Iragarkia
172. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
268E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urterako" dirulaguntzaren deialdia onesten duena eta erabakitzen duena MOVES III-2025 deialdira pasatzea 2025eko urtarrilaren 1etik aitzina MOVES III deialdian erregistratutako laguntza eskaera guztiak. DDBN identifikazioa: 850938, 850960, 850973, 851015.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzua Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren antolamendu orokorrean txertaturik dago eta, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan energia berriztagarriak bultzatzeko helburua du. Ildo horretan askotariko ekintzak egiten ari da, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean jasotako helburuak lortzeko. Jarduketa horien artean, aipatzekoak dira laguntza programak, horien bidez saiatzen baita jarduera sektore guztietan energia eraginkortasuna eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzen.
Apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuaren bidez arautzen da Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urterako (2025eko 79. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ekoan). Errege lege-dekretu horren helburua da garraio sektorea "deskarbonizatzen" laguntzea mugikortasunaren elektrifikazioa sustatuz, Energiaren eta Klimaren 2023-2030 Plan Nazional Bateratuan finkatutako xedeak lortzeko.
3/2025 Errege Lege-dekretuaren xedea da mugikortasun elektrikoa sustatzeko pizgarrien bi programa hauek onestea:
a) Pizgarrien 1. programa - Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzekoa.
b) Pizgarrien 2. programa - Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzekoa.
3/2025 Errege Lege-dekretuak 1. eta 5. artikuluetan xedatutakoaren arabera, programa apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuan xedatutakoak arautuko du, gauzatzeko epeei eta SEEPi loturiko kudeaketa eta kontroleko betebehar espezifikoei dagokienez izan ezik. Izan ere, 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan.
3/2025 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluaren babesean, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak formalki jakinarazi zion Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuari (IDAE) Nafarroak berariaz eta zalantzarik gabe onartzen zuela Foru Komunitateari esleitutako dirulaguntza, 5.573.749,00 euro guztira. Horrenbestez, IDAEko buruaren 2025eko maiatzaren 20ko Ebazpenaren bidez, aipatu dirulaguntza eman zitzaion Nafarroari, 5.573.749,00 euro guztira.
Ondorioz, laguntza programa honen lehentasunezko helburua da garraio sektorea deskarbonizatzen laguntzea, mugikortasunaren elektrifikazioa sustatuz, Energiaren eta Klimaren 2023-2030 Plan Nazional Bateratuan finkatutako xedeak lortzeko. Horregatik, sustatuko da ibilgailu elektrikoak erostea eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kargatzeko azpiegitura egokia hedatzea.
Lehen aipatutako apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren babesean, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak uztailaren 6an eman zuen 51E/2021 Ebazpenaren bidez (zeina geroago aldatu baitzen), "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" dirulaguntzaren deialdia onetsi zen eta, berez, 266/2021 Errege Dekretuaren esparruko programa horren indarraldia 2024ko abenduaren 31n bukatzekoa zen.
Alabaina, abenduaren 23ko 9/2024 Errege Lege-dekretuaren bidez, ekonomia, zerga, garraio eta Gizarte Segurantza arloko premiazko zenbait neurri hartu ziren eta kalteberatasun sozialeko egoerei aurre egiteko beste zenbait neurri luzatu (2024ko 309. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Besteak beste, 266/2021 Errege Dekretua aldatu zuen. Hala, laguntzen programaren indarraldia luzatu zen, hasieran 2024ko abenduaren 31n bukatzekoa baitzen. Eta, horri esker, 2025eko urtarrilaren 1etik aitzina ere jarraitu ahal izan da laguntza eskaerak erregistratzen.
Halere, Diputatuen Kongresuaren 2025eko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, lehen aipatutako 9/2024 Errege Lege-dekretua indargabetzeko erabakia argitaratu zen.
Ondoren, 3/2025 Errege Lege-dekretua eman zen, zeinen barnean sartzen baita MOVES III-2025 programa, eta hauxe xedatzen du haren 2. artikuluak: "Diruz lagunduko diren jarduketak apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren 13. artikuluan jasotakoak dira. Barnean sartzen dira 2025eko urtarrilaren 1etik errege lege-dekretu honek indarra hartu arteko aldian hasitako jarduketak, eta baliozkotzat joko dira 2025eko urtarrilaren 1etik aitzina aurkeztutako eskaerak". Beraz, bidezkoa da MOVES III-2025 programara pasatzea eta programa horren baitan ebaztea, 3/2025 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, bai 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urtarrilaren 23ra bitartean horretarako gaitutako bidetik aurkeztu ziren eta atzera egin ez duten eskaerak (epe horretan irekita jarraitu baitzuen MOVES III deialdiko laguntza eskaerak erregistratzeko aukerak), baita 3/2025 Errege Lege-dekretua argitaratu ondoren aurkeztu diren eskaerak ere (harekin berriro ireki baitzen Nafarroako Foru Komunitatean laguntza eskaerak erregistratzeko aukera).
Nafarroako Foru Komunitatean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak. Horregatik, programa honek –Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urterako– aipatu 11/2005 Foru Legea bete behar du, partida honen kargura finantzatzen baita: 820001 82500 7819 425205 [PEP: E-25-000756-01] MOVES III-2025: Laguntzen deialdia.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. D027 MOVES III-2025 dirulaguntza deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Baimentzea 5.085.186,80 euroko gastua, "820001 82500 7819 425205 [PEP: E-25-000756-01] MOVES III-2025: Laguntzen deialdia" partidaren kontura.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 7an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urtean gauzatzeko laguntzak ezartzea, apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren jarduketa diruz lagungarrietarako, errege lege-dekretu horren bidez arautzen baita Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urterako.
1.2. 3/2025 Errege Lege-dekretuaren xedea da mugikortasun elektrikoa sustatzeko pizgarrien bi programa hauek onestea:
a) Pizgarrien 1. programa - Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzekoa.
b) Pizgarrien 2. programa - Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzekoa.
1.3. Deialdi honek, deialdian aurreikusia ez dagoen guztian, apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuan xedatutakoari jarraituko dio.
2. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
2.1. Araubide juridikoa, aplikatu beharreko berariazko araudia, laguntzen azken hartzaileen baldintza eta betebeharrak eta laguntzak emateko prozedura apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuan ezarritakoak izanen dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia) xedatutakoarekin. Araudi honetan aurreikusitakoa bete ezean, Administrazio Zuzenbideko arauak aplikatuko dira.
2.2. Halaber, aplikatzekoak izanen dira Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (laguntzen kategoria batzuk barne merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), bat etorrita apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuan (zeina geroago aldatu baitzen) ezarritakoarekin, eta deusetan ukatu gabe aplikatu beharrekoak diren zuzenbide nazionaleko eta Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenak.
2.3. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta hura garatzeko araudia aplikatuko dira.
3. oinarria.–Programen indarraldia eta eskaerak aurkezteko epea.
3.1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III), 2025. urtekoa, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31 bitarte izanen da indarrean, hala ezartzen baitu apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuak.
3.2. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira laguntza eskaerak. 2025eko urtarrilaren 1etik aitzina aurkeztutako eskaerak berariaz pasatuko dira deialdi honetara eta haren barnean ebatzi, beste eskaera bat aurkeztu beharrik gabe.
3.3. Hala ezartzen baitu apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuak, eskaerak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 31n bukatuko da, non eta ez den epe hori luzatzen dagokion aldaketaren bitartez.
3.4. Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko. Aurrekontu erabilgarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).
4. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
4.1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urtean gauzatzeko, 5.085.186,80 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratu da, "820001 82500 7819 425205 [PEP: E-25-000756-01] MOVES III-2025: Laguntzen deialdia" partidaren kontura, eta bi programa hauen artean banatuko da:
–Pizgarrien 1. programa (Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzeko programa). Ibilgailu elektrikoak erostea, entxufagarriak eta erregai-piladunak: 3.559.630,76 euro.
–Pizgarrien 2. programa (Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko programa). Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea: 1.525.556,04 euro.
Apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren 10.13 artikuluaren arabera, deialdiaren indarraldia bukatu eta hurrengo bi hilabeteetan, jarduketa programa batera bideratutako partidaren bat agortu ez bada eta besteak itxarote zerrenda badu, aurrekontua berriz esleitzen ahalko da jarduketa moten artean, eta, beraz, ondoriorik gabe geldituko dira aipatu errege dekretuaren 10.10 artikuluan jarduketen arteko banaketarako ezarritako gehieneko ehunekoak, eta ezarrita izan zitezkeen aurrekontu-erreserbak askatuko dira.
4.2. Deialdirako baimendutako gastua ekitaldi bakoitzean ez bada osorik gauzatzen, hurrengo ekitaldiari gehitzen ahalko zaio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 49. artikuluaren 1.e) eta 5. apartatuetan ezarritakoari jarraituz.
5. oinarria.–Laguntzen onuradun zuzenak eta azken hartzaileak.
5.1. Jarraian zerrendatzen diren subjektuek eskuratzen ahalko dituzte laguntza programa honen deialdiaren xede diren dirulaguntzak, jarduketa mota bakoitzerako ezarritakoaren arabera, oinarri hauetan eta 3/2025 Errege Lege-dekretuan adierazitako irizpideekin bat etorriz, baldin eta egoitza fiskala Espainian badute eta laguntzaren xede den jarduketa Nafarroan egiten bada eta, orobat, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
1. Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak. Hala bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egon beharko dute, edo, bestela, dagokien tributazio araubidean sartzeko aitorpena egina izan.
2. Aurreko atalean sartzen ez diren adin nagusiko pertsona fisikoak, salbu eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan, orduan adingabeak ere izaten ahalko baitira. Egoitza fiskala Espainian izan beharko dute.
3. Jabeen erkidegoak, Jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean araututakoak. Bete beharko dute Dirulaguntzen Foru Legean ezartzen dena, eta, bereziki, 8.3 artikuluan xedatutakoa.
4. Pertsona juridikoak, baldin eta Espainian behar bezala eraturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta bestelako entitateak, nortasun juridikoa izan edo ez, baldin eta haien identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) lehen letra A, B, C, D, E, F, G, J, R edo W bada eta egoitza fiskala Nafarroan badute. Hautagarriak izanen dira, halaber, industrialdeen kontserbaziorako entitateak edo eraldaketako nekazaritza sozietateak, haien IFZaren lehen letra V bada.
Egoitza fiskala Nafarroan ez badute, dirulaguntza eskuratzen ahalko dute baldin eta haien jarduera, egoitza eta plantillaren zati bat Nafarroan badaude. Hori guztia, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urteetan gutxienez.
Egoitza fiskala Nafarroan ez badute, eta aurreko hiru baldintzak ere ez badituzte betetzen, laguntzak eskuratzen ahalko dituzte pizgarrien 2. programako inbertsio bat gauzatzen badute (Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko programa), baldin eta inbertsio horrek eragina badu Nafarroan energiaren kontsumoan edo petrolioarekiko morrontzaren murrizketan.
5. Nafarroako toki administrazioko entitateak eta sektore publiko instituzionala osatzen dutenak (hau da, edozein administrazio publiko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.2 artikuluan zerrendatuta daudenetatik), baldin eta Nafarroan jarduerak gauzatzen badituzte. Baldin eta ez badute egiten merkatuan ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik, bestela, aurreko zenbakian (4.ean) sartuko baitira.
5.2. Ezin dira onuradun izan:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden eskatzaileak, eta, berariaz, zehapen edo kondena bat jaso dutenak, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat jotzen diren lan arloko jardunbideak egiteagatik edo toleratzeagatik.
Azken hartzaileak, laguntza eskaera aurkeztean, baimena emanen die bai administrazio organo emaileari bai instrukzio organoari zuzenean kontsulta dezaten zerga administrazioarekin edo Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean ote dituen, prozedura izapidetzean beharrezkoa denean.
b) 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 4.a) eta 4.c) apartatuetan xedatutakoaren arabera:
–Aurretik emandako edozein laguntza edo dirulaguntza berreskuratzeko agindu baten mende dauden eta hura bete gabe duten enpresak.
–Krisian dauden enpresak, ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak ezarritako zentzuan.
c) Pizgarrien 1. programan (Ibilgailu elektrikoak erosten laguntzeko programa), kontzesionarioak edo salmenta-puntuak, baldin eta ekonomia jardueren gaineko zergaren tarifetan (maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea) lehen ataleko epigrafea 615.1 edo 654.1 bada.
d) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hiru hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, hilabete horretan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
6. oinarria.–Diruz lagun daitezkeen jarduketen baldintzak eta arau esparrua.
6.1. Diruz lagungarriak izanen dira jarraian zerrendatzen diren jarduketak, 3/2025 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluan jasoak baitaude, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira, eta bete beharko dituzte I. eranskinean ezarritako baldintzak (pizgarrien bi programenak, hurrenez hurren). Hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:
a) Pizgarrien 1. programa - Ibilgailu elektrikoak erostea, entxufagarriak eta erregai-piladunak. IDAEren datu basean agertzen diren ibilgailu modeloek soilik jasotzen ahal dituzte pizgarriak (https://coches.idae.es/base-datos/vehiculos-elegibles-programa-MOVES-III).
–Ez dira diruz lagunduko M2, M3, N2 eta N3 kategorietako ibilgailuen erosketak.
Beharrezkoa izanen da ibilgailuaren egoitza Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean izatea, "renting" kasuetan izan ezik. "Renting" kasuetan, laguntzaren eskatzaileek frogatu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean erroldatuta daudela eskaeraren eguna baino lehenagotik, baldin eta 5.1 artikuluaren 1. eta 2. ataletan adierazitako eskatzaileen artean badaude; jabeen erkidegoaren egoitza Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean dagoela frogatu beharko dute 5.1 artikuluaren 3. atalean sartutako eskatzaileen artean badaude; egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean dutela frogatu beharko dute 5.1 artikuluaren 4. atalean sartutako eskatzaileen artean badaude; edo 5.1 artikuluaren 5. atalean ezarritakoa bete beharko dute.
–Jarduketak eragina izan behar du Nafarroan energiaren kontsumoan edo petrolioarekiko morrontzaren murrizketan.
b) Pizgarrien 2. programa - Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura ezartzea. Laguntzaren xede izateko, jarduketa Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean egin behar da.
Sektore publikoko entitateek sustatutako azpiegiturak badira:
–Bide publikoko aparkaleku publiko iraunkorretan ezarri behar dira, hiri-altzariekin integraturik. Horrez gain, monitorizaturik egon behar dute edo teleneurketa sistema izan behar dute.
–Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen edo "elektrizitate berdearen" hornidura-kontratu bat izan behar dute jarduketaren justifikazioa 11. oinarrian (lagundutako jarduketak justifikatzeari buruzkoa) ezarritako moduan aurkezten den egunean.
Kargatzeko puntuak erabilera publikokoak badira, posible izan beharko da Nafarroako Gobernuak etorkizunean ezarriko duen denbora errealeko bisorera konektatzea, eta, era berean, kargatzeko azpiegitura mota horri buruz II eranskinean aipatzen den informazioa adierazi eta eman beharko da.
6.2. 5.1 oinarriko 1. zenbakian aipatzen diren onuradunentzat eta 4. zenbakian sartzen diren enpresa txiki eta ertainentzat, baldin eta kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko programako eskaeretan espresuki hori aukeratu badute, laguntza hauek emateko, honako hauek bete beharko dira, berariaz: Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta mugak (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da; 2023/12/15eko EBAO), laguntza programak indarrean diren bitartean une bakoitzean aplikatzekoak direnak, kontuan hartuta etorkizunean izaten ahal diren aldaketak, eta deusetan galarazi gabe horri buruz ezar daitekeen araubide iragankorra, eta aplikatu beharrekoak diren zuzenbide nazionaleko eta Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenak.
Ebazpen honen bidez onetsitako pizgarrien programen bidez diruz lagun daitezkeen jarduketak atal honetan zehaztutako "de minimis" araubideari lotuko zaizkio, eta jarduketak onartzeko hautagarritasun aldia 2025eko urtarrilaren 1etik deialdiaren indarraldia bukatu arte izanen da, edozein dela ere horiek justifikatzeko eta gauzatzeko aldia. Horregatik, onuradun horientzat eskatuko da diruz lagundutako jarduketa gauzatzearekin loturiko gauzatzeko konpromiso irmoen, kontratuen, fakturen eta ordainagirien ororen jaulkitze datak 2025eko urtarrilaren 1etik (egun hori barne) deialdiaren indarraldia bukatu bitartekoa izatea.
6.3. 5.1 oinarriko 4. zenbakian aipatzen diren azken hartzaileentzat, aurreko 6.2 atalean sartzen direnentzat izan ezik, eta 5.1 oinarriko 5. zenbakian sartzen direnentzat, merkatuan ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dituztenentzat izan ezik, programako laguntzak emateko, honako hauek bete beharko dira: Batzordearen ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta mugak (erregelamendu horrek aldatu egiten ditu 651/2014 (EB) Erregelamendua –laguntzen kategoria batzuk barne merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz– eta 2022/2473 (EB) Erregelamendua –arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresentzako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–; 2023ko 167. EBAO, ekainaren 30ekoa), ingurumena babesteko laguntza kategoriari (7. atala) dagokion salbuespena aplikatuta (36 bis eta 36 ter artikuluak), eta deusetan ukatu gabe aplikatu beharrekoak diren zuzenbide nazionaleko eta Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenak.
Hori dela-eta, kategoria horretako (7. atala) laguntzetara bideratzen ahalko den urteko batez besteko aurrekontua, 1. apartatuan zerrendatutako jarduketa edo programa edo pizgarri-araubide bereizi bakoitzerako, ezin izanen da 150 milioi euro baino gehiago izan, eta laguntzek muga bat izanen dute azken hartzaileko eta deialdiko; III. eranskinean ezarrita dago muga hori.
Atal honetan aurreikusitako azken hartzaileentzat, eta onetsitako programak benetan pizgarriak izan daitezen, aurkezten duten laguntza eskaeraren erregistro egunaren ondoren egitekoak diren jarduketa diruz lagungarriak baizik ez dira onartuko, edozein dela ere jarduketak justifikatzeko eta gauzatzeko epea, eta jarduketa diruz lagungarrien hautagarritasun aldia 2025eko urtarrilaren 1etik deialdiaren indarraldia bukatu arte izanen da Horregatik, onuradun horientzat eskatuko da diruz lagundutako jarduketa gauzatzearekin loturiko gauzatzeko konpromiso irmoen, kontratuen, fakturen eta ordainagirien ororen datak laguntza eskaeraren erregistro egunaz gerokoak izatea.
6.4. 5.1 oinarrian aipatzen diren gainerako onuradunentzat, alegia, 2. zenbakian, 3. zenbakian eta 5. zenbakian jasoak daudenentzat, merkatuan ondasunik eta zerbitzurik eskaintzen ez badute, III. eranskinean ezarrita daude eman daitekeen laguntzaren mugak eta zenbatekoak, onuradun eta inbertsio proiektu edo jarduketa diruz lagungarri bakoitzeko, eta jarduketa horiek onartzeko hautagarritasun aldia 2025eko urtarrilaren 1etik deialdiaren indarraldia bukatu arte izanen da, edozein dela ere jarduketak justifikatzeko eta gauzatzeko epea. Horregatik, onuradun horientzat eskatuko da diruz lagundutako jarduketa gauzatzearekin loturiko gauzatzeko konpromiso irmoen, kontratuen, fakturen eta ordainagirien ororen datak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izatea (egun hori barne). Jarduketa diruz lagungarrien hautagarritasun aldia 2025eko urtarrilaren 1etik deialdiaren indarraldia bukatu arte izanen da.
6.5. Oinarri hauen III. eranskinean agertzen da nola kalkulatuko diren kostu diruz lagungarria eta laguntzen zenbatekoa, pizgarrien programen arabera eta jarduketa diruz lagungarrien mota bakoitzerako, bai eta onuradun moten arabera ere.
Tributuak kostu diruz lagungarritzat hartzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. BEZa ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean; halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
6.6. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradunak azpikontratua egiten du hirugarrenekin ituna egiten duenean, dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.
6.7. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikulua betetzeko, gastu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZa kenduta, 30.000 eurotik gorakoa bada (obra gauzatzeko kostuaren kasuan) edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan eta aholkularitza eta laguntza zerbitzuak ematen diren kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Enpresa hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik.
7. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa eta muga eta kostu diruz lagungarriak.
Deialdi honen III. eranskinean ezarrita dago onuradun batek guztira eta gehienez jaso dezakeen laguntzen zenbatekoa.
a) Pizgarrien 1. programa: Ibilgailu elektrikoak erostea:
Merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoentzat, laguntzen muga izanen da Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzko Erregelamendua).
Azken hartzaileak adin nagusiko pertsona fisikoak badira –salbu eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan, orduan adingabeak ere izaten ahalko baitira– muga hau izanen du laguntzak: ibilgailu bat, azken hartzaile eta deialdi bakoitzeko.
Azken hartzaileak 5.1 oinarriko 3. zenbakikoak edo 5. zenbakikoak badira (jabeen erkidegoak, Nafarroako toki administrazioko entitateak eta sektore publiko instituzionala osatzen dutenak), muga hau izanen du laguntzak: 250 ibilgailu azken hartzaile eta urte bakoitzeko.
b) Pizgarrien 2. programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura ezartzea:
Oinarri hauen IV. eranskinean jasoak daude laguntzen zenbatekoa eta mugak. Laguntzak 800.000 euroko muga izanen du espediente bakoitzeko, salbuespen hauekin: jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen kasuan, muga izanen da aplikatzekoa zaien Europako araudiak eskatzaile bakoitzeko ezartzen duena; eta azken hartzaileak adin nagusiko pertsona fisikoak badira –salbu eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan, orduan adingabeak ere izaten ahalko baitira– 5.000 euroko muga izanen da espediente bakoitzeko.
Azken hartzaile berari ez zaio inola ere bi milioi eta erdi euro (2,5 M euro) baino gehiago ematen ahalko deialdi honen indarraldi osoan.
Pizgarrien 2. programako laguntzetarako, kostu diruz lagungarritzat hartuko dira deialdi honen I eranskinean ezarritakoak.
BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta laguntzaren azken hartzaileak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu.
8. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honen barneko pizgarrien programetako laguntzak bateraezinak dira xede bererako ematen diren beste dirulaguntza edo laguntzekin, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatutatik edo Espainiako, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.
9. oinarria.–Laguntzak eskatzeko modua.
9.1. Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan (hemendik aurrera laguntzen fitxa) dauden inprimakiak erabili behar dira laguntza-eskaerak aurkezteko.
9.2. Pertsona juridikoek nahitaez aurkeztu behar dituzte telematika bidez eskaera eta dokumentazio guztia. Laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak laguntzak eskatu dituzten pertsona juridikoen GHEBaren (gaitutako helbide elektroniko bakarra) bidez eginen dira.
GHEBa helbide honetan lor daiteke: https://dehu.redsara.es/ Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.
Pertsona juridiko batek modu presentzialean aurkezten badu eskaera, eta ez ezarritako bide elektronikoaren bidez, interesdunari eskatuko zaio eskaera zuzen dezala, hau da, modu elektronikoan aurkez dezala. Ondorio guztietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.
9.3. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
9.3.1. Laguntza eskaera.
1. Honako datu hauek beteko dira: laguntza eskatzailearen datu orokorrak, jarduketa mota, kokapena eta datu tekniko zehatzak. Halaber, eskaerarekin batera adierazpen hauek aurkeztuko dira:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunean onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunerako eskuratu diren beste dirulaguntzei buruzkoa.
c) Profesional autonomoen kasuan, gainera, ekonomia jardueren gaineko zergaren alta ziurtagiria aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoen eta bestelako entitateen kasuan, adierazpen bat enpresa izaerari eta tamainari buruz, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren ondorioetarako.
d) Lehenago 5. oinarrian esan bezala, dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:
–Ziurtagiri bat, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela dioena.
–Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena sektore publikoari lotutako edo haren mendeko entitatea dela. Bertan adierazi beharko da merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik egiten duen.
f) Enpresen kasuan, erantzukizunpeko adierazpen bat, enpresa txiki, ertain edo handia dela jasoko duena, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean jasotako definizioaren arabera, edo, hala badagokio, merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik gabeko entitate bat den.
g) Jarduketa guztietarako, eskatutako edo jasotako beste laguntzen adierazpena, hala jarduketa bererako laguntzena nola "de minimis" araubidean azken hiru urteetan jasotakoena.
h) 266/2021 Errege Dekretuko III. eranskinaren arabera laguntza handiagoa jasotzeko eskubidea duen kolektibo batekoak diren azken hartzaileek egoera horren frogagiriak aurkeztu behar dituzte. Egoera horietako bat da, adibidez, mugitzeko gaitasuna murrizten duen desgaitasuna izatea eta, horregatik, ibilgailua egokitu behar izatea; beste bat, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean erroldatua egotea. Azken kasu horretan, errolda agiriaren bidez frogatu behar da, erroldatze horrek jarduketa diruz lagungarriari dagokion fakturaren eguna baino lehenagokoa izan behar du, eta eskaera erregistratu eta gutxienez bi urtez mantendu beharko da. Laguntza desgaitasunagatik handitu behar bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Taxia edo gidaridun ibilgailuen zerbitzua erabiltzen dela justifikazio fasean frogatuko da, zirkulazio baimenaren bidez, III. eranskinean zehazten denez.
2. Profesional autonomoen kasuan, izaera hori adierazi beharko da. Laguntzen organo kudeatzaileak izaera hori egiaztatuko du Jarduera Ekonomikoen Erregistroan (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 156. artikuluan arautzen da erregistro hori). Eskatzailea erregistraturik ez badago, eskatuko zaio profesional autonomoaren izaera frogatzen duen dokumentazioa aurkezteko.
3. Pertsona juridikoek eskaeran adierazi behar dute badutela gaitutako helbide elektronikoa (GHEB), eta izena emanda daudela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. GHEBa 9.2 oinarrian adierazten den moduan lortuko da.
9.3.2. Agiri administratiboak.
Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailearen NANaren, AIZaren edo IFZaren kopia eta, hala bada, haren ordezkariarena.
b) Ahalordetze-eskrituraren kopia, edo ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.
c) Pertsona fisikoak eta profesional autonomoak: kasua bada, desgaitasunaren ziurtagiria, balorazio organo eskudunak emana.
d) Jabeen erkidegoak: erkidegoaren presidentearen izendapen aktaren kopia eta erkidegoak deialdi honetako laguntza eskatzea onesten duen erabakia hartu izanaren aktaren kopia.
9.3.3. Agiri teknikoak.
Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pizgarrien 1. programa (Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzeko programa): Ibilgailu elektrikoak erostea, entxufagarriak eta erregai-piladunak.
–Aurrekontu xehakatua.
–"Renting" bidezko errentamenduaren kasuan, enpresa errentatzailearen eskaintzaren kopia, ordaindu beharreko kuota adierazita, bai eta kuota horretatik ibilgailuaren kostuari dagokion zatia ere.
b) Pizgarrien 2. programa (Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko programa): Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea.
–Aurrekontu xehakatua.
–Jarduketen deskripzio-memoria, gutxienez honako hauek adierazita: jarduketaren deskripzioa eta norainokoa, inbertsioa, kostu diruz lagungarria eta eskatutako laguntza.
9.3.4. Eskaerarekin batera aurkezten diren agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, behar bezala identifikatuta (adib.: "Aurrekontua", "Memoria", etab.).
9.3.5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
10. oinarria.–Laguntzak ematean azken hartzaileei.
10.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen dira; horregatik, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraituko zaio zorrotz, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontu baliabide nahikorik ez izateagatik erantzun ezin zaien eskaerak ezetsi eginen dira, alde batera utzi gabe hurrengo atalean xedatutakoa aplikatzeko aukera.
Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programen indarraldia bukatu ez bada, eskaerak erregistratzen segitzen ahalko da, behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera baliozkotu arte.
Apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluak xedatutako atzeraeragina dela-eta, behar bezala erregistratutzat joko dira MOVES III pizgarrien programara 2025eko urtarrilaren 1etik aurkeztu diren laguntza eskaerak, eta oinarri hauetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte eskatutako laguntzak jaso ahal izateko.
10.2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
10.3. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpena jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.
11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.
11.1. Onuradunek 12 hilabeteko gehieneko epean justifikatu beharko dute jarduketa, emate-ebazpena jakinarazten denetik zenbatuta, eta, betiere, 2026ko abenduaren 31n beranduenez. Horretarako, 9.1 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera, laguntzen fitxako ereduari jarraikiz, bai eta deialdi honen II. eranskinean eskatutako dokumentazioa ere.
11.2. Ordainketa eskaera eta gainerako dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Halaber, zuzentzeko eskatuko zaio baldin eta postaz edo modu presentzialean aurkeztu bada, bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu behar duten onuradunen kasuan.
11.3. Justifikazioa atal honetan ezarritako epean ez aurkezteak berekin ekarriko du laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, deusetan ukatu gabe 11.5 atalean xedatutakoa.
11.4. Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzak dirua onuradunaren kontuan sartzeko, onuradunak "Transferentzia bidez kobratzeko eskaera" bete eta diruzaintzan aurkeztu beharko du, salbu eta lehenago aurkeztu badu; "Kontuen eta ordainketen kontsulta" tramitearen bitartez ere egin daiteke.
11.5. Justifikazioa ezarritako hamabi hilabeteko epea bukatu ondoren egiten bada, baina hurrengo hamar egun baliodunen barnean, ordaindu beharreko laguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
12.1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
12.2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
12.3. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, aldez aurretik organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.
13. oinarria.–Laguntzen onuradunen betebeharrak.
13.1. Laguntzen onuradunek, 5.1 oinarriko 1., 2. eta 5. zenbakietakoek izan ezik, alegia, pertsona fisikoek, Nafarroako toki administrazioa osatzen duten entitateek eta sektore publiko instituzionalekoek –40/2015 Legearen 2.2 artikuluan zerrendatuta dauden administrazio publikoetatik edozeinetakoek– izan ezik, jarduera ekonomikoak egin zein ez, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu behar dute, telematikoki, onuradunen gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena, laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen dute kobratu onartutako dirulaguntza (dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izanaren deklarazioa).
13.2. Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.
13.3. Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea dirulaguntza eskatu ondoren xede bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.
Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.
13.4. Baldin eta dirulaguntza jaso duen ibilgailu baten edo bestelako material mugikorren baten jabeak hura berriz saltzen badu 2 urte baino gutxiagoko epean, laguntza ordaintzen denetik hasita, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du MOVES III-2025 programaren laguntza jaso zuela. Horrez gain, adierazi beharko da eskuratzaileak konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko eta funtzionamendu-egoera egokian mantentzeko, gutxienez, aipatu epea bukatu arte. Bestela, laguntza itzultzeko espedientea irekiko du Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak.
Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiari, laguntzaren xede izan den ondasunaren kontratua izenpetzen denetik hilabeteko epean, gehienez ere.
Baldin erosleak ez baditu betetzen besterentzearen betekizunak, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.
13.5. "Renting" bidezko errentamenduaren kontratuetan, kontratua desegiten bada bukatu baino lehen, errentariak konpromisoa hartzen du MOVES III-2025 programaren laguntzaren zati proportzionala itzultzeko Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiari. Bestela, espediente bat abiaraziko da laguntza osorik edo, hala badagokio, partez itzultzeko.
Egoera hori gertatzen bada, jakinarazi beharko zaio Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiari, azken faktura ordaintzen denetik bi hilabeteko epean, gehienez ere.
13.6. 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hiru hilabeteko epean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinak 5.2 d) oinarrian adierazten baitira, betiere laguntzak eskatzeko unean aurkeztu ez badituzte.
13.7. Diruz lagundutako karga elektrikorako azpiegituren jabetasuna mantendu beharko dute laguntzen onuradunek, gutxienez 2 urtean. Horrez gain, epe horretan behar bezala funtzionatu behar dute, eta karga elektrikorako zerbitzuak eman. Zerbitzu horiek laguntza eskaeran eta justifikazioetan deklaratuak dira. Kargatzeko puntua publikoa bada, bermatu beharko da 5 urtez abian egonen dela.
Baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko epea igaro baino lehen onuradunak besterentzen badu diruz lagundutako azpiegitura, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du inbertsioak MOVES III-2025 programaren laguntza jaso zuela, eta jabe berriari jakinarazi beharko dio dirulaguntza jaso zuela eta oinarri hauetan ezarritako betekizunak dituela, eta konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xedeko helbururako erabiltzeko eta funtzionamendu egokirako mantentzeko, gutxienez aipatu epea bukatu arte. Bestela, laguntza osorik itzultzeko espedientea irekiko du Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak.
Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiari, laguntzaren xede izan diren instalazio eta/edo ekipoen salmenta kontratua sinatzen denetik hilabeteko epean, gehienez ere.
Baldin erosleak ez baditu betetzen besterentzearen betekizunak, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.
13.8. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duenean, erregistratutako emaitza energetikoen bilakaeraren berri ematea, eta emaitzak zabal daitezela baimentzea, 4 urteko epean ibilgailuen kasuan, eta 10 urteko epean gainerako proiektuetan, laguntza ordaintzen denetik hasita.
13.9. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko, eskatzen dion informazio guztia ematea.
13.10. Onuradunak diruz lagundutako jarduketari buruz egiten dituen erreferentzia guztietan (argitalpenetan, hedapen jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedapen bidetan) Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen baldintzak bete behar dira, halakorik ezartzen badu, bai eta programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritakoak ere. IDAEren webgunean eskura daiteke eskuliburu hori.
13.11. Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
13.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
13.13. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 11.5 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
14.1. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
14.2. Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
14.3. Laguntzen onuradunek, pertsona fisikoek izan ezik, IDAEk 2025eko MOVES III programarako ezarritako publizitate betebeharrak bete beharko dituzte, programaren irudiari buruzko eskuliburuan jasoak daudenak (IDAEren webgunean dago eskuliburua).
15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
I. ERANSKINA.–JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIEN BALDINTZAK
Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduketek honako baldintza hauek bete behar dituzte, tipologiaren arabera:
Pizgarrien 1. programa: Ibilgailu elektrikoak erostea, entxufagarriak eta erregai-piladunak.
1. Jarduketa diruz lagungarritzat hartuko da ibilgailu berriak erostea, zuzenean edo finantzaketa-eragiketa baten bidez ("leasing" finantzarioa edo "renting" bidezko errentamendua –bigarrenari "leasing" operatiboa ere esaten zaio–). Ibilgailuek laguntzaren azken hartzailearen izenean egon behar dute Espainian lehenengoz matrikulatuta, "renting" kasuetan izan ezik, "renting" enpresaren izenean matrikulatzen ahalko baitira. Gainera, 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileen kasuan (5. zenbakikoak, baldin eta ez badute aitortu merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik) eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan, salerosketa fakturaren eta matrikulazioaren jaulkitze datek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izan behar dute; eta 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, laguntza eskaera jarduketa mota honi dagokion programaren deialdian erregistratzen den egunaz gerokoak.
Ibilgailuaren prezioa, bai eta konturako kopuruak eta bestelako kontzeptu guztietako kopuruak ere, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ordaindu behar dira, edo eskaera erregistratzen den egunaz gero, zein den lehen hartzailea (lehen aipatu den bereizketaren arabera).
2. Halaber, dirulaguntza ematen ahalko da M1, N1, L3e, L4e eta L5e kategorietako ibilgailu elektrikoak eta erregai-piladunak erosteko, hamabi hilabetera arteko antzinakotasuna badute (erakusketako ibilgailuak), lehenbiziko matrikulaziotik salerosketa fakturaren egunera edo eskaera erregistratzen den egunera zenbatuta –bietatik lehenbizikora–, baldin eta haren titularra kontzesionarioa edo fabrikatzaile/inportatzailearen salmenta-puntua bada eta horrek saltzen badio ibilgailua laguntzaren azken hartzaileari. Kasu honetan, beharrezkoa da kontzesionarioak edo salmenta-puntuak ibilgailu horiek ibilgailu berri gisa erosi izana fabrikatzaileari edo inportatzaileari. Deialdi bakoitzean, gehienez ere, titular berarenak diren erakusketako laurogeita hamar ibilgailu onartuko dira (lehengo definizioaren arabera).
Bestalde, dirulaguntza ematen ahalko da M1, N1, L3e, L4e eta L5e kategorietako ibilgailu elektrikoak eta erregai-piladunak erosteko, hamabi hilabetera arteko antzinakotasuna badute (ibilgailu ia berriak), lehenbiziko matrikulaziotik salerosketa fakturaren egunera edo eskaera erregistratzen den egunera zenbatuta –bietatik lehenbizikora–, baldin eta lehenbiziko titularra fabrikatzailea bera bada (EJSNko 291. taldea), edo "renting" edo "rent a car" enpresa bat (EJSNko 771. taldea). Kasu honetan, beharrezkoa da aipatu titularrek ibilgailu horiek ibilgailu berri gisa erosi izana fabrikatzaileari edo inportatzaileari. Deialdi bakoitzean, gehienez ere, titular berarenak diren berrehun eta berrogeita hamar ibilgailu ia berri onartuko dira (lehengo definizioaren arabera).
Programa edo jarduketa-mota honetan inola ere ez da dirulaguntzarik emanen M2 edo M3 kategoriako autokarrak edo autobusak erosteko, ezta N2 edo N3 kategoriako kamioiak eta furgoiak erosteko ere.
3. Laguntzak jaso ahal izateko, ibilgailuek kategoria hauetako batekoak izan beharko dute:
a) M1 (turismoak): Motordun ibilgailuak, gutxienez lau gurpil dituztenak eta bidaiariak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatuak, eta gidarien eserlekuaz gainera gehienez zortzi eserleku dituztenak.
b) N1 (furgonetak edo kamioi arinak): Motordun ibilgailuak, batez ere salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatuak, zama eta guzti teknikoki onargarria den gehieneko masa (TOGM) 3,5 tonara artekoa dutenak.
c) L6e (kuatriziklo arinak): Lau gurpileko ibilgailu arinak, hutsik egonik 350 kg-ko edo gutxiagoko masa dutenak, baterien masa kanpo, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-koa edo gutxiagokoa dutenak, eta gehieneko potentzia 4 kW-ekoa edo gutxiagokoa.
d) L7e (kuatriziklo astunak): Lau gurpileko ibilgailuak, abiada-masa (baterien pisua zenbatu gabe) 450 kg-koa edo gutxiagokoa dutenak bidaiarien garraioan, edo 600 kg-koa edo gutxiagokoa salgaien garraioan, eta ezin direnak kuatriziklo arintzat sailkatu.
e) L3e, L4e eta L5e (motozikletak): Bi gurpileko ibilgailuak, edo hirukoak (simetrikoak zein asimetrikoak ibilgailuaren luzetarako ardatzarekiko), 50 cm³ baino gehiagokoak edo 50 km/h baino gehiagoko abiadura har dezaketenak, eta tona batera arteko pisu gordina dutenak.
4. Laguntza jaso ahal izateko, ibilgailuen modeloek IDAEren ibilgailuen datu-basean agertu behar dute (https://coches.idae.es/base-datos/vehiculos-elegibles-programa-MOVES-III), eta honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) M eta N kategorietako ibilgailuek mota hauetako batekoak izan behar dute:
i. Ibilgailu elektriko hutsa (BEV, ingelesez), ibiltzeko motor elektrikoak baino ez dituena; energia, guztia zein zati bat, baterietako elektrizitateak sortzen du eta bateriak kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturria erabiltzen da (sare elektrikoa, kasurako).
ii. Autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV, ingelesez), ibiltzeko motor elektrikoak baino erabiltzen ez dituena; energia, guztia zein zati bat, baterietako elektrizitateak sortzen du eta bateriak kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturria eta gasolinaz edo gasolioaz dabilen barne-errekuntzako motorra erabiltzen dira.
iii. Ibilgailu hibrido entxufagarria (PHEV, ingelesez), ibiltzeko gasolinazko edo gasoliozko barne-errekuntzako motorrak eta motor elektrikoak erabiltzen dituena; motor elektrikoaren energia, guztia zein zati bat, baterietako elektrizitateak sortzen du eta bateriak kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturria erabiltzen da (sare elektrikoa, kasurako). Motor elektrikoa kanpoko iturri bati esker kargatzen diren bateriek elikatu behar dute.
iv. Erregai-piladun ibilgailu elektrikoa (FCV, ingelesez): ibilgailu elektrikoa, barruan daukan hidrogenozko erregai-pila batek sortzen duen energia elektrikoa baizik erabiltzen ez duena.
v. Erregai-piladun ibilgailu elektriko hibridoa (FCHV, ingelesez): ibilgailu elektrikoa, erregai-pilaz gainera bateria elektriko kargagarriak ere badituena.
b) Pizgarrien programari heltzen dioten M1 eta N1 kategorietako ibilgailuek 1.000 euroko deskontua eduki behar dute gutxienez fabrikatzaile/inportatzailearen edo salmenta-puntuaren fakturan, eta laguntzaren azken hartzaileari aplikatuko zaio.
Ibilgailuak agentzia baten (agente/kontzesionario/salmenta-puntu baten) kontratu bidez erosten bazaizkie fabrikatzaile edo inportatzaileei, kontzesionarioa/agentea salmenta-puntu gisa aritzen ahalko da, baina horrek ez du galaraziko azken faktura fabrikatzaile/inportatzaileak jaulkitzea, hori izanen baita eragiketen ordainketaren azken hartzailea.
c) L kategoriako ibilgailuek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
i. Ibiltzeko motor elektrikoak baizik ezin dituzte erabili, eta ibilgailu elektriko gisa homologatuak izan behar dute.
ii. Laguntza jaso ahal izateko, motozikleta elektriko berriek (L3e, L4e eta L5e kategoriak) litiozko bateriak izan behar dituzte, 3 kW-ko edo gehiagoko potentzia duen motor elektrikoa, eta 70 km-ko autonomia gutxienez.
d) Halaber, M1, N1 edo L kategoriako ibilgailu berria erosten bada, ibilgailu diruz lagungarria erosteko laguntzaren zenbatekoari oinarri hauen IV. eranskinean agertzen den kopurua gehitzen ahalko zaio, baldin eta azken hartzaileak frogatzen badu zirkulatzeko behin betiko baja eman diola Espainian matrikulatutako ibilgailu bati, titularra bera izanik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan, eta bi ibilgailuek errege dekretu honetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte.
Halako kasuetan, laguntzaren azken hartzailea ibilgailu diruz lagungarriaren titularra izanen da edo, "renting"eko edo "leasing" operatiboko eragiketetan, ibilgailuaren errentaria, eta ibilgailuaren behin betiko bajaren egiaztagiria aurkezten ahalko du frogatzeko txatarrerako den ibilgailuari zirkulatzeko behin betiko baja eman zaiola Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan. Txatarrerako ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa izan daiteke, erosten den ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa izanez gero, edota M1, N1 edo L kategoriakoa, erosten den ibilgailua L kategoriakoa izanez gero; horrez gainera, Espainian matrikulatua egon behar izan du aurreko zazpi urteetan gutxienez, salerosketa fakturaren egunetik edo eskaera erregistratzen den egunetik –bietatik lehenbizikotik– zenbatuta. Orobat, eta txatarrerako den ibilgailuaren kategoria gorabehera, ezinbestekoa da aurreko hamabi hiletan, gutxienez, laguntzaren azken hartzailea izatea ibilgailu horren titularra, salerosketa fakturaren egunetik edo eskaera erregistratzen den egunetik –bietatik lehenbizikotik– zenbatuta; eta, horrez gainera, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren azken ordainagiria aurkeztu behar da, behar bezala ordaindua Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean.
5. Ibilgailuak "renting" bidezko finantzaketa-eragiketen bidez erosten badira, laguntza jaso ahal izateko, ezinbesteko baldintza hauek bete behar dira:
a) Errentamendu-kontratuak gutxienez bi urteko iraupena ezarriko du. Nolanahi ere, kontratuaren formalizazio egunak 2025eko urtarrilaren 1az gerokoa izan behar du (ibilgailuaren salerosketa fakturaren eta matrikulazioaren datek bezala), 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileen kasuan (baldin eta ez badute aitortu merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik) eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan; eta eskaera programa honen deialdian erregistratzen den egunaz gerokoa, 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan.
b) Laguntza eskaeraren tramitazioa laguntzaren azken hartzaileak edo entitate laguntzaile batek kudeatzen ahal du.
c) Errentamendu-kontratuan berariaz ezarri behar da errentaria izanen dela ematen den laguntzaren azken hartzailea. Halaber, berariaz agertu behar da "renting" enpresak laguntzaren zenbatekoa jasotzen duen egunetik diru-kopuru hori oso-osorik aplikatuko duela errentariari ordaintzeko gelditzen zaizkion kuotak edo errenta murrizteko.
d) Kontratuan agertu behar da ezen, ordaintzeke dauden kuoten batura laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, azken hartzaileari ordaindu gabe gelditzen den laguntza-soberakina errentamendu-kontratuaren indarraldia amaitutakoan ordaindu behar diola "renting" enpresak laguntzaren azken hartzaileari. Beraz, errentariak bete beharko ditu oinarrietan ezartzen diren baldintzak eta bateraezintasunak, laguntzaren azken hartzailea bera den aldetik.
e) "Renting" eragiketetan, kasu guztietan, kontuan hartu gabe nork tramitatzen duen laguntza, azken hartzaileak dokumentu bat sinatu beharko du, laguntza kobratzeko eskubidea eragiketa formalizatzen duen "renting" enpresari lagatzeko.
Pizgarrien 2. programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea.
1. Diruz laguntzen ahalko da ibilgailu elektrikoen bateriak kargatzeko sistemak zuzenean erostea. Gainera, jabeen erkidegoen kasuan, diruz laguntzen ahalko dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistema adimendunerako aurreinstalazioa –elektrikoa eta komunikazio zerbitzukoa– izateko behar diren kanalizazioak.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura sarbide publikokoa zein erabilera pribatukoa izan daiteke. Elektrizitate transferentzia 22 kW edo gutxiagoko potentziarekin egitea ahalbidetzen duten karga azpiegituren inbertsioetarako laguntza eskaerek, baldin eta atxikitzen bazaizkie Europako Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduari –zeinaren bidez aldatzen baita 651/2014 (EB) Erregelamendua–, egiaztatu beharko dute karga adimenduneko funtzionalitateak onartzeko gai direla, Europako Batzordearen eta Kontseiluaren 2023ko irailaren 13ko 2023/1804 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 65) apartatuko definizioaren arabera (erregelamendu hori erregai alternatiboetarako azpiegitura ezartzeari buruzkoa da, eta haren bidez 2014/94/EB Zuzentaraua indargabetzen da).
Kostu hauek dira diruz lagungarriak: proiektua; obra zibila; ingeniaritzak eta obra-zuzendaritzak eragiten dituzten kostuak; kargatzeko azpiegiturak eragiten duen kostua; elementu elektrikoak (transformagailua barne) instalatzea edo eguneratzea; banaketa-sarera konektatzea; kargatzeko azpiegitura sarera edo elektrizitatea bertan sortzeko edo biltegiratzeko unitatera konektatzeko behar diren ebakitze eta transformazio zentroak eta tentsio ertaineko hargunea; lurrak edo errepideak egokitzeko lanak; instalazioaren kostua; eta beharrezko baimenen kostua. Energia elektriko berriztagarria bertan sortzeko edo biltegiratzeko unitaterik egonez gero, hautagarriak izanen dira bakar-bakarrik baldin eta karga punturako baino ez badira erabiltzen eta karga estazioaren osagaitzat har badaitezke. Elektrizitatea bertan sortzeko instalazioaren ekoizpen gaitasun nominalak ez ditu gaindituko hari loturiko karga azpiegiturak dituen potentzia nominal maximoa edo kargarako gaitasun maximoa. Beraz, sarera konektatuta dauden energia berriztagarria sortzeko unitateak ez dira hautagarriak izanen, nahiz eta ibilgailuak kargatzeko puntuarekin partez lotuta egon. Honako hauek ere diruz lagungarriak izanen dira, egonez gero: karga estazioko ordainketa sistema, seinaleztapena, eta kudeaketa, kontrol eta segurtasuneko sistema.
Ez da diruz lagungarritzat hartzen kontagailu adimendunak instalatzea. Izan ere, konpainia elektrikoek paratu beharko dizkiete kontsumitzaileei (azken erabiltzaileak zein karga-kudeatzaileak); eta gehienetan alokairuan izaten dira.
Lehenagotik dauden jabetza horizontaleko eraikinetako aparkaleku kolektiboetan, jarduketa diruz lagungarria izanen da ibilgailu elektrikoak kargatzeko aurreinstalazio elektrikoa egitea, eremu komunitarioetatik doan kanalizazio nagusia paratuta (hodiak, kanalak, erretiluak, etab.), halako moduz non handik deribazioak egiten ahalko baitira aparkaleku-plazetako karga estazioetaraino, abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuak onetsitako Behe-tentsioko Erregelamendu Elektronikoaren ITC-BT-52 jarraibidearen 3.2 apartatuan ezartzen den bezala. Halaber, hautagarriak izanen dira ibilgailu elektrikoen karga kudeatzeko sistemak, bai eta telekomunikazio instalazioak (Internet, 3G, 4G edo antzeko sistemak) ere, beharrezko direnak ibilgailuen karga adimenduna bermatzeko, hots, potentzia elektriko kontratatua handitzeko beharra minimizatuko duena.
Jarduketa hauek dirulaguntzarako onartuko badira, 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileen kasuan (5. zenbakikoak, baldin eta ez badute aitortu merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik) eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan, ezinbestekoa izanen da azpiegituraren erosketaren eta instalazioaren fakturen jaulkitze datak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izatea; eta 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, kontratuen, fakturen eta ordainagirien datak eskaera programa honen deialdian erregistratzen den egunaz gerokoak izatea.
2. Kargatzeko azpiegiturak erabilera hauetako bat izan dezake:
a) Erabilera pribatua bizitegi-sektorean (familia bakarreko etxebizitzak barne).
b) Erabilera publikoa bizitegikoa ez den sektorean (aparkaleku publikoa, hotela, merkataritza-gunea, unibertsitatea, ospitalea, industriagunea, kiroldegia, etab.).
c) Erabilera pribatua enpresa pribatu eta publikoen aparkalekuetan, enpresaren ibilgailuen zerbitzurako.
d) Erabilera publikoa enpresa pribatu eta publikoen aparkalekuetan, langileen eta bezeroen ibilgailuen zerbitzurako.
e) Erabilera publiko bide publikoetan eta hiriko eta hiriarteko bide-ardatzetan.
f) Erabilera publikoa errepideen sarean; interes berezikoa da kargatzeko azpiegiturak jartzea erregaien zerbitzuguneetan eta gasolindegietan.
Kargatzeko sistemek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1. Behe-tentsioan konektatutako instalazioek Behe-tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa bete behar dute (abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuak onetsia), zehazki, ITC-BT-52 jarraibidea. IP eta IK babes-maila egokia izan behar dute, kokapenaren araberakoa, BTEEri jarraituz.
2. Hornidura: monofasikoa edo trifasikoa, 230-400 VAC, edo tentsio handiagoa kargatzeko sistema ultraazkarretan.
3. Babes elektrikoek segurtasuneko araudiaren araberakoak izan behar dute.
4. "CE" adierazpena.
5. Kargalekuak sarbide publikoa badu, gutxienez 2 motako konektagailua (IEC 62.196-2) eduki beharko du, edo, bestela, CCS2- Combo 2 konektagailua (IEC 62196), 3 edo 4 motarekin bateragarria (kasuan kasukoa instalazioaren arabera), eta energia-neurgailua integratua izan. Abenduaren 9ko 639/2016 Errege Dekretuak 4. artikuluak ezartzen duenaren arabera, kargalekuak aukera eman behar die ibilgailu elektrikoen erabiltzaileei ibilgailua aldian-aldian kargatzeko, inolako kontraturik sinatu gabe kargalekuaren operadorearekin, eta kargatzeko zerbitzuak irekia, gardena eta bereizkeriarik gabekoa izan behar du erabiltzaile interesdunentzat. Gainera, karga-puntuak gutxienez bost urtez egon behar du abian. Halaber, konexioan honako baldintza hauek bete behar dira:
a) Instalazioaren konexio interfazeak erabateko konektagarritasuna ahalbidetu behar du, eta datuak biltzen dituen memoria lokala eduki behar du.
b) Bateragarria izan behar du OCPP protokoloarekin (v1.6 edo goragoko bertsioa) web zerbitzuen bidez (SOA), eta bertsio berriagoetara eguneratzeko modukoa.
c) Potentziaren eta hornitutako energiaren berri eman behar du.
d) 3G/GPRS komunikazio-modulua edo hortik gorakoa behar du, edo antzeko komunikazio-kanalen bat.
3. Kargatzeko sistemak honela sailkatzen dira potentziaren arabera:
a) Lotutako karga-sistema: 7 kW baino gutxiagoko potentzia.
b) Karga-sistema arrunta: 7 kW-eko edo gehiagoko eta 15 kW baino gutxiagoko potentzia.
c) Karga-sistema erdiazkarra: 15 kW-eko edo gehiagoko eta 40 kW baino gutxiagoko potentzia.
d) Karga-sistema azkarra: 40 kW-eko edo gehiagoko eta 100 kW baino gutxiagoko potentzia.
e) Karga-sistema ultraazkarra: 100 kW-eko edo gehiagoko potentzia.
Karga-sistema berean potentzia bat baino gehiago izanez gero, instalazioko kargalekuen gehieneko potentziaren araberako sailkapena edukiko du.
II. ERANSKINA.–EGINDAKO JARDUKETA JUSTIFIKATZEKO BEHAR DIREN AGIRIAK
Onuradunek 12 hilabeteko gehieneko epean justifikatu beharko dute jarduketa, emate-ebazpena jakinarazten denetik zenbatuta, eta, betiere, 2026ko abenduaren 31n beranduenez.
Jarduketa bakoitzean honako agiri hauek behar dira:
Pizgarrien 1. programa: Ibilgailu elektrikoak erostea, entxufagarriak eta erregai-piladunak.
1. Erositako ibilgailuaren fitxa teknikoaren (IAT txartela) kopia.
2. Erositako ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren kopia edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako behin-behineko zirkulazio-baimenaren fotokopia. Aldi baterako baimena ematen bada matrikulako lehen letra P duen ibilgailu baterako, behin betiko zirkulazio-baimenaren fotokopia aurkeztu beharko da. Horrez gainera, hamabi hilabetera bitarteko antzinatasuna duen ibilgailu elektrikoa edo erregai-piladuna erosten bada, ibilgailuaren zirkulazio-baimena aurkeztu behar da, laguntzaren azken hartzaileari ibilgailua saltzen dion kontzesionarioaren, salmenta-puntuaren edo fabrikatzaile/inportatzailearen izenean egina. Ibilgailua taxi-zerbitzurako edo gidariarekin alokatzeko erabiliko bada, erositako ibilgailuaren D.4 eremuan PUBL-Taxia (A04 kodea) edo "alokairua gidariarekin" agertu behar da.
3. "Renting" edo "leasing" operatibo bidez egiten bada erosketa, "renting"eko edo "leasing" operatiboko eragiketaren kontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratuak bi urteko iraupena izan behar du gutxienez, eta bertan agertzen den errentariak laguntzaren eskatzailea edo laguntzaren azken hartzaile potentziala izan behar du. 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileen kasuan (5. zenbakikoak, baldin eta ez badute aitortzen merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik) eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan, kontratuaren datak 2025eko urtarrilaren 1az gerokoa izan behar du. Beste alde batetik, 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, kontratuaren datak laguntza eskaera erregistratzen den egunaz gerokoa izan behar du. Gainera, kontratuan berariaz agertu behar da "renting" enpresak laguntzaren zenbatekoa jasotzen duen egunetik diru-kopuru hori oso-osorik aplikatuko duela errentariari ordaintzeko gelditzen zaizkion errentaren kuotak murrizteko. Halaber, kontratuan agertu behar da, ordaintzeke dauden kuoten batura laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, nola eta zer epetan ordaindu behar zaion azken hartzaileari ordaindu gabe gelditzen den laguntza-soberakina errentamendu-kontratuaren indarraldia amaitutakoan.
4. Laguntza azken hartzaileak berak tramitatu badu zuzenean, "renting" enpresari laguntza jasotzeko baimena ematen dion endosu-agiria edo kobrantza-eskubidea lagatzeko agiria.
5. Ibilgailuaren salerosketaren fakturaren kopia. Fakturak hartzailearen izenean egon behar du edo, ibilgailua "renting" edo "leasing" finantzarioaren bidez eskuratuz gero, "renting" edo "leasing" enpresaren izenean. Gainera, 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileen kasuan (5. zenbakikoak, baldin eta ez badute aitortzen merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik) eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan, 2025eko urtarrilaren 1az geroko data izan behar du. 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, laguntza eskaera erregistratzen den egunaz geroko data izan behar du. Autofakturak ez dira onartuko. Fakturan honako datu hauek agertu behar dira: erositako ibilgailuaren matrikula edo bastidorearen zenbakia, marka, modeloa eta bertsioa; eta, orobat, erositako ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa bada, fabrikatzaile/inportatzailearen edo salmenta-puntuaren deskontua, gutxienez 1.000 eurokoa, MOVES III-2025 programa dela-eta, BEZa aplikatu baino lehen adierazia.
6. Ibilgailuaren salerosketa faktura ordaindu dela frogatzen duten agiriak. Urriaren 29ko 7/2012 Legea betetzeko (tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta finantza araudia iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko egokitzeari buruzkoa), zehazki, haren 7. artikuluak eskudirutan egin daitezkeen ordainketetarako ezartzen dituen mugak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu 1.000 euroko edo gehiagoko eragiketak (edo balio bera duten atzerriko moneta batean eginak), baldin eta eragiketan parte hartzen duen alderdietako batek enpresaburu edo profesional gisa jarduten badu. Muga hori kalkulatzeko, ondasun-ematea eragiketa edo ordainketa batean baino gehiagotan zatikatu bada, horien guztien zenbatekoak batuko dira.
Baliozko ordainketa-frogagiriak izanen dira honako hauek identifikatzen dituztenak:
a) Azken hartzailea: argi gelditu behar da ordaintzaile bakarra laguntzaren azken hartzailea dela, dela berak zuzenean ordainduta edo bere izenean egindako ordainketa baten bidez (frogagiria behar da), edo dela "renting"eko edo "leasing" finantzarioko enpresaren bidez (kasu honetan frogagiriak kontratua eta finantza-entitateak hornitzaileari azken hartzailearen izenean egindako ordainketaren egiaztagiria dira).
b) Ordaindutako kopuruak jaso dituen hirugarrena (salmenta-puntua edo kontzesionarioa).
c) Ordainketaren data (balio-data) edo laguntzaren azken hartzailearen funtsak irten diren eguna. 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, ordainketen datek laguntza eskaera erregistratzen den egunaz gerokoak izan behar dute, laguntzak benetan pizgarriak izan daitezen.
d) Dirulaguntzaren xede den ibilgailua.
e) Baldin eta "renting"a baliatzen bada, enpresa errentatzailea.
7. Apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoarekin bat, 100.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntza jasotzen dutenek, nahi izanez gero, justifikazio kontu erraztua aurkezten ahalko dute, dirulaguntza justifikatzeko balio juridikoa baitu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 75. artikuluaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendua).
Justifikazio kontu hori aurkezten bada, ez du aurkeztu beharko apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren III. eranskineko A) letrako 2. apartatuko 6. eta 7. zenbakietan adierazten den dokumentazioa, hots, III. eranskin honetako pizgarrien 1. programako 6. eta 7. epigrafeei dagokiena.
8. Laguntzaren zenbatekoa transferitzeko erabili beharreko bankuko datuen egiaztagiria. Laguntzaren azken erabiltzaileak izan behar du laguntzaren diru-sarrera jasoko duen kontuaren titularra, honako kasu honetan izan ezik: deialdian entitate laguntzaileak edo bitarteko entitateak ezarri badira salmenta-puntu edo "renting" enpresa gisa eta laguntzaren zenbatekoa aurretik ordaindu badiote azken hartzaileari; halakoetan, faktura edo kontratua eta ordainketa-frogagiria aurkeztuz gero, kontuaren titularra entitate laguntzailea edo bitarteko entitatea izan daiteke. Halaber, "renting" eragiketetan, kontratua egiaztatzen bada eta ibilgailua ordaindu delako egiaztagiria eta kobratzeko eskubidea lagatzen duen agiria aurkezten badira, kontuaren titularra "renting" entitatea izanen da.
9. Txatar bihurtu nahi den ibilgailuaren dokumentazioa; honako hauek aurkeztu behar dira:
a) Ibilgailuaren behin betiko bajaren egiaztagiriaren kopia (egiaztagiria ibilgailuen tratamendurako zentro baimendu batek egin behar du, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren izenean) edo, bestela, kasuan kasuko probintziako trafiko-burutzaren ibilgailuen erregistro orokorraren txostena, behin betiko baja frogatzen duena.
b) Ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren kopia; honako datu hauek agertu behar dira: lehen matrikulazioaren data, Espainiako matrikulazioaren data eta baimena eman den data. Agiri hauetako bat eduki ezean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ibilgailuaren historiaz egindako txostena aurkeztu behar da.
c) Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren azken ordainagiriaren kopia, erakusten duena behar bezala ordaindu dela Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean.
Pizgarrien 2. programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea.
1. Instalazioaren memoria teknikoa edo proiektua, egin beharra bada, Behe-tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren arabera.
2. Erabilera publikoko karga-instalazioak badira: karga-sistemen kokapena, horien erreferentzia plano batean emanda, eta zehaztuta helbidea, zenbakia eta longitudearen eta latitudearen GNSS koordenatuak (GPS, Galileo edo beste konstelazio batzuk, bateragarriak uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuarekin). Eraikinetan edo aparkalekuetan badaude, ibilgailuen sarbide nagusiaren koordenatuak adierazi behar dira.
3. Fakturak. Fakturek xehatuak izan behar dute, laguntzaren xede izan diren kontzeptuak argi identifikatzeko modukoak, eta laguntzaren azken hartzailearen edo "renting" enpresaren izenean eginak. 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. puntuetan azaltzen diren azken hartzaileen kasuan (5. zenbakikoak, baldin eta ez badute aitortu merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik) eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan, 2025eko urtarrilaren 1az geroko data izan behar dute. 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, laguntza eskaera erregistratzen den egunaz geroko data.
4. Egotzitako salerosketa fakturak ordaindu direla frogatzen duten agiriak. Urriaren 29ko 7/2012 Legea betetzeko (tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta finantza araudia iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko egokitzeari buruzkoa), zehazki, haren 7. artikuluak eskudirutan egin daitezkeen ordainketetarako ezartzen dituen mugak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu 1.000 euroko edo gehiagoko eragiketak (edo balio bera duten atzerriko moneta batean eginak), baldin eta eragiketan parte hartzen duen alderdietako batek enpresaburu edo profesional gisa jarduten badu. Muga hori kalkulatzeko, ondasun-ematea eragiketa edo ordainketa batean baino gehiagotan zatikatu bada, horien guztien zenbatekoak batuko dira.
Baliozko ordainketa-frogagiriak izanen dira honako hauek identifikatzen dituztenak:
a) Azken hartzailea; argi gelditu behar da ordaintzaile bakarra laguntzaren azken hartzailea dela, dela berak zuzenean ordainduta edo bere izenean egindako ordainketa baten bidez (frogagiria behar da).
b) Ordaindutako kopuruak jaso dituen hirugarrena.
c) Ordainketaren data (balio-data) edo azken hartzailearen funtsak irten diren eguna. 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, ordainketen datek laguntza eskaera erregistratzen den egunaz gerokoak izan behar dute, laguntzak benetan pizgarriak izan daitezen.
5. Apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoarekin bat, 100.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntza jasotzen dutenek, nahi izanez gero, justifikazio kontu erraztua aurkezten ahalko dute, dirulaguntza justifikatzeko balio juridikoa baitu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 75. artikuluaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendua).
Justifikazio kontu hori aurkezten bada, ez du aurkeztu beharko apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren III. eranskineko A) letrako 2. apartatuko 6. eta 7. zenbakietan adierazten den dokumentazioa, hots, III. eranskin honetako pizgarrien 2. programako 3. eta 4. epigrafeei dagokiena.
6. Azken hartzailea pertsona juridiko publikoa bada, pertsona horren organo eskudunaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da eta bertan esteka bat adieraziko da, haren bidez frogatu ahal izateko noiz argitaratu diren laguntzaren xede diren ondasun edo zerbitzuak eskuratzeko lizitazioaren baldintzen agiriak.
7. Azken hartzailea pertsona fisiko edo juridiko pribatua bada, laguntzaren xede diren ondasun edo zerbitzuen hornidura kontratuaren kopia, hots, kasuan kasuko onuradunak, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, formalizatutako kontratuarena. 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan eta 5. zenbakian azaltzen direnetatik merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa dutenen kasuan, kontratuen formalizazio datek laguntza eskaera erregistratzen den egunaz gerokoak izan behar dute, laguntzak benetan pizgarriak izan daitezen.
8. Autonomia erkidegoko organo eskudunak instalazio elektrikoaz egindako ziurtagiriaren kopia. Jarduketak egiteko nahitaezko lizentziarik edo administrazio baimenik behar izanez gero, horiek lortu direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da. Sarbide publikoko karga instalazioetan, frogatu beharko da ez dela erabiltzailerik diskriminatzen, eta ibilgailuak kargatzeko ez dela behar karga puntuaren operadorearen eta erabiltzaileen arteko kontraturik. Kargaren potentzia 22 kW-ekoa edo gutxiagokoa bada eta Europako Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamendura –zeinaren bidez aldatzen baita 651/2014 (EB) Erregelamendua– atxikitzen bazaizkio, ekipamenduaren zehaztapen teknikoen agiria aurkeztu beharko dute, egiaztatzen duena karga adimenduneko funtzionalitateak onartzeko gai dela, 2023/1084.1 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 65) apartatuko definizioaren arabera.
9. Laguntzaren zenbatekoa transferitzeko erabili beharreko bankuko datuen egiaztagiria. Azken hartzaileak izan behar du laguntza ordainduko den kontuaren titularra.
III. ERANSKINA.–LAGUNTZEN ZENBATEKOA
Jarraian jarduketa bakoitzerako laguntzen zenbatekoak zehaztuko dira:
Pizgarrien 1. programa: Ibilgailu elektrikoak erostea.
1. Laguntzaren eskatzailea 5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileetakoa denean (5. zenbakikoak, baldin eta ez badute merkatuan ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik), bai eta autonomia erkidegoko administrazioaren zuzeneko inbertsioetan ere, ondoko taulan zehazten diren banakako laguntza finkoak emanen dira, baldin eta ibilgailuaren gehieneko salmenta-prezioa gainditzen ez bada (bestela ez da laguntzarik ordainduko). Gehieneko prezio hori laguntza eskatzean indarrean egon den bezeroarentzako salmenta-prezioa izanen da edo, zuzeneko inbertsioetan, adjudikazioaren emaitzako prezioa, BEZik gabe.
Mugitzeko gaitasuna murrizten duen desgaitasuna duen azken hartzaile batek M1 kategoriako ibilgailu egokitua erosten badu, edo berak gidatzeko egokitzen den bat, eta betiere egokitzapena ibilgailuaren fitxa teknikoan agertzen bada, laguntzaren zenbatekoa %10 gehituko da. Gehikuntza bera aplikatuko zaie mugitzeko gaitasuna murrizten duen desgaitasuna duten profesional autonomoei, N1 kategoriako ibilgailua erosteko, baldin eta beraiek gidatzeko egokitzen badute.
Era berean, laguntza %10 handituko zaie 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri bateko bizilagunei, baldin eta erroldatuta daudela frogatzen badute, eta eskaera erregistratu eta gutxienez bi urtez jarraitzen badute erroldatuta.
Laguntza taxi modura erabiliko den M1 kategoriako ibilgailua erosteko bada, zenbatekoa %10 gehituko da; horretarako, frogatu beharko da erosi den ibilgailuaren zirkulazio-baimeneko D4 eremuan PUBL-Taxia (A04 kodea) agertzen dela. Halaber, M1 kategoriako ibilgailua erosten bada gidariarekin alokatzeko, laguntza %10 handituko da; horretarako, frogatu beharko da ibilgailuaren zirkulazio-baimeneko D.4 eremuan "alokairua gidariarekin" agertzen dela.
Aurreko paragrafoetako %10eko laguntza gehigarriak ezin dira pilatu.
M1, N1 edo L kategoriako ibilgailua erosten bada eta ibilgailu diruz lagungarria erosten duen titularrak edo, "renting"eko edo "leasing" operatiboko eragiketetan, ibilgailuaren errentariak frogatzen badu Espainian matrikulatutako ibilgailu bati zirkulatzeko behin betiko baja eman zaiola Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan, laguntzaren zenbatekoa "Laguntza, ibilgailua txatar bihurtuta" zutabekoa izanen da. Txatarrerako ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa izan daiteke, erosten den ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa izanez gero, edota M1, N1 edo L kategoriakoa, erosten den ibilgailua L kategoriakoa izanez gero; horrez gainera, kasu batean zein bestean, Espainian matrikulatua egon behar izan du aurreko zazpi urteetan gutxienez, salerosketa fakturaren egunetik edo eskaera erregistratzen den egunetik –bietatik lehenbizikotik– zenbatuta, eta I. eranskinean adierazitako baldintzak bete behar dira. Laguntza hau aurreko paragrafoetan ezartzen den gehikuntzarekin ere metatzen ahal da.
5.1 oinarriko 1. zenbakian azaltzen diren hartzaileentzat, muga hau izanen du laguntzak: Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).
5.1 oinarriko 2. puntuan azaltzen diren hartzaileentzat, muga hau izanen du laguntzak: ibilgailu bat, azken hartzaile eta deialdi bakoitzeko. 5.1 oinarriko 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren azken hartzaileentzat eta administrazio autonomikoen zuzeneko inbertsioetarako, muga hau izanen du laguntzak: 250 ibilgailu azken hartzaile eta urte bakoitzeko.
MOTORIZAZIOA | KATEGORIA | AUTONOMIA MODU ELEKTRIKOAN (KM), WLTP ZIKLOAREN | IBILGAILUAREN | LAGUNTZA (EUROAK) | |
Txatar bihurtuta | Txatar bihurtu gabe | ||||
Erregai-pila (FCV, FCHV) | M1 | Ez dagokio | Ez dagokio | 4.500 | 7.000 |
PHEV, EREV, BEV | 30 edo gehiago eta 90 baino gutxiago | 45.000 (8 edo 9 eserlekuko BEV ibilgailuetarako, 53.000) | 2.500 | 5.000 | |
90 edo gehiago | 4.500 | 7.000 | |||
PHEV, EREV, BEV, erregai-pila | N1 | 30 edo gehiago | Ez dagokio | 7.000 | 9.000 |
BEV | L6e | Ez dagokio | 1.400 | 1.600 | |
L7e | 1.800 | 2.000 | |||
L3e, L4e, L5e, baldin P ≥ 3kW bada | 70 edo gehiago | 10.000 | 1.100 | 1.300 | |
2. Laguntzaren eskatzailea 5.1 oinarriko 4. zenbakian azaltzen diren azken hartzaileetakoa denean, edo 5. zenbakikoa eta ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa badu, eta enpresaren edo entitatearen tamainaren arabera (Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko definizioaren arabera), ondoko taulan zehazten diren banakako laguntza finkoak emanen dira, betiere erregelamendu horretan ezarritako zenbatekoa gainditu gabe, baldin eta ibilgailuaren gehieneko salmenta-prezioa gainditzen ez bada (bestela ez da laguntzarik ordainduko). Muga kalkulatzeko, aurreko atalean zehaztutako arau bera aplikatuko da.
M1, N1 edo L kategoriako ibilgailua erosten bada eta ibilgailu diruz lagungarria erosten duen titularrak edo, "renting"eko edo "leasing" operatiboko eragiketetan, ibilgailuaren errentariak frogatzen badu Espainian matrikulatutako ibilgailu bati zirkulatzeko behin betiko baja eman zaiola Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan, laguntzaren zenbatekoa "Laguntza, ibilgailua txatar bihurtuta" zutabekoa izanen da. Txatarrerako ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa izan daiteke, erosten den ibilgailua M1 edo N1 kategoriakoa izanez gero, edo M1, N1 edo L kategoriakoa, erosten den ibilgailua L kategoriakoa izanez gero; horrez gainera, Espainian matrikulatua egon behar izan du aurreko zazpi urteetan gutxienez, salerosketa fakturaren egunetik edo eskaera erregistratzen den egunetik –bietatik lehenbizikotik– zenbatuta, eta I. eranskinean adierazitako baldintzak bete behar dira.
Muga hau izanen du laguntzak: 250 ibilgailu azken hartzaile eta urte bakoitzeko.
Oharra: Autonomiaren modu erabat elektrikoan honako hau da: zenbateko distantzia egiten ahal duen ibilgailuak baterietan metatutako energia soilik erabilita, fabrikatzaileak ibilgailuaren merkataritza dokumentazioan adierazten duena.
MOTORIZAZIOA | KATEGORIA | AUTONOMIA MODU ELEKTRIKOAN | IBILGAILUAREN SALMENTA PREZIOAREN MUGA (EUROAK) BEZIK ETA IGC ZERGARIK GABE | LAGUNTZA (EUROAK) | |||
Txatar bihurtuta | Txatar bihurtu gabe | ||||||
Enpresa txiki edo ertaina | Enpresa handia | Enpresa txiki edo ertaina | Enpresa handia | ||||
Erregai-pila (FCV, FCHV) | M1 | Ez dagokio | Ez dagokio | 2.900 | 2.200 | 4.000 | 3.000 |
PHEV, EREV, BEV, | 30 edo gehiago eta 90 baino gutxiago | 45.000 (8 edo 9 eserlekuko BEV ibilgailuetarako, 53.000) | 1.700 | 1.600 | 2.300 | 2.200 | |
90 edo gehiago | 2.900 | 2.200 | 4.000 | 3.000 | |||
PHEV, EREV, BEV, erregai-pila | N1 | 30 edo gehiago | Ez dagokio | 3.600 | 2.900 | 5.000 | 4.000 |
L6e | Ez dagokio | 800 | 1.000 | ||||
L7e | 1.200 | 1.500 | |||||
L3e, L4e, L5e, baldin P ≥ 3kW bada | 70 edo gehiago | 10.000 | 750 | 700 | 950 | 900 | |
Pizgarrien 2. programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea.
1. Laguntzak zortziehun mila euroko (800.000 euro) muga izanen du espediente bakoitzeko, salbuespen hauekin: 5.1 oinarriko 1. zenbakian definitutako azken hartzaileentzat eta beren laguntza eskaera "de minimis" araubidera atxikitzea nahiago duten enpresa txiki eta ertainentzat, eskatzaile bakoitzeko muga bat izanen da, aplikagarria zaien Europar Batasuneko araudian finkatutakoa; eta 5.1 oinarriko 2. zenbakian definitutako azken hartzaileentzat, aldiz, espediente bakoitzeko muga bat, bost mila eurokoa (5.000 euro).
Azken hartzaile berari ez zaio inola ere bi milioi eta erdi euro (2,5 M euro) baino gehiago ematen ahalko dagokion deialdi autonomikoaren indarraldi osoan, eta enpresa berari ez zaio ematen ahalko kasuan kasuko deialdiaren aurrekontuaren %40 baino gehiago.
5.1 oinarriko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan, azken horren kasuan baldin eta azken hartzaileak ez badu merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzea dakarren jarduera ekonomikorik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura instalatzeko laguntza eta, halaber, jabeen erkidegoetan karga jartzeko aurreinstalazio jarduketetarako laguntza kostu diruz lagungarriaren %70 izanen da, betiere aurreko paragrafoko mugak gainditu ezean. Kostu diruz lagungarriaren %80ra ere iristen ahalko da, 5.000 bizilagunetik beherako udalerrietan kokatuta daudela justifikatzen duten jarduketetarako.
5.1 oinarriko 4. zenbakian sartzen diren azken hartzaileentzat eta, halaber, merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzea dakarren jarduera ekonomikoren bat duten 5. zenbakiko azken hartzaileentzat, kostu diruz lagungarrien %20ko laguntza emanen da, baldin eta karga azpiegitura sarbide publikokoa bada eta 50 kW-eko edo gehiagoko potentzia badu.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren laguntzei 20 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkie onuraduna enpresa ertaina izanez gero; eta onuraduna enpresa txikia bada, 30 puntu portzentual.
5.1 oinarriko 4. zenbakian sartzen diren azken hartzaileentzat eta, halaber, jarduera ekonomikoa duten 5. zenbakikoentzat, karga azpiegitura erabilera pribatukoa edo sarbide publikokoa bada, baina 50 kW-etik beherako potentzia badu, kostu diruz lagungarrien %20ko laguntza emanen da, eta ehuneko horri beste 10 puntu gehitzen ahalko zaizkio enpresa txiki eta ertainei emandako laguntzen kasuan. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, laguntzaren ehunekoari 10 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkio, inbertsioak 5.000 bizilagunetik beherako udalerrietan kokatuta badaude.
4. zenbakian sartzen diren enpresa txiki edo ertainen kasuan, aukeratzen baldin badute 2. jarduketako laguntzarako beren eskaera "de minimis" araubidera atxikitzea (deialdi honetako 6.2 oinarrian zehazten den moduan), sarbide publikoa eta 50 kW baino gehiagoko potentzia duten karga azpiegituren inbertsioetarako, kostu diruz lagungarrien %45eko laguntza emanen zaie enpresa ertainei, eta %55ekoa enpresa txikiei. Ehuneko horiei 5 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkie, inbertsioak 5000 bizilagunetik beherako udalerrietan kokatuta badaude.
Iragarkiaren kodea: F2510724
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
