171. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

501/2025 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, ofizioz zuzentzen duena 17/2025 Ebazpenean atzemandako akatsa. Ebazpen horren bidez, Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoetarako deialdia egiten da eta txapelketaren nondik norakoa arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onesten dira, baita egin beharreko jarduerari aurre egiteko gastua ere.

EBAZTEN DUT:

1. Zuzentzea uztailaren 17ko 17/2025 Ebazpenaren zenbakia (2025eko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 14koan). Honela zuzendu behar da akatsa:

"17/2025 Ebazpena, uztailaren 17koa" dioen tokian, honako hau esan behar du: "483/2025 Ebazpena, uztailaren 17koa".

2. Eranskinen testua sartzea ebazpenaren ondoren.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, horrek galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta haren barneko Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 19an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO KIROL JOKOEN ARAUDIA, 2025-2026

1.–Sarrera eta lege esparrua.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (NKJFI) bitartez, Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) XXXIX. edizioa antolatu du 2025-2026 ikasturterako. Joko horiek dira eskola adineko kirolarientzat Nafarroan dagoen txapelketa ofizial bakarra. Araudi orokor honek parte hartzeko eta antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen ditu.

Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari dagokio antolatzea, NKJFIren bitartez, eta Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera, hala ezarrita baitago azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuan eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3., 6. eta 14. artikuluetan.

2.–Aplikazio-eremua.

Nafarroako Kirol Jokoak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan eginen dira eta, oro har, eskola ordutegitik kanpo, nagusiki larunbat goizetan.

Deialdiko kirol modalitate eta kategorietan (kimuak, haurrak, kadeteak, gazteak) Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzen duen txapelketa ofizial bakarra da. Kirol federazioek eskaintzen duten beste edozein kirol jarduerak NKJFIren oniritzia beharko du.

3.–Programaren helburuak.

Programak helburu hauek ditu:

–Aukera ematea Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko, hezibiderako izaera eta kirolaren balioen sustapena nabarmenduta, kirol entitateetako babes arloko ordezkarien koordinazioaren eta gainbegiratzearen bitartez.

–Kirol jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak arrazoi hauengatik diskriminatu gabe: sexua, etnia, ideologia, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa, erlijioa, errendimendu maila, sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

–Askotariko kirol jarduera fisikoak eskaintzea, emakumeen kirola sustatzen dutenak eta berdintasun irizpideekin antolatzen direnak.

–Gutxi errotutako kirol modalitateak edo jolas izaera dutenak bultzatzea adin horietan.

–Lehiaketa proba eta kirol jarduera mistoak eta inklusiboak egin daitezen sustatzea.

–Joko garbia, errespetua, inklusioa, berdintasuna, hobetu nahia eta laguntasuna erakusten duten portaera eta keinuak sustatzea eta saritzea.

4.–NKJFIren eta kirol federazioen arteko koordinazioa.

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa NKJFIri dagokio, eta hark Nafarroako kirol federazioen esku uzten du antolaketa orokorra. Horregatik, beharrezkoa da NKJFIren eta parte hartzen duen kirol federazio bakoitzaren arteko koordinazioa.

a) Lankidetza-hitzarmena.

NKJFIk lankidetza-hitzarmena sinatuko du (II. eranskinean jasoa dagoena) federazio bakoitzarekin, Nafarroako Kirol Jokoak behar bezala antolatzen direla bermatzeko. Hitzarmenean, lankidetzaren baldintza legalak, teknikoak eta ekonomikoak eta alderdien erantzukizunak ezartzen dira, kudeaketan gardentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Ezinbestekoa da bi alderdiek hitzarmena sinatzea NKJ programan parte hartzeko.

Jakinarazi beharko da jardueraren egutegian, arautegian edo kirol programan egiten den edozein aldaketa, eta NKJFIren oniritzia izan beharko du. Gainera, hitzarmenean aurreikusia ez dagoen aparteko gastua badakar aldaketa horrek, hura egin aurreko fakturazio aldian igorri beharko da eskaera eta, halaber, NKJFIren oniritzia beharko du egin aurretik.

NKJFIri finalen berri emanen zaio posta elektronikoz, jdn@navarra.es helbidera idatzita.

b) Antolaketa eta jarraipen batzordeak.

–Antolaketa Batzordea: batzorde bakar bat izendatuko da kirol guztietarako, NKJFIren, federazioen eta toki entitateen ordezkariek osatua. Programaren garapen orokorra zainduko du eta honako hauek osatuko dute:

  • NKJFIko lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako 2 pertsona.
  • Kirol federazioen bi ordezkari: bata bakarkako kirolak ordezkatuz, eta bestea taldekako kirolak ordezkatuz. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.
  • Toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak.

Antolaketa Batzordeak behin gutxienez bildu beharko du programaren edizioan zehar.

–Jarraipen Batzordea: kirol modalitate bakoitzerako batzorde bat izendatuko da, kide hauez osatua: NKJFIko hiru ordezkari (Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako teknikari bat), eta kasuan kasuko kirol federazioaren bi ordezkari (NKJ programaren koordinatzailea eta federazioak erabakiko duen beste bat).

Batzordea behar bestetan elkartuko da, egoerak eskatzen duenean eta alderdietako edozeinek eskatzen duenean.

Besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:

  • Bere kirol modalitatearen antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea.
  • Kirol federazioek proposatutako lehiatzeko sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea, eta programan kiroltasunez jarduten dela eta kiroltasunari garrantzia ematen zaiola bermatzea.
  • Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
  • Partidak jokaleku neutral batean jokatzeko baimena ematea, joan-etorrien inguruabarrak direla-eta, baldin eta ados badaude ukitutako taldeak.
  • Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea, programa behar bezala eta kalitate hoberenarekin egin dadin.

c) Kirol proiektua eta bukaerako memoria.

Kirol federazioek honako hauek aurkeztu behar dituzte:

–Kirol proiektua, txapelketa hasi baino 20 egun lehenago, gutxienez.

–Bukaerako memoria, txapelketa bukatu ondoko 30 egunen barnean.

NKJFIk bien ereduak emanen dizkie federazioei, kirol proiektuarena eta bukaerako memoriarena, eta horiek entregatu beharko dituzte goian adierazitako epeetan.

Jardunaldi guztiak Nafarroako Kirol Jokoen XXXIX. edizioko aldiaren barnean egin beharko dira, hau da, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

d) Balioak sustatzea.

Nafarroako Kirol Jokoak adingabekoei zuzendutako kirol jarduera izaki, hezkuntzaren eta prestakuntzaren alderdia haien oinarrizko zutabea izanen da. Kiroleko eragile guztiek (federazioek, klubek, teknikariek, arbitroek, familiek) lankidetzan jardun beharko dute kiroleko balioak sustatzeko eta kiroleko indarkeria prebenitzeko.

Parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartuko dute lankidetzan aritzeko NKJFIk helburu horiek lortzeko bultzatzen dituen ekintza, plan eta kanpaina orotan. Hori horrela, hitzarmenak klausula batean jasoko du federazio bakoitzak Nafarroako Kirol Jokoetan balioak sustatzeko konpromisoa hartzen duela, jarraian azaltzen diren printzipio gidariak, neurriak eta ekintzak barne.

Printzipio gidariak:

–Errespetua, berdintasuna, ahalegina, inklusioa, lankidetza, joko garbia eta kiroltasuna sustatzea parte-hartzaileen artean.

–Kirol ingurune seguru, irisgarri, inklusibo eta indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeak bermatzea.

–Kirolaren rola indartzea, gizartea eraldatzeko tresna den aldetik, kohesioa eta aukera berdintasuna bultzatzeko.

Federazioek konpromiso hauek hartuko dituzte:

–Babes arloko ordezkaria izendatzea.

–Parte hartzea balioei buruzko prestakuntzetan, NKJFIk antolatzen edo aitortzen dituenetan.

–Konpromiso hau kiroleko eragile guztiei hedatzea: teknikariei, arbitroei, kirolariei eta familiei.

–Bultzatzea neskak kirolean has daitezela eta presentzia izan, parte hartu eta jarrai dezatela.

–Kirol jarduera misto eta inklusiboa sustatzea.

–Jarraipen batzordeekin lankidetzan aritzea, programaren printzipioen aurka doazen jokabideak kudeatzeko.

–Aktiboki parte hartzea NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko eta indarkeriari aurre hartzeko sustatzen dituen kanpaina, ekintza eta planetan.

Besteak beste, ekintza hauek eginen dituzte:

–NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko antolatzen duen kanpaina zabaltzen eta sustatzen laguntzea.

–Izangaiak proposatzea kirolaren balioen Nagus sarietarako. Sari horien bidez, jokabide eredugarriak aintzatetsiko dira, bai banakakoak bai kolektiboak, edizio bakoitzeko itxiera ekitaldian.

–Kiroleko indarkeria adierazpenak monitorizatzea.

Hitzarmena sinatzen duen erakundeak onartuko du ezen, konpromiso honetan behin eta berriz huts eginez gero edo ez-betetzea larria bada, NKJFIk zehapenak proposatzen ahal dituela, bai eta programatik kanpo uztea ere.

e) Kirol ingurune seguruak.

NKJFIrekin lankidetzan Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirol federazioek eta kirol klubek bete beharko dute Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoa.

Kirol ingurune seguruak bermatzeko, betebehar hauek izanen dituzte federazioek:

–Babes arloko ordezkaria izendatzea.

–Beren klub guztietako babes arloko ordezkarien datuak biltzea eta informazio hori NKJFI helaraztea denboraldi bakoitza hasi baino lehen. Kirol federazioek ez diete utziko klubetako talde edo kirolariei NKJ programan izena ematen, dena delako klubak izendatu gabe badu babes arloko ordezkaria. Gainera, programa hasi ondoren babes arloko ordezkaria aldatzen bada, NKJFIri jakinarazi beharko dio federazioak.

–Argitara ematea eta aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zena.

–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duen edozein lanbide, ogibide eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko. Parte hartzen duten kirol federazioek bermatu behar dute federazioetako pertsona guztiek edo haiek kontratatutakoek, NKJ programarekin lotura duten eginkizunak badituzte eta adingabeekin harremana badute, badutela Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa. Kirol federazioak ez du baimenduko inolako talderen izen-ematea edo parte hartzea, parte hartzen duen klubak betebehar hori betetzen ez duen bitartean.

Gainera, partidak/jardunaldiak eten eta/edo bertan behera uzten ahalko dira, kirola errespetuz eta segurtasunez egiteko baldintza egokirik ez badago. Horretarako, araudi honen 9.a) atalean ezartzen denez, kirol federazioek modu argi eta zehatzean ezarri beharko dute beren araudiaren barnean zein den jokoa eteteko/bertan behera uzteko prozedura, neurri horiek betearazteko aginpidea duen pertsona edo pertsonak adieraziz (epailea, arbitroa, balioen arloko ordezkaria, babes arloko ordezkaria).

NKJFIk indarkeria prebenitzeko prestakuntza espezifikoa eskainiko die teknikariei, entrenatzaileei eta klubeko arduradunei.

–Babes arloko ordezkaria.

Federazio eta klub bakoitzak izendatu behar du berea, kirol jardueran adingabeen segurtasuna eta babesa berma ditzan, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak agintzen baitu. Gerta litezkeen arrisku egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta horietan esku hartzeko protokoloak aplikatzeaz arduratuko da, bai eta antolatzaileen, taldeen eta familien arteko solaskide gisa jarduteaz ere, babesaren arloan.

Babes arloko ordezkariak jaso beharko ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak; ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi behar zaizkio NKJFIko Kirol Jokoen Bulegoari (jdn@navarra.es) eta NKJFIko Bitartekaritza Bulegoari (mediaciondeportiva@navarra.es).

Babes arloko ordezkariak jasotzen dituen jokabide eredugarriak kirolaren balioen Nagus sarietan kontuan hartu eta aintzatesten ahalko dira.

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasun jokabide eredugarriak izan badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

–Joko-eremuaren barneko balioen ordezkaria.

NKJFIk akreditatutako pertsona, zainduko duena lehiatu bitartean betetzen direla programaren printzipio gidariak, hala nola errespetua, berdintasuna, inklusioa eta joko garbia. Behatzaile aktiboa izanen da, prebentziotik esku hartuko du printzipio horien aurka doazen jokabideen aurrean, eta aktetan jasoko ditu gorabeherak eta jokabide eredugarriak, eta ondoren Kirol Jokoen Bulegoari igorriko dizkio aztertu eta, bidezkoa bada, neurriak har ditzan.

Joko-eremuaren barneko balioen ordezkariak jasotzen dituen jokabide eredugarriak kirolaren balioen Nagus sarietan kontuan hartu eta aintzatesten ahalko dira.

5.–Antolaketari buruzko alderdiak.

Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoen jarduerak 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean eginen dira, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

a) Irekiera eta itxiera jardunaldiak.

NKJ programaren izaera egituratzailea, hezitzailea eta lurraldeari lotua indartzeko, irekiera eta itxiera jardunaldiak eginen dira, parte-hartzen duten federazio guztiak bertaratuta.

–Irekiera jardunaldia.

Irekierako kirol jarduera, ahal dela, goizez eginen da, iraileko edo urriko larunbat batean. Jardunaldi horren egoitza txandakakoa izanen da eta urtero erabakiko da, ikusita non dauden eskura kirol instalazio egokiak eta parte hartzen duten modalitateak har ditzaketen.

Irekiera jardunaldi horren barnean, funtsezko elementu gisa, programan sartzen diren kirol modalitate guztiak ordezkatzeko desfilea eta, orobat, lehiaketako eta/edo kirol-erakusketako jardunaldiak antolatuko dira.

–Itxiera jardunaldia.

Itxialdi ekitaldia denboraldiaren bukaeran eginen da, ahal dela larunbat goizez, maiatzean edo ekainean. Kasu honetan ere, egoitza txandakakoa izanen da, eta irekiera jardunaldikoa bezala erabakiko da, antolaketako eta logistikako irizpide berberei jarraituta.

Ekitaldi honen barnean txapelketako azken faseak eta/edo erakustaldiak egiten ahalko dira, edozein modalitatetakoak. Halaber, kirolaren balioen Nagus sariak banatzen ahalko dira, besteak beste, errespetua, ahalegina, laguntasuna, inklusioa eta joko garbia aintzatesteko.

b) Kirol instalazioak.

Parte hartzen duten erakunde guztiek (kirol federazioak, klubak eta toki entitateak) programan lagunduko dute, programa garatzeko behar diren instalazioen erabilera erraztuz.

Kirol instalazioek kasuan kasuko kirol modalitatea egiteko behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte eta osasun agintarien eta NKJFIkoen arauetan xedatutakoa bete beharko dute.

Parte hartzen duten taldeen eta kirolarien erantzukizuna izanen da instalazioak behar bezala erabiltzea.

c) Joan-etorriak.

NKJFIk joan-etorrien programa zehaztuko du, ahal den neurrian egokitua kirol modalitate bakoitzaren ezaugarri eta inguruabarretara.

Parte-hartzaileek Nafarroako Kirol Jokoen barneko diziplinetan izena ematen duten unean, federazioek aditzera emanen diete joan-etorrien programa hori dagoela, baina ohartarazita ez dela NKJ programan parte hartzeak nahitaez ematen duen eskubide bat.

Federazioen garraio eskaerei erantzuteko, oro har, gutxieneko hauek bete beharko dituzte:

–Gutxienez 30 kirolari bakarkako kiroletarako.

–Gutxienez 3 talde taldeko kiroletarako.

–Gutxienez 50 kilometroko joan-etorria egitea, joateko eta itzultzeko bidaia kontuan hartuta.

Garraio zerbitzua, oro har, 55 plazako autobusetan eginen da.

Plaza gehiago beharko direla aurreikusten bada, garraio eskaerei erantzunen zaie baldin eta:

–Eskatzen den ibilbidean zerbitzua ematen duen enpresak eskatutako plaza kopurua duten autobusak izatea.

–Nafarroako Kirol Jokoen Bulegoak, irizpide teknikoak eta ekonomikoak kontuan izanik, bideragarritzat jotzea bidaia hori programatzea.

Nafarroako Kirol Jokoen garraio zerbitzua erabiltzeko, zehaztapen hauek bete beharko dira:

1. Talde bakoitzarekin gutxienez arduradun bat joan behar da, bidaia guztian, adinez nagusia eta klubak akreditatua.

2. Taldeek, nahitaez, joan-etorrietarako ezarritako planaren gaineko informazioa kontsultatu behar dute astero, Interneten gaitutako kontsulta bidea erabilita:

https://administracionelectronica.navarra.es/TransporteDeportistas.Internet/

Oro har, joan-etorrien plana asteazkeneko 15:00etatik aurrera kontsultatzen ahalko da. Gainera, berriz ere kontsultatu beharko dute ostiraleko 15:00etatik aurrera, ordura arte aldaketak izan baititzake.

3. Bai joateko bai itzultzeko erabili beharko da zerbitzua.

4. Zerbitzua erabiltzea aurreikusia zuen talde batek ez erabiltzea erabakitzen badu, kasuan kasuko federazioari jakinarazi beharko dio, kirol jarduera egiteko finkatua dagoen eguna baino bost egun lehenago, gutxienez ere.

5. Programaren kudeatzaileek neurri gehigarriak ezartzen ahalko dituzte zerbitzuak behar bezala funtziona dezan.

6. Ez-betetzeak: honako egoera hauek ez-betetzetzat hartuko dira:

–Kirol jarduera egiteko finkatua dagoen eguna baino lehenago, bost egun baino gutxiagorekin jakinaraztea ez dela erabiliko garraio zerbitzua, ez bada arrazoi justifikatu bategatik.

–Joateko autobusa erabiltzea, baina itzultzekoa ez.

–Ez erabiltzea programatutako autobusa, ez bada arrazoi justifikatu bategatik.

–Kalteak eragitea zerbitzua egiten duen ibilgailuan.

–Zerbitzua egiten den bitartean errespetu falta larriz jokatzea ibilgailuaren gidariarekin edo gainerako bidaiariekin.

Horiek horrela, talde batek aurreko ez-betetzeetako bat egiten badu, NKJ programaren Jarraipen Batzordeak taldearen alegazioak baloratu ondoren, garraio antolatua erabiltzeko eskubidea galtzen ahalko du, bai eta ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatiko kalte-ordaina (hurrengo paragrafoetan azaltzen dena) ere.

Taldeen garraio eskaerei ezin zaienean aipatu programaren barnean erantzun, kalte-ordaina ordaintzen ahalko zaie ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatik, baina baimendutako kirol modalitateetarako baino ez. Halakoetan, 0,12 euro/km ordainduko da, betiere 50 km baino gehiagoko joan-etorria bada (joateko bidaia eta itzultzeko bidaia batuta).

NKJFIk federazioari ordainduko dio ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatik behar bezala justifikatutako zenbatekoa, eta federazioa arduratuko da klub bakoitzari dagokion zenbatekoa helarazteaz.

Programan ez dira sartzen arbitroen joan-etorrien gastuak, ezta kirol federazioetako teknikarienak eta kargudunenak ere. Horiek NKJFIk antolatutako garraio zerbitzua erabiltzen ahalko dute, aldez aurretik eskatuta, baldin eta toki hutsik bada programatu diren autobusetan.

d) Garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak.

NKJFIk proposatuko du zenbat eta nolako garaikur, domina, txapel eta aitortzak emanen diren Nafarroako Kirol Jokoetako finaletan, baita protokoloa eta haien berariazko dekorazioa ere. Kirol federazioek behar dituztenak eskatuko dizkiote NKJFIri posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eta ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago gutxienez.

Oro har:

–Taldekako modalitateetan/espezialitateetan lehenbiziko kategoriako lehenbiziko hiru talde sailkatuei emanen zaizkie garaikurrak eta dominak. Salbuespen kasuetan, NKJFIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako taldeei ere ematen ahalko zaizkie.

–Banakako modalitateetan/espezialitateetan, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko hiru kirolari sailkatuei emanen zaizkie dominak. Salbuespen kasuetan, NKJFIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako kirolariei ere ematen ahalko zaizkie.

Orobat, kontuan hartuko da kirol modalitate batzuetan, hau da, pilotan, txirrindularitzan, herri kiroletan eta beste batzuetan, irabazleei aurrekoak ez bezalako berariazko jantziak ematen zaizkiela (txapelak, adibidez).

Aurreikusitako kirol programa bukatu ez arren, eskatzen ahalko da dominak ematea. Horretarako, lehenago txosten bat aurkeztu behar da, programan aurreikusitako guztietatik zenbat jardunaldi egin diren eta podiuma erabakitzeko zer araudi erabili den zehazten duena, eta parte hartu duten kluben eta NKJFIren oniritzia beharko da.

e) Osasun laguntza eta aseguruak.

Kirol federazioek lauki bat jarriko dute izena emateko orrian, kirolariaren aseguru mota adierazi ahal izateko (Gizarte Segurantza, MUFACE, etab.).

Nafarroako Kirol Jokoetako edozein kirol modalitatetako parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, norberak duen osasun asegurura jo beharko dute, oro har.

Gizarte segurantzakoak diren kirolariek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen die (maiatzaren 15eko 64/2003 FA).

Aseguru erregimen bereziren batekoak (MUFACE, MUGEJU, ISFAS eta beste batzuk) diren kirolarien osasun laguntzari dagokionez, parte-hartzaileek egiaztatu beharko dute beren polizak osasun laguntza emanen diela kirol arloko istripuren bat edukitzen badute. Beren polizak ez badu osasun laguntzarik ematen, kontratatu beharko dute egokien iruditzen zaien moduan.

Nafarroako Kirol Jokoak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea besterik ez dute estaltzen. Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

Ospitaleetako arreta zerbitzuen aurrefakturazioak saihesteko, parte hartzen duten kirol federazioek eta klubek osasun laguntzarako prozedurari buruzko informazioa eman beharko diete kirolariei, haien familiei edo legezko ordezkariei. Horretarako, zuzeneko sarbide bat izanen dute beren webgunearen hasierako pantailan, Nafarroako Kirol Jokoetako osasun laguntzaren berri emateko, eta toki horretan argi eta garbi adieraziko da parte-hartzaileek zer egin behar duten istripua izanez gero.

Kirol praktikaren ondorioz ospitale zerbitzuak erabiltzen dituzten parte-hartzaileek, osasun-zentrora iristen direnean, frogatu beharko dute Nafarroako Kirol Jokoetako parte-hartzaile direla, izena emateko orria edo kirol federazioak parte hartzeko eman dien gaikuntza erakutsiz.

NKJFIk istripuetarako aseguru poliza izanen du kontratatua, istripuen ondoriozko heriotza eta/edo galera anatomikoak zein funtzionalak estaltzeko. Programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila sartuta dago Nafarroako Gobernuak ezarritako erantzukizun zibilaren estaldura orokorrean (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 67. artikulua).

Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirolariei osasun azterketak egiteko betebeharra ezartzen ahal du kirol federazioak, NKJFIren aldez aurreko oniritziarekin, baldin eta kirol federazioaren batzar nagusiak neurria onesten badu.

f) Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko.

Erregelamendu horren 13. artikuluaren arabera, izena emateko orrietan datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa jaso beharko da, eta adierazi datu pertsonalen arduraduna NKJFIko zuzendari kudeatzailea dela, eta horien tratamenduaren arduraduna, berriz, kasuan kasuko federazioa. Horretaz gain, honako hau ere jaso behar da: datu-bilketaren helburua, legitimazioa, hartzaileak, eskubideak eta informazio gehigarria kontsultatzeko esteka bat, II. eranskineko hamazazpigarren klausulan ezarritakoari jarraikiz.

g) Zabalkundea eta komunikazioa.

Nafarroako Kirol Jokoen kirol modalitate guztiak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakuntzak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ahalko ditu, eta ondoren NKJFIren eta kirol federazio parte-hartzailearen webgunean eta sare sozialetan argitaratzen ahalko dira, baita Nafarroako Gobernuaren beste hedabide korporatibo batzuetan ere. Nafarroako Kirol Jokoetan izena ematean, kirol federazioek parte-hartzaileei jakinarazi beharko diete irudiak hartu eta zabalduko direla.

Nafarroako Kirol Jokoei buruzko informazio eta jakinarazpen orotan, programaren logotipoak erabiliko dira, eta antolatzaileak eta kolaboratzaileak zein diren adieraziko da.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute NKJFIk zehaztutako marka erabiltzeko paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitateko euskarrietan eta instalazioetan, NKJ programari erreferentzia eginez betiere, batez ere finalak jokatzen direnean.

Parte hartzen duten kirol federazioek, eskura dituzten baliabideen arabera, pertsona guztien hizkuntza eskubideak kontuan hartuko dituzte, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera. Bereziki, idatzizko komunikazioei eta Nafarroako Kirol Jokoen dokumentazioari dagokienez (izena emateko orriak eta lehiaketa araudiak).

Era berean, komunikazio eta kudeaketa guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira. Federazioek hizkera inklusiboz idatzi beharko dituzte Nafarroako Kirol Jokoei buruzko aktak.

6.–Kategoriak eta modalitateak.

NKJ programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolariek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan (kirol entitateen atalean) inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

a) Kategoriak.

–"Ki" Kimuak: 11-12 urte. 2014-2015 urteetan jaioak.

–"H" Haurrak: 13-14 urte. 2012-2013 urteetan jaioak.

–"K" Kadeteak: 15-16 urte. 2010-2011 urteetan jaioak.

–"G" Gazteak: 17-18 urte. 2008-2009 urteetan jaioak.

Gazte kategoriarako, beharrezkoa izanen da eskaera egitea eta, Nafarroako Kirol Jokoen Antolaketa Batzordeak balorazioa egin ondoren, NKJFIko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak oniritzia ematea.

Aipatu adin eta kategoriak kirol modalitateen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira, betiere NKJFIri jakinarazten bazaio eta haren oniritzia jasotzen bada.

–"B" Benjaminak: 8, 9 eta 10 urteko haurrak (2016, 2017 eta 2018. urteetan jaioak). Kategoria hau sartzen ahalko da, NKJFIren oniritziarekin, baldin eta kirolean hasteko proiektu bat aurkezten bada, parte-hartzaileen garapen pertsonal eta sozialean oinarritua eta bat datorrena kategoria horretarako ezarrita dauden helburu espezifiko hauekin:

  • Mugimendu egoera berriei erreparatzea eta mugimendurako oinarrizko trebeziak garatzea.
  • Abilezia sozialak eta kirolaren balioak garatzea, hala nola errespetua, zintzotasuna, joko garbia, laguntasuna eta hobetu nahia.
  • Kirolaren alderdi ludikoa sustatzea, ahaleginari garrantzi handiagoa emanez emaitzari baino.

Azaldutako helburuak kontuan hartuta, honako hau proposatzen da:

  • Jokoaren araudia egokitzea (joko-eremua, iraupena, taldekideen/aurkarien kopurua, materiala, arauak).
  • Kirolaren balioak, alderdi ludikoa, berdintasunezko parte-hartzea eta ekitatea sustatzera bideratutako ekintzak ezartzea.

Gainera, kategoria horretako jarduerak eskualdeka antolatuko dira, hurbiltasun geografikoaren arabera. Hortaz, ez da joan-etorrietarako gasturik aurreikusi. Salbuespen gisa, autobusez programatutako joan-etorriak erabil daitezke, baldin eta horrek ez badakar aldaketarik programazioan eta kostua handitzerik ere ez badakar. Kategoria horretan ez da argitaratuko emaitzarik, ezta sailkapenik ere.

Arau orokor gisa, Nafarroako Kirol Jokoetan ez du parte hartuko 2018. urtea baino beranduago jaiotako kirolaririk. Halere, NKJFIko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak salbuespenak ezar ditzake arau horretan, kasuan kasuko federazioak eskaera arrazoitu bat egin ondoren.

Salbuespeneko arrazoiengatik ezin badira programatutako kirol jarduera guztiak egin, lehentasuna emanen zaie haur eta kadete kategorietakoei.

Talde mistoek parte hartzen ahalko dute, inguruabarrengatik komeni bada.

Era berean, desgaitasunen bat duten eskola-umeek aukera izanen dute adinez dagokien kategoria baino beheragoko batean parte hartzeko, baldin eta horrek dena delako txapelketara egokitzen eta hartan parte hartzen laguntzen badu; horretarako, aurrez eskaera egin beharko da, eta NKJFIren oniritzia jaso.

NKJFIk bere gain har dezake federazioek baimenak edo lizentziak emateko duten eskumena, baldin eta kirol federazioek, beren arautegi teknikoetan oinarriturik, eragozten badute araudi honetan programan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirolari eskatzaileek izena ematea.

Araudi orokorrean jaso ez diren alderdietan, kasuan kasuko kirol federazioen arautegi teknikoei jarraituko zaie.

b) Modalitateak.

1. Urpeko jarduerak (igeriketa hegalekin).

2. Xakea.

3. Atletismoa (krosa eta pista).

4. Automobilismoa (kartinga).

5. Badmintona.

6. Saskibaloia.

7. Eskubaloia (pista eta hondartza).

8. Beisbola (beisbola eta sofbola).

9. Txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista).

10. Kirol egokituak.

11. Neguko kirolak (iraupen-eskia).

12. Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, martxa arautuak, eskalada eta mendiko lasterketak).

13. Eskrima (floretea, ezpata).

14. Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola).

15. Gimnastika (emakumezkoen gimnastika artistikoa, gizonezkoen gimnastika artistikoa, gimnastika erritmikoa eta parkour-a).

16. Golfa (pitch and putt-a eta zelaia).

17. Halterofilia.

18. Herri kirolak (proba konbinatua, sokatira eta trontza).

19. Hipika (heziera klasikoa eta jauziak).

20. Judoa eta gisako kirolak.

21. Karatea (kumitea eta kata).

22. Kick-boxing-a (kick-light-a).

23. Borroka.

24. Igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa artistikoa).

25. Padela.

26. Irristaketa (abiadura, artistikoa eta hockeya).

27. Pilota (esku-pilota, zesta-punta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza, trinketa, frontballa, frontenisa eta xarea).

28. Arrantza (coup erako arrantza, hondoko arrantza).

29. Piraguismoa (kayaka eta kanoa).

30. Arrauna (iola eta arraun olinpikoa).

31. Errugbia.

32. Taekwondoa (borroka eta poomsae teknika).

33. Tenisa.

34. Mahai-tenisa.

35. Arku-tiroa (aretoa, aire zabala eta zelaia).

36. Triatloia (triatloia, duatloia, akuatloia).

37. Bela (optimist-a eta windsurfa).

38. Boleibola.

Kirol federazioek kirol ingurune irisgarri eta inklusiboak sustatu beharko dituzte, eta jardunaldietan kirol modalitate egokituen eta mistoen presentzia erraztu.

Modalitateak edo kategoriak aldatzen ahalko dira, edo beste batzuk sartu, hala gomendatzen duten inguruabarrak daudenean. Aldez aurretik eskatu beharko da, eta NKJFIko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak baimendu beharko du.

c) Parte-hartzea.

Taldekako kiroletan, NKJFIk baimena ematen ahalko du Nafarroako Kirol Jokoetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzeko, baldin eta beste herri batzuekiko eskualde mugakideetan kokatutako Nafarroako klubetakoak badira eta, honela, klub horiek parte hartzen laguntzen bada. Klubak inguruabar horren berri eman beharko dio dagokion kirol federazioari, ondoren federazioak izena emateko eskaera arrazoitua egin diezaion Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari. Zuzendariordetzak parte-hartzea baimentzen badu, federazioak, programan izena-eman aurretik, kirolari horiei osasun arretarako eta istripuetarako asegurua eskatu beharko die, hau da, kirol lesio edo istripurik izanez gero haiek artatzeaz arduratuko den asegurua.

Banakako kiroletan, NKJFIk baimena ematen ahalko du Nafarroako Kirol Jokoetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzeko, baldin eta beste herri batzuekiko eskualde mugakideetan kokatutako Nafarroako klubetakoak badira. Klubak inguruabar horren berri eman beharko dio dagokion kirol federazioari, ondoren federazioak izena emateko eskaera arrazoitua egin diezaion Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari. Zuzendariordetzak parte-hartzea baimentzen badu, federazioak, programan izena-eman aurretik, kirolari horiei osasun arretarako eta istripuetarako asegurua eskatu beharko die, hau da, kirol lesio edo istripurik izanez gero haiek artatzeaz arduratuko den asegurua.

Parte-hartzaileei dagozkien kategorian eta adinean emanen da izena Nafarroako Kirol Jokoetan. Talde batek kirol maila aparta badu eta aurreko denboraldian bere adinekoen liga irabazi badu, urtebete zaharragoen lehiaketako multzo batean izena ematea eskatzen ahalko du. Neurri hori onartzen zaien taldeek, hurrengo denboraldietan, urtebete zaharragoen multzo bateko taldeekin lehiatzen jarraitzen ahalko dute, sailkapenean edozein postu lortuta ere. Federazioak, klubak eskatuta, txosten arrazoitua igorriko dio NKJFIri neurri hori eskatzeko edo berritzeko. NKJFIk, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, txostena aztertuko du neurria aplikatzea/berritzea egokia den erabakitzeko eta, horren arabera, oniritzia ala ezezkoa emanen du.

Lehiaketa araudiek neurriak jaso beharko dituzte kirolariek gutxieneko parte-hartzea izanen dutela ziurtatzeko. Benjamin kategorian, gainera, kirolean hasteko proiektuan jaso beharko da alderdi hau.

Kimu, haur eta kadete kategorietan, onartzen ahalko da kategoriari dagokion adina baino urte bat zaharragoak diren kirolariak inskribatzea, baldin eta klubak ezin baditu sartu dagokien adineko talde batean. Klubaren eskaerarekin batera, idazki sinatu bat aurkeztu beharko da, taldeak edozein sailkapenetan sartzeari berariaz uko egiten diola adierazten duena. 8ko futboleko kimuen eta 11ko futboleko haurren kategorietan, joko-eremuan ezin izanen dira aldi berean egon kategoriari dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 3 kirolari baino gehiago. 11ko futboleko kadeteen kategorian, joko-eremuan ezin izanen dira aldi berean egon urte bat zaharragoak diren 2 kirolari baino gehiago.

Aretoko futboleko, saskibaloiko eta eskubaloiko modalitateetan eta, irizpide berari jarraituz, taldekako beste kirol batzuetan ere, joko-eremuan ezin izanen dira aldi berean egon kategoriari dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 2 kirolari baino gehiago. Klubak jokalari horiek aurreko edizioan klubean zeudela frogatu beharko du.

Filialtasun hitzarmenak dituzten klubek aukera izanen dute beren taldeekin kategoria/multzo berean parte hartzeko eta elkarren aurka jokatzeko, baldin eta eremu geografiko bereko kategorian multzo bat baino gehiago ez badago. Hala ere, gertatuko balitz multzo/kategoria berean egotea, jokoan modu independentean funtzionatuko dute, eta, hortaz, klub babesleak ezin izanen ditu klub filialeko jokalariak bere taldeko zerrendan sartu txapelketan zehar. Dagokion kirol federazioak horren berri emanen dio NKJFIri, eta bi taldeetako jokalarien zerrendak kontrolatuko ditu: talde filialekoa eta talde babeslekoa.

Lehiaketa hasi ondoren, kirolariak klubez aldatzea onartuko da salbuespenezko inguruabarrak gertatzen baldin badira, eta izena emateko epea irekita badago eta talde hartzailea kirol maila berekoa bada.

7.–Izena ematea eta tasak.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako, Nafarroako kirol federazioak elkarte gisa antolatutako entitate pribatuak dira, irabazi-asmorik gabekoak, haiei berez dagozkien eginkizunak izateaz gainera, eskuordetzaren ondorioz, Nafarroako txapelketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko lizentziak edo gaikuntzak emateaz ere arduratzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin koordinatuta eta haren babespean.

Kontuan harturik Nafarroako Kirol Jokoak direla deialdi honetan agertzen diren kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarrak, eta haietan parte hartzeko beharrezkoa dela Nafarroako Kirol Jokoetan kasuan kasuko lizentzia edo gaikuntza edukitzea, gaikuntza hori emateko tasak kirol federazioei ordaindu beharko dizkiete parte-hartzaileek (behin baizik ez).

a) Izena emateko prozedura.

Kirol federazioek izena emateko prozedurak ezarriko dituzte NKJ programan parte hartzeko.

Parte-hartzaileen lizentzia edo gaikuntza federazio bakoitzak ezarriko duen eran lortuko da.

Federazio bakoitzak NKJFIri jakinarazi beharko dio izena emateko eta gaikuntza lortzeko ezarri duen prozedura, eta NKJFIren oniritzia beharko du.

Klubek bakoitzaren federazioan eginen dituzte izen-emateak, horretarako ezarritako prozedurei jarraituz. Gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:

–Programan parte hartuko duten pertsona guztiei buruzko datuak, federazioak horretarako prestatutako inprimakietan eskatzen direnak. Hauenak guztienak: kirolariak, ordezkariak, entrenatzaileak, arbitroak eta gainerako teknikariak.

–Kirolariek izena emateko tasen ordainketa.

–Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, entrenatzaile, arbitro eta teknikarientzat. Programan parte hartzen duten klubek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori. Ez da onartuko taldeak izena ematea, betekizun hori bete ezean.

–Klubak izendatutako babes arloko ordezkariaren datuak. Kirol federazioek ez diete kirolariei izena ematen utziko, harik eta haien klubak babes arloko ordezkaria izendatua duen arte.

Gainera, bete beharko dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari buruz (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra) araudi honetako 4.f) puntuan ezarritakoa.

b) Izena emateko tasak.

Hauek dira tasak:

–5 euro kirolari bakoitzeko, 3 jardunaldi edo gutxiagoko modalitateetan.

–7 euro kirolari bakoitzeko, 3 jardunaldi baino gehiagoko modalitateetan.

Arbitroek, ordezkariek, entrenatzaileek eta teknikariek ez dute tasarik ordainduko.

Modalitate bakoitzean izena emateko epea bukaturik, Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKJFIra, kirol federazioaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: zenbat kirolarik hartuko duten parte, sexuaren arabera banakatuta, eta guztira zenbat diru ordaindu duten programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan.

Tasa honek Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzeko bidea bakarrik ematen du, eta beste edozein kirol jarduera federatu alde batera geratuko da. Behin txapelketa hasita, kirol programa bertan behera uzten bada edo aldatzen bada, tasak ez zaizkie parte-hartzaileei itzuliko.

Izena emateko gastuak ez dira izanen Nafarroako Kirol Jokoen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau horretan salbuespenen bat egiteko, aldez aurretik, NKJFIko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari eskatu behar zaio, arrazoituta, eta haren baimena jaso beharko da.

c) Gordailuak.

Federazioek gordailuak eskatzen ahalko dituzte urteko egutegia edo kanporatze koadroak dituzten modalitateetan, kirolariek ez dezaten goizegi utzi txapelketa, horrek gorabeherak eta aldaketak egin beharra ekarriko lukeelako. Klub batek bi talde baino gehiago baditu kirol modalitate berean, ezarritako kopuruaren bikoitza ordainduko du.

Klubek ordaindu beharreko gordailuen zenbatekoak erantsi den taulan ezarritakoak dira, non ez dituen NKJFIk aldatzen.

Ikus taula osoa.

KIROL MODALITATEAK

GORDAILUA

5x5 saskibaloia

100 euro; 200 euro 3 talde edo gehiago badira

Eskubaloia

90 euro; 180 euro 3 talde edo gehiago badira

Aretoko futbola

90 euro

Zelaiko futbola

90 euro

Emakumezkoen 8ko futbola

90 euro

Herri kirolak

90 euro

Arauzko zehapenen ondorioz gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da zehatutako taldeak txapelketan jarraitu ahal izateko. Txapelketa amaiturik, kirol federazioek itzulketa egitea erabaki eta gordailua itzuliko diete klubei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

d) Arbitraje tarifa.

NKJFIk eta parte hartzen duen federazio bakoitzak sinatutako hitzarmenetan, tarifa batzuk ezartzen dira arbitraje kontzeptuengatik. Nafarroako Kirol Jokoetako arbitrajea kasuan kasuko federazioko Arbitroen Batzordeko arbitro ofizialek egiten dutenean eta kostuak hitzarmenean ezarritako tarifa baino handiagoak direnean, federazioak kostuaren diferentzia kobratzen ahal die klubei, zati berdinetan, federazioaren batzar nagusiak hala onetsi badu.

8.–Fakturazioa eta ordainketa.

NKJFIk bere gain hartuko du egitekoa den jardueraren kostua, NKJFIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan eta zenbatekoan.

NKJFIren diru-ekarpenak ordaintzeko, aurretik, kirol federazioak faktura elektronikoa (FAKe) aurkeztu beharko du, kontzeptu bakoitzagatik egindako gastuak sartuta, betiere zer aldiri dagozkion adierazita. Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, atal honen b) letran adierazitako moduan.

a) Epeak.

NKJFIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria-abendua, urtarrila-otsaila, martxoa-apirila, maiatza-ekaina eta uztaila-iraila.

Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, kirol federazioek faktura elektronikoak (FAKe) aurkeztu behar dituzte hurrengo hilaren 10a baino lehen, urria-abendua eta maiatza-ekaina aldietan izan ezik, orduan aldiko azken kirol jardunaldia eta berehala aurkeztu beharko delako.

Kirol federazioren batek fakturak garaiz eta behar den moduan aurkezten ez baditu, faktura horiek ez dira sartuko aldi horretako gastuak ordaintzeko ebazpenean. Gastuak ordaintzeko hurrengo ebazpenean sartuko dira, aurrekontuko ekitaldi eta programaren edizio berekoak baldin badira.

b) Ordain daitezkeen kontzeptuak eta fakturazioa.

Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta egiteagatik.

–Finalak antolatu eta egiteagatik.

–Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak).

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik.

–Kirolarien joan-etorriak auto partikularretan egiteagatik (baimendutako kasuetan baino ez, araudiari jarraikiz).

–Joko-eremuaren barneko balioen ordezkaria izateagatik, NKJFIrekin adostutako proiektuan parte hartzen duten federazioetan.

Joko-eremuaren barneko balioen ordezkariaren figura baimendua duten kirol federazioek fakturan txertatu beharko dituzte ordezkari horiek joko-eremuan egoteari dagozkion gastuak (ordezkari horiek NKJFIk izendatzen ditu, edo kirol federazioak berak NKJFIren oniritziarekin).

Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKJFIren oniritziarekin. Programa kudeatzen duen unitateari (Nafarroako Kirol Jokoen Bulegoa) eskatu beharko zaio, arrazoituta, gastua egin baino lehen eta egin aurreko fakturazio aldiaren barnean.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partida edo jardunaldi arruntak antolatu eta egitea: partida edo jardunaldi kopurua, eta partidak non eta noiz jokatu diren, programan parte hartu duten kategorien arabera, kirol federazio bakoitzaren hitzarmenean jasotako gastuei dagokienez.

–Finalak antolatu eta egitea: finalak zein tokitan eta egunetan jokatu diren adierazita.

–Osasun laguntzaren zerbitzuengatik: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriak: jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehaturik.

–Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak, honako hauek adierazita: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Nahitaezkoa izanen da NKJFIren aldez aurreko oniritzia.

Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Hurrengo fakturazio aldiko fakturarekin eta eranskinekin batera aurkeztu beharko dira, salbu eta Nafarroako Kirol Jokoen azken faktura denean, kasu horretan federazioek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko baitituzte, NKJFIk kirol federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik.

Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

Garaikur, domina eta txapelen gastua zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

Programa abian jarri eta ohiz kanpoko eta kirol federazioekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik bertan behera utzi beharko balitz, NKJFIk administrazio eta kudeaketako gastuei dagokien partea –hitzarmenean edo partida edo jardunaldi bakoitzeko gastuen xehakapenean ezarritakoa– ordaintzen ahalko dio federazioari. Ukitutako federazioak Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari eskatu behar dio, arrazoiak emanez, bertan behera utzitako jardunaldien administrazio eta kudeaketa gastuen konpentsazioa. Programaren kudeatzaileek aurkeztu diren eskaerak eta ordaindu beharreko zenbatekoak baloratuko dituzte.

Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoetan jasotako modalitate guzti-guztietan aurreikusitako programazioa gauzatu ahal izateko, kirol federazio jakin batek aurreikusitako jarduera bukatu badu eta ez badu agortu kirol federazio horri hasieran emandako kreditua eta programaren gastu orokorretarako (garraioa, asegurua, garaikurrak, dominak, txapelak eta memoria) esleitutakoa, beharrezkoa baldin bada, erabili gabeko diru kopurua aplikatzen ahalko da programan parte hartzen duen beste edozein kirol federaziok egindako jardueraren gastuak finantzatzeko, baldin eta kirol federazio horiek egindako gastuak hasiera batean esleitu zitzaizkienak baino handiagoak badira eta federazio horien NKJ programa garatzeko beharrezkoak diren gastuetarako bada, edo, bestela, modalitate jakin bati esleitu ezin zaizkion bestelako gastu orokorretarako. Kasu horretan, NKJFIk zuzenean ordainduko dizkio zerbitzu emaileari.

9.–Lehiaketa araudia.

Lehiaketa araudia federazio bakoitzaren arautegi teknikoetan oinarrituko da, parte-hartzaileen adinera egokituta, eta Jarraipen Batzordeak baimendu behar du.

a) Partidak.

Ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Bi taldeak aurkezten badira eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurtasunekoak betetzen badituzte, taldeek ezin dute ezer alegatu partida ez jokatzeko. Talderen batek partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da.

Partida bakoitza hurrengoa hasteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu berean jokatzen bada.

Partidak/jardunaldiak eten eta/edo bertan behera uzten ahalko dira, kirola errespetuz eta segurtasunez egiteko baldintza egokirik ez badago. Horretarako, kirol federazioek modu argi eta zehatzean ezarri beharko dute beren araudiaren barnean zein den jokoa eteteko/bertan behera uzteko prozedura, neurri horiek betearazteko aginpidea duen pertsona edo pertsonak adieraziz (epailea, arbitroa, balioen arloko ordezkaria, babes arloko ordezkaria).

b) Atzeratzea.

Partida bat atzeratzeko, idatziz eskatu beharko da hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi kluben adostasun idatzia beharko da, ordezko data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta kirol federazioko organo eskudunak onartu beharko du. NKJFIk bertan behera utz dezake programatutako jardunaldi bat guztiz edo zati batean, ezinbesteko arrazoiak direla eta. Halakoetan, parte-hartzaileei jakinarazi beharko die dagozkien kirol federazioen bitartez.

Kirol federazioak parte hartzen duten klubei jakinaraziko die zein den, eguraldi txarra bada, segituko den protokoloa.

Kirol federazioak aurreikusita izanen du partidak bertan behera uzteko aukera, salbuespenezko inguruabarren ondorioz, bai eta haien tratamendua ere, kirol antolaketaren eta sailkapenaren ondorioetarako.

c) Emaitzak eta gorabeherak jakinaraztea.

Nafarroako Kirol Jokoen arautegi teknikoan araututa izan ezean, arbitro federaturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko kirol federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, jokatzen denetik gehienez ere 48 orduko epean. Ez betetzeak zehapena ekarriko du, arau hauen "e" atalean (Kirol diziplina) kirol modalitate bakoitzerako ezarritakoarekin bat; errepikatzen bada, txapelketatik kanporatzea ere ekar dezake.

Klubeko babes arloko ordezkariak jaso beharko ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak; ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi behar zaizkio NKJFIko Kirol Jokoen Bulegoari (jdn@navarra.es) eta NKJFIko Bitartekaritza Bulegoari (mediaciondeportiva@navarra.es).

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasun jokabide eredugarriak izan badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

Ahal den orotan, lehiaketako aktetan toki bat gordeko da oharrak jasotzeko ikusleen, teknikarien eta kirolarien gorabehera edo gatazkei buruz, baita kiroltasunaren keinu eredugarriei buruz ere.

d) Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Eskola-umeen selekzio autonomikoek Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen Espainiako txapelketetan izena eman eta parte hartzeko, txapelketen deialdian ezarri bezala jokatu beharko dute kirol federazioek, eta NKJFIren oniritzia izanik.

Eskola-umeen selekzio autonomikoetan parte hartzeko hautaketa irizpideak Nafarroako Kirol Jokoen arautegi teknikoetan jasoko dira, denboraldia hasi aurretik, eta ezin izanen dira aldatu denboraldi osoan. Irizpide horiek batzar orokorretan onetsi beharko dira, eta kasuan kasuko federazioaren webgunean argitaratuta izan.

Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan parte hartzearen ondoriozko gastuak kirol federazioentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez finantzatuko dira.

Nafarroako Kirol Jokoak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea besterik ez dute estaltzen. Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

Nafarroako Kirol Jokoetan txapelketa antolatzeaz gainera, Nafarroakoa baino eremu handiagoko txapelketetan ere –kirolari gisa, klub gisa edo selekzio gisa– parte hartzen duten federazioek beren arautegietan zehaztu beharko dute zein diren txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak hautatzeko irizpideak, baita txapelketarako egunak aurreikusi ere, kasuan kasuko deialdiaren arabera.

e) Kirol diziplina.

Programaren izaera hezigarria kontuan hartuta, kirol federazio bakoitzeko diziplina batzordeek irizpide hezigarriak, prebentziokoak eta, behar izanez gero, errestauratiboak aplikatuz ezarriko dituzte zehapenak.

Kontuan hartu beharko dira araua urratu duen kirolariak ordain gisa egiten ahalko lituzkeen ekintza posibleak. Zehapenak ez dira inoiz ekonomikoak izanen, salbu eta egindako hutsegite edo arau-hausteak eragindako gastuak konpentsatu behar direnean, kasu horretan zehapenaren dirua sortutako kalteak ordaintzeko bideratuko baita. Ahal dela saihestu eginen dira lehiaketatik behin betiko kanporatzea lekarketen zehapenak.

Ikusten bada talde edo klub batek behin eta berriz dituela kiroltasunaren aurkako jokabideak, haren federazioko Jarraipen Batzordea bilduko da, egoki irizten dizkion neurriak ezartzeko (hezigarriak, ordaingarriak edo zuzentzaileak). Ukitutako talde edo klubak nahitaez bete beharko ditu neurriok. Bete ezean, NKJFIk beste neurri batzuk ezartzen ahal dizkie, bai eta programatik kanporatzea erabaki ere.

10.–Kalitatea.

NKJFIk zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien lankidetza eskatzen du, programa etengabe hobetzeko.

Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko bide hauek jarri dira:

–Posta elektronikoa: jdn@navarra.es.

–Webgunea: https://www.deportenavarra.es/eu (euskaraz) eta https://www.deportenavarra.es (gaztelaniaz).

11.–Ingurumen kudeaketa eta jasangarritasuna.

Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Era berean, hondakinak prebenitzeko, bereizteko eta kudeatzeko neurriak bete beharko dira, bai eta Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako komunikazio eta sentsibilizazio neurriak ere. Adibide gisa, ingurumen jasangarritasuneko neurri horietako batzuk adierazten ditugu:

–Ez da baimenduko edariak (ura barne) doan banatzeko erabilera bakarreko ontzirik. Edariak salduz gero, erabilera bakarreko ontzietarako alternatibak ezarriko dira.

–Beti eskainiko da txorrotako ura duen ontzi bat, bai eta edalontzi berrerabilgarriak ere, edo botila berrerabilgarriak ura kontsumitzeko, doan.

–Ezin izanen da erabilera bakarreko edalontzirik saldu eta banatu. Ontzi berrerabilgarriek UNE-EN 13429:2005 arauaren baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira berreskuratu eta ondoren garbitu eginen direla bermatzeko.

–Ezin izanen dira erabilera bakarreko plastikozko ontziak erabili elikagaietarako, salbu eta UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz eginak daudenak.

–Erabiltzen den baxera berrerabilgarria izan beharko da, edo, hori ezinezkoa bada, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz egina, edalontziak izan ezik, horiek berrerabilgarriak izan beharko baitira.

Hondakinak uzteko eremuak jarri beharko dira edukiontzi egokiekin, kasuan kasuko toki entitateekin bat etorriz. Gutxienez honako hondakin-frakzio hauek bereizteko aukera eman beharko da: materia organikoa, ontzi arinak (edo ontzi eta materialak, sistema hori duten entitateetan).

II. ERANSKINA.–LANKIDETZA HITZARMENA, NAFARROAKO GOBERNUAREN NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUAREN (NKJFI) ETA NAFARROAKO ...................................... FEDERAZIOAREN ARTEKOA. NAFARROAKO KIROL JOKOEN (NKJ) XXXIX. EDIZIOA ANTOLATZEKO

Iruñean, ...................(e)ko ................aren ..............(e)(a)n.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jorge Aguirre Oviedo, Nafarroako Gobernuaren NKJFIko zuzendari kudeatzailea (IFKa: Q-31-50025-I).

Eta, bestetik, .................................................. jauna/andrea, Nafarroako ................................... Federazioko lehendakaria (IFKa: ................................).

Beren karguak ematen dizkien eskumenez baliaturik, eta dokumentu hau formalizatzeko behar adina ahalmen aitorturik elkarri,

ADIERAZTEN DUTE:

1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirola sustatzearen eta aisialdia egoki erabiltzearen arloetan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetatik hasita, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea.

2. NKJFIren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin. Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren eginkizunak dira, besteak beste, Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat edo haiek antolatzeko baimena ematea, eta jarduera fisikoa eta kirola egitea bultzatzea, aisialdirako aukerak eta ohitura osasungarriak diren aldetik.

3. Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoek Foru Komunitatearen esparruan txapelketa ofizial gisa biltzen dituzte joko horietan sarturiko jarduera eta kirolak, kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan, oro har, eskola ordutegitik kanpo. Aurreko edizioetan halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari dagokio, NKJFIren bidez, kirol federazioekin batera, haien esku utzi baita antolaketa orokorra.

Ondorio horietarako, eta azaldutakoarekin bat, honako hitzarmen hau ezartzen dute, klausula hauei jarraikiz:

KLAUSULAK:

Lehena.–Nafarroako ................................................................ Federazioak oso-osorik onartzen ditu Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoen deialdia eta araudia, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen ...................aren ........(e)ko ............/2025 Ebazpenaren bidez onetsitakoak, hitzarmen honen parte baitira, eta bere gain hartzen ditu aipatu deialdian programatutako txapelketak egiteko beharrezkoak diren lanak.

Bigarrena.–NKJFIk bere gain hartuko du egitekoa den jardueraren kostua, NKJFIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan eta zenbatekoan. Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta egiteagatik, .................................. euro partida edo jardunaldi bakoitzeko / jardunaldien kopuru jakin bateko.

–Finala(k) antolatu eta egiteagatik, .................................. euro final bakoitzeko / finalen kopuru jakin bateko.

–Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak), ...................................... euro / edo zerbitzuaren kostu justifikatua / anbulantzien kopuru jakin bateko.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuagatik, ........................................ euro / edo zerbitzuaren kostu justifikatua / muntatzeen kopuru jakin bateko.

–Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriengatik: ............................................... (0,12 zentimo kilometroko, eta 50 kilometrotik aurrera).

–Joko-eremuaren barneko balioen ordezkaria izateagatik, NKJFIrekin adostutako proiektuan parte hartzen duten federazioetan.

Gastua egotzita duen kontzeptu bakoitzari aplikatu zaizkion zenbatekoak hitzarmen honi erantsitako dokumentuan justifikatzen dira.

Beste gastu orokor batzuk:

–Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

–Garaikur, domina, txapela eta aitortzen gastua zuzenean ordainduko die NKJFIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

–Finaletako emankizunen gastuak zuzenean ordainduko dizkie NKJFIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

Autobus garraio antolatua.

–NKJFIren konpromisoak.

1. Parte-hartzaile guztiei bermatzea joan-etorriak garraio antolatuan, Nafarroako Kirol Jokoen deialdian ezarritako baldintzetan.

2. Oro har, asteko bidaien plangintza astearteetako 14:00etarako prestatzea. Behin-behineko planak interesdunen eskura izanen dira (Internetez kontsultatzen ahalko dira), garraio enpresek baieztatu ondoren.

3. Oro har, astero, bidaia planak ostegunetako 14:00etatik aurrera bihurtuko dira behin betiko.

Bidaiekin loturiko kontsultak egiteko, Interneteko esteka hau erabiliko da:

https://www.deportenavarra.es/eu/nafarroako-kirol-jokoen-autobusak

–Kirol federazioen konpromisoak.

1. Txapelketaren egutegiak prestatzea, joan-etorrietan autobusak nola aprobetxatu kontuan hartuta.

2. Zein astetan egitekoa den jarduera, haren aurreko ostiralean aurkeztea modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden joan-etorrien proposamena.

3. Taldeei eta klubei azaltzea nola kontsultatu bidaiak eta nahitaezkoa dela ostiraletan, 15:00etatik aurrera, azkenekoz kontsultatzea.

4. NKJFIrekin eta klubetako arduradunekin lan egitea, autobusez egiten diren joan-etorrietan parte-hartzaileen jokaera egokia izan dadin eta, gorabeherak izanez gero, behar bezala ebatz daitezen, NKJFIko arduradunei horien berri emanda. Gorabeherak larriak izanez gero, berehala jakinarazi beharko dira.

Hirugarrena.–Garaikurren, dominen, txapelen eta aitortzen eskaera posta elektronikoz (jdn@navarra.es) eginen zaio NKJFIri, ezarritako eredua erabiliz, haiek banatu baino 20 egun lehenago gutxienez. Garaikurra edo/eta domina emanen zaizkie kategoria, sexu eta espezialitate bakoitzeko lehen hiru sailkatuei, Nafarroako Kirol Jokoen deialdian ezarritako baldintzetan, ondoren zehaztu bezala:

KIROL
MODALITATEA

ESPEZIALITATEA

KATEGORIAK

GARAIKURRA

DOMINA

POSTUAK

Laugarrena.–NKJFIren diru-ekarpenak ordaintzeko, kirol federazioak aurretik aurkeztu beharko du faktura elektronikoa (FAKe), aurkeztutako gastuen aldian egindako kirol probak sartuta. Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKJFIren oniritziarekin betiere. Erregistro bidez egin beharko da eskaera, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzara zuzenduta.

Fakturetan argi azalduko da zer kopuru ordaindu behar den kontzeptu bakoitzarengatik, baita zer aldiri dagozkion ere.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partiden edo jardunaldien kopurua, eta zein tokitan eta ordutan jokatu diren, programan parte hartzen duten kategorien arabera.

–Finalak, zein tokitan eta ordutan jokatu diren adierazita.

–Osasun zerbitzuei dagozkien datuak, honako hau jasoz: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua eman duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuei dagozkien datuak, honako hau jasoz: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua eman duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da.

–Jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehakaturik.

–Balioen arloko ordezkaria izateagatik, NKJFIrekin adostutako proiektu pilotuan parte hartzen duten federazioetan.

–Aparteko edo aurreikusi gabeko gastuen inguruko datuak, honako hauek jasoz: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua edo hornidura egin duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da. Gastu horiek aldez aurreko baimena beharko dute, NKJFIko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak emana araudiaren 8.b) atalean jasotzen diren baldintzekin.

–Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKJFIk federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera.

Bosgarrena.–Diru-sarrerak.

–Taldekako kiroletan, taldeen zerrenda, guztira izena emanda dauden kirolarien kopurua eta, kirol modalitate horretan izena emateko epea behin bukatuta, programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia.

–Banakako kiroletan, guztira parte hartzen duten kirolarien kopurua, eta, kirol modalitate horretan izena emateko epea behin bukatuta, programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia.

–Nafarroako Kirol Jokoen araudia ez betetzeagatik taldeei edo banakakoei jarritako zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrera guztiak, halakorik balitz, behin jarduera bukatuta.

–Modalitate bakoitzean izena emateko epea bukaturik, Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKJFIra, kirol federazio bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindu duten diru-zenbateko guztia.

–Kirol federazioek diru-kopuru osoa sartu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunean, betiere NKJFIko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak egiaztatu eta baliozkotu ondoren. Horretarako, NKJFIk ordainketa-gutun bat igorriko die, sartu beharreko diru-kopurua adierazia duena.

–Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera segituko dute Nafarroako Kirol Jokoen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik izan bada.

Seigarrena.–Kirol programa.

KIROL
MODALITATEAK

ESPEZIALITATEA

KATEGORIAK

JAIOTZE URTEA

EGUTEGI OROKORRA

Arautegia.–Hitzarmen honi eranskin gisa gehitutako arautegi partikularra aplikatuz gauzatuko da kirol jarduera. Edonola ere, txapelketa hasi baino 20 egun lehenago gutxienez, garatu beharreko kirol proiektua aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituela: programaren helburuak (araudian zehaztuta daudenak), arautegi teknikoa, txapelketaren araudia, izena emateko epeak eta txapelketaren edo kirol jardueraren egutegia, hori guztia kategoria/adinen eta kirol espezialitateen arabera.

Dokumentazio hori aurkezteko, bai eta bukaerako memoria aurkezteko ere, NKJFIk bi eredu emanen ditu, bat proiekturako eta bestea memoriarako, eta horiek erabiliko dituzte kirol federazioek.

Jardunaldi guztiak Nafarroako Kirol Jokoen XXXIX. edizioari dagokion aldian egin behar dira.

Nafarroako Kirol Jokoen programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, egin beharreko modalitateei eta jarduerei dagokienez, txapelketarako hasieran programatutako iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, finkatzen diren gastuen beste kontzeptu batzuei dagokienez, NKJFIri jakinarazi eta horrek baimendu ondoren.

Une batean jardueraren bat bertan behera utzi beharra bada, geroago berreskuratzen ahalko da NKJFIren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarte.

Betiere, NKJFIren diru-ekarpenak ez du subrogaziorik ekarriko Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoen ondoriozko inolako betebeharretan.

Zazpigarrena.–Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute NKJFIk jarritako dirua ezarritako xedeetarako erabiltzeko, eta institutu horrek egin nahi dituen egiaztapenak onartu eta errazteko.

Zortzigarrena.–Oinarri hartuta Nafarroako administrazio publikoetan Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudia eta azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretua, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituena, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz. Parte hartzen duten kirol federazioak saiatuko dira, eskura dituzten baliabideen arabera, pertsona guztien hizkuntza-eskubideei erantzuten, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera. Bereziki, idatzizko komunikazioei eta Nafarroako Kirol Jokoen dokumentazioari dagokienez (izena emateko orriak eta lehiaketaren araudiak).

Era berean, komunikazio eta izapide guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira. Federazioek hizkera inklusiboz idatzi beharko dituzte Nafarroako Kirol Jokoei buruzko aktak.

Bederatzigarrena.–Kirol programak sortzen duen informazio guztia hedabideetan publizitate bidez zabaltzeko eskumen osoa NKJFIri dagokio.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute jardunaldi bakoitzeko txapelketako emaitzei, sailkapenei eta jokatzeko toki-egunei buruzko datuak emateko, ezartzen den prozeduraren bidez eta maiztasunez, bai eta argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak diren gorabeherak ere, NKJFIk proposatutako euskarri informatikoa erabiliz, jardunaldi bakoitza egin eta ondoko astelehenean, 20:00ak baino lehen, Nafarroako Kirol Jokoek sortzen duten informazio guztia bideratu ahal izateko.

Hamargarrena.–Programan parte hartzen duten kirol federazioek Nafarroako Gobernuaren logo ofizialak (4/2016 Foru Dekretua, partez aldatu zena 8/2020 Foru Dekretuaren bidez), NKJFIren logo ofizialak eta, orobat, NKJ programari dagozkionak erabili beharko dituzte paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitate euskarrietan eta instalazioetan. Gainera, Nafarroako Kirol Jokoen irudian kirol modalitate bakoitza adierazteko dauden diseinu eta marrazkiak erabili nahi izanez gero (dela orokorrak, dela propio egindakoak), baimena eskatu beharko diote NKJFIri.

Kirol federazioek diseinu horiek erabiltzen badituzte NKJFIren aldez aurreko baimenik gabe, institutuak ahalmena izanen du hitzarmen hau suntsiarazteko, dagokiokeen kalte-ordaina galarazi gabe.

Hamaikagarrena.–Programan parte hartzen duten kirol federazioek partaidetza inklusiboa ahalbidetu beharko dute, parte-hartzaileak honako arrazoi hauengatik diskriminatu gabe: sexua, etnia, ideologia, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa, erlijioa, errendimendu maila, sexu-orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

Zehazki, eskola-ume guztien parte-hartzea baimendu eta sustatu beharra dago, salbuespenik gabe, eta neurriak aurreikusi desgaitasunen bat duten eskola-umeen integrazioa sustatzeko, egokitzapen bat behar badute zein ez. Modu berean, onar daiteke desgaitasunen bat duten eskola-umeek adinez dagokienaren azpiko kategoria batean parte hartzea, horrela errazten bazaie txapelketa horretan sartzea, betiere Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak baimena eman ondoren.

Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak prestatu eta garatu beharreko kirol proiektuak sentikortasun berezia agertuko du kirolaren balioekiko eta emakumeen kirolarekiko, eta genero berdintasunaren irizpideei jarraituz antolatuko da.

Nafarroako Kirol Jokoetan izanen duen parte-hartzearen karietara, hitzarmena sinatzen duen federazioak adierazten du kirol programa honen balio hezitzaile, sozial eta etikoak sustatzeko konpromisoa hartzen duela, eta printzipio, neurri eta ekintza hauek betetzeko obligazioa onartzen duela:

1. Printzipio gidariak:

–Errespetua, berdintasuna, ahalegina, inklusioa, lankidetza, joko garbia eta kiroltasuna sustatzea parte-hartzaileen artean.

–Kirol ingurune seguru, irisgarri, inklusibo eta indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeak bermatzea.

–Kirolaren rola indartzea, gizartea eraldatzeko tresna den aldetik, kohesioa eta aukera berdintasuna bultzatzeko.

2. Aplikazio neurriak:

–Babes arloko ordezkaria izendatzea.

–Parte hartzea balioei buruzko prestakuntzetan, NKJFIk antolatzen edo aitortzen dituenetan.

–Konpromiso hau kiroleko eragile guztiei hedatzea: klubei, teknikariei, arbitroei, kirolariei eta familiei.

–Bultzatzea neskak kirolean has daitezela eta presentzia izan, parte hartu eta jarrai dezatela.

–Kirol jarduera misto eta inklusiboa sustatzea.

–Jarraipen batzordeekin lankidetzan aritzea, programaren printzipioen aurka doazen jokabideak kudeatzeko.

–Aktiboki parte hartzea NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko eta indarkeriari aurre hartzeko sustatzen dituen kanpaina, ekintza eta materialetan.

3. Ekintzak:

–NKJFIk kirolaren balioak sustatzeko antolatzen duen kanpaina zabaltzen eta sustatzen laguntzea.

–Kirolaren balioen Nagus sarietan parte hartzea. Sari horien bidez, jokabide eredugarriak aintzatetsiko dira, bai banakakoak bai kolektiboak, edizio bakoitzeko itxiera ekitaldian.

–Kiroleko indarkeria adierazpenak monitorizatzea.

Hitzarmena sinatzen duen erakundeak onartzen du ezen, konpromiso honetan behin eta berriz huts eginez gero edo ez-betetzea larria bada, NKJFIk zehapenak proposatzen ahal dituela, bai eta programatik kanpo uztea ere.

Hamabigarrena.–Programan parte hartzen duten kirol federazioek hitzarmen honen klausuletan ezarritakoa betetzen ez badute, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ahalmena izanen du hitzarmena alde bakarretik suntsiarazteko, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

Hamahirugarrena.–Antolaketa Batzorde bakar bat izendatuko da kirol guztietarako. Kide hauek osatuko dute:

–NKJFIko lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako 2 teknikari.

–Kirol federazioen bi ordezkari:

  • Bat, banakako kirolen izenean.
  • Beste bat, taldekako kirolen izenean. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.

–Toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik.

Eginkizunak:

  • Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa orokorra begiratzea.
  • Jokoen araudia prestatzen laguntzea.
  • Nafarroako Kirol Jokoen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.

Hamalaugarrena.–Kirol federazio bakoitzean Jarraipen Batzorde bat sortuko da, honako kide hauek osatuko dutena:

1. Nafarroako ........................................... Kirol Federazioaren bi ordezkari:

–Nafarroako ........................................... Kirol Federazioan Nafarroako Kirol Jokoak koordinatzeko arduraduna.

–Nafarroako ........................................... Kirol Federazioko ....................................................................... (adierazi kargua/postua).

2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren hiru ordezkari:

–Kirola Sustatzeko Ataleko burua.

–Kirol Jokoen Bulegoko burua.

–Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzako teknikaria.

Eginkizunak:

  • Bere kirol modalitatearen antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea.
  • Kirol federazioek proposatutako lehiatzeko sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea, eta programan kiroltasunez jarduten dela eta kiroltasunari garrantzia ematen zaiola bermatzea.
  • Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
  • Partidak jokaleku neutral batean jokatzeko baimena ematea, joan-etorrien inguruabarrak direla-eta, baldin eta ados badaude ukitutako taldeak.
  • Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea, programa behar bezala eta kalitate hoberenarekin egin dadin.

Behar bestetan elkartuko da, egoerak eskatzen duenean eta alderdietako edozeinek eskatzen duenean.

Hamabosgarrena.–Kirol federazioak adierazten du Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa dutela federazioko kideak edo federazioak kontratatutakoak izanik NKJ programarekin lotutako eginkizunak betetzen dituzten eta adingabeekin harremanetan daudenek, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin. Orobat, federazioak konpromisoa hartzen du NKJ programan parte hartzen duten klubei arau hori betetzen dutela dioen erantzukizunpeko adierazpena eskatzeko, eta ez uzteko ez izena ematen ez parte hartzen behar den erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duten klubei.

Hamaseigarrena.–Kirol ingurune seguruak bermatzeko, konpromiso hauek hartzen ditu federazioak:

–Babes arloko ordezkaria izendatzea.

–Beren klub guztietako babes arloko ordezkarien datuak biltzea eta informazio hori NKJFI helaraztea denboraldi bakoitza hasi baino lehen. Kirol federazioek ez diete utziko klubetako talde edo kirolariei NKJ programan izena ematen, dena delako klubak izendatu gabe badu babes arloko ordezkaria. Gainera, programa hasi ondoren babes arloko ordezkaria aldatzen bada, NKJFIri jakinarazi beharko dio federazioak.

–Argitara ematea eta aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zena.Kirol federazioak ezarriko du haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsitakoa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa betez.

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, kirol federazioak .................................................................... jn./and. izendatu du federazioko babes arloko ordezkari (helbide elektronikoa: .........................................., telefonoa: .............................).

Federazio eta klub bakoitzak babes arloko bere ordezkaria izendatu behar du, kirol jardueran adingabeen segurtasuna eta babesa berma ditzan, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak agintzen baitu. Gerta litezkeen arrisku egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta horietan esku hartzeko protokoloak aplikatzeaz arduratuko da, bai eta antolatzaileen, taldeen eta familien arteko solaskide gisa jarduteaz ere, babesaren arloan.

Babes arloko ordezkariak jaso beharko ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak; ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi behar zaizkio NKJFIko Kirol Jokoen Bulegoari (jdn@navarra.es) eta NKJFIko Bitartekaritza Bulegoari (mediaciondeportiva@navarra.es).

Jokabide eredugarriak kirolaren balioen Nagus sarietan kontuan hartu eta aintzatesten ahalko dira.

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasun jokabide eredugarriak izan badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

Hamazazpigarrena.–Kirol federazioak konpromisoa hartzen du NKJ programako izen-emateak kudeatzean Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) ezarritakoa betetzeko; antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak bertan parte hartzen duten kirol federazioen esku uzten du Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa. Hori horrela, Nafarroako .............................................................................................................. Federazioa da NKJ programarekin zerikusia duten datu pertsonalen "tratamendu-eragilea". Eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua da "tratamenduaren arduraduna".

1. Kontratuaren xedea.

Klausula hauen bidez, ezartzen da zer baldintzatan gaitzen den Nafarroako ................................................................................................... Federazioa (tratamendu-eragilea) tratamendua egiteko Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoak antolatu eta egitearen ondoriozko datu pertsonalei, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren kontura (tratamenduaren arduraduna).

Kirol federazioak tratamendua eginen die, ezinbestekoa den heinean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren ardurako datu pertsonalei, hura baita programaren titularra.

Halaber, baldintza hauekin honako hauetan ezarritakoa bete gogo da, tratamenduaren arduradunaren eta tratamendu-eragilearen betebeharrak zehazteko: 28. artikulua Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, zeinaren bidez indargabetzen baita 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, hemendik aurrera DBEO), eta 28. artikulua Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (hemendik aurrera DPBEDBLO).

Tratamendua honako hau izanen da: programan parte hartzen duten adingabeen datu pertsonalak bildu eta tratatuko dira, haiek lehiaketan izena emateari eta parte hartzeari buruzko alderdi guztiak kudeatzeko, lehiaketa amaitu arte; era berean, irudiak eta bideoak bildu eta tratatuko dira, datuen tratamenduaren arduradunaren eta tratamendu-eragilearen webguneetan, sare sozialetan eta gainerako hedabideetan argitaratzeko, programa zabaltzeko eta ezagutzera emateko, interes publikokoa baita, sustatzen dituelako, besteak beste, kirol inklusiboa, emakumeek kirolean parte hartzea eta, oinarriko kiroletik hasita, balioetan eta joko garbian oinarritutako heziketa. Nafarroako Kirol Jokoetan izena ematean, tratamendu-eragileak parte-hartzaileei jakinarazi beharko die irudiak hartu eta zabalduko direla. Irudi horiek ez zaizkie hirugarrenei komunikatuko, ezta lagako ere.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, tratamenduaren arduraduna den aldetik, Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirol federazioari enkargatzen dio haren kontura egiteko datu pertsonalen tratamendua, adierazitako zerbitzua emateko beharrezkoa den heinean.

1.–Ukitutako informazioaren identifikazioa eta bermeen aitorpena.

Eskaera honen xedea betetzearen ondoriozko zerbitzuak gauzatzeko, jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak programan parte hartzen dutenen datu pertsonalak (adingabe parte-hartzaileak, teknikariak, epaileak, arduradunak, etab.) bildu eta tratatuko ditu, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren kontura, hura baita tratamenduaren arduraduna.

Kirol federazioak datu pertsonalak, identifikaziokoak, osasun arlokoak edo beste edozein motatakoak tratatuko ditu, ezinbestekoak badira programan izena emateko eta parte hartzeko kudeaketan. Ildo horretan, tratamenduko datuak egokiak, bidezkoak eta behar denera mugatuak izanen dira, adierazitako xedeei dagokienez.

Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak adierazten du gaitasuna duela behar adinako bermeak emateko, teknikaren eta antolaketaren aldetik neurri egokiak aplikatuta, datu pertsonalen tratamenduak DBEOren eta DPBEDBLOren betekizunak bete ditzan, eta konpromisoa hartzen du interesdunen eskubideen babesa bermatzeko.

Ez da datuen nazioarteko transferentziarik aurreikusten.

2.–Zerbitzu-emailearen betebeharrak, tratamendu-eragilea den aldetik.

Kirol federazioak konpromisoa hartzen du datuak babesteari buruzko Europako eta Espainiako araudian xedatutakoa betetzeko, eta honako hau hartzen du bere gain:

2.1.–Datuak erabili eta komunikatzeko jarraibideak.

–Kirol federazioak enkargu honen xede den helbururako bakarrik (Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoak antolatu eta egitea) erabiliko ditu tratamenduaren xedeko datu pertsonalak, edo tratamenduan sartzeko biltzen dituenak. Datuak ezin ditu inola ere erabili bere helburuetarako.

–Datuak tratamenduaren arduradunaren jarraibideen arabera tratatzea (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua). Tratamendu-eragileak uste badu jarraibideren batek urratzen duela DBEO, DPBEDBLO edo Europar Batasuneko edo estatu kideetako datuen babesaren arloko beste edozein xedapen, tratamendu-eragileak horren berri emanen dio berehala tratamenduaren arduradunari.

–Kirol federazioak konpromisoa hartzen du tratamenduaren arduradunak emandako informazioa ez kopiatzeko ez erreproduzitzeko, non ez den beharrezkoa hura tratatzea enkargu honetan aurreikusitako helburuetarako.

–Nafarroako kirol federazioak ez dizkie datuak hirugarrenei jakinaraziko, izan pertsonak edo entitateak, salbu eta tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena dutenei edo legean aurreikusitako kasuetan. Azpikontratatutako hirugarrenei lagatzea agiri honen beste apartatu batean dago araututa.

–Kirol federazioak etengabe eutsiko dio tratamendu honen xedeko datu pertsonalen sekretuari. Betebehar hori konplitzen jarraitu behar da programa antolatu eta gauzatzearren alderdien arteko elkarlana bukatu ondoren ere.

–Kirol federazioak arduradunaren eskura jarriko du behar den informazio guztia DBEOn ezarritako betebehar guztiak konplitzen direla frogatzeko eta arduradunak edo arduradun horrek baimendutako beste auditore batek auditoretzak egiten uzteko eta laguntzeko, ikuskapenak barne. Orobat, eragileak segituan jakinaraziko dio arduradunari, bere iritziz, jarraibide batek urratzen baditu DBEO edo Europan edo Espainian datuak babestearen arloan indarra duten beste xedapen batzuk.

2.2.–Tratamendu-eragilearen segurtasun neurriak.

Kirol federazioak segurtasun neurri egokiak hartu ditu informazioaren konfidentzialtasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko, baita tratamendu sistemen erresilientzia egonkorra bermatzeko ere, gorabehera fisiko edo tekniko bat gertatuz gero.

Gutxieneko neurri hauek daude etengabe:

2.2.1.–Langileak: badago zerbitzua emateko informaziora sarbidea dutenen zerrenda eguneratua.

2.2.2.–Euskarriak: badago euskarrietara sarbidea duten arduradunen zerrenda eguneratua.

2.2.3.–Euskarrien lekualdaketa: euskarriak lekualdatzen badira eragilearen eta arduradunaren instalazioen artean edo alderantziz, etiketatze sistema sentikorra, zifratua, enkriptatua edo pasahitz bidez babestua erabiliko da, eta baimenduta ez daudenek ireki, eskuratu edo manipulatzea eragozteko mekanismoak erabiliko dira euskarri mota guztien garraioan.

2.2.4.–Informazioa posta elektronikoz edo antzeko bide batez igortzea: informazioa zifraturik egonen da, eta kodea beste bide batez igorriko da.

2.2.5.–Gorabeherak: datu pertsonalekin gertatutako edozein gorabeheraren berri emanen zaio segituan tratamenduaren arduradunari (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua), 24 orduko epean gehienez ere.

2.2.6.–Babes kopiak. Kontratatu den zerbitzuagatik datuak parte hartzen duen kirol federazioaren sistemetan bildu behar badira, prozedura arautu baten bidez bermatuko da segurtasun kopiak eginen direla eta haien kalitatea aldian behin egiaztatuko dela mekanismo batzuen bidez.

2.2.7.–Kirol federazioak adierazten du baduela sistema bat etengabe egiaztatu, ebaluatu eta berrikusten dituena erakundean hartutako segurtasun neurriak, zerbitzua behar bezala emateko Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari.

3.–Komunikazioa beste tratamendu-eragile batzuei / azpikontratatuei:

Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak ezin dizkie datuak jakinarazi beste tratamendu-eragile batzuei (hirugarren enpresak edo erakundeak), ez badu tratamenduaren arduradunaren berariazko baimenik.

Halakoetan (baimena ematen bada bigarren tratamendu-eragile baterako), tratamenduaren arduradunaren jarraibideak betez egin beharko da tratamendu hori.

Ez dago baimenduta beste enpresa batzuk azpikontratatzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren berariazko baimenik gabe. Beharrezkoa bada, kirol federazioak 3 hilabete lehenago eskatuko du baimen hori.

Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak datu pertsonalak hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde bati transferitu behar badizkio, federazioak horren berri emanen dio tratamenduaren arduradunari, eta baimena eskatu horretarako.

4.–Interesdunen eskubideak.

Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak konpromisoa hartzen du tratamenduaren arduradunari laguntzeko honako eskubide hauei erantzuten:

1) Datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egitea.

2) Tratamendua mugatzea.

3) Datuak eramatea.

4) Banakako erabaki automatizatuen xede ez izatea (profilen prestaketa barne).

Ukitutako pertsonek datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egiteko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubideak gauzatzen dituztenean dagokion federazioaren aurrean, federazioak posta elektroniko bidez jakinarazi behar dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, segituan eta atzerapenik gabe.

5.–Datuen segurtasunaren urraketen jakinarazpena.

Kirol federazioak, tratamendu-eragilea den aldetik, atzerapenik gabe emanen dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari tratatutako datuen segurtasunean izandako edozein gorabeheraren berri, DBEOk tratamendu-eragileari emandako gehieneko epea iragan baino lehen.

Kirol federazio parte-hartzaileak garrantzizko informazio guztia aurkeztuko du gorabeheraren dokumentazio eta komunikaziorako, eta sostengua eta laguntza emanen dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari segurtasun urraketa norainokoa izan den identifikatzen eta ebaluatzen laguntzeko, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak behar den epean eta moduan egin diezazkien komunikazioak Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari eta CCN-CERTi.

6.–Harremana/enkargua amaitzea.

Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoak bukatuta, kirol federazio parte-hartzaileak honako hau eginen du, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatuta:

1) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari itzultzea datu pertsonalak eta, bidezkoa bada, horiek jasota dauden euskarriak. Itzultze horrek berekin dakar pare hartu duen federazioak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak ezabatzea.

2) Datuak suntsitzea, zerbitzua emandakoan. Suntsitu ondoren, kirol federazio parte-hartzaileak horiek suntsitu dituela egiaztatu behar du idatziz, eta ziurtagiria eman behar dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari.

3) Dena den, kirol federazio parte-hartzaileak kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala blokeatuta dituena, programa antolatu eta gauzatzearen ondoriozko erantzukizunak dauden bitartean.

Hemezortzigarrena.–NKJFIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu hitzarmen hau gauzatzearen ondoriozko gorabehera guztiak eta klausula hauek interpretatzean sortzen diren desadostasunak. NKJFIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA
FISIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI
KUDEATZAILEA

NAFARROAKO ......................................................... FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA

Iragarkiaren kodea: F2511045