1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abuztuaren 20an hartua, "Tafallako Zangozako etorbideko 9ko eraikinean igogailua jartzeko Plan Berezia" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko. Tafallako Udalak sustatu du, bertako Zangozako etorbideko 9ko jabe-erkidegoaren onurarako.
Tafallako Zangoza etorbideko 9ko jabe-erkidegoak eskatuta, 2014ko irailaren 9an, Tafallako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen hasiera batez onestea "Zangozako etorbideko 9an dagoen etxebizitza-eraikinean igogailua jartzeko Plan Berezia", eraikin horretan igogailua jartzeko helburua duena. Plana behin betiko onetsi zen 2016ko otsailaren 23an egindako ohiko osoko bilkuran.
Tafallako Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko maiatzaren 16an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Tafallako Zangozako etorbideko 9ko eraikinean igogailua jartzeko Plan Bereziaren aldaketa", UC-44 unitateko 27. poligonoko 8. lurzatian. Aldaketaren xedea da igogailua paratzeko desjabetu beharreko azalera handitzea; hala, azalera hori 30 m² izanen da, hasieran aurreikusitako 13,70 m²-en ordez. Aldaketa behin betiko onetsi zen 2023ko abenduaren 21ean egindako osoko bilkuran.
Tafallako Udalak, 2025eko martxoaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tafallako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren UC-44 unitateko Plan Bereziaren behin betiko onespenak ukitutako titular, ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza. Plan horren helburua da igogailu bat jartzea Zangozako etorbideko 9an dagoen etxebizitza-eraikinean, eta, horretarako, 30 m² desjabetu behar dira eraikin horretako beheko solairuan dagoen lokaletik. Hasierako onespen hori 2025eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24koan.
Jendaurrean jartzeko epea iraganik eta alegaziorik jaso ez zenez, Tafallako Udalak, 2025eko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta onura publikoa eta okupatu beharra deklaratu zituen. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespen hori 2025eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31koan.
Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabe-erkidegoen onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikuntzetan.
Tafallako Udalak emandako txostenaren arabera, "Tafallako Zangozako etorbideko 9ko eraikinean igogailua jartzeko Plan Berezia" gauzatzeak ukitzen dituen ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da. Izan ere, irisgarritasuna ahalik eta lasterren konpondu ahal izateak erraztu egiten du adin bateko eta besteko auzokideak egotea, adinagatik edo beste arazo batzuengatik oztopo arkitektonikoekin bizi ezin diren egoiliarrak bertan gelditzea eta lurraldeari dagokionez finkatutako jarduketa publikoaren helburuak lortzea. Horri dagokionez, Tafallako Udalak aurkeztutako espedientean jasota daude, gutxienez ere, 70 urtetik gorako zazpi bizilagunen osasun txostena eta erroldatze-agiriak. Agiri horiek desjabetzearen xede diren ondasunen presako okupazioa justifikatuko lukete, igogailua lehenbailehen jartzeak etxebizitzetarako sarbidea hobetuko lukeelako bizilagun horientzat.
Espedientean jasota dago Tafallako Udaleko Idazkaritzaren ziurtagiria, 2025eko ekainaren 13koa, zeinaren bidez adierazten baita Tafallako Zangoza etorbideko 9ko jabe-erkidegoak bere gain hartuko duela desjabetze-prozesuak ukitzen duen lokalaren titularraren alde dagozkion kalte-ordainen kostua.
Nafarroako Gobernuak, Tafallako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta onuradunak balio justuaren kostuari aurre egiteko baliabide ekonomikoak dituela adierazten duen Tafallako Udalaren ziurtagiria egiaztatuta, uste du justifikatuta dagoela desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. "Tafallako Zangozako etorbideko 9ko eraikinean igogailua jartzeko Plan Berezia" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko. Tafallako Udalak sustatu du, herriko Zangozako etorbideko 9ko jabe-erkidegoaren onurarako.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Tafallako Udalari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2511060