2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Deialdia, ikastetxe publikoei liburutegietarako eta ikasmaterial suntsigarrirako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean. Laburpena
Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (identifikazioa): 852169.
Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin; haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/852169).
Iruñeko Udalak 2024-2025eko ikasturteko dirulaguntzen deialdia egiten du, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei liburutegietarako eta ikasmaterial suntsigarrirako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean; hori guztia, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorrean xedatutakoari jarraikiz, zeina argitaratu baitzen 2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17an. Deialdiaren laburpena ematen da argitara, haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta baitaiteke.
Lehena.–Deialdiaren xedea:
Arautzea nola emanen zaizkien dirulaguntzak Iruña aldeko Haur eta Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoei, eskola liburutegietarako eta ikasmaterial suntsigarrirako.
Bigarrena.–Deialdiaren helburua:
Funts bibliografikoak eta ikasmaterial suntsigarria berritzea, irakaskuntzaren kalitatearen mesedetan.
Hirugarrena.–Diruz lagun daitezkeen ekintzak/proiektuak/jokabideak/jarduerak egiteko baldintzak eta epea:
Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dira erosteko bai liburuak, eskola liburutegietarako, bai ikasmaterial suntsigarria, horiek 2024-2025 ikasturtean erosi badira.
Laugarrena.–Deialdiaren gehieneko zenbateko osoa: 110.330,00 euro.
–38.175,00 euro eskola liburutegietarako.
–72.155,00 euro ikasmaterial suntsigarrirako.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia.
Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Iruñeko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, honako web helbide honetan:
https://sedeelectronica.pamplona.es/
Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Zazpigarrena–Eskabideak eta agiriak aurkezteko modua.
Eskaerak eskabide orri baten bidez aurkeztuko dira, eta orri hori interesdunak sinatuko du edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza. Deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliko da. Eskabidearekin batera, deialdi honen G.4) atalak aipatzen dituen agiriak eta jakingarriak aurkeztuko dira.
Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen eskuetan badaude jada, haien ordez indarraldiari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, non adieraziko baita noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago pasatu ez badira kasuan kasuko prozedura bukatu zenetik.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarri guztiak onartzea.
Zortzigarrena.–Diruz lagun daitezkeen gastuak egiteko epea.
2024ko irailaren 1etik 2025eko ekainaren 20ra.
Bederatzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epea.
Justifikazioa aurkezteko epea 2025eko irailaren 30ean bukatuko da.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 19an.–Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria, Maider Beloki Unzu.
Iragarkiaren kodea: L2511041