2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Deialdi publikoa, dirulaguntzak emateko elkarteek 2025. urtean eginen dituzten kultur jardueretarako. Laburpena
DDBN (Identif.): 852758.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/852758).
Baztango Udalak, 2025eko abuztuaren 18ko 2025/513 Ebazpenaren bidez, onetsi zituen Baztango Elkarteek 2025. urtean eginen dituzten kultur jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko deialdia arautzen duten oinarriak.
Lehendabizikoa.–Onuradunak.
Dirulaguntza hauen onuradunek betebehar hauek dituzte:
1.1. Irabazi asmorik gabeko elkartea izatea. Elkartearen estatutuak aurkeztu behar dira. Baztango Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da agiri horiek aldatu ez direla adierazten duen legezko ordezkariaren aitorpena (III eranskina ikusi).
1.2. Zerga egoitza eta helbide soziala Baztanen izatea.
1.3. Zerga eta Gizarte Segurantzako ordainketak eguneratuta izatea eta Baztango Udalarekin zorrik ez izatea.
1.4. Onuradunek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Honako hauek ezin izanen dute parte hartu eta ez dute parte hartuko deialdi honetan:
–Pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta beren helburuak edo xedeak, onartzeko edo sartzeko sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduna, antolaketa edo estatutuak emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren aurkakoak badira.
–Pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta berdintasunerako eta sexuagatiko bereizkeriarik ezarako eskubidea urratzeagatik, soldata-bereizkeriagatik, sexu-jazarpenagatik edo jazarpen moral edo sexuagatiko beste edozein tratu desberdinengatik administrazio-bidean, lan-bidean edo bide penalean irmo zehatuak edo kondenatuak izan badira.
–Genero-berdintasunari buruzko legerian ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten erakundeak edo enpresak.
–Ezin izanen dira onuradun izan dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako egoeraren batean dauden erakundeak. III. eranskina (4. baldintza).
Bigarrena.–Xedea.
Ezaugarri hauek dituzten kultur jarduerak antolatzeko dirulaguntza ematea:
–Euskararen erabilerari laguntzen diotenak izatea.
–Formakuntzak (ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak...) izatea.
–Sormen lanak (erakusketak...) izatea.
–Artistikoak (antzezlanak, bideo emanaldiak, kontzertuak...) edo antzeko izaera duten bertze batzuk izatea.
–Herritar guziendako irekiak izatea.
–Genero-berdintasuna edota emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa sustatzea.
Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.
http://www.baztan.eus.
Laugarrena.–Zenbatekoa.
Laguntzetarako dagoen diru kuota osoa: 22.000 euro.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak behar bezala beterik telematikoki aurkeztu beharko ditu elkartearen legezko ordezkaritza duen pertsonak, Baztango Udalaren erregistro elektronikoaren bidez (Sede Electrónica - Baztan) edo edozein erregistro ofizialen bidez. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 7ra arte izanen da, egun hori barne.
Elizondon, 2025eko abuztuaren 18an.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.
Iragarkiaren kodea: L2511135