172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59/2025 FORU AGINDUA, abuztuaren 18koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2025eko martxoan eta maiatzean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerrien zerrenda, eta zehazten dira kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.

2025eko martxoaren 8an eta 2025eko maiatzaren 4an eta 14an, ezohiko euriteak gertatu ziren Nafarroan.

Horren inguruan, Babes Zibileko Zerbitzuak txosten bat egin du 2025eko uztailaren 15ean, 2025eko martxoaren 8an eta maiatzaren 2an, 4an eta 14an Foru Komunitateari eragin zioten fenomeno meteorologiko kaltegarriei buruz.

Era berean, Toki Azpiegituren Zerbitzuak, 2025eko uztailaren 2ko txosten batean, azaldu du eurite gogorrak etengabekoak izan direla Nafarroan historian zehar. Hala ere, azken urteotan areagotu egin dira, eta hala dela berresten dute hainbat ikerketak, detektatu baitute 1960ko hamarkadatik hona depresio isolatu horien kopuruak gora egin duela mundu osoan, Europako isurialde mediterraneoa barne, Europako hegoaldean depresio horiek eragiten dituzten zurrustako korrontearen hegoaldean dagoena.

2025eko udaberrian, ekaitz konbektiboak gertatu dira berriz, eta ondorio handiak edo handi samarrak izan dituzte. Horietako gehienetan gertatutako kalteak iraupen laburreko euri-jasen ondoriozkoak izan dira,: hiriguneetan euri-uholdeak eragin dituzte eta hirigunetik kanpo, berriz, bideak eta soroak kaltetu dituzte. Ibai-uholdeak urriak izan dira, erreka batzuetan izan ezik, Iturmendin, adibidez. Izan ere, ibaien oinarrizko maila oso baxua zen gertakarien aurretik, eta lurraren hezetasun-baldintzak lehorrak ziren.

2025eko martxoaren 8an, eskuragarri dauden datuen arabera, aparteko prezipitazioak erregistratu ziren: 14 mm ordu erdian, 17,5 mm ordu batean eta 23,3 mm bi orduan, Aguilar Kodesen, Cabredon, Genevillan, Lapoblación-Meanon, Torralba del Ríon eta Arasen.

Maiatzaren 4ko (igandea) arratsaldean ekaitz-prezipitazioak gertatu ziren Nafarroako hainbat tokitan, batez ere Iruñean eta Sakanan, eta eskualde hori izan zen kaltetuena. Gorabehera nagusiak Iturmendin gertatu ziren. Izan ere, prezipitazio handien eraginez hirigunea gurutzatzen duten errekek gainezka egin, eta hainbat kale eta 20 etxebizitza inguru urez bete zituzten. Euriaren intentsitate handiak eta denbora-tarte labur batean pilaketa ugari izan zirenez, Urbasa mendi-hegaletik datozen eta Iturmendi hirigunea gurutzatzen duten Atxumendi eta Sarate erreketan emaria bat-batean handitu zen eta materialak garraiatu zituen. Hala, 2025eko maiatzaren 4an, eskuragarri dauden datuen arabera, aparteko prezipitazioak erregistratu ziren Iturmendin: 40 mm-koak ordubetean eta 60 mm-koak bi orduan.

Maiatzaren 14ko (larunbata), arratsaldean, ekaitzak egon ziren, txingorra eta guzti, Nafarroako hainbat tokitan. Nabarmentzekoak dira Puiu inguruan (Zidakos ibaiaren arroan) izandakoak. Prezipitazio handienak ordubetean kontzentratu ziren (16:00etatik 17:00etara), Puiu eta Tafalla arteko eremu batean. Ondorioz, Zidakos ibaiaren emaria bat-batean handitu, eta 68 m³/s inguruko puntako emarira ere iritsi zen. Euriaren intentsitate handiak (gutxi gorabehera 50-55 mm ordubetean) eta, bereziki, txingorrak, erreka-zuloetako emaria bat-batean handitzea eragin zuen, eta horrek kalteak eragin zituen horien eremuan, hala nola luiziak mendi-hegaletan, zuloak bideetan, kalteak uztetan eta etenak komunikazio-bideetan. 2025eko maiatzaren 14an ere, eskuragarri dauden datuen arabera, aparteko prezipitazioak erregistratu ziren: 50 mm-koak ordubetean Puiun eta Tafallan, eta 20,96 mm-koak Eslaban, ordubetean.

Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuak 2025eko uztailaren 14an egindako txostenaren arabera, 2025eko udaberrian izandako euri-jasak direla-eta, kalte handiak gertatu dira Nafarroako toki entitateen titulartasuneko nekazaritza-azpiegituretan, eta entitateek jakinarazi dute konponketa batzuk lehenbailehen egin behar direla kaltetutako eremuetarako sarbidea eta hustubideak egoki mantentzeko, zehazki, bideetan, ureztatze-azpiegituretan, harri-lubetetan, zimenduetan, erretenetan eta areketan gertatutako kalteak konpontzeko, besteak beste.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, jasotzen ahalko dituzten laguntzekin batera.

Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.

Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, kontuan hartuz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru lege horretan ezarritako laguntzak beti izanen dira izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, ordena horretan, baita Espainian edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, foru legea garatuko duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru- etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei eskatu dagozkien laguntzak.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean 2025eko martxoan eta maiatzean gertaturiko euri erauntsiek eta uholdeek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak indarreko araudiarekin bat emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2025eko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak aplikatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2025eko martxoan eta maiatzean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerriak jasotzen dituen zerrenda, zehazki Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Toki Azpiegituren Zerbitzuari kalteak deklaratu dizkiotenak, 2025eko uztailaren 14ko eta 2025eko uztailaren 2ko txostenen arabera, hurrenez hurren, edo, Babes Zibilarekin lotuta, kalteak direla-eta esku-hartzeak izan dituztenak, 2025eko uztailaren 15eko txostenaren arabera. Udalerri hauek dira:

Aguilar Kodes, Aras, Cabredo, Eslaba, Genevilla, Iturmendi, Lapoblación-Meano, Puiu, Tafalla eta Torralba del Río.

2. Ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak daudela kontuan hartzeko, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan (Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan, 2023tik aurrera, zuzeneko ordainketen esku-hartzeak aplikatzeari eta betekizun komunak ezartzeari buruzkoa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautze duena) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 17ko 37/2024 Foru Aginduan (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 11ko 115E/2025 Foru Aginduaren bidez aldatua) ezarritako erregulazioaren arabera, erantzuna emanen zaie foru agindu honetan identifikatutako udalerrietako bakoitzeko eremu kaltetuei.

3. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, lurralde kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako higiezin horiei dagokienez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. atalean adierazitako herrietan kokatuta dauden jarduerak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazio, eraikuntza eta obrari eragin dien ehunekoan, foru agindu honek ezartzen dituen baldintzetan. Salbuetsitako jardueretan, kaltetutakoa berrezartzea edo berreraikitzea sartuko da, eta, hala, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da.

6. Foru agindu honen 2., 3., 4. eta 5. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatzearen eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru-sarrerak Nafarroako Gobernuak konpentsatuko ditu, 2025eko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik" izeneko 210001 21100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2026ko, 2027ko, 2028ko eta 2029ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Espainiaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntzenak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan ezarritako zerga-salbuespenak baliatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako adierazpena erantsi beharko zaio eskaerari:

–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza, konpentsazio edo kalte-ordain guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Kaltetutako ondasunen gainean izenpetutako polizen kopia.

Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza, konpentsazio edo kalte-ordain guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Kaltetutako ondasunen gainean izenpetutako polizen kopia.

Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza, konpentsazio edo kalte-ordain guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga-onurak aplikatzen dituzten udalerriek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan. Dekretu horren bidez, toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatzen dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen. Eskaeran honako hauek jasoko dira:

a) Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik toki tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

b) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena, honako hauek adierazita: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurak aplikatzeagatik sortzen den zenbatekoa ere.

c) Teknikari eskudun batek egindako txostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.

d) Ziurtagiri bat, honako hauek frogatzen dituena: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla eta eskatzaileek egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuak egiten duen lehenengo bilkuran aurkeztea, berresteko.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 18an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2511131