172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58/2025 FORU AGINDUA, abuztuaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoei eskuordetzen baitzaie ikastetxeetan bertan erabiltzeko materiala ematearen prezio publikoak ezartzeko eskumena, eta zeinaren bidez ezartzen baita 2025-2026 ikasturtean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskatzen ahal den gehieneko zenbatekoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 6.1 artikuluak honako hau xedatzen du: Nafarroako Gobernuak ezarriko du zein diren prezio publikoen xede izan daitezkeen zerbitzu-emateak edo jarduerak, tributuen arloko eskumena duen departamentuak eta zerbitzu edo jarduera horiek betetzen dituen departamentu edo erakundeak batera egindako proposamena kontuan hartuta.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueretan eska daitezkeen prezio publikoak ezartzen dituen otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen du zer zerbitzu eta jarduera finantzatzen ahal diren prezio publikoen bidez. Hain zuzen ere, horien artean dago "materialak ematea Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetan erabiltzeko".

Era berean, irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa arautu zen. Foru dekretu horren 25. artikuluak, gainera, honako hau ezartzen du: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean eta otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, foru dekretu horren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak, Hezkuntza Departamentuko titularraren eskumena izanen da departamentu horren mendeko ikastetxeetan eskaintzen diren jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzea.

Xedatutako guztiarekin bat, Hezkuntza Departamentuko titularra da prezio publikoen zenbatekoa ezartzeko eskuduna. Edonola ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren mende ez badaude ere.

Ikastetxe publikoen kudeaketako autonomia sustatzearren, egoki jotzen da haiei eskuordetzea ikastetxeetan erabiltzeko materiala ematearen prezio publikoak ezartzeko eskumena.

Horrez gain, egoki da ezartzea 2025-2026 ikasturtean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikastetxe publikoek ikastetxeetan bertan erabiltzeko materiala emateagatik eskatuko dituzten prezio publikoen gehieneko zenbatekoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. e) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen eskola kontseiluei, edo, halakorik ezean, gizarte kontseiluei, ikastetxeetan erabiltzeko materiala ematearen prezio publikoen zenbatekoa ezartzeko eskumena.

Ezarritako prezio publikoek behar bezala justifikaturik eta arrazoiturik egon beharko dute, ikasleen familiek jakin dezaten zer material erosiko den haiek eginiko ordainketarekin.

2. Ezartzea 2025-2026 ikasturtean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoek ikastetxeetan bertan erabiltzeko materiala emateagatik eskatuko dituzten prezio publikoen gehieneko zenbatekoa; hori, hain zuzen ere, 50 euro izanen da ikasle bakoitzeko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetara, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 21ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2511146