17. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKUNTZA

Zerga kontrolerako udal plana, 2025-2027 aldirako

Lakuntzako Udalak, 2024ko azaroaren 20an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Udalaren zergen kontrolerako plana, 2025-2027 bitarteko ekitaldietarako, honako hauetan zehaztutako norainokoarekin eta edukiarekin: 13/2000 Foru Lege Orokorra, jorratzen dituena Nafarroako Tributuak, eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua.

Argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluarekin (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra).

Lakuntzan, 2024ko abenduaren 9an.–Alkatea, Oihane Uribeetxebarria Garmendia.

LAKUNTZAKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2025ETIK 2027RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Hitzaurrea

Lehenbizikoa.

Lakuntzako Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2025etik 2027ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga Kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna da udal-administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen- eta ikerketa-jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten du zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol-jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzera bideratuak.

Bigarrena.

Zerga Kontrolerako Udal Planaren helburu nagusiak bi dira; batetik, zerga-justiziaren helburua, eta bestetik, tokiko enteen askitasun ekonomikoaren printzipioan oinarritutako helburua. Beraz, zerga-betebeharrak betetzearen kontrola eta balioen egiaztapena eginkizun duten organoen lanen plangintza koordinatu behar da, eta ikuskapen unitateen jarduna bideratu zerga-iruzurra hautematera eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, eta arreta eta ardura bereziz zainduko dira ekonomia-jardueren gaineko zerga, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, hemen ez dira zehatz-mehatz azaltzen Zerga Kontrolerako Planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai Zerga Kontrolerako Planean, eta zergen kudeaketarako eta ikuskapenerako udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan burutuko diren zehazten da.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahal da. Jarduketa orokorrak eginen dira zergadunaren zerga-egoera bere osoan egiaztatzeko, toki-ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketaren arloan, honelakoak eginen dira: zerga-kudeaketako egiaztapen- eta ikerketa-lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu-tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezkoa bada.

Deusetan ukatu gabe administrazioko beste organo batzuen eskumenak, argibideak eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia- eta finantza-gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legedia

Udaleko zerga-ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: 13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua, ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Organo eskudunak onetsitako zerga-kontrolerako planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zergak kontrolatzeko plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga-kontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezarritako betebeharra, bai Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoa, bai ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zerga kontrolerako udal planaren funtsa eta indarraldia

Zergen arloko ez-betetzeak kontrolatzea eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga-administrazioaren oinarrizko jarduketa-lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen- eta ikerketa-jarduera sustatzea eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtze aldera, herritarrek bermatuak izan ditzaten, zerga-kontuetan, beren arteko justizia eta berdintasuna, eta ahal den neurrian gehitu daitezen likidatutako eta bildutako eskubideak.

Plana 2025etik 2027ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak gauzatzeko planak isilpekoak dira, eta ez zaie publizitaterik emanen.

Zerga Kontrolerako Plana baimen orokor bat da, epe jakin batean zergadunen gaineko egiaztapen- eta ikerketa-jarduketei edo informazioa lortzeko jarduketei ekin ahal izateko . Hark biltzen ditu zergadunak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zergak kontrolatzeko planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga-ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz departamentuaren ahalegina.

Plan hau egitean, alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergadunari egiten bazaizkie.

–Barne-alderdi diskriminatzailea:

Alderdi honetan, kontuan hartuko da zer kontu deigarri agertzen dituzten zergadunek, aitorpenetako datuak konparatzean, iruzur egin dela susmarazten dutenak.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga-iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia:

Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zergen kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak.

Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek: Hirigintzak, Ogasunak eta Ondareak.

Funtzionarioei zerga-kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute ezagutzea zergadunen egoera aitortua, jakiteko nolako egoeran dagoen zergaduna tributuen aldetik, bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, hala balegokio. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergadunak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak; besteak beste, lehiaketa jakin batzuetan aurkezteari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan izena ematen dutenen kontrola; esan bezala, horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu beharra dakarten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru-kutxetarako.

Ikuskaritza

María Barkos Berruezo Lakuntzako Udaleko idazkari kontu-hartzaileak hartuko du bere gain ikuskapen-buruaren kargua, eta Nekane Areta Gaztañaga Udaleko administrari-ofiziala, aldiz, ikuskatzaile jardulea izanen da.

Laguntza jasoko dute ikuskapen-lanetan aritzeko.

Oihane Uribeetxebarria Garmendia alkateak edo, eskuordetza emanik, hura ordezkatzen duenak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak.

Prestakuntza

Baimena emanen da erakunde publikoek nahiz pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko.

Helburu orokorrak

1.–Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A) Orokorrak. Izan daitezke gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak, segun eta zer berezitasun ekonomiko dituen jarduketaren eremu geografikoak.

B) Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2.–Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan sartu dira jarduketa partzialak eta laburtuak. Halakoek, gehienbat, kudeaketa-alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3.–Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

Lakuntzako Udalaren zergen kontrolerako 2025etik 2027ra bitarteko planerako sektore edo jarduera berariazkoak

I.–Jarduera motetan oinarritutako estrategia: ekonomia-jardueren gaineko zerga (EJZ).

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko berezko eginkizunak aurrera eramanen dira kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituz, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideekin bat etorriz.

Egutegia: 2025. urtean eginen da ikuskapena.

–Sektoreak edo jarduerak:

  • Merkataritza-sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.
  • Fabrikazio jarduerak.
  • Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.
  • Honako hauetan dabiltzan enpresak: goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan.
  • Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak dituztenak.

–Higiezin-sustapena: metroak zuzen adieraztea.

Higiezin-sustapenean egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra-proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, bai eta jarraipena ere, eman diren lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da ea lizentziaren titularrak alta eman duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

–Merkataritza-sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan diharduena:

Lokal horietan handizkako merkataritza-jarduerak kokatu ohi direnez, jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu beharko da ea behar bezala aitortzen duten beren lokalaren azalera.

–Fabrikazio-jarduerak: kilowattak zuzen adieraztea.

Fabrikazio-jarduera horiek benetako egoerarekin bat datozen jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, halakoak Industriako espedienteetan egoten baitira, irekitzeko lizentzien eskaerak direla-eta.

Enpresen titularrei errekerimenduak egiteaz gainera, ikuskapen-bisitak eginen dira, hala dagokionean.

II.–Lurralde-oinarriko estrategia: %1,5eko tasa.

Lurzoru-okupazioari loturiko tasa egiaztatuko da jarduera hauetan:

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

Egutegia: 2025. urtean eginen da ikuskapena.

III.–Zerga-oinarrian oinarritutako estrategia: EIOZ.

Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren egiaztapena eginen zaie zergapekoei, zerga-egitate hori egina badute eta obra gauzatzeko aurrekontua 75.000 eurotik gorakoa bada. Egiaztapena eginen zaie, halaber, aurrekontua kopuru horretatik beherakoa izanik ere, udal teknikariak eredu murriztuekin kalkulatu duenarekin konparatuta, onargarriak ez direnei.

Egutegia: 2026. urtean eginen da ikuskapena.

Ahalik eta hobekiena kudeatu nahi dira zerga-ikuskaritzak dituen giza baliabide eta baliabide material urriak, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautatu beharko da zer zerga-egitate ikuskatu. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz departamentuaren ahalegina; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora bideratuko da, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, zerga-ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2418617