Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ATETZ
Deialdia, administrari-ofizialaren plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren 2025eko uztailaren 14ko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Atezko Udaleko administrari-ofizialaren plaza bat, funtzionarioen araubidean.
Eritzegoitin (Atetz), 2025eko abuztuaren 14an.–Alkatea, Mikel Jokin Martin Garijo.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren plaza bat, C mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Atezko Udalaren zerbitzura jarduteko (plaza hori plantilla organikoan jasota dago), bat etorririk 2025erako onetsitako lan publikoaren eskaintzarekin.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Atezko Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
1.2. Plazak izanen du Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.
1.3. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.4. Bete beharreko eginkizunak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkienak; besteak beste, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea.
Konparaziorako eta zerrenda agortu gabe, hona zereginetako batzuk:
–Jendearendako arreta, Udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.
–Udalaren gastu-fakturak kontrolatzea.
–Gastu-fakturak eta helbideratutako ordainketak kontabilizatzea.
–FACE kontrolatu eta kudeatzea.
–Arlokako txostenak egitea.
–Atezko Udalak likidatu beharreko edozein zergaren, tasaren edo prezio publikoren erroldak eta/edo ordainagiriak sortzea eta kudeatzea.
–Udaleko alorrendako garatutako datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.
–Ebazpenen kudeaketa.
–Faktura elektronikoaren interfazea - Kontabilitatea.
–Nominen interfazea - Kontabilitatea.
–Kontu-hartzailetzako administrazio-lanak (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.), eta Excel erabiltzea.
–Gainbalioak.
–Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri behar bezala ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari eta kudeaketa organoei.
–Jasotzen diren agirien berri ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari.
–Izapide huts diren eginbide eta ofizioak idaztea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibideen arabera.
–Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola, eta espedienteen administrazio-izapideak osatzea, dagozkien agiriak erantsiz (hala nola honako espediente hauei dagozkienak: katastroa, hirigintza, obra baimenak, jarduera sailkaturako lizentziak; kontribuzioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga).
–Erregistro Zibilaren kudeaketa.
–Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak idaztea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraikiz.
–Horrela erabakiz gero agindu ahal zaizkion lan arloetan, datuak lortzen eta eransten laguntzea txosten, proposamen, espediente eta era guztietako lanetan.
–Idazkaritza arloko eginkizun eta eskumenak betetzea eta horietan laguntzea (komunikatuak, kide anitzeko organoetarako deialdiak, erabakiak eta abar).
–Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien izapideetan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.
–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion beste edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat, gutxienez, edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, 20 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira Atezko Udalaren egoitza elektronikoko erregistroaren bidez (https://sedeelectronica.atez.es/), instantzia orokorraren izapidea baliatuta.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen-prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako Administrazio Publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietan eskabideen eta gainerako dokumentazioaren aurkezpen elektronikoa nahitaezkotzat ezartzeko".
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidearekin batera adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.
3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
3.5.1. NANaren edo nortasuna frogatzen duen beste agiri baten fotokopia.
3.5.2. Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
3.5.3. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, 6. oinarrian ezarritako baremoari jarraikiz.
3.5.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.5.5. Euskararen C1 maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiri ofiziala.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Atezko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Atezko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek edo zuzenketak, halakorik bada, ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Atezko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela erabaki honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaldiko lehen ariketa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera. Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Atezko Udalaren egoitza elektronikoan.
4.6. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Mikel Jokin Martin Garijo, Atezko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Paula Ibero Baraibar, Atezko Udaleko alkateordea.
Epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Ana Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: María Elizalde Garbalena, Txulapaingo Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezko epaimahaikidea: Elisa Gato Puente, Larragako Udaleko administraria.
Epaimahaikidea: Mikel Sarrasin Urkiola, Atezko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Amaiur Elizalde Lallana, Ultzanueta Mankomunitateko administraria.
Epaimahaikide idazkaria: Alberto Fernández Ejea, Txulapaingo eta Atezko udaletako idazkaria.
Ordezkoa: Alicia Cabañes Arana, San Martin Unxko eta Uxueko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Lehiaketaldia. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.3. Merezimenduen baremoa. Lehiaketaldian, 15 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6.3.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 10 puntu.
a) Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren lanetan benetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen lanetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat urteko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak berdin baloratuko dira, lanaldia edozein izanik ere.
d) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan egin diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.
6.3.2. Prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu.
Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (prestakuntza informatikoa eta digitala barne); prestakuntza- edo ikastaro-ordu bakoitzeko: 0,025 puntu. Prestakuntzako merezimenduak frogatzeko, aurkeztu beharko da dagokion erakundeak emandako ziurtagiria. Ziurtagiriak jaso beharko ditu ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak. Ez dira baloratuko programa edo eskola-ordutan adierazitako iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak.
Atal honetan ez dira baloratuko 5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).
6.4. Oposizioaldia 2025eko urritik aurrera hasiko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren. Epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Atezko Udalaren egoitza elektronikoan 48 orduko aurrerapenarekin gutxienez; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta proba hori non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.6. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.6.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galderak test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 50 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrak zigortuko dira galdera zuzen baten puntuazioaren laurdenarekin.
6.6.2. Bigarren proba: praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko dira, II. eranskinean adierazitako gairen bati buruz. Ariketa honengatik gehienez 35 puntu emanen dira, eta gutxienez 17 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko zenbat denbora egonen den.
6.7. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira, bada, ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ez eta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
6.8. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azalak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Atezko Udalaren egoitza elektronikoan.
6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Atezko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Atezko Udalaren egoitza elektronikoan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta, horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian eskuratu dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketa gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde. Berdinketak badirau, zozketa publiko bidez ebatziko da.
7.2. Epaimahaiak Atezko Udaleko alkateari helaraziko dio puntuazio handiena duten izangaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena egoitza elektronikoan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek aurkeztu beharko dituzte deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak, Atezko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako agiri hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Osasun ziurtagiria, aditzera ematen duena interesdunak ez duela lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
7.4. Proposatutako izangaiek ez badituzte agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez dira izendatuko, eta jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokien erantzukizuna.
7.5. Baldin gertatzen bada 7.4 apartatuan aipatutako kasua, baja beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatua) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua burututakoan, eta prozesua gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiek 7.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Atezko Udaleko alkateak ebatziko du Atezko Udaleko funtzionario izendatzea, administrari-ofizial lanpostuan jardun dezaten.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.3. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Epe horretan plazaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Atezko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin.
Era berean, aldi baterako kontrataziorako izangaien bigarren zerrenda bat eratuko da izangai baztertuekin, zehazki, oposizioko lehen ariketarako ezarritako puntuazioaren %30, gutxienez, lortu dutenekin. Bigarren zerrenda hori zerrenda nagusiaren subsidiarioa izanen da (nagusia izanen da probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiena).
Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Halaber, hautapen-prozesua gainditu ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera, eta zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Atezko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
9.3. Deialdi honetan sortuko diren kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.
9.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da III. eranskinean ezarritako kudeaketa arauekin bat.
10.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:
–Atezko Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datuen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (San Migel kalea 1, Eritzegoiti).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda.
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa:
Atariko titulua: V. kapitulua.–Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
III. titulua.–Administrazioen arteko harremanak: I. kapitulua.–Printzipio orokorrak.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa.
II. titulua.–Udalerria: I. kapitulua.–Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua.–Antolaketa.
V. titulua.–Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua.–Funtzionamendu araubidea. IV. kapitulua.–Herritarren informazioa eta parte-hartzea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa:
I. titulua.–Toki-entitateen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua. Udalerriak. II. kapitulua, I. atala. Kontzejuak.
III. titulua.–Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
IV. titulua.–Toki-erakundeen ondasunak.
V. titulua.–Jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea garatzen duena aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan.
8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.
9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.
10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.
I. titulua: Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana: I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Lurralde Aberastasunaren Erregistroko doikuntza teknikoak.
11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua: V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.
13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua, III. kapitulua, Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa; II. titulua, I. kapitulua. Kontratazio organoak eta II. kapitulua. Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak.
14.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
III. ERANSKINA.–KONTRATAZIO ZERRENDAK KUDEATZEKO ARAUAK
Kontratazio zerrenden kudeaketa.
Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen administrazioaren proposamena onartzen denetik eta jakinarazpena egiten zaionetik aurrera. Ez bada hasten –behar adina justifikatutako kasuak salbu–, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, deialdia egiten duen administrazioaren organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei kontratua egiten ahalko die hurrenez hurren, hautapen-prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraikiz, eta horrela behar den guztietan.
1.1. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.
1.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
a) Deia:
Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.
Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez ezartzen dena Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 4. apartatuko zazpigarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen.
Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.
b) Uko egitea:
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:
1. Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
2. Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
3. Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua.
4. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
5. Izangaiaren ezkontza edo balio bereko egoera (uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legearen arabera), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
c) Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
Iragarkiaren kodea: L2510921
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
