172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abuztuaren 20an hartua, "Berako bizikleta bidearen hasierako azpifasea eraikitzea (I. fasea; Bidasoaren ondoko pasealekua") izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

Berako Udalak, 2025eko apirilaren 15ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen "Berako bizikleta bidearen hasierako azpifasea eraikitzea (I. fasea; Bidasoaren ondoko pasealekua)" izeneko obra proiektua onestea eta, orobat, aitortzea eta deklaratzea proiektu hori onura publikokoa dela eta ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra dagoela, proiektua onesteak hori baitakar berekin. Horrez gainera, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi zuen eta proiektua jendaurrean jarri zuen hamabost egun balioduneko epean.

Jendaurreko aldia iraganik, Berako Udalak, 2025eko ekainaren 17an egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, jasota utzi zuen aurrekontu partida bat dagoela (1-1340-60900 partida) proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zion proiektua presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Berako Udalak eskatu du, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan 2025eko ekainaren 26an aurkeztutako eskabidearen bitartez, "Berako bizikleta bidearen hasierako azpifasea eraikitzea (I. fasea; Bidasoaren ondoko pasealekua)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea. Aurkeztutako dokumentazioan presako izaera justifikatzen duen txosten bat dago, 2025eko ekainaren 20koa.

2025eko ekainaren 27an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren errekerimendua jakinarazi zitzaion Berako Udalari, 10 eguneko epean Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eskatzen den kreditu-atxikipenaren ziurtagiria aurkez zezala eskatzeko.

2025eko ekainaren 30ean, Berako Udalak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan eskabide baten bidez aurkeztu zuen kreditu-erreserbaren agiria, 2025eko ekainaren 30ean sinatua.

Berako Udalak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, batetik, bizikleta-mugikortasuna sustatu (lurraldearen barruko mugikortasun jasangarria) eta Berako hirigunearen eta Bidasoako Bide Berdearen arteko oinezkoen konexioa hobetu beharra dagoelako, eta bestetik, Baztan-Bidasoko Helmugako Jasangarritasun Turistikorako Planaren mugarriak eta helburuak bete behar direlako. Plan hori Turismo Ministerioak finantzatzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 14. osagaiaren 1. inbertsioaren esparruan (Next Generation-EB).

Gainera, espedientean jasota dago proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko kreditu-atxikipenaren agiria, 2025eko ekainaren 30ekoa, 2025003369 zenbakikoa, Berako Udaleko kontu-hartzaileak sinatua eta alkateak ontzat emana.

Hori guztia dela eta, Berako Udalak Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan adierazitako dokumentazioa helarazi du, "Berako bizikleta bidearen hasierako azpifasea eraikitzea (I. fasea; Bidasoaren ondoko pasealekua)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "Berako bizikleta bidearen hasierako azpifasea eraikitzea (I. fasea; Bidasoaren ondoko pasealekua)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Berako Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2511062