171. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ELORTZIBAR

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuen 3 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Elortzibarko Udaleko alkate-udalburuak, 2025eko abuztuaren 6ko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuaren 4.9, 4.11 eta 4.18 plazak betetzea, lehiaketa-oposizio bidez, funtzionario-araubidean; D mailakoak dira plazak, Elortzibarko Udalaren zerbitzura.

Halaber, eta 12. oinarriarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten izangaiekin.

Deialdia gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituen ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Plazak txanda hauetan banatuko dira:

–Plaza bat txanda irekian.

–2 plaza igoera txandan.

1.2. Txanda irekikoari gehituko zaizkio igoera txandako plazak, baldin bete gabe gelditzen badira izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez ateratzeagatik.

Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.3. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, eta izanen dituzte Elortzibarko Udaleko funtzionarioentzat indarrean dauden xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira. Lanpostuen ordainsariak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailakoak izanen dira, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Bete beharreko eginkizunak deialdian azaldutako kategoriari eta mailari dagozkionak izanen dira. Besteak beste, azalpen gisa eta ez modu mugatzailean, honako hauek:

–B motako gidabaimena behar duten ibilgailuak gidatzea.

–Udalaren ibilgailuak zaindu, ordenatu eta garbitzea, bai eta agindutako lanak egiteko behar diren makinak, erremintak eta materialak ere.

–Udalaren azpiegiturak eta instalazioak, biltegiak, etxabeak eta nabeak mantentzea, kontserbatzea, garbitzea eta ordenatzea.

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza eta abar.

–Instalatzea eta mantentzea hiri-altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea.

–Zenbait lan egitea, hala nola zangak irekitzea eta ixtea, altzariak biltzea eta deskargatzea, pintadak garbitzea, soldatzea, kristalak jartzea, sarrailagintza-lanak egitea eta abar.

–Hirigintza alorretik eskatzen zaizkion lanak, honako hauek jartzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko: hesiak, seinaleak, agertokiak, karpak eta bestelako elementuak.

–Sasiz garbitzea bide publikoak, udal jabetzako lurzatiak, udalerriko hilerriak (barrualdetik zein kanpotik) eta hirigintza alorretik eskatzen diren lekuak.

–Aurreko horien antzeko zeregin guztiak, bere maila eta kategoriaren barruan, zerbitzua-dela eta agintzen bazaizkio.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskola Graduatua, Erdi Mailako Lanbide Heziketa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo titulu baliokideren bat izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak.

Titulua ez da aurkeztuko deialdian inskribatzeko eskaera egiten denean; aitzitik, Udalak titulua aurkezteko eskatuko die epaimahaiak izendapenerako proposatu dituenei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) B motako gidabaimena izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko baldintzak.

Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada Elortzibarko Udaleko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute 1. eranskineko eskabidea, Interneteko www.noain.es/eu webgunean.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 25,00 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan: ES48 2100 5264 4922 0006 5040.

Frogagirian honako hauek jasoko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuaren 3 plazetarako azterketa.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Elortzibarko Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.

–Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

–Udalari azterketa-eskubideen tasa ordaindu izanaren frogagiria.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila Udalaren webgunean, deialdiaren fitxan.

4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Luis Maya Armendáriz, alkate udalburua.

Ordezko epaimahaiburua: Mikel Navarro Ayensa, lehenengo alkateordea.

Epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Udaleko arkitektoa.

Ordezko epaimahaikidea: titularrak izendatzen duen pertsona.

Epaimahaikidea: Juan José Visus Fandos, ingeniari teknikoa.

Ordezko epaimahaikidea: titularrak izendatzen duen pertsona.

Epaimahaikidea: langileen ordezkari bat.

Ordezko epaimahaikidea: langileen ordezkari bat.

Epaimahaikide idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: Carlos Revilla Pascual, Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia ondoren.

6.2. Oposizioa 2025eko azaroan hasiko da.

6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen; oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

–Nafarroako toki-erakunde batendako, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun naturaleko epean.

6.4. Oposizioaldiak 2 proba izanen ditu. Oposizioaldiko ariketei gehienez ere 90 puntu emanen zaizkio.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

6.5. Probak.

6.5.1. Lehendabiziko proba, gehienez ere 50 puntu:

Lehen proban, test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdiaren 2. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Aukera batzuk eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortuko dira.

Ariketan gehienez ere 50 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Epaimahaiak finkatuko du ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

6.5.2. Bigarren proba, gehienez ere 40 puntu:

Proba praktikoa da, gai hauetako batzuei buruzkoa: elektrizitatea, mekanika, iturgintza, igeltserotza, soldadura, etab.; izan ere, lanpostuaren berezko eginkizunekin dute zerikusia.

Kalifikazio-epaimahaiak proba egiteko beharrezko deritzon laguntza teknikoa eskatzen ahalko du.

Ariketa honetan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

6.6. Izangai guztiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.7. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da lehen proban. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

Bigarren proban erabiliko den sisteman, epaimahaiak izangai bakoitzaren probaren emaitza baloratuko du. Epaimahaiak probaren emaitzaren akta eginen du izangai bakoitzeko, baloratu diren alderdi guztiak zehazturik. Epaimahaiak argazkiak atera ahalko dizkio izangaiak planteamenduaren aurrean eman duen konponbideari; proba hasteko unean eginen du epaimahaiak planteamendu hori.

6.8. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Elortzibarko Udalaren webgunean (www.noain.es/eu), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.

6.9. Hautaproba egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, Elortzibarko Udalaren webgunean (www.noain.es/eu), gainditu duten pertsonen zerrenda, bakoitzak oposizioan lortutako kalifikazioarekin, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Udaleko idazkariari igorriko dio zerrenda, plaza hutsak aukeratzeko tramiteak egin daitezen. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.

Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

8.–Plaza hutsak aukeratzea.

8.1. Alkateak deia eginen du plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako, argitaratuz aukeratu beharreko plazak, izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun ordenan, txanden eta puntuazioaren arabera) eta plazak hautatzeko epea.

Informazio hori jendaurrean jarriko da Udalaren webgunean.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer plaza huts nahiago duten.

8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

8.3. Plaza lortzen duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori egiaztatzen badute, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonek plazak aukeratzeko duten lehentasun gorena.

8.4. Hautaprobak txanda irekitik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko igoera txandako izangaien aurretik, kontuan harturik, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako lehenespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak alkateari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Oposizioa gainditu eta deialdiko lanpostuetan sartzen diren izangaien alde eginen da proposamena.

Izendapen proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

9.2. Izendapen proposamena Udalaren web-fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Elortzibarko Udalaren erregistro orokorrean:

9.2.1. Elortzibarko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2.2. Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, baita espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak ere (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).

9.2.3. Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe eskabidearen faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, alkateak lanpostua beteko du prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko ditu Elortzibarko Udaleko funtzionario, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako pertsonek izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Epe horretan eta ezinbestekoetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Elortzibarko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.3. Aurreko apartatuan aipatutako kasuan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plazen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere, Udalaren webgunean (www.noain.es/eu) argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, alkatearen ebazpen baten bidez honako zerrenda hauek onetsiko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda.

b) Probak gainditu ez baina hautapen-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

12.2. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

12.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak Udalaren webgunean argitaratuko dira.

12.4. Gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena.

Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen proban lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

12.5. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.

12.6. Era berean, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio; horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.

13.–Datuen babesa.

Elortzibarko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialaren lanposturako lekualdatze-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).

Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@noain.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

14.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

Noainen (Elortzibar), 2025eko uztailaren 22an.–Alkatea, Luis Maya Armendáriz.

1. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

2. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Igeltserotzako teknikak: erremintak; materialak; zolatzea eta alikatatzea; enkofratuak eta murruak zutitzea, etab.

2.–Soldadura teknikak eta erreminten oinarrizko erabilera.

3.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak nahiz gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

4.–Oinarrizko mekanika-metal arotzeria. Mekanikako oinarrizko erremintak (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

5.–Iturgintza-berokuntza-klimatizazioa. Iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak). Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, betetzea eta airea purgatzea. Erradiadoreak. Galdara gelak, elementu nagusiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

6.–Ulertzea elektrizitateko eskemak eta iturgintzakoak.

7.–Zurezko arotzeria. Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa eta bestelako osagarriak: lixak, lekedak eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Zurgintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea). Sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

8.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak.

9.–Pintura-teknikak, erremintak eta materialak. Pintura-lanak, oro har. Apaintzeko pintura eta obrako pintura. Bideetako pintura.

10.–Sarrailagintza eta metalgintza. Oinarrizko nozioak. Erremintak. Materialak. Tratamendu termikoak eta azaleko tratamenduak. Sistema mekanikoak konpondu, doitu eta erregulatzea. Sarrailen, banden, gontzen eta ateetarako bestelako burdinerien mantentze- eta konpontze-lanak.

11.–Udalaren makinak, ibilgailuak, erremintak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.

12.–Elortzibar udalerriko geografia, toponimia eta kale-izendegia.

13.–Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Laneko arriskuei aurrea hartzea: Norbera babesteko ekipamendua, arriskuen prebentzioa.

Iragarkiaren kodea: L2510662