: eskolaz kanpoko ordutegian, ikastetxeak eskaintzen dituen gainerako ikasketetan eragotzi gabe, eta arratsaldeko txandan bakarrik.

4. Administrazio ondorioetarako, ikastetxea Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalera atxikitzea.

5. Titularrari gogoraraztea baimena aldatzeko eskatu beharko duela, edo administrazio baimen berria eskatu, baldin aldaketarik bada ikastetxearen erregistroko datuetan, edo instalazioak aldatzen badira, uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuaren III. tituluan ezarritakoarekin bat. Halaber, baimena azkendu edo baliogabetzen ahalko da, aipatutako foru dekretuaren IV. tituluan ezarritako baldintzetan.

6. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuari, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuari, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen Finantzaketaren Atalari, Ikasketetarako Laguntzen eta Hezkuntza Zerbitzuen Kudeaketaren Atalari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalari eta Iruñeko "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalari.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 19an.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2511110